Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Francisco Urdiñola edo Urdinola (Oiartzun, Gipuzkoa, 1552 - Rio Grande, Zacatecas, 1618). Mexikora iritsi zen euskal konkistatzaileetako bat izan zen eta garai hartako Nueva Españaren erdialdearen eta iparraren kontrola lideratu zuen. Ondorioz Bizkaia Berriko gobernadore izendatu zuten. Horrez gain, Ameriketako gizon aberatsenetakoa izan zen, sortu zuen ondasun ekonomikoa zela eta.

Francisco Urdiñola

Bizitza
JaiotzaOiartzun, 1552
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaBizkai Berria
Nueva Galicia (en) Itzuli
HeriotzaRío Grande (en) Itzuli, 1618 (65/66 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakkonkistatzailea

Nueva Vizcaya eta Nueva Galiciako (Mexiko) meatzari aberatsenetako bat izan zen. Meategien jabe eta ustiatzaile izan zen Bonanzan, Mazapilen, Ramosen eta Nieves lurraldeko Rio Granden, eta azkeneko herri horretan meatzea urtzeko eta fintzeko industria izan zuen. Nekazari eta ardogile, Ameriketako lehenengo upategi komertziala eraiki zuen Parrasen. Alabek Parraseko etxaldea jaso zutenean, 80.000 mahatsondo zituen; beraz, gutxi gorabehera 150.000 litro ardo ekoizten zituen. Horrez gain, gari, arto, indaba eta piper uzta oparoak jasotzen zituzten[1]. Munduko lursail handienetako baten jabe izan zen (Coahuilan 30.000 km2 eta 66 herrixka), baita Nueva Españako (Mexiko) abere hazle garrantzitsuenetakoa ere. Haren ardi kontaezinen artilea aprobetxatzeko Patos etxadian oihal, baieta eta txapel lantegiak zituen, eta han nonahi entzuten ziren haren batanen zaratak, oihal edo feltroei forma ematen aritzen zirenean.[2]

Francisco Urdiñola 1592 arte

aldatu

1592an jaso zen Mazapilen (Nueva Vizcaya) familiaren odol garbitasuna frogatzeko informazioa, 1586ko abenduaren 10ean Oiartzunen hasi eta 1588ko apirilaren 21ean haren alde erabaki zena. Kaparetasun edo hidalgia froga hori Mexiko Nazioko Artxibategi Nagusian dago, Inkisizio atalean, XVI. mendea, 196. liburuan. Ikerketa Inkisizioko Ofizio Santuko notarioa zen Juan Morlete kapitainak egin zuen eta honako hauek egiaztatu: Agustin Lesakakoak, Hernando Landakoak, Pedro Bergarakoak, Joanes Justikoak, Sebastián Aristirresokoak, Martín Perez Lekunberrikoak, Joanes Elizaldekoak (oiartzuarra) eta Francisco Isastikoak.

Bertan jasotako informazioengatik badakigu Oiartzunen jaio zela 1552an, Urdiñola familiaren jauregian, eliza aurrean, Landetxe Kultur Aretoa eraiki duten lekuan. Joanes Urdiñola eta Isabel Larrunbideren semea zen eta aitona-amonak Pedro Martin Urdiñola eta Maria Juana Baldarena oiartzuarrak ziren aitaren aldetik, eta amaren aldetik Juanes Larrunbide, Larraulgo Larrunbide goikoa baserrikoa eta Maria Martin Etxenagusia Ugarte, hori ere oiartzuarra. Eta guztia frogatzeko 1588an Martin Fagoaga Oiartzungo alkatearen aurrean lekuko izan ziren Esteban Altzukoa, Jakobe eta Juan Perez Yerobikoak, Pedro Markelaingoa, Lope Albizturkoa, Domingo Altza eta Lekunekoa, Martín Agirrekoa eta Juanes Esnaozkoa beste batzuen artean.[3]

Urdiñolaren izen bereko anaia batek ere bidaiatu zuen Mexikoara, eta urte batzuk geroago haren arreba (edo iloba) Ysabelak eta Joanes Elizondok, 1590ean Oiartzunen ezkondu ondoren. Bikote horren semeak, Francisco Elizondok, Urdiñolaren besoetakoa zenak, Mazapileko San Gregorio Magno elizaren eraikitzea finantzatu zuen osabarekin batera. Elizatik gertu Urdinolaren etxea zegoen eta biak tunel baten bidez zeuden lotuta, Oiartzungo eliza eta Urdiñolatarren jauregia zeuden moduan. Eta gezurra badirudi ere, oraindik Franciscoren ondorengo zuzen-zuzena den Elizondotar batena da etxe hori.

Eta urte berean, 1592an, Mexikoko Errege Auzitegian meritu txosten bat jaso zen, Urdiñolak berak 1590eko uztailean aurkeztu zuena ordaindu ez zitzaizkion zerbitzuengatik. Andres Zaldierna epaile doktoreak egin zuen merituen azterketa eta esan daiteke Urdiñola iritsi zenetik 1590a bitartean egin zituen ekintzen laburpen bikaina dela:

Mexikora 1572 aldera iritsi zen, segur aski Zacatecasera, han Francisco Ibarraren inguruan euskaldun ugari biltzen baitziren. Urdiñola Ibarraren heriotzarekin batera iritsi zen, gutxi gorabehera, eta hark baino meritu handiagoa izan zuen, Nueva Vizcayako behin betiko konkistatzailea izan baitzen, edo hobeto esanda bakegilea, nahiago izaten baitzuen bake txar bat gerra on bat baino.

1579an indiarrek zauritu zuten Nueva Vizcayako Indeko meategietan eraso egin zietenean. 1580an Diego Agirre kapitainaren laguntzarekin Saltillo lurraldean borrokatu eta bakea ezarri zuen. 1581ean Alonso Lopez de Loys kapitainarekin Mazapileko meatzariei laguntza eman zien eta erakutsitako adore eta zuhurtziagatik "caudillo" izendatu zuten: soldadurik kementsu eta nabariena. Urte berean Martin eta Francisco "begibakarra" buruzagi indiarrak atxilotu zituen prestatu zuen kanpaina batean. Urte bukaeran Rodrigo del Río Losa jeneralak Mazapileko kapitain izendatu zuen gaixotua zegoen Loys ordezkatzeko, Urdiñolaren aitaginarreba izango zena.

1582an chanalen buruzagia, Machoquía, guachichiliena eta beste hiru atxilotu zituen meatzariei erasotzeagatik. Bideak zaindu zituen, meategien komertzioa bermatuz. Urte horretan guachichileen kontrako borrokan kristauen artean hazitako Melchor buruzagi indiar maltzurraren ama, emaztea, semea eta beste zenbait atxilotu zituen. Bakea lortzeko presoei tratu ona eman eta asko askatu egin zituen, haien artean Melchorren ama. Orduan Melchorrek mendian bilduko zirela eta bi soldadu besterik ez eramateko jakinarazi zion. Han, indioz inguratua zegoen buruzagiak esan zion arkabuzik gabe eta bakarrik igotzeko muino batera, eta igo zela ikusita besarkatu eta indiarrak Mazapileko meategien inguruan asentatzea lortu zuen Urdiñolak.

1584an Melchor eta Pedro Rayado indiarrak matxinatu egin ziren berriro, baina bakea ezarri zuen eta bere kontura janaria eta arropa eskaini zien eta berriro finkatu zituen. 1586an bigarren aldiz matxinatu ziren Saltilloko indiarrak, Sagastiberri hil eta zaldi asko lapurtuz. Cilavan eta Zapaliname buruzagiak menperatu, bakea jarri eta asentatu egin zituen. 1587ko martxoan Mazapileko indiarrekin hitzartutako bakea sinatu zuen, orokorrean tratu ona emanez eta Maztel edo Cristobal izeneko indiar esklaboa askatuz. 1588an hirugarren matxinada Saltillon. Trebeziaz bakea lortu eta etxaldeetan finkatu zituen.

1589an laugarren matxinada Saltillon.[4] Bakeak irauten ez zuela ikusita eta meatzerik ez zegoen leku batera soldadu sail handi bat bidaltzea oso garestia ateratzen zenez, Velasco erregeordeak tlaxcala indiarrekin populatzea erabaki zuen. Tlaxcalak espainiarrei Tenochtitlan (Mexiko hiria) konkistatzen lagundu zieten indiarrak ziren. Aita Jeronimo Mendietak Tlaxcalen buruzagiarekin negoziatzeko orduan eragin handia izan omen zuen. 1591ko martxoaren 14an Luis Velasco erregeordeak, Martin Lopez de Gauna idazkariak berretsita, Rodrigo del Rio de Loza jeneralari agindu zion bost herrixka sortzeko tlaxcala indiarrekin, haietako bat Saltillori itsatsita egon behar zuelarik, tlaxcalei konkistatzaileen eskubide eta fabore berak emanez. Baina Rodrigok abuztuaren 11n Urdiñolaren esku utzi zuen espedizioa, erakutsi zituen zuhurtasun, ardura eta trebetasunengatik.

 
Francisco Urdiñola San Esteban de Tlaxcala sortzen

Horrela, Urdiñolarekin atera ziren iparraldera 400 tlaxcala beren familiekin, Xicotencatlen biloba zen Don Buenaventura de Pazek gidatuta. Indiar haien izen guztiekin zerrenda bat dago 1591ko uztailaren 6koa. Urdiñola Nueva Vizcaya osoko gobernadoreorde eta kapitain jenerala izendatu zuten, eta hark esandakoa betetzeko agindu zieten herri guztiei. Saltilloko indiarrek ez zieten oztopo handirik jarri eta hainbat iturburu utzi zizkieten. Lur emankorrenak banatuta, herria sortua geratu zen eta Saltillo herria, beti liskarretan bizi zena, egonkortua geratu zen.

Irailaren 13an mugarriak jarri zituen eliza eta komentua altxatzeko, eta Saltilloren hegoaldean guachichileak eta gerran aritu ziren beste nazio batzuetakoak kokatu zituen. Urdiñolak berak, hainbat buruzagi indiarri eskutik helduta, lurren jabetza eman zien. Eta tlaxcala indiarrek eskatuta, San Esteban de la Tlaxcala izenarekin bataiatu zuten herria, denak San Esteban de Tizatlanekoak baitziren. Bi herriak ubide batek zatitzen zituen eta gaur egun Allende kaleak. 1827ko azaroaren 5ean San Esteban Saltillori itsatsi zitzaion hiri bihurtuz eta gero estatuko hiriburu.[5]

Istorio beltzaren sorrera

aldatu

1586an Leonor Lopez de Loysekin ezkondu zen. Leonorren aita, Urdiñolaren kapitaina izan zena, Mazapil eta Rio Granden meategiak zituen gizon aberatsa zen. 1592rako Patos, egun General Cepeda, Santa Elena eta Parras etxaldeak Urdiñolarenak ziren. Ganadu ugari zuen eta zalantzarik gabe lortutako bakeari eta indioen zerbitzuari etekina ateratzen zien. Aberatsa zen, maitatua, Santiagoko zalduna eta bakegile ospetsua.

1593an Leonorren etxean, bizi zen, Rio Granden, berarekin, Maria Gonzalez amaginarrebarekin eta Maria eta Isabel alabekin. 1593ko Aste Santua pasa ondoren Leonor 30 egun su azalaz (erisipela) gaixorik egon ondoren hil egin zen, amak, izeba batek eta ahizpak zaindu ondoren, baita Urdiñolak berak ere azken egunetan Mazapiletik etorrita. Handik gutxira Domingo de Landaverde, Urdiñolaren meategietako urtzaile bat desagertu zen. Horren ondorioz, 1593ko abuztuaren 13an Urdiñolaren etxezainak, Alonso de Leonek, eta Leon Isasti morroiak deklaratu zuten Domingok aspaldian joan nahi zuela handik. Hurrengo egunean Gracia de Irigoyenek esan zuen Landaverde gaixorik zegoela eta alde egin nahi zuela. Hirurak esan zuten ez zuela etsairik eta desagerpena artxibatua geratu zen.[6]

Urdiñolak hurbil beste etxalde bat zuen, Santa Elena izenekoa, eta Juan Bautista de Lomas y Colmenares, Nueva Galiziako gizon aberatsenetakoa, bizilagun zuen. Lomasek politika munduan eragin handia zuen, suhi bat baitzuen epaile Nueva Españako Errege Auzitegian eta beste bat Guadalajarakoan. Gainera, Urdiñolaren etsaia zen muga eta meatze kontuengatik. Juan Bautista de Lomas gizon handinahiak Alvaro Marquínez de Zuñiga erregeordearekin hitzartua zuen 1589ko martxoaren 11n Nueva Mexikoren konkista, baina eskatzen zuenagatik (tituluak, ahalmena edozertarako, 4.000 morroiren zerbitzua belaunaldietan...) eta eginkizunaren garrantziagatik, erregeordeak erregearen iritzia jakin nahi zuen. Ia hiru urteko isiltasunaren ondoren eta diru asko gastatuta, 1592ko otsailaren 22an berriro egin zuen eskaria, erregeordea Luis Velasco zelarik. Azkenean, 1594an, Espainiako Indietako Kontseiluari baldintzak neurrigabeak iruditu eta Velascori beste bide bat bilatzeko eskatu zioten. Zalantzarik gabe Lomasen amorrua izugarria izango zen, ordura arte gastatutakoa galdua ikustean.[7]

1594ko urrian Urdiñola hiriburuan zegoen erregeordearekin Nueva Mexikoren konkista hitzartzen. Hil horretan Urdiñolak Pedro Chalaz langileari idatzi zion esateko nahigaberik ez sortzeko Lomas jaunari eta atseginak izateko berarekin asunto guztietan, Lomas prestatzen ari zen azpikeria igarriko balu bezala. Eta susmoa ulertzekoa zen, urte batzuk lehenago, 1589an, Lomasen suhietako batek Lorenzo de Trejoren hilketa ezkutatzea leporatu nahi izan baitzion, eta beste dokumentu bati esker badakigu berriro salatu zutela Urdiñolaren bi morroik Lomasen seme bat hil nahi izanagatik.

1594ko urriaren erdialdean Velascok Nueva Mexikoko konkista Urdiñolarekin hitzartu eta dena prest zegoenean, Mexikoko Errege Auzitegiak Guadalajarako Auzitegitik agindu bat jaso zuen Urdiñola atxilotu eta ondare guztiak bahitzeko. Emaztearen hilketa leporatzen zioten. Aurretik Guadalajarako Errege Auzitegian datarik ez zuen anonimo batek, 1593aren bukaerakoa segur aski, Urdiñolak emaztea, morroiak, indio bat eta beltz bat akabatu zituela salatzen zuen, emazteak langileetako batekin harremanak izan zituela jakitean, baina ez zitzaion garrantzirik eman. Halere, 1594ko urriaren 19an emazteari edari pozoitsu bat emateagatik eta Landaverde desagertua hiltzeagatik salatu zuten, eta kasua argitzeko eskaera eginez zigorra eskatzen zioten Guadalajarako Auzitegiko epaileari, hau da, Lomasen suhiari. Lehenengo lekukoak esan zuen entzun zuela Urdiñolak bizkaitar bat akabarazi zuela Leonorrekin harremanetan zebilelako eta gero emazteari hiltzen lagundu ziola. Bigarren lekukoak, Diego de Salazarrek, esan zuen Rio Granden Juan de Otxoa de Garibairi entzun ziola Urdiñolak emaztea eta Landaverde hil zituela. Eta antzekoak izan ziren beste bi lekukoren testigantzak.[8]

Lomasen suhiarentzat nahikoa izan zen anonimo koldar bat eta lau lekukok entzundako esamesak aztertzea urriaren 20an Urdiñola eta anaia gaztea atxilotzeko agindua emateko, eta agindua azkartasun susmagarriarekin bete zen bost egunetan. Erregeordeak esku hartu zuen, baina arrakastarik gabe. Ondoren eskutitzak bahitzeko agindua eman zuen eta Urdiñola gaztea eta Alonso de Leon etxezaina atxilotzeko, baina ez zituzten aurkitu. 1594ko abenduaren 26an Mendirichega eta beste lekuko batzuek aurrekoek esan zutena deklaratu zuten. Guadalajarako Auzitegiko azkartasunak eta salatarien aldeko joera nabarmenak argi uzten zuten Nueva Mexikoko konkista galarazi nahi ziotela, nahiz eta karta bat egon, non Alonso de Leonek ederki deskribatzen zuen Lomasen azpijokoa Urdiñola galtzeko. Urdiñolaren amaginarrebak suhia defendatzeko idatzi zuen eskutitzak edo Landaverderen osabak berak Urdiñolaren aldeko testigantza eginez idatzitakoak ere ez zuten ezertarako balio izan.[9]

Gero herriak sinistu egin zuen akusazioa eta denborak ematen duen urruntasunarekin Lomasek asmatutako istorio beltza, bere bi suhi epaileek onartzen zutena, ahoz aho zabaldu zen. Ondoren Viescak bertso txarretan jarri zuen, Portillo historialariak eta itsu-itsuan jarraitzen ziotenek moldatu egin zituzten bertsoak eta legenda handituz joan zen. Eskoletan Erdi Aroko gizon anker eta odoltsua izan zela irakasten zen, emaztea, iloba eta morroi guztiak hil baitzituen. General Cepedan hilketen etxea erakusten zuten, odol arrasto eta guzti. Eta bertsio ezberdinen arabera desagertua edo urkatua bukatu zuen.

Prozesua

aldatu

Urdiñola Inkisizioaren senide zenez, Ofizio Santuak epaitzea nahi zuen eta eskabide bat idatzi zien 1594ko abenduaren 9an.[10] Ofizio Santuak idatzi baten bidez haien eskuetan uzteko eskatu zien Mexikoko espetxeko buruei, eskomulgatuak izan nahi ez bazuten. Handik 10 egunera antzeko hitzekin beste idatzi bat bidali zuten Guadalajarako Auzitegira. Abenduaren 28an Juan Martinez Sagastimendiak, Ofizio Santuko notarioak, ukapenaren berri eman zuen. 1595eko urtarrilaren 13an Urdiñolak Inkisizioari beste eskari bat bidali zion Guadalajarako Auzitegia estutu zezaten, eta urtarrilaren 18an inkisidoreak berriro ahalegindu ziren presazko eskariarekin. Guadalajarako epaileak, ordea, erantzun zuen erregeari eskatuz hain arinki ez emateko Ofizio Santuko senidetzarik, bai baitzegoen justiziatik babesteko erabiltzen zuenik, eta Inkisizioari eskatu zion bere egitekoa ez oztopatzeko eskomunio mehatxuekin. Sagastimendiak bitartean Guadalajarako epaileekin hitzaldi bat lortu zuen 1595eko otsailaren 1erako.

Urdiñolak espetxean sukar ustela edo tifusa harrapatu zuela eta, Inkisizioaren egoitza batera eraman zuten 100.000 pesoko fidantzapean Guadalajarako Auzitegiaren alde eta hiritik ez ateratzeko baldintzapean. Auzitegi horretako presidenteak, Pinedo de Alarconek, Juan Tenorio idazkaria bidali zuen Mexikora Urdiñola ahalik eta gehien estutzeko. Tenoriok Mexikoko kaleetan aske ibiltzeaz akusatu zuen eta idatzi bat aurkeztu zuen, bertan Urdiñolari leporatuz arkabuzarekin epaile bat hil izana, F. Gomez fundizioko labe batean erre izana eta soldadu bat hiltzeko agindua eman izana, eta zalantzan jartzen zuen Ofizio Santuko senidetza, argudiatuz Auzitegiei ihes egiteko lortu zuela.[11]

Martxoaren 2an Guadalajarako Auzitegiko auto batean kasua zein epaitegiri zegokion erabakitzeko eskatzen zuten. Inkisizioak, bestalde, Juan Morlete kapitaina izendatu zuen azterketa oso bat egiteko. Ardura handiz urtarrilaren 22tik otsailaren 11ra 50 lekukori egin zien galdeketa senide, morroi, soldadu eta esklaboen artean, errurik aurkitu gabe.

Epaileek hitzaldia atzeratzen zuten bitartean, Urdiñolak preso jarraitzen zuen hirian negozioez ezin arduraturik. Azkenean maiatzaren 11n izan zen hitzaldia; bertan entzun zioten Ofizio Santuari, baina auzia Espainiara bidali zen han erabakitzeko nori zegokion epaitzea. Ekainaren 15ean Inkisidoreek eskutitz bat idatzi zuten Urdiñolarekin bukatu nahi zutela salatzeko, Guadalajarako epailearen aitaginarreba zen Lomasi Nueva Mexikoko konkista zapuzteagatik. 1596ko urtarrilaren 15ean Urdiñolak eskari bat bidali zion Ofizio Santuari espetxe zigorra ken ziezaioten aziendak galtzen ari zelako, Audientziak onartu ez zuena. 1596ko otsailaren 21ean Espainiako Inkisizioaren Kontseilu Nagusiak erabaki zuen kasua Guadalajarako Auzitegiari zegokiola, baina erabakia 1597ko ekainaren 27an iritsi zen zilarraren bila zetozen itsasontzietan. Abuztuaren 18an Urdiñolak ordura arte burututako guztiaren kopia egiaztatua eskatu zuen Auzitegiko etsai amorratuen aurrean sendo agertzeko, nahiz eta epailea, behintzat, aldatu zuten, ordurako ez baitzen Lomasen suhia, F. Gillen Chaparro baizik. Eta Sevillako artxibategian dokumentu bat dago lehenengo eta azken epaialdiekin. Lehenengoan, 1598ko irailaren 1ekoan, Leonorren hilketaz aske utzi zuten, baina Kastillako 4.000 dukateko isuna ordaintzera behartzen zuten Landaverde, beltz bat, indio bat eta hiru soldaduen hilketengatik. 1599ko martxoaren 23koan, behin betikoan, Urdiñolaren etsaiekin osatutako epaimahaiak Landaverderen hilketagatik soilik kondenatu zuten, 3.000 dukateko isuna ordaintzera.[12]

Behin bakarrik egon zen Urdiñola Nueva Mexikon, 1594an 20 soldadurekin Lomas laguntzera joan zen batean, hain zuzen ere. Beraz, Juan Matheo Mangek Nueva Mexikon 1596an Urdiñolak Juan de Oñateri egindako harreraz esaten duena ezin liteke egia izan, hiriburuan atxilotua baitzegoen.

Nueva Vizcayako Gobernua

aldatu
 

Lau urte luzez atxilotuta egon ondoren aske utzi zuten eta handik urtebetera, Santiago de Vera, Guadalajarako Auzitegiko presidente berria eta bere etsaia izan zena, 1600eko apirilaren 12ko eta abenduaren 15eko idatzietan Urdiñolaren alde agertu zen Gobernadore izenda zezaten bere zuhurtasun eta prestutasunagatik eta lagun eta soldadu askok maitatu eta jarraitzen ziotelako. Eta 1603ko maiatzaren 28an Monterreyko kondea eta erregeordea zenak, Urdiñolak zituen bertuteengatik, Nueva Vizcayako gobernadore izendatu zuen, Rodrigo de Vivero ordezkatzeko.[13] Azken horrek eta Alonso Maldonado gobernadore ordeak 1601ean ezin izan zioten probintziako indioen matxinada handi bati aurre egin. Baina Urdiñola Topiara hurbildu zen eta denbora gutxian buruzagiak atxilotu zituen eta odolik isuri gabe bakea jarri zuen, indiarrei lurrak oparituz eta herrixkak eraikiz.

Gero Sierra Madre zeharkatu zuen eta Sinaloa probintziara joan zen. 1604ko martxoaren 31n Nueva Vizcayaren gaineko txosten orokorra bidali zuen Espainiako Gortera; bertan estatu politikari maila erakutsi zuen, aberastasun eta erabilpen desegokien gaineko txosten bat eginez eta meatzeak erosten zituzten aberatsak salatuz, ez baitzituzten ustiatzen erregeari kinto erreala edo bostena ez ordaintzeagatik. Meatzeen zerrenda egin zuen eta iruzur haiek saihesteko legedia eta neurriak proposatu zituen. Bakealdiaren berri eman zuen, horrek San Luis Potosi eta beste meatze batzuen aurkikuntza ekarri baitzuen, eta soldadu gehiago eskatu zituen Sinaloarako. Urdiñolarekin zerikusia duten dokumentuetan, zeinekin hainbat liburu osatu bailitezke, estatu ekintza ugari daude: gobernu ekitaldiak, gotzaindegi sorrerak, herri sorrerak, epaile izendapenak, herrien erroldak...[14]

1607an Fray Martín de Altamira geziz josita akabatu zutela eta, espedizio bat antolatu zuen Quamoquane indiarrei Sabinas ibairaino jarraituz. Buruzagiak akabatuta bakea lortu zuen eta apaizaren gorpua Saltillora eraman zuen. Ordainetan 1610eko urtarrilaren 8an Madrilen sinatutako dekretu baten bidez erregeak 1.500 peso eman zizkion.

Durangotik 30 legoatara, Xocotilma probintziako mendi malkartsuetan, xiximeak bizi ziren. Indiar horiek bidelapurrak ziren eta norbait hiltzen zutenean jateko eramaten zuten. 1610ean mendi horietan sartu eta ezinezkoa zirudien tokietan bideak urratu zituen. Espedizio gogorra izan zen, hildako eta urkatu asko izan baitziren, baina bakea ezarri zuen eta bost herritan bildu zituen oso leku erosoetan.

Ez dakigu noiz utzi zuen agintea, baina 1615erako Gaspar de Albear zen gobernadore.

Azken urteak eta Urdiñolaren ondorengoak

aldatu

Manuel Larramendi jesuitak (1690-1766) Francisco Urdiñolak Martin Perez Urdiñola lehengusuari eta Sebastian Zuaznabar parrokoari bidalitako eskutitzak aztertu zituen, eta eskutitzetako gorabeherak dokumentu batean jaso. Dokumentu horri esker badakigu Franciscok Oiartzun herrira bueltatzeko asmoa zuela. Horretarako, dirua bidali zien garai hartan berreskuratu zuen Urdiñola jauregia konpontzeko eta amonarengandik jaso zuen Baldarena etxea altxatzeko, eroria baitzegoen. 1616an, itsasoratzeko ekipajea prest zuenean, bizkarrezurreko oinaze batek bidaiatzea eragotzi zion. 1617ko ekainaren 16an Urdiñolak testamentua egin zuen Maria eta Isabel alaben alde. 1618ko martxoaren 4an, Santa Elena egoitzan, aldaketa batzuk egin zituen testamentuan Tomas Agirre Zuaznabarri Tacubako lursail batzuk uzteko eta Juan Urdiñola lehengusuari Damian Oiartzabalen soldata bera ordaintzeko. Zeukan gaixotasun larriagatik ezin izan zituen aldaketak sinatu eta Lorenzo de Longoriari erregutu zion sinatzeko. Segur aski egun horretan bertan hil zen.Oiartzunen zituen ondasunak Franciscoren arreba Maria Martinek jaso zituen eta ondoren Martin Perez Urdiñola lehengusuaren ondorengoek. Oiartzunen 6.000 dukat utzi zituen, haien errentekin kaperautza sortu eta egunero meza eman zezaten beraren eta emaztearen alde; eta beste hainbeste dukat urtero bi umezurtz ezkontzeko edo familia zintzoetan har zitzaten. Eta beste 2.000 dukat Oiartzungo elizako aldarea eraikitzeko. Diru hori, ordea, ez zen bailarara iritsi. Bizkaia Berriko gotzainak Urdiñolaren hilburukoan egindako aldaketa bat zela eta, diru hori Mexikoko Durango hiriko katedrala altxatzeko erabili zuten, eta fundazioa ere Mexiko hiriburuan sortu zuten, Santo Domingo konbentuan, han baitzegoen lurperatua Francisco Urdiñola.[15]

Maria Pedro Suarez Longoriarekin ezkondu zen eta gutxienez seme bat izan zuten, Francisco Longoria Urdiñola. Isabel Gaspar Albear Salazarrekin ezkondu zen eta alargundu ondoren Luis Alcega Ibarguenekin. Maria Alcega, biloba, Luis de Valdesekin ezkondu zen. Haren alaba, Francisca Valdes, ondorengorik gabe, bigarren aldiz ezkondu zen Berriobeitikoa (Nafarroa) eta familia aberatsekoa zen Agustin Etxebertz Subizarekin eta 1692 senarraren aberastasunarekin batera San Miguel De Aguayo markesgoa sortu zuten.[16]

Armarria

aldatu
 
Antonio Urdiñolaren armarria
 
Francisco Urdiñolaren armarria

Urdiñola familian bi armarri aurkituko ditugu, bi adar desberdinez ari baikara.[17] Lehenengoa Francisco Urdiñola kapitainarena da, 1590 urtearen inguruan esleitu ziotena hidalgia edo kaparetasuna aitortu ziotenean. Armarri hori, funtsean, Oiartzungo armarria da, hori baitzen garai hartan bailarako kapare guztiei esleitzen zietena, eta baita Ortega y Perez Gallardok ere esleitzen diona. Bestea geroago sortu zuen Francisco Urdiñolaren lehengusuaren ondorengo batek, hau da, Martin Perez Urdiñolaren birbilobak. Martin garai hartan Agirre etxeko jauna zen eta Francisco Urdiñolaren Oiartzungo ondasunak jaso zituen. Arranoa daukan armarri hori Antonio Urdiñolari esleitu zioten, Martinen birbilobari. Antoniok dirutza izugarria egin zuen Ameriketako komertzioarekin eta armarria Juan Mendozak egiaztatu zion 1689an.[18] Armarri hori Urdiñola jauregira iritsi zen Antoniok jauregia bere osaba Ignacio Maleo Urdiñolari erosi zionean Cadizetik, Sebastian Lekuonaren bitartez. Antoniok negozioak saldu ondoren baserriak eta lurrak erosi zituen. Ondasun haiekin lau maiorazko sortu zituen eta haiekin errenta segurua lortu zuen berarentzat eta ondorengoentzat. Antonio jauregira erretiratu zen eta familia horrek arranoaren armarria erabili zuen handik aurrera.

 
Urdiñola jauregia

1795ean, Konbentzio Gerran, Torrondo etxea eta jauregiari erantsi zioten etxea erre zituzten, eta 1873 aldera, azken karlistaldian, jauregia kiskali zuten. Handik urte batzuetara, jauregiaren hondarrekin kanpandorrearen inguruko terraza eta atzeko bi eskailerak egin zituzten. Gero Romana Urdiñolak, Vicente Artazcozen emazteak, jauregiaren orubean etxe dotorea eraiki zuen eta han jauregi zaharrean zegoen familiaren armarria jarri zuen eta Gaztelako errege batek gaua pasatzeagatik sarreran zeuden bi zutabeak ere bai. Gaur egun etxe hori ere desagertu egin da eta orube berean Landetxe Kultur Aretoa eraiki dute, baina lorategian ikus daitezke oraindik bai armarria eta baita bi zutabeak ere.

Esan behar da Urdinola familiak abizena beti enez idazten zuela, hau da, Urdinola, eta azken urteetan hasi direla "eñez" idazten, alegia, ahoskatzen den moduan, euskaraz "in" "iñ" ahoskatzen baita. Abizena bera ere itzultzeko orduan esaten zuten ferreria azul esan nahi zuela, baina berez urdinola burdin-olaren aldaera besterik ez da; beraz, itzulpena ferreria izango litzateke.[19]

Vito Alessio Robles (1879-1957)

aldatu
 
 

Francisco Urdiñolaren biografia batez ere Vito Alessio Roblesi esker ezagutzen da; izan ere, Alessio “El democrata” egunkariaren zuzendaria zela, Coahuila estatuko historia idazteko eskatu zioten eta buru belarri aritu zen urteetan dokumentazioa jasotzen, bereziki Urdiñolaren gainekoa, Urdiñolaren historia eta Coahuila estatuarena oso lotuta zeudela konturatu baitzen. Urdiñolak, esaterako, San Esteban de la Tlaxcala herria sortu zuen Saltilloren ondoan, biak elkartu ondoren hiriburu izango zena, eta estatu horretan lur sail izugarri handiak izan zituen. Baina Urdiñolaren gainean, bai datetan, bai pertsonaietan, oker asko zeuden, eta hori zela eta Alessiok esaten zuen Urdiñolaren nortasuna hobeto ezagutzen zutela Texas eta Californian Coahuilan baino. Horrela, batzuek existitu ez zen Urdiñolaren osaba aberatsa aipatzen zuten, Urdiñola zaharra goitizenarekin bataiatu zutena, baten batek Urdiñolaren ibilerak Perun kokatzen zituzten, eta batez ere haren gaineko istorio beltza zabaltzen zutenak zeuden.

Baina dokumentazio bilketa nekaezinari esker, eta horien argitalpenarekin, Alessiok gezur haiek guztiak ezabatzea lortu zuen, beste historialari batzuek bezala ez baitzituen sinistu. Urdiñolaren izen ona berreskuratu eta emaztearen zoritxarreko heriotzaren ondoren, urteetan Nueva Vizcayako gobernadorea izan zela frogatu zuen, nahiz eta oraindik badagoen legenda errealitatea baino gehiago interesatzen zaionik. Eta haren ohorez 1937ko abenduaren 4an Alessiok berak diseinatu zuen Saltilloko armarriari Oiartzungo armarria erantsi zion lehenengo laurdenean. Urdiñolaren Patos etxadian sortu zen General Cepeda herriko armarriak ere, Urdiñolaren armarria darama lehenengo zatian.

Dokumentuak biltzeko Alessiok 1925ean Suedian diplomatiko lanak egiten zebilela aprobetxatu zuen Oiartzuna eta Sevillako Indietako Artxibategira joateko, espero baino dokumentu gutxiago aurkitu bazituen ere. 1926 urtearen bukaeran, ordea, Mexikoko artxibategian Urdiñolaren gaineko bi dokumentu interesgarri aurkitu zituen: bata odol garbitasuna frogatzeko egin zituen tramiteen gainekoa, eta bestea 1594an Guadalajarako Errege Audientziak Urdiñolaren aurka jarritako prozesuaren gainekoa. Gero jakin zuen Texaseko unibertsitateko Charles Wilson Hackett irakasleak Urdiñolaren gaineko dokumentazio aparta zuela eta 1927an 500 eskuizkribu baino gehiagoren kopiak bidali zizkion. Ondoren Austinera (Texas) joan zen Genaro Garciaren bilduma aztertzera eta liburuari forma ematera. Han, unibertsitateko kafetegian ikasle batekin eserita zegoela, J. Lloyd Mecham aurkeztu zioten, historia irakasle bikaina eta Nueva Vizcayako gobernadore eta Durango sortu zuen F. Ibarraren biografia idatzi zuena, eta aipatu zionean Urdiñolaren kontrako prozesuaz oso gutxi jakitea oztopo handia zela bere liburua bukatzeko, Lloydek esan zion prozesu osoa zuela, baita haren testamentua ere, eta gustura utziko zizkiola. Azkenean, 1931n "Francisco de Urdiñola y el Norte de la Nueva España" liburua bukatu eta ale bat bidali zuen Oiartzungo udaletxera, urte bereko ekainaren 15eko aktan liburua jaso zutela idatzia geratu delarik.[20]

Erreferentziak

aldatu
  1. [1] Plaza Lazarraga Etxeko artxiboa.  Internet, badator dokuklik, Urdiñola. 1617, Autos, testamento y Codicilo y traslado de 1686. 16. or.
  2. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.66.
  3. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.1-2.
  4. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.67-80.
  5. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.175-185.
  6. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.219-220.
  7. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.196.
  8. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.226-229.
  9. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.230.
  10. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.248.
  11. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.254-255.
  12. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.272-273.
  13. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.281-282.
  14. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) or.295-296.
  15. Euskadiko Artxibo historikoa. Jesusen Lagundia, Loiolako Santutegia. Documentación del P. Larramendi relativa al testamento y codicilo de Domingo de Alzate, padre del capitán Alzate y sobre la posesión de Urdinola, Gabiria y Baldarena, bienes de Maleo.
  16. Tellechea Idígoras, J. Ignacio Francisco de Urdiñola. Transplante de Oyarzun a México Oiartzun, 1982ko urtekaria 12. alea. or. 56-57.
  17. García Carrafa, Alberto y Arturo. Diccionario heráldico y genealógico de apellidos españoles y americanos. 86. liburua, 123 eta 124. or.
  18. Pescador, Juan Javier. Familias y Fortunas del Oyarzun Antiguo. Microhistoria y Genealogía, siglos XVI-XVIII. Colección Mugarri, Oiartzun 1995,  52-69 or.
  19. Querexeta, Jaime Diccionario onomástico y heráldico vasco. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao 1972. VI. liburua, or. 304.
  20. Alessio Robles, Vito Francisco de Urdiñola y el norte de la Nueva España (1. argitalpena, Mexiko 1931) Prefacio. or.XIII-XIX.

Bibliografia

aldatu
  • (Gaztelaniaz) Alessio Robles, Vito. Francisco de Urdiñola y el norte de la nueva España. (1. argitaraldia) Mexiko: Imprenta Mundial OCLC .2975804 (Noiz kontsultatua: 2010-06-02).
  • Francisco de Urdiñola Echenagusia. San Sebastián: Auñamendi ISBN 84-7025-166-X..
  • (Gaztelaniaz) Diccionario heráldico y genealógico de apellidos españoles y americanos. Madrid: Nueva imprenta Radio.
  • (Gaztelaniaz) Diccionario onomástico y heráldico vasco. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca.
  • (Gaztelaniaz) Pescador, Juan Javier. (1995). «Familias y fortunas del Oiartzun Antiguo. Microhistoria y Genealogía, siglos XVI-XVIII» Mugarri (Oiartzungo udala) ISBN 84-88917-01-5..
  • (Gaztelaniaz) Tellechea, J. Ignacio. (1982). «Francisco de Urdiñola Transplante de Oyarzun a México» Oiartzun (Ayuntamiento de Oiartzun) (12).
  • (Gaztelaniaz) de la Luz Valdés, José. (1977). Oiartzun (Ayuntamiento de Oiartzun) (7).
  • Lekuona, Manuel. (1978). «Urdiñola izeneko etxeak Oiartzunen" eta "Urdiñola fundatzaile Mexikon» Oiartzun (Ayuntamiento de Oiartzun) (8).

Kanpo estekak

aldatu