Candido Albistur Iturria
Candido Albistur Iturria (Lesaka, Nafarroa Garaia, 1872ko urriaren 3a - Donostia, Gipuzkoa, 1955) Konposatzaile, zuzendari eta pianojole nafarra izan zen.
Candido Albistur Iturria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lesaka, 1872ko urriaren 3a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1955 (82/83 urte) |
Familia | |
Haurrideak | |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, orkestra zuzendaria eta piano-jotzailea |
Musikari estuki lotutako familia batetan jaioa, 6 urterekin hasi zen solfeoa ikasten herriko organista eta musika bandako zuzendaria zen Francisco Vielarekin. 12 urterekin herriko bandan sartu zen onnovena joaz (Bombardino itxurako instrumentu ttikia, mib afinatua).
Bere ogibidea albaitaritza izanik heriz-herri ibili zen jardunean. Zuzendari bezala lehenbizi gidatu zuen banda Doneztebekoa izan zen. Herri honetan denbora gutiz egon bazen ere, jakina da zuzentzen zuen taldearentzat zenbait lan idatzi zituela bakarra iritsi zaigun arren: Christus, prozesiorako martxa.
1914.urtean Elizondora aldatu zen eta bertako “El Recreo” bandako zuzendari postua eskuratu zuen. Baztango hiriburuan 3 urte eman zituen eta bertako bandarentzat ere zenbait obra idatzi zituen. Albaitaritza, zuzendaritza eta konposizioan aritzeaz gain AIta Donostiaren laguntzaile ere aritu zen zenbait doinu herrikoi transkribatuz.
1918an sorterrira bueltatu zen, albaitari eta Udal Musika Bandako zuzendari moduan. Azken kargu honetan Jose “Panpurrio” Etxarte ordezkatu zuen, honek zuzendaritza utzi eta herriko musika akademiaren ardura hartu zuelarik. Bere herriko bandarentzat konposizio ugari ondu zituen: zortzikoak, fandangoak, jotak, kontradantzak, martxak, pasodobleak, baltsak… Tamalez, bere ekoizpen musikalaren zatirik handitsuena galdu egin da. Lesakan oraindik bere zenbait pieza jotzen dira: A Irun (pasodoble-martxa) eta jadanik herriarenak diren jota eta arin-arina (lehenengoa 4 baltsez osatutako bilduma baten- Los Gaiteros- 2.pieza eta bigarrena bere ikasle izan zen Santiago Irigoieni esker berreskuratua). 1931ean bere karguari uko egin zion,Udaletik Riegoren ereserkia jotzera behartu baitzuten banda emanaldi bakoitzaren aurretik eta bera karlista sutsua izanik ez zuen horrelakorik onartu nahi izan. Bautista Bergesek ordezkatu zuen.
1948an Donostiara aldatu zen zenbait seniderekin eta bertan oso ezaguna egin zen Zubigain elkarteko pianojole moduan. Donostian Isidro Ansorena txistulariarekin harreman handia izan zuen eta txistu zein pianoarentzat idatzi zuen. Azken garai honetako lan batzuk kontserbatzen dira, gerora Jose Ignazio Ansorena Minerrek moldatu izan dituenak.
Bere garaian bandaretzako konposatzaile moduan nahikoa estimatua izan zen Albistur eta bere hainbat konposizio inpretara emanak izan ziren. Musikari lesakarraren lanik bikainenekotzat jotzen dira Lesakako oroipenak (Sorterriko doinu eta dantzak bildu eta nahasten dituen bandarentzako obra) eta Abesti maiteak. Biak ere galduta daude.