André Chastel
André Chastel (Paris, Frantzia, 1912ko azaroaren 15a - Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1990eko uztailaren 18a) idazle eta historialari frantsesa izan zen.
Biografia
aldatuItaliako XV. eta XVI. mendeak aztertu zituen, batez ere. Haren lana garrantzi handikoa izan da artearen historian, batez ere, Art et humanisme à Florence au temps de Laurent le Magnifique (1959, "Artea eta humanismoa Florentzian Lorenzo Handiaren garaian") doktoretza-tesia. Artearen soziologiaren lan handi horretan, nabarmen uzten du Chastelek Quattrocento amaieran arteak kulturan izan zuen garrantzia. Le Grand Atelier ("Lantegi Handia") eta Renaissance méridionale (1965, "Hegoaldeko Errenazimentua"), La Crise de la Renaissance (1968, "Errenazimentuaren krisia") eta Le Mythe de la Renaissance (1969, "Errenazimentuaren mitoa") lanetan, gai orokor baten analisia egin zuen, segida baten bidez. 1956an, L´Art italien ("Italiar artea") argitaratu zuen, bizitza artistikoaren alderdi guztiak eta lanen prozesua azaltzen dituena.
1978. urtean Fables, formes, figures ("Fabulak, formak, figurak") artikulu-bilduma argitaratu zuen. 1975ean, Arte Ederretako Akademiako kide, eta 1980an Vicenzako Andrea Palladio Nazioarteko Arkitektura Zentroko lehendakari izan zen. Irakasle aritu zen, besteak beste, Sorbonan (1955-1970) eta Frantziako Eskolan (1970-1984). Horrez gainera, Chastel beti egon zen arkitektura- eta hirigintza-arazoekin arduratuta: Les Halles Parisko auzoko berrikuntza-lanetan talde bat osatu zuen, ikerketa bat egiteko, eta Chastel talde horretako koordinatzaile izan zen, hamar urtez. Hil ondoren argitaratu zen Chastelen Histoire générale de l´art français des origines au XIXe siècle (1993, "Frantziako artearen historia orokorra hasieratik XIX. mendera arte") lana.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.