Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Intsusa beltz

Sambucus nigra

Intsusa beltza (Sambucus nigra), intsusa edo plausta (Bizk.) izenaz ere ezaguna, batzuetan sabuka, zuhaixka hostoerorkorra da, Adoxaceae familiakoa, oso zur arina eta usain txarreko hosto konposatuak dituena.[1] Toki hezeetan arin hazten da, baita nahiko lehorretan ere, beti ere eguzkitsuak badira. Lore txiki zurixkak apiril-maiatzean ateratzen dira, eta fruitu beltzak abuztu-irailean, mordotan. Fruituekin marmeladak egiten dira eta enborren barruko azalarekin erredurentzako ukenduak.

Intsusa beltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaDipsacales
FamiliaViburnaceae
GeneroaSambucus
Espeziea Sambucus nigra
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakelderflower (en) Itzuli, elderberry (en) Itzuli, elderberry extract (en) Itzuli, European elderberry juice (en) Itzuli eta elder wood (en) Itzuli

Elikadura-osagarrietan eta medikuntza tradizionalean erabiltzen den arren, osasunari eusteko edo gaixotasunak tratatzeko onurarik ematen dueneko ebidentzia zientifikorik ez dago.[2]

Taxonomia

aldatu

Lehen Caprifoliaceae familian sartzen ziren Sambucus generoko landareak, baina azken filogenia ikerketen arabera Adoxaceae familian sartzen dira.

Asian eta Ipar Amerikan Sambucus generoko beste espezie batzuk daude, batzuetan intsusa beltzaren subespezietzat hartzen direnak. Esate baterako, Mexikoko intsusa urdina (Sambucus mexicana), gaur egun Sambucus nigra subsp. cerulea deitutakoa.[3]

Izenak

aldatu

Euskaltzaindiak sinonimo hauek onartu ditu: intsusa, plausta eta sabuka. Baina UZEIk intsusa beltz izena biltzen du.[4]

Beste izen arruntak

aldatu

Sambucus nigra tokiko euskarazko testuetan[5]: intxusa (intxusa, intsusa, intxosa, eltsutsa, intsusi, lintsusa, linsusa, lintxusi, lintsusi); plausta (flota, flot); sabuka (sabiko, sabuko, saguka, saguko, samuka, sahuka, sauka, sauko, sauku, zamuka, zaminka); sabukatze (sabukitze, sagukitze, sahukitze); sakuta (sakute); satz; txotxika (txutxika); batzuetan aztunpa, eta ahozko euskaraz turta ere bai.[6][7]

Deskribapena

aldatu

Intsusa beltza zuhaixka edo zuhaitz txiki hosto-erorkorra da, gehienez 6-8 metroko garaiera izaten duena. Ale gazteen azala gris argia da, ondoren arre eta zimurtsu bihurtzen dena, azal-poro irtenekin. Hosto aurkakoak, alegia, binaka kokatuak adarretan; 10–30 zentimetro luze dira, 5-7 (gutxitan 9) hostoxkez osatuak; hostoxkak 5-12 zentimetro luze eta 3-5 zentimetro zabal dira, ertz zerratuekin.

Loreak hermafroditak dira eta udaren hasieran ateratzen dira, 10–25 zentimetroko diametroa duten korinbo lau handitan; lore bakoitza 5-6 milimetrokoa da, zuria eta bost petaloduna; euliek [polinizazio|polinizatzen]] dituzte.

Fruituak pinporta koxkor more ilunak edo beltzak dira, 3–5 milimetroko diametroa dutenak. Uda amaieran ontzen dira, beherantz begiratzen duten infruteszentziatan. Behar den moduan prestatuta, jangarriak dira, eta garrantzi handiko hazkurria eskaintzen diete txori fruitujale askori. Ez dira nahasi behar pozoitsuak diren anduraren fruituekin; honen infruteszentziak tenteak dira.

   
Intsusa beltzaren infruteszentzia (Sambucus nigra)
Anduraren infruteszentzia (Sambucus ebulus)


Banaketa eta habitata

aldatu

Europan, mendebaldeko Asian eta iparraldeko Afrikan dago hedatua. Euskal Herri osoan zabaldurik dago, tokirik garaienetan (1.200 metrotik goragoak) eta lehorrenetan izan ezik. Hezetasuna maite du, eta erreka bazterretan ugari ikusiko dugu. Berez jaiotzen da soro eta bide bazterretan, basorik edo multzo handirik osatu gabe.[1]

Ekologia

aldatu
 
Hyphodontia sambuci onddoak gaixotutako intsusa beltza].

Beste intsusa espezie batzuk bezala, batzuetan Hyphodontia sambuci onddoak gaixotzen du.

Toxizitatea

aldatu

Hostoak, fruitu ondugabeak eta haziak toxikoak dira, sambunigrina asko baitute, eta baita berriki aurkitutako hemaglutinina kardiotoxikoak ere.[1]

Erabilerak

aldatu

Sukaldaritza

aldatu

Ipar Europan eta Balkanetan, infusioak egiteko erabiltzen dira infloreszentziak. Errumanian socată izeneko jarabea egiten da, urarekin diluitua edaten dena. Tradiziozko edari horren onarpena dela eta, enpresa batzuek merkaturatu dituzte intsusa beltzaren loreez aromatizatutako freskagarriak (Fanta Shokata, Freaky Fläder). Loreak arrautzaztatu eta frijiturik jaten dira.

Fruituak egosi eta gero jan daitezke, eta marmeladak egiteko erabiltzen dira. Tartatan ere erabiltzen dira, masustekin eta sagarrekin batera. Ondo helduta egonez gero, gordinik ere jan ei daitezke, baina ondugabeak pozoitsuak dira, landarearen zati orlegi guztiak legez.[2] Eskandinavian eta Alemanian sopak egiten dira baiekin (adibidez, Alemaniako Fliederbeersuppe-a).

Bai loreekin, bai fruituekin, intsusa ardoa egin daiteke,[8] eta Hungarian intsusa-pattarra ere egiten da. Suediako hego-mendebaldean, intsusa beltzaren loreez zapore berezia hartzen duen pattarra egiten dute.

Medikuntza tradizionala

aldatu
 
Intsusa loreak

Erabilera anitzeko sendabelarra da, eta berarekin egindako herri-erremedioak asko dira. Mariano Ostolaiz sendabelarretan adituak "etxeko laguna" deitu, eta bertso eder hauek idatzi zizkion:[7][9]

Usai gozoko lore
indartsua dena,
erle ta txoritxoak
maite zaituztena.
Txuritzen zeranean
zera nabarmena,
malkarrin egoteak
ematen du pena,
loretegi batean
bear zendukena.

Aundi etzera baiñan
zugaitza kutuna,
izena ala dezu:
etxeko laguna
Indar berexia zuk
ixil daukazuna,
orain artean eman
dezu erantzuna,
zugana joan leiteke
sendatu nai duna.

Azala, loreak, fruituak eta zuztarren erauzkinak mukiak kanporatzen laguntzeko eta arnasbideetako inflamazioak jaisteko erabiltzen dira. Intsusa ukendua, berriz, zauriak, erredurak, kolpeak, herpesa, ospelak eta azaleko urratuak sendatzeko.[1]

Bitxikeriak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Larrea Iturralde, Garbiñe. Intsusa. Bizi Baratzea, CC BY-SA 4.0, bizibaratzea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-4).
  2. a b Elderberry. National Center for Complementary and Alternative Medicine, 2020ko abuztua, nccih.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2023-8-11).
  3. Sambucus nigra L. ssp. caerulea (Raf.) Bolli. calflora.org (Noiz kontsultatua: 2023-8-7).
  4. Intsusa beltz. Euskalterm, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-4).
  5. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  6. 517: saúco / sureau / elder-tree / (Sambucus nigra). Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-4).
  7. a b Larrea Iturralde, Garbiñe. Etxeko lagun bat, intsusa. Argia, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-4).
  8. Errekondo, Jakoba. Intsusadia edanean. Argia, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-14).
  9. Ostolaiz, Mariano. Senda-belarrak. Auspoa Liburutegia 268, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2023-8-14).
  10. Beltran, Juan Mari. Tulurtea. soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-8-11).

Kanpo estekak

aldatu