Adolphe Thiers
Louis Adolphe Thiers (Bouc-Bel-Air, 1797ko apirilaren 15a - Saint-Germain-en-Laye, 1877ko irailaren 3a) frantses politikari, kazetaria eta historialaria izan zen. Frantziako Hirugarren Errepublikako presidentea izan zen, 1871-1873 bitartean.
Bizitza
aldatuAix-en-Provencen zuzenbideko ikasketak egin ondoren, Parisen bizileku hartu eta berehala egin zen ezagun, Le Constitutionnel eta Le National egunkarietan Karlos X.a Frantziakoa aginpidetik baztertzearen eta askatasun publikoaren alde idatzi zituen artikuluengatik. 1830eko Iraultzaren ondoren, kargu garrantzitsuak izan zituen Luis Filipe Frantziakoaren agintaldian (gobernuburu ere izan zen), baina 1840an dimisioa eman behar izan zuen, erregea ez zetorrelako bat haren kanpo arazoetarako politika zorrotzarekin.
Frantziako Bigarren Inperioan diputatua izan zen, eta legebiltzarreko erakundeen alde agertu zen, Napoleon III.aren autoritarismoaren aurrean. Urte horietan Histoire du consulat et de l´empire (1845-1862, «Kontsulatuaren eta inperioaren historia») obra handia idatzi zuen, frantses nazionalismoaren berpizkundean eragin handia izan zuena. 1870ean Frantzia-Prusia Gerraren aurka agertu zen, ez baitzuen gerra irabazteko inolako aukerarik ikusten. Gerra galdu ondoren, 1871ean Frantziako Hirugarren Errepublikako presidente hautatu zuten, eta, Frantziarentzako politika-sistemarik egokiena errepublika kontserbadorea zelakoan, gogor zapaldu zuen urte bereko Parisko Komunako matxinada. 1873. urtean dimisioa aurkeztu zuen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Adolphe Thiers |