Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Babuinoa Papio generoko primateen izen arrunta da. Cercopithecidae familiakoa da. "Mundu zaharreko" primateen 23 generoetako bat da Papio eta gaur egun sei espezie onartzen zaizkio, hauetako bost Afrikan bizi dira eta seigarrena Afrikan eta Arabiar penintsulan.

Babuino
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaCercopithecidae
SubfamiliaCercopithecinae
Generoa Papio
Erxleben, 1777

Espezie bakoitzak tamaina desberdina du. 50-120 cm arteko luzera eta 14-40 Kg arteko pisua dute. Denek ere zakurren antzeko muturra dute, baraila indartsua eta letagin zorrotzak. Egunez lurrean elikatzen dira eta denetarik jaten dute. Gauez zuhaitzen adarretan egiten dute lo. Gizarte iherarkizatua eratzen dute.

Taxonomia

aldatu

Johann Christian Polycarp Erxleben izan zen 1777. urtean Papio generoa deskribatu zuen zientzilaria. Espezie tipoa den Papio papio 1820an deskribatu zuen Desmarestek. Babuinoen fosil zaharrena 2015. urtean aurkitu zen eta 2 milioi urte zituela ezarri zuen datazioak[1].

Papio generoaren barnean sei espezie onartzen dira gaur egun[2], baina eztabaidagai izaten jarraitzen du hauetako batzuk espezieak ala azpiespezieak ote diren[3].

Espezie hauetan azkena Papio kindae da, Papio generoko gainerakoen lerro filogenetikoak aztertuz deskribatu dena[4].

Ikerlari batzuek Papio hamadryas eta Papio cynocephalus espezie bakar kontsideratzen dituzte, eta sabanako babuinoak gisa ezagutzen dituzte. Honek ordea ez du jarraitzaile askorik, P. hamadryas iparraldeko espezietatik gertuago baitago eta P. cynocephalus hegoaldekoetatik gertuago[5].

Espeziea Kokapena Irudia
Papio ursinus Afrika hegoaldean  
Papio papio
(Gineako babuinoa)
(Babuino gorria)
Afrika mendebaldean  
Papio hamadryas Afrikako adarrean eta Arabia hego-mendebaldeean  
Papio anubis
(Oliba koloreko babuinoa)
Afrika ipar-erdialdeko sabanan  
Papio kindae Afrika erdialdean,
Miombo basoetan
 
Papio cynocephalus
(Babuino horia)
Afrika hego-erdialdean eta ekialdean  

Deskribapena

aldatu
 
Papio anubis espezieko babuinoa.

Babuino espezie guztiek antzeko gorputz egitura dute baina tamainan eta ilearen kolorean desberdintzen dira. Babuino espezie txikiena Papio kindae da, 50 cm luze eta 14 kg-takoa eta handiena Papio ursinus, 120 cm luze eta 40 kg[6].

Burua handia da proportzioan eta zakurraren antzeko mutur luzea dute. Sudurzuloak aurrerantz begira daude, eta begi txikietatik nahiko urruti. Baraila indartsua da eta hortzeria nabarmena dute. Aipatzekoak dira letagin luze eta zorrotzak.

Gorputza sendoa da eta larru lodi batek estaltzen du. Ilearen kolorea espeziearen araberakoa izaten da, batzuetan horixka, bestetan gorrixka edo oliba kolorekoa. Isatsa nahiko motza izaten dute. Ipurmasail biluziak dituzte eta garitxo ugariz josiak. Gari hauek ez dute nerbiorik barrenean eta babuinoa eroso esertzeko egokiak dira.

Babuinoek sexu dimorfismoa dute. Arren letaginak askoz luzeagoak dira emeenak baino eta elkar mehatxatzeko erabiltzen dituzte. Arrak emeen aldean suminkorrak dira eta ohikoak dira haien arteko liskarrak. Papio hamadryas espeziearen kasuan arrek ilaje zuria azaltzen dute.

Atzeko hankak plantigradoak dituzte, eta aurrekoak digitigradoak[7].

Habitata espeziearen arabera aldatzen da, baina beti da irekia, hala nola sabanak, erdibasamortuak edo lautada harritsuak. Gaur egun, batez ere Afrikan daude, baina Arabiako penintsulan ere aurki daitezke, eta Plio-pleistozenoko une batzuetan Ekialde Hurbilera eta Europara hedatu ziren.

Animalia horien dieta orojalea da. Taldeka ibiltzen dira jateko balio dien edozein gauzaren bila; harrien azpian intsektuak bilatzen dituzte; sustraiak eta tuberkuluak lurpetik ateratzen dituzte; hostoak eta belarrak erraz erauzi, eta manipulatzen dituzte (hatz lodi aldakorrei esker) eta tamaina txikiko edo ertaineko animaliak ehizatzen dituzte, hala nola karraskariak, erbiak, antilope txikiak edo hegaztiak, batzuetan flamenko baten edo ostruka gazte baten tamainakoak. Habietatik hartzen dituzten arrautzak ere jaten dituzte. Beren izaera gaiztoa dela eta, haragijale gutxi daude haien atzetik ibiltzeko balioarekin: lehoiek eta lehoinabarrek babuino bakanak ehizatu ditzakete noizean behin, baina biktima, laguntza eskatzera iristen bada, taldeak inguratu ditzake, eta, hozka eginez, hil. Ur-ibilguetara hurbiltzen direnean, Niloko krokodiloek mehatxa ditzakete.

Naturan jaioz gero, bizi-itxaropena hogeita hamar urtekoa da; gatibu jaioz gero, berriz, berrogeita bost urte ingurukoa.

Ekologia

aldatu

Banaketa geografikoa eta habitata

aldatu

Gaur egun Afrikako eremu desberdinak hartzen ditu espezie bakoitzak, bai eta Arabiar penintsularen hego-mendebaldeko ertza ere. Pliozeno eta Pleistozeno garaian Europa aldera eta Ekialde Hurbilera ere zabaldu ziren.

Habitatari dagokionez sabanak, baso irekiak, muinoak eta lautada harkaiztsuak populatzen dituzte. Babuino gutxi batzuk ohian tropikaletan ere aurkitu izan dira inoiz[8].

Elikadura

aldatu

Lurrean mugitzen dira babuino taldeak. Orojaleak dira eta oso oportunistak, ia edozer jaten dute[9]; belarra, sustraiak, haziak, hostoak, enbor azala, fruituak, onddoak, intsektuak, armiarmak, zizareak, arrainak, itsaskiak, karraskariak, txoriak... eta animalia handiagoak ere bai, esate baterako Chlorocebus pygerythrus tximuak eta antilope txikiak[10]. Egunean zehar aktibitate irregularra izaten dute eta gauez zuhaitzetara igotzen dira atseden hatzera. Gau batzuetan ere aritzen dira ehizan.

Harrapariak eta parasitoak

aldatu
 
Babuino baten hortzeria.

Babuinoen harrapari nagusiak Nilotar krokodiloak, lehoiak, hiena pikartak eta lehoinabarrak dira[11]. Babuino gazteek dute arriskurik handiena, helduek aurre egiten baitiete harrapariei ahoa zabalduz eta letaginak erakutsiz. Erasoaren ondoren harrapariari jarraitzen diote taldean berriz itzul ez dadin. Harrapari naturala izan ez arren manba beltzak ere hil izan ditu babuinoak, normalean istripuz sugea zapaltzearen ondorioz[12].

Herpesvirus papio familiako birusek erasaten diete babuinoei. Ez da ezagutzen gizakietara transmititu izan den kasurik. Alderantziz bai ordea, gizakien tuberkulosi gaixotasuna sortzen duen Mycobacterium tuberculosis bakterioa babuinoetara pasa izan da harreman estua egon den kasuetan[11].

Sistema soziala

aldatu

Babuinoen multzoari "tropa" esaten zaio[9] eta babuinoak tropa iherarkizatuetan antolatzen dira. Normalean 50 babuino inguruk osatzen dute tropa bakoitza baina urtesasoiaren, kokapenaren eta espeziearen arabera taldeak 5 eta 250 artekoak izan daitezke. Hamadryas babuinoek harem txikiz osaturiko multzo oso handiak eratzen dituzte, beste espezie batzuetan aldiz oso iherarkizaturiko lerro matriarkala da taldearen ardatza. Tropa hauetan emeak arrak baino gehiago izaten dira, bikoitza inguru, hala ere ar dominantea da taldearen burua[13].

Aipaturiko sistema hori mantentzeko multzo eta familia bakoitzak bere bokalizazio propioa du eta oso nabarmena izaten da sistemako tropen arteko istiluak gertatzen direnean. Istiluok talde batzuen dominantzia indartzeko balio izaten dute[14].

Ugalketa

aldatu
 
Babuino kumea amaren gainean.

Sabanako babuinoen artean edozein ar edozein emerekin elkartu daiteke. Arren arteko maila desberdinak daude ordea eta ohikoa izaten da araldian haien arteko istiluak gertatzea. Garai horretan emearen atzealdea gorri gorri jartzen da arrak erakartzeko[13]. Arrak emearen laguntasuna irabazi behar du eta horretarako emea eta hark izan lezakeen umea zaintzen ditu, atontzen ditu eta elikagaiak ekartzen dizkie.

Sei hilabeteko haurdunaldiaren ondoren jaiotzen da babuino kumea[13]. Kume bakarra izaten da, inoiz bikiak jaiotzen dira baina ez dute luzaro bizirik irauten. Babuino jaioberriak 400 gramo pisatzen ditu eta azal beltza du. Emea da kumeaz arduratzen dena eta batzuetan eme taldeek kume taldeak zaintzen dituzte. Bost eta zortzi urte arteko adinarekin lortzen dute sexu heldutasuna. Orduan ar gazteak taldetik joan egiten dira, eme gazteek ordea taldean jarraitzen dute bizitza guztirako[13].

Babuino basatiek 20-30 urtetako bizi itxaropena dute. Gatibu daudenak 45 urte izatera ere irits daitezke[15].

Gizakiarekiko harremana

aldatu
 
"Babi" jainkoaren estatua, Louvre museoan.

Egiptoko mitologian "Babi" izeneko jainkoa hamadryas babuino bat zen. Tot jakinduriaren jainkoaren errepresentazioetako bat zen eta "babuino sakratua" ere esaten zitzaion. Sarritan adarrekin irudikatzen zen. Aurkitu den babuino baten irudi zaharrena K.a. 3000. urtekoa da; estatua txiki bat da, Narmer faraoiaren izena idatzirik duena[16]. Antzinako Egipton babuinoak etxekotzera iritsi ziren, zuhaitzetako fruita jasotzen zuten eta artaldeak zaintzen zituzten[17].

Gizakien auzoetako etxeetan eta autoetan ere ibiltzen dira janari bila eta Hegoafrikako arrantxoetan artoa, ardiak, ahuntzak eta oiloak ere harrapatzen dituzte. Kenya eta Tanzaniako hiri handietako zabortegietan ere babuinoen koloniak sortu dira. Elikadura oparoagoa lortzen dutenez tamainaz handiagoak izaten dira eta gorputzeko ilea ere basatiekiko desberdina dute, grisagoa.

Gertatu izan da babuinoei txerrien bihotza transplantatu eta hainbat denboraz bizirik irautea. 2018ko abenduan sei hilabete bizirik iraun zuen babuinoaren kasua argitaratu zen. Municheko Ludwig-Maximilians Unibertsitatean egin zen ebakuntza[18].

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) published, Laura Geggel. (2015-08-21). «Skull of Earliest Baboon Discovered» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  2. Handbook of the mammals of the world. [2009]-<[2019]> ISBN 978-84-96553-49-1. PMC 304148757. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  3. (Ingelesez) Newman, Timothy K.; Jolly, Clifford J.; Rogers, Jeffrey. (2004-05). «Mitochondrial phylogeny and systematics of baboons (Papio)» American Journal of Physical Anthropology 124 (1): 17–27.  doi:10.1002/ajpa.10340. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  4. (Ingelesez) Roos, Christian; Knauf, Sascha; Chuma, Idrissa S.; Maille, Audrey; Callou, Cécile; Sabin, Richard; Portela Miguez, Roberto; Zinner, Dietmar. (2021-03). «New mitogenomic lineages in Papio baboons and their phylogeographic implications» American Journal of Physical Anthropology 174 (3): 407–417.  doi:10.1002/ajpa.24186. ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  5. (Ingelesez) Wildman, Derek E.; Bergman, Thore J.; al-Aghbari, Abdulwali; Sterner, Kirstin N.; Newman, Timothy K.; Phillips-Conroy, Jane E.; Jolly, Clifford J.; Disotell, Todd R.. (2004-07-01). «Mitochondrial evidence for the origin of hamadryas baboons» Molecular Phylogenetics and Evolution 32 (1): 287–296.  doi:10.1016/j.ympev.2003.12.014. ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  6. (Ingelesez) «Physical characteristics and behavior of baboons | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  7. (Ingelesez) Brown, J. Clevedon; Yalden, D. W.. (1973-12). «The description of mammals–2 Limbs and locomotion of terrestial mammals» Mammal Review 3 (4): 107–134.  doi:10.1111/j.1365-2907.1973.tb00178.x. ISSN 0305-1838. (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
  8. (Ingelesez) published, Alina Bradford. (2017-01-21). «Facts About Baboons» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  9. a b (Ingelesez) «Baboons | National Geographic» Animals 2010-04-11 (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  10. (Ingelesez) «Baboon species in Africa» African Wildlife Foundation (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  11. a b BUSSE, CURT. (1980). «Leopard and Lion predation upon Chacma Baboons living in the Moremi Wildlife Reserve» Botswana Notes and Records 12: 15–21. ISSN 0525-5090. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  12. (Ingelesez) Bergman, Thore J.; Beehner, Jacinta C.; Cheney, Dorothy L.; Seyfarth, Robert M.. (2003-11-14). «Hierarchical Classification by Rank and Kinship in Baboons» Science 302 (5648): 1234–1236.  doi:10.1126/science.1087513. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2022-09-13).
  13. a b c d study.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  14. (Ingelesez) Galezo, Allison A.; Nolas, Melina A.; Fogel, Arielle S.; Mututua, Raphael S.; Warutere, J. Kinyua; Siodi, I. Long’ida; Altmann, Jeanne; Archie, Elizabeth A. et al.. (2022-04-11). «Mechanisms of inbreeding avoidance in a wild primate» Current Biology 32 (7): 1607–1615.e4.  doi:10.1016/j.cub.2022.01.082. ISSN 0960-9822. PMID 35216670. (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  15. «St. Martin News Network - Jacko the Baboon Passed Away.» smn-news.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  16. Dothan, Trude; Regev, Dalit. (2011). «AN INSCRIBED BABOON STATUETTE FROM TEL MIQNE-EKRON» Ägypten und Levante / Egypt and the Levant 21: 211–229. ISSN 1015-5104. (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  17. (Ingelesez) Ball, At the Mummies. (2019-02-09). «A bit of monkey business» At the Mummies Ball (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).
  18. (Ingelesez) «News: Baboon survives for six months after... (The Guardian) - Behind the headlines - NLM» NCBI (Noiz kontsultatua: 2022-09-15).

Bibliografia

aldatu
  • Cheney, Dorothy L.; Seyfarth, Robert M. (2007). Baboon Metaphysics: The Evolution of a Social Mind. Chicago: University of Chicago Press. ISBN 9780226102436.
  • Zinner, Dietmar; Groeneveld, Linn F.; Keller, Christina; Roos, Christian (2009). "Mitochondrial phylogeography of baboons (Papio spp.) – Indication for introgressive hybridization?". BMC Evolutionary Biology. 9 (83): 83. doi:10.1186/1471-2148-9-83. PMC 2681462. PMID 19389236.

Kanpo estekak

aldatu