Bizantziar Inperioa
Bizantziar Inperioa edo Ekialdeko Erromatar Inperioa[1] Antzinaro Berantiarreko eta Erdi Aroko kristau inperioa izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua Konstantinopolis zuen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).
Bizantziar Inperioa Ῥωμανία Rhōmanía Romania Imperium Romanum | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
395 – 1453 | |||||||||
Autokrazia | |||||||||
| |||||||||
Inperioaren hedadurarik handiena, Justiniano I.a enperadore zela, 550ean | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Konstantinopolis | ||||||||
Kultura | |||||||||
Hizkuntza(k) | greziera latina | ||||||||
Erlijioa | Paganismo Eliza Ortodoxoa | ||||||||
Historia | |||||||||
Sorrera | 395 | ||||||||
Ezeztapena | 1453 | ||||||||
|
Erromatar Inperioaren gainbeherarekin sortu zen, inperio hura bitan zatitu zenean. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren (476), beste mila urtez eutsi zion ekialdekoak, Konstantinopolis konkistatu zuten arte, hain zuzen (1453). Inperioaren jatorrian dago Dioklezianok ekialdeko muga lurraldeak babesteko ezarri zuen bitariko gobernua, Galeriok mantendu zuena. Konstantinopolis antzinako Bizantzio hiriaren gainean eraikitzeko erabakiak eta, batez ere, Konstantinoren hura inperio osoko hiriburu bihurtu nahiak (330) Inperioaren banakuntza ekarri zuen, Teodosio I.a hil ondoan (395). Semeen artean banatu zuenean, Arkadiori sortaldea egokitu zitzaion eta Honoriori, sartaldea. Ekialdeko Inperioa hego Danubiotik Ipar Mesopotamiaraino hedatzen zen, lur hauek barne zirela: Balkanak, Asia Txikia, Zipre, Kreta, Siria, Palestina, Egipto eta Ipar Mesopotamia.
Izena
aldatuOro har, 476an azken erromatar enperadorea (Romulo Augustulo) boteretik kendu zuten arte Ekialdeko Erromatar Inperioa deritzo; eta, ordutik aurrera, Bizantziar Inperioa. Dena dela, klasifikazio historiografiko horrek azken mendeotako Mendebaldeko Europako ikuspegia besterik ez du erakusten. Izan ere, bizantziarrek beren inperioa desagertu zen arte beren burua erromatartzat zuten; haientzat beren inperioa Erromatar Inperioa zen eta, beraz, Erromatar Inperioa edota Azken Erromatar Inperioa izenak ere erabil daitezke.
Historia
aldatuEkialdeko Erromatar Inperioa
aldatuArkadio izan zen ekialdeko lehen enperadorea. Haren agintaldian (395-408) bisigodoek inbaditu zuten inperioa, Alariko buru zutela (395). Erlijio gatazkak ez ziren lehen urte horietan amaitu, ezta Teodosio II.a eta Martziano enperadoreen garaietan ere (408-457). Teodosioren Kodeak agindu eta Teodosio II.ak ekialdean eta Valentiniano III.ak mendebalean berretsia zuten Inperioaren batasuna, kolokan zegoen Atilaren eta barbaro herrien erasoak zirela eta. 476. urtean, Mendebaldeko Inperioa, erabat hautsirik, godoen eskuetan geratu zen, eta Zenon I.a Ekialdeko Inperioan nagusi izan zen (474-491). Hala eta guztiz ere, Danubiotik behera zetozen eslaviarren aurka borrokatu behar izan zuen ekialdeko Inperioak (Anastasio I.a, 491-518).
Erlijio krisiek, bestalde, bizi-bizirik zirauten (monofisistak) eta gizarteko gatazkek garrantzi handia izan zuten (Nika altxamendua, 532). Justiniano I.ak berriztatze lanak egin zituen administrazioan (Justinianoren Kodea, 529) eta saiatu zen Inperio osoaren batasuna lortzen (Sartaldearen errekonkista). Enperadore horren garaian izugarri zabaldu zen artea. Atenasko eskola paganoak itxi ondoren (529), Konstantinopolis kristau helenismoaren gune nagusi bihurtu zen. Baina lurralde hedatzeak ez zuen luzaroan iraun.
Heraklidearren garaia
aldatuJustino II.aren erreinaldiaren ondoren (565-578), lonbardiarrek Italiako alde handi bat hartu zuten (568), eta Leovigildok Hispaniako hiri batzuk konkistatu zituen (572). Avaroen, persiarren eta eslaviarren inbasioek ahuldua zeukaten inperio hura indartu zen zerbait Heraklio I.ak persiarrak Siriatik (611-628) eta Palestinatik (630) egotzi zituenean (610-641). Arabiarrei, ordea, ezin izan zien aurre egin.
Haren ondorengoek (Konstantino III.a, Heraklio II.a eta Konstante II.a, 641-668) arabiarrek mozturiko inperioa jaso zuten, Armenia (636), Mesopotamia (635-639), Siria (636-640), Palestina (636-638) eta Egipto (639-642) galtzean geratu zen inperio zatia, alegia. Konstantino IV.aren garaian (668-685), Konstantinopolis hartu nahi zuten arabiarrei eutsi bazieten ere (678), ezin oztopatu izan zituzten bulgariar inbasioak. Erlijioz ere banatuta zeudenez, beste erlijio krisi bat sortu zen Heraklio II.aren eta Konstante II.aren garaian (montheletak).
Erromarekiko gatazkak
aldatuInperioa heleniartu eta ekialdeko kutsuz hornitu zuten heraklideen aldia, Justiniano II.aren garaian amaitu zen (685-695, 705-711). 695. eta 705. urteen bitartean, Leontziok eta Tiberio III.ak Justiniano II.a agintetik kendu zuten, eta Iparraldeko Afrikako probintzia galdu zuen Bizantziok. Horren ondoren, matxinada ugari egin zituen armadak. Leon III.ak (717-741) inperioa berriz antolatu zuen, eta arabiarren erasoei eutsi zien. Ondoko enperadoreek jarraitu egin zuten antolaketa lana, baina bizirik zirauten erlijio gatazkek Erromako eta Inperioko elizen banaketa ekarri zuten, Ravenako exarkerria galdu ondoren (751). Orduan, Erromako Eztebe II.a aita santuak (754-756), frankoen babespean jarrita, Elizaren Estatuak sortu zituen.
Arabiarren eta, batez ere, bulgariarren aurkako gerrek ez zituzten erlijio borroka eta esetsaldiak bigarren mailan utzi. Ikonoklastak berriz ere nagusi izan ziren Leon V.a (813-820), Mikel II.a Totela (820-829) eta Teofilo (829-842) enperadoreen garaian. Kanpoaldean, Bizantziok Kreta (826) eta arabiarrek konkistaturiko Sizilia (829) galdu zituen. Barealdi baten ondoren, kristau ortodoxia berriz ere indartu zen Teodora erregeordearen erreinaldian (842-856), baina Mikel III.a Hordiaren garaian (842-867) Zirilok eta Metodiok bultzaturiko kristautzeak eta Fotios Konstantinopolisko patriarka izendatzeak ezadostasun gehiago ekarri zituzten Erromako eta Bizantzioko kristau elizen artean.
Mazedoniar dinastia
aldatuBasilio I.a (867-886) mazedoniar dinastiaren sortzaileak egoera baretzea lortu zuen. Ondorengoek, Leon VI.a Jakituna Fotiosen ikasleak (886-912) eta Konstantino VII.a Porfirogenetak, aurrekoen bide berari jarraitu zioten aurrekoaren lanari, eta X. mendean Bizantziok susperraldia izan zuen Erroman I.a, Erroman II.a Teofano, Nizeforo II.a Fokas eta Joan I.a Tzimiskes enperadoreen eskutik.
Garai horretako Inperioaren aldi gorena Basilio II.a Bulgaroktono (Bulgariarren Hiltzailea, 976-1025) enperadorearekin etorri zen: aurreko enperadoreek konkistaturiko lurraldeei eusteaz gainera, aristokrazia lurjabearen matxinada zapaldu zuen errusiarren laguntzaz, eta, gerra gogor baten ondoren, Bulgaria hartu zuen (1018). Ondoko enperadoreen garaian, galdutako onurak berreskuratu zituen aristokraziak arian-arian, eta Erromaren eta Bizantzioren arteko zisma betiko gauzatu zen (Ekialdeko Zisma, 1054). Seljuktarren eta normandiarren lehen erasoek arras ahuldu zuten inperioa ondoko urteetan.
Komnenotarren dinastia (1081-1185)
aldatuKomnenotarrak militarren eta probintzietako aristokraten arteko lotura izan ziren; lurraldeari eustea izan zuten helburu. Alexo I.ak (1081-1118) aurre egin zien normandiarrei eta Joan II.ak (1118-1143) petxenegoak ohildu zituen betiko Bizantziotik. Alabaina, Lehen Gurutzadaren etorrerak (1097) eta Emanuel I.aren eta Alexo II.aren mendebalekoen aldeko politikak latindarren hilketa (Konstantinopolis, 1183) eta Serbia edo Bulgariaren galera (1183-1185, Isaak II.) eragin zuten.
Artea eta kultura
aldatuMazedoniarren eta komnenotarren garaian (IX-XII. m.) arteak eta letrak oso garai oparoa izan zuten: Fotiosen entziklopedia, Kephalaren antologia grekoa, Suidasen lexikoa, Simeon Metataphrastoren hagiografiak, Digenis Akritaten epopeia eta kantuak dira lekuko. Hauxe izan zen Konstantinopolisko Unibertsitatearen garai oparoena (Psellosen joera arrazionalista). Arkitekturak eta arteak, mosaikoetan batez ere, Bizantzioko kulturaren erakusgarri handienetakoak utzi dituzte: San Marko katedrala (Venezia), Daphni (Atika), Hosios Lukas (Fozida). Bizantzioko artea Hego Italia, Sizilia, Venezia, Errusia, Bulgaria, Serbia eta Errumaniara hedatu zen XIII. mendetik aurrera.
Konstantinopolisko Latindar Inperioa
aldatuIsaak II.aren ondoren, erregetzarako izan ziren istiluek gurutzatuen sarrera erraztu zuten, eta 1204. urtean IV. gurutzadako gudariek Konstantinopolis hiria hartu zuten. Konstantinopolisko Latindar Inperioa (Balduin I.a, 1204-1261) jaioa zen Bizantziokoak hondora jo zuenean. Veneziako errepublikaren eta zaldun frankoen artean banatua zegoen. Bizantzioz gainera, Atenas, Akhaia, Tesalonika eta beste hiri heleniar batzuk hartzen zituen. Bizantzioko inperioak aurre egin zion egoera berriari: Epiro, Trebizonda eta Nizeako estatu txikietan oinarriturik, eta ohiturei nahiz kulturari beti leial jarraituz, bizantziarrek latindarrak agintetik egotzi zituzten 1261ean, Mikel VIII.a Paleologo buru zutela.
Paleologoen garaia eta otomandarren etorrera
aldatuPaleologoen dinastiak (1261-1453) inperioa berregitea lortu bazuen ere, lurralde handiak galdu zituen: Peloponeso eta uharte grekoak latindarren esku geratu ziren, Androniko II.a (1282-1328) eta Androniko III.a (1328-1341) enperadoreen garaian turkiarren eta serbiarren erasoak areagotu egin ziren, eta Joan V.a Paleologoren garaian (1341-1391) ondorengoen arteko gatazkak larriagotu egin ziren berriz ere. Asia eta Balkan aldetik erasoka ari ziren otomandarrei eutsi ahal izateko, Emanuel II.a Paleologo (1391-1425) eta Joan VIII.a Paleologo (1425-1448), Basilio Besarionek lagunduta, mendebalekoen laguntza jasotzen saiatu ziren arren, otomandarrak Konstantinopolisen sartu eta inperioaz jabetu ziren (Mehmed II.a, 1453).
Konstantino IX.a (1448-1453) hil egin zen gudu hartan. Hala eta guztiz ere, Paleologoen garaiko arteak eta kultura emaitzek arrakasta handia izan zuten Europan XIV-XVI. mendeetan. Literaturan, Planudioren lana (alegiak, bilduma eta itzulpenak); historian, Joan Kantakuzenos, Gregoras, Dukas, Kalkokondule; filosofian, Gregoraren eta Palamasen arteko gatazkak, Kudonesen aristotelismoaren eta platonismoaren arteko sintesia, Platon eta Besarionen teoria kontrajarriak. Bi eskola handiri esker hedatu zen pintura (freskoak, ikonoak): Kretakoa (Mistra, Peloponeso) eta Mazedoniakoa (Athos, Tesalonika, Mazedonia eta Errusia). Bi eskolek bat egin zuten XVI. mendean.
Inperioaren amaiera
aldatuKonstantinopolis (1453) eta Mistra (Peloponeso, 1460) konkistatuak izan ondoren, Bizantzioko inperioa erori zen erabat 1461. urtean, otomandarrek Trebizonda hartu zutenean.
Hala ere, inperio haren sentimendu nazionalak ez dira galdu, gaur egungo Greziako biztanleek beren burua tradizio bizantziarraren jarraitzailetzat ikusten baitute.
Inperioaren ondorena
aldatuBizantziar Inperioa Behe Erdi Aroko kristau estatu egonkor eta boteretsuena izan zen, eta hainbat mendetako gudu etengabeek txikitu eta desagerrarazi zuten. Bizantzioren gainbeheraz geroztik Mendebaldeko Europan boteretsu bihurtu ziren estatuetan, Ekialdeko Inperioa lizun eta dekadentea izan zelako ikuspuntua zabaldu zen: ikuspuntu hori ezin izan da XX. mende arte zuzendu.
Izenak izen, antzinako inperio hura erabakigarria izan zen iritsi zaigun jakituria klasiko urria gorde eta ezagutarazteko, bai eta lehen urteetako kristautasuna batu eta moldatzeko ere. Mendebaldeko Inperio Erromatarra suntsitu zuten germaniar eta eslaviar herri guztiekin lehiatu zen, ostrogodo, bisigodo, bandalo, alano, avaro, eslaviar, bulgariar eta abarrekin. Atila eta haren hunoen sarraskiak pairatu zituen, azken persiar inperioen kolpe eta etengabeko jipoiak. Islama azaldu eta munduan zehar barreiatu zenean, arabiarrek, turkiarrek eta bestek ezin izan zuten fede berria Bosforotik haratago barreiatu, harik eta inperioa amaitu zen arte. Bizantziar Inperioan sortu zen gaur egungo eliza ortodoxoa eta Konstantinopolistik igaro ziren ekialde urruneko zeta eta espezieak. Genghis Khanen botereak ez zituen gainditu Konstantinopolisko harresiak.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.
Bibliografia
aldatu- Fox, Clinton R. "What, If Anything, Is a Byzantine?" (Online Encyclopedia of Roman Emperors)
- Byzantine studies homepage at Dumbarton Oaks. Testu elektronikoak ikusteko hainbat estekak.
- Byzantium: Byzantine studies on the Internet. Hainbat online baliabideetarako estekak.
- Translations from Byzantine Sources: The Imperial Centuries, c. 700–1204. Online liburua.
- De Re Militari. Ertaroko historiako baliabideak Bizantzioko hainbat gerretako dokumentu askoren itzulpenarekin.
- Medieval Sourcebook: Byzantium. Hainbat liburu iturburu.
- Bibliography on Byzantine Material Culture and Daily Life. Vienako Unibertsitateak jarrita ingelesez.
- Constantinople Home Page. Bizantzioko testuak, irudiak, eta bideoetarako estekak.
- Byzantium in Crimea: Political History, Art and Culture.
- Institute for Byzantine Studies of the Austrian Academy of Sciences (with further resources and a repository with papers on various aspects of the Byzantine Empire)