Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Alkimia

Alkimista» orritik birbideratua)

Zientziaren historian, alkimia (arabieraz: الخيمياء‎al-khimiya) antzinako praktika protozientifikoa da eta, era berean, kimika, metalurgia, fisika, medikuntza, astrologia, semiotika, mistizismoa, espiritualismoa eta artea bezalako jardueretako elementuak konbinatzen dituen diziplina filosofikoa da. Alkimia Mesopotamian, Antzinako Egipton, Persian, India eta Txinan, Antzinako Grezian eta Erromatar Inperioan, Islamiar inperioan eta, ondoren Europan XVIII.mendera bitarte, 2500 urteko sistema filosofiko eta eskola desberdinen sarea osatuz.

Ramon Llull idazlearen alkimismo tratatuaren orrialde bat

Mendebaldeko alkimia hermetismoarekin loturik egon ohi da, Hermes Trimegisto alkimistan oinarritzen den sistema filosofiko eta espirituala. Aro Modernoaren hasieran, alkimia hedatuena egungo kimikara eboluzionatu zen.

Gaur egun, bere aspektu mistikoa, esoterikoa eta artistikoa dela eta, zientziaren historialarien eta filosofoen intereseko diziplina da. Zientzia modernoaren sustatzaile bat da, eta antzinako alkimiaren substantzia, tresna eta prozesu ugari oinarrizkoak izan dira industria kimiko eta metalurgiko modernoetan.

Ezagutza arruntean, alkimia deritzo beruna urre bihurtzeko prozesuari. Alkimiaren beste adiera bat sorgin harriaren bilaketa da, harri horrekin urrea transmutatzeko bertutea edo betiereko bizitza lortu ahal zitekeen.

Alkimiaren plano espiritualean, alkimistek haien arima transmutatu behar zuten metalak transmutatu baino lehen. Beraz, purifikatu egin behar zuten, otoitza eta barauaren bitartez.

Etimologia

aldatu

Alkimia hitza arabiarretik dator, al-khīmiyaˀ (الخيمياء), hain zuzen. al- artikulua eta khumeia (χυμεία) hitz greziarra dira osagaiak, azken honen esanahiak batera bota, jaurti, soldatu, etab. direlarik. Dioclecianok greziarrez 300. urte inguruan idatzitako dekretu baten arabera urrearen eta zilarraren ekoizpenaz tratatzen zuten liburuak erretzea[1] agindu zen, khemia. Arabiar kīmiya artikulurik gabe, euskarazko eta bestelako hizkuntzetan kimika moduan itzuli izan da, egungo arabiarrean ere, al-kīmiya hitzak kimika esan nahi du.

Esan izan da al-kīmiya hitz arabiarraren jatorrizko esanahia zientzia egipziarra zela, koptoera kēme, Egipto, hitza hartuta. Hala, alkimia Kemeko artea zen. Erdi Aroan, ars chimica adierazpena erabili ohi zen alkimiari erreferentzia egiteko.

Noizbehinka, krisopeia hitza alkimiaren sinonimotzat erabiltzen da, baina kontzeptu hori urrea ekoizteko metodoaren bilaketa baino sakonago doa. Krisopeia antzinako grezierako χρυσoσ (urrea) eta πoιεω (egin) hitzetatik dator[2]. Kriso- aurrizkia urrearen inguruan diharduen kontzeptuetan atxikitzen da, esate baterako, krisoterapia (gaixotasun jakin batzuk sendatzeko urrezko gatzen bitartezko tratamentua).

Begiztapen orokorra

aldatu
 
Pietro Longhi pintorearen Alkimista obra.

Azken mendeetan, alkimistek haien denbora gehiena pozio magikoak, pozoiak, etab. osatzen ematen zuten. Haien zientzia-jarduerak lau ardatz nagusi zituen: sua, lurra, ura eta airea. Lau elementuekin horien potentzia zuen bostgarren bat sortzen zuten.

Erdi Arotik aurrera, alkimista batzuk alkimiaren erroak metafisikan zeudela defendatzen hasi ziren eta sustantzia kimikoak eta prozesu materialak transformazio espiritualen metafora bezala katalogatzen. Horrela, bai metalen transmutazioak bai panazea unibertsalak egoera inperfektu batetik perfektu baterako jauzia adierazten zuen.

Isaac Newton edota Robert Boyle bezalako ikerlari argi eta azkarrak ziren alkimistak. Hauentzat, sustantzia oro hiru osagaietan banatzen zen: merkurioa (espiritua), sufrea (arima) eta gatza (gorputza). Zati bakoitza behar bezala purifikatu ondoren, betiere sua zela medio, berriro ere hiru zatiak hasierako sustantzia osatu behar zuten, osotasun horrek ahalmen jakin batzuk eskura zitzan.

Alkimiak astrologiarekin harreman handia izan du ere historian zehar. Diziplina biak garatu izan dira ezkutuko jakintzaren bila.

Mendebaldeko alkimiatik dator, hain zuzen, zientzia modernoa. Gaur egun erabiltzen diren tresna zientifiko askok eta askok haien jatorria alkimiaren jardueran dute. XVII. mendera bitarte, alkimia Europan zientzia seriotzat hartzen zen, Tomas Akinokoa, Tycho Brahe, Thomas Browne, Ramon Llull eta Parmigianino bezalako izen esanguratsuek babesten zutela. Kimika modernoa alkimista frustratu eta alkimia bera kritikatzen zuten ikerlarietatik sortu zen, arrazionalismoan oinarritutako jarduera berri bati ekinez.

Orokorrean, alkimiaren historia jakintza eremu anitza eta emankorra bihurtu da. Alkimisten hizkuntza iluna argitzen doan heinean, historialariak diziplina horrek historiako beste esparru askotan (soziologian, psikologian, etab.) eduki izan zuen eragina mahai-gaineratzen ari dira.

Alkimia historian zehar

aldatu
 
XVII.mendeko alkimiari buruzko testu-zati bat.

Alkimiaren hastapenak Egipton agertu ziren eta bertatik Greziara eta ondoren Erromara eta Inperioaren bitartez Europa osora zabaldu ziren.

Parisko Liburutegi Nazionalean dauden eskuizkribuen arabera, Zosimo «Filosofo jainkotiarra» goitizena zuena izan zen alkimiaz hitz egin zuen lehen idazle grekoa, IV. mendean. Arabiarrek grekoengandik ikasi zuten, eta gaztetasuna mantentzeko edabea asmatzea zen bere xede nagusia. Horretarako, era guztietako eragiketa kimikoak egin zituzten eta, edaria ez baina bestelako gaiak aurkitu zituzten, esaterako alkohola. Hanburgoko Brandt alkimistak adibidez, XVII. mendean, fosforoa deskubritu zuen, urrea aurkitzeko esperantzatan gernua destilatzen ari zelarik.

Alkimiak garapen handia izan zuen Erdi Aroan, baina desberdintasun nahiko handia zegoen erdi arokoek eta antzinako egiptoarrek eta grekoek erabiltzen zituzten tekniken artean. XIII. mendean lau alkimista handi bizi izan ziren: Alberto Magno alemaniarra; Roger Bacon, ingelesa; Ramón Llull kataluniarra, eta Arnaldo de Vilanova espainiarra.

Alkimiaren unerik garaiena, nolanahi ere XV. mendea izan zen, eta orduko alkimisten artean, besteak beste, hauek aipa daitezke: George Ripley ingelesa, Basilio Valentín alemaniarra, Nicolas Flamel Parisko Unibertsitatekoa eta Isaac holandarra. Alkimistek ez zuten inoiz sorgin harria aurkitu, ezta gaztetasunaren edabea asmatu ere, baina egin zituzten saioetan hainbat aurkikunde egin zituzten, adibidez: alkali hegazkorra, bismutoa, eterra, azido nitriko, sulfuriko eta fluorhidrikoa, alkoholaren destilazioa, etab.; baina aurkikuntza guzti hauek nahiko ustekabean gertatzen ziren, eta pixkanaka alkimiak kimikari utzi zion tokia.

Hasiera batean, kimika eta alkimiaren arteko bereizketa, ez zen erabatekoa izan, eta alkimisten hainbat baieztapen berresten zituzten kimikari handiak agertu ziren, esaterako Paracelso. Hala ere, alkimistak ez zuten kimikaren muga praktikoetara makurtu nahi izan eta laborategiak utzirik, espekulazio hermetikoa garatu zuten, hau da, alkimia, astrologia eta magia naturalaren azalpen filosofikoa bilatzeari ekin zioten.

Alkimia garai modernoan

aldatu

Alkimia egungo zientzia modernoen aurrekari izan zen, eta sasoi hartako substantzia, tresna eta prozesuak funtsezkoak izan dira industria kimiko eta metalurgiko modernoen sorreran.

Alkimiak forma asko hartzen dituen arren, kultura herrikoian askotan aipatzen da beruna (edo beste elementu batzuk) urre bihurtzeko prozesu modura. Alkimiaren beste forma ezagunetako bat harri filosofalaren bilaketa da.

 
Alkimiaren inguruko liburu-zati bat.

Aro honetan, metodo zientifikoa erabiliz, garapenak egin dira alkimiaren helburu batzuk lortzeko.

Adimen artifizialaren xedea, esate baterako, hutsetik bizitza sortzea da. Adimen artifizial honen aurkariek alkimiarekin alderatzen dute, adibidez, Herbert eta Stuart Dreyfus egileek 1960 urteko Alchemy and AI entseguan. Hala eta guztiz ere, alkimiaren helburu zehatza transmutazio humanoa denez (hutsetik bizitza sortzea baino), ikerketa genetikoa egongo litzateke diziplina horretatik gertuago.

Transmutazio nuklearra

aldatu

1919.urtean Ernest Rutherford-ek desintegrazio artifiziala erabili zuen nitrogenoa oxigeno bilakatzeko, naiz eta sorgin harririk erabili ez. Prozesu guzti hau komertzio sailean erreaktore nuklearren eta partikula-azeleragailuen bitartez egiten jarraitu da, bertan nukleo atomikoak energia altuko partikulekin talka egiten dute.

Beruna urre bilakatzearen ideia ez da osoki okerra, teorian, berun atomo batetik hiru protoi ateraz gero, urrezko protoi bat lortuko litzatekeelako[3]. Esaterako, 1980an Gleen T. Seaborgek beruna urrean bilakatu zuen, ondorioz ateratako urreak segundo gutxi batzuk iraun zituen arren, bere ezegonkortasun atomikoa zela eta.

Egiaztatu gabeko transmutazio baieztapenak

aldatu

1964.urtean, George Ohsewa eta Michio Kushi-k, Courentin Louis Kervran-en lehen baieztapen batean oinarrituz, informatu zuten sodioa potasioan transmutatzea lortu zutela arku elektriko baten bidez, eta ondoren, karbonoa eta oxigenoa burdinan. 1994an, R. Sundaresan eta J. Bockris-ek informatu zuten uretan murgilduta zeuden karbono barra batzuen tarteetako deskarga elektrikoetan fusioko erreakzioak ikusi zituztela. Hala ere, ondoko baieztapen hauek ez dira beste zientifikoen artean zabaldu eta ideiaren ukapena gaur egun nahiko hedaturik dago.

Psikologia analitikoa

aldatu
 
Carl Gustav Jung

Carl Gustav Jung psikiatra suitzarrak interes ezetik abiatu zuen alkimiarekin harremana. Bere iritzia goitik behera aldatuko zuen 1928an, Richard Wilhelm sinologoaren eskutik, XIII.mendeko alkimia tratatu baten itzulpena zela eta: Urrezko Lorearen sekretua (Tai Yi Jin Hua Zong Zhi), hain zuzen. Alkimiarekin zuen harremana, orduan, hasieratik baldintzatuta egon zen indibidualizazio prozesuak aurkitu zituelako obran. Hamar urte behar izan zituen alkimiaz solasten ziren testu horiek behar bezala interpretatu eta itzultzeko[3].

Jungek alkimia bereizketaren saria bilatzen zuen mendebaldeko proto-psikologia bat bezala ikusten zuen. Interpretazio horren arabera, alkimia Berpizkundean gnostizismoak bizirik irauteko erabili zuen kareta izan zen. Alkimia mendebaldean yogarekin alderatzen zuen Jungek. Psychologie und Alchimie (1944) bere obran, aipatzen du ametsak bezalako inkontzienteko fenomeno hautemangarriak sinbologia alkimikoan aurkitu daitezkeen elementu sinbolikoez osatzen direla. Gainera, sorgin harriaren eta kristoren arteko paralelismoari analisi bat eskaintzen dio. Mysterium coniunctionis (1955-1956) obran, alkimia eta psikologia analitikoaren arteko talkaren azken ezarpenak lotzen ditu.

Guzti honetaz gain, ezin da ahaztu Jungen alkimiaren esentziarako gura hori Judeako Maria, Panopoliseko Zosimo edota Paracelso bezalako pertsonaia historikoek elikatu zutela.

Alkimia obra klasikoak

aldatu
 
Splendor Solis

Alkimia herritar kulturan

aldatu
 
Alkimia-laborategi bat, Alkimiaren historia eta kimikaren hastapenak.

  Hainbat idazlek alkimisten figura erasotu zuten satiraren bidez. Bi adibide klasiko dira:

  • Geoffrey Chaucer, The Canon´s Yeoman´s Prologue and Tale (1380 k.). Bertan, protagonista Canterburyra bidean doan alkimista bat da eta urre eta zilarrez estaliko duela dio.
  • Ben Jonson, Alkimista (1610 k.). Bost aktoetan zatituriko obra honetan, pertsonaiek alkimia tailer bat sortzen dute jendeari iruzur egiteko.

  Obra berriagotan, alkimistak mago eta sorgin bezala adierazten dira, argi erromantiko eta mistiko batekin:

  • William Shakespeare, Ekaitza (1611). Alkimiaren eragin esanguratsua duen obra, alkimiaren imajinagintza anitz agertzen da eta, Prospero mago arketipikoaren paperan.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Alquimia. 2018-03-19 (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  2. (Frantsesez) «Chrysopée» Dictionnaire des termes de médecine, chirurgie, art vétérinaire, pharmacie, histoire naturelle, botanique, physique, chimie, etc. Baillière, Crevot, Béchet, 155 or. https://www.google.ru/books/edition/Dictionnaire_des_termes_de_m%C3%A9decine_chi/uHZEAAAAcAAJ?hl=ru&gbpv=1&dq=chrysop%C3%A9e+%CF%87%CF%81%CF%85%CF%83%CE%BF%CF%82+%CF%80%CE%BF%CE%B9%CE%B5%CF%89&pg=PA155&printsec=frontcover.
  3. a b (Gaztelaniaz) Alquimia. 2018-03-19 (Noiz kontsultatua: 2018-03-23).

Kanpo estekak

aldatu