Isaac Santesteban
Isaac Santesteban Sánchez (Iruñea, 1929 - ibid. 2022ko urriaren 1a) espeleologo nafarra izan zen, Euskal Herrian aitzindaria, eta Espainian izandako lehen espeleologo profesionala.[1]
Isaac Santesteban | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1929 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 2022ko urriaren 1a (92/93 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Maristak Escuela de Comercio (en) |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | espeleologoa |
Datu biografikoak
aldatu1929an sortu zen, Iruñeko Nabarreria auzoan. Lehen hezkuntza Maristen Eskolan egin eta gero, Merkataritza ikasketak egin zituen. Gaztetatik kirolzalea izan zen, atletismoa, esku pilota, judoa eta beisbola bezalako kirolak praktikatuz; mendizaletu ere gazterik egin zen, eskaladan, eskian eta espeleologian barneratuz.[1]
Ibilbide espeleologikoa
aldatuHastapenak eta Iturralde Espeleologia Taldean
aldatuIsaaci gazterik piztu zitzaion lurpeko munduarekiko jakin-mina: 10 bat urterekin, lagunekin Iruñeko ur-horniduraren tuneletan barneratzen zen, kandela-argitan.[1]
Zenbait esplorazio era informalean burutu eta gero, lagun batzuen artean talde bat eratzea pentsatu zuten, Juan Iturralde Suit jakintsuaren izena emanez: horrela sortu zen 1948an Iturralde Espeleologia Taldea. Hasierako kideak Dormitaleria kale inguruko lagunek osatzen zuren: Pedro Etxaleku eta Isaac Santesteban (lehenengo); gero Juan Razkin, Miguel Bengoa, Jose Maria Saenz bildu zitzaizkien; geroago Mario Bregaña, Ignacio Barea, Daniel Palos eta Adolfo Eraso.[2] Talde honetan, inolako diru laguntzarik gabe, esplorazioetan trebatu ziren aurkikuntza garrantzitsuak eginez. Orduan eginiko esplorazioen artean, aipatu daitezke: Larraun lurpeko ibaia Lezegaldetik zehar, Tximua / Morillo Ondoko Leizea, Nabaskoze, Benasa, Ezpileta, Alkerdi-Berroberria, Zugarramurdi, Ikaburua, Basaletz, Frankelizena, Ormazarreta, Urederra, Ponsolua, Itxitxoa... Hastapenetik bertatik, lan hauetan katalogazio eta artxibazio sistematikoa erabili zuten, artean existitzen ez zen Nafarroako probintzia mailako katalogo bat eratzeko asmoarekin.[1]
Lau urtez kalamuzko sokekin aritu eta gero, 1952an lehen hobekuntza garrantzitsua egin zuten material sintetikozko bi soka erosiz. Garai horretan Felix Ruiz de Arkauterekin ezagupidea egin zuten, aurrerantzean lagun hurkoa bihurtuko zena. Haren ezagupenak eta baliabide teknikoak Iturraldekoen esplorazio ahalmenaren mesedetan izan ziren: Arkautek Frantziatik "Elektron" motako eskalak ekarri zituen, eta eredu horrekin Isaacek sorta berria fabrikatu zuen, haien kalitatea hobetuz. Honi esker Ormazarretako leizearen esplorazioan -400 metrotara ailegatu ziren, garai hartan Espainiako sakonerarik handiena zena.[3] Honekin, eta ordura arte eginiko lan guztiarekin, Nafarroako Foru Aldundiari txostena aurkeztu zioten, diru laguntza bat eskatuz.[1]
Vianako Printzea Erakundean
aldatuIturraldekoen eskariari erantzuna emanez, 1953ko azaroan Vianako Printzea Erakundearen baitan Espeleologia Sail bat eratu zen. Garai honetan lagun izan zituen taldean: Pedro Etxaleku, Carlos Sarobe, José Txurio, Modesto Clemente, Juan Antonio Benito, José Luis Monreal, Adolfo Eraso, Miguel Bengoa, Jose M Sáenz, José Luis Monreal.[4] Isaac gidari zela, lan garrantzitsuak egin zituzten 1973ra arte (VPEren Espeleologia Sailak martxan iraun zuen denboran, alegia). Esplorazio hauen berri zehatza "Larra - Sima de San Martín", "20 años de espeleología en Navarra" eta "Memorias de un espeleólogo" liburuetan dago:
- Larra-Belagua: Europako karst garrantzitsuenetako bat den honek taldearen esfortzu handiena eraman zuen, nazioarteko hainbat talderekin elkarlanean. VPEkoen lehen espedizioa 1954an izan zen, eta 1966ean Larran aritzen ziren talde guztiak koordinatzeko ARSIP elkartea eratu zenean, Santesteban izan zen sortzaileetako bat.
- Andia: Riezu, Zalbide, Morillo Ondoko Leizea ("Tximua"), Arteta, Peñablanca... mendi multzo honetan guztira 200 bat haitzulo esploratu zituztelarik.
- Aralar: Larraun, Lezegalde, Aizarreta, Niluze, Irañeta, Armendiaga, Ponsolua, Ormazarreta, Larretxiki, Pagomari, Vizcaino...
- Urbasa: Urederra urbegiaren sistema hidrologikoaren gaineko ikerketak.
- Sarbil: hainbat kobazuloren esplorazioa, tartean labar-artedun eta beste aztarna arkeologikoak dituzten hainbat harpe.
- Leire: Talarizos, San Miguel, Turendo, monasterio inguruko leizeak, Fuente, Cañada, San Pedro de Usun, Peña Roya, Arbaiun, Liedena, ermitauen koba artifizialak.
- Illon eta Nabaskoze: Legaroz, Ollate, Benasa, Cerumen, Koskalleta, Ososki, Cueva del Moro.
- Larraun - Uitzi - Azpiroz: Araxes, Martinzulo, berun meatzeak, Aldaz, Otxola.
- Labia: Urrizelki, Atapaburu, Espoz, Biorreta, Zubeltz, Uriz, Ardaiz, Aintzioa, Saragueta, Esnoz, Lusarreta, Espinal.
- Espinal - Olondriz - Erro: Mezkiritz, Lezemotz, Lezeaga, Zakuriturri, Serpentekoleze, Loizu, Olondriz, Erro...
- Berrendi - Abodi: Errozkiogeina, Elukiate, Auzaberro, Beroagarria, Artegia...
- Lokiz: Basaura kobazuloaren esplorazioa, eta multzoaren azterketa hidrologikoa.
- Erronkari: hasieran esaniko Larrako lanez gain, Mintxate, Ezkaurre, Rincón de Belagua, Arrigorrieta, Ibon, Antxemarro...[1]
Nafarroako kanpainez gain, nabarmentzekoa da 1956ean Frantziako Gouffre Berger leizera eginiko ostera. Espedizio hau nazioarteko itua izan zen (1000 metroko sakonera gainditzen zuen lehen leizea), eta Espainiatik hiru taldetako partaideak joan ziren: VPE (Santesteban), Aranzadi Zientzia Elkartea (Arkaute) eta Burgosko Edelweiss Espeleologia Taldea.[5] Urte berean (1956), Arantzazuko I Euskal Espeleologia Jardunaldi historikoetan parte hartu zuen (Espainian ospatutako lehen espeleologia kongresua), non VPEko kideekin batera "Material y técnica de exploración subterránea" izeneko hitzaldia eman zuen.[2]
Garai honetan, Santestebanek Euskal Herriko beste lekuetan ere zenbait interbentzio egin zituen, beste taldeek eginiko esplorazioetan laguntzen. horrela izan zen, besteak beste, Aizkorriko Katabera leize/meazuloan (1957)[6] edo Karrantzako Torca del Carlistako esplorazioan (1958).[7]
1960ean, Larran eginiko V Euskal Espeleologia Jardunaldietan, Santesteban San Marti Harriko Sistema esploratzen jardun zuen nazioarteko espedizioaren buruetako bat izan zen.[8] Arreta mediatiko handia erakarri zuen operazio honetan, besteak beste La Actualidad Española aldizkariaren ekipo bat bertaratu zen, eta Jesús Hermida erreportari gazteak leize barruan zegoen Isaaci elkarrizketa egin zion, espeleologoek ezarritako telefono haria baliatuz.[9]
1963an, taldean "odol berria" behar zela eta, Santestebanek gonbidapena luzatu zien eskaladan aritzen ziren gazte batzuei. Horrela sartu ziren taldean Emilio Castiella, Jesus Mari Urtasun, Primitivo Garralda, Juan Miguel Martinez de Goñi (Miguel “Puntos”) eta Juan Mari Feliu. Lehen trebakuntza saioak Andian egin zituzten (Artetako Cueva del Moro eta Azantza).[10]
1972tik aurrera, Larra-Belaguako Natura Erreserbaren baitan ikerketa espeleologikoaren antolaketan parte hartu zuen.[1]
Nafarroako Foru Aldundian
aldatu1973an, Foru Aldundiaren Herri Lanen Sailak Isaac kontratatu zuen, espeleologo bezala, lurpeko ur akuiferoetan aditua izanik, probintzian hidrogeologiarekin zerikusia duten lanetan interbenituz, eta arkeologia eta indusketa kontuak Vianako Printzea Erakundeari esleituz. Horrela, Santesteban Espainiako lehen espeleologo profesionala bihurtu zen.[1][11] 1986ra arte, Herri Lanen aurrekontuetan espeleologiara zuzendutako aurrekontu berezia lortu zuen eta espedizioen planifikazioan lan handia egin zuen: ingurumen irizpide berriak bultzatuz (leizeen garbitasuna), esplorazioen antolakuntzan, teknifikazioan (kartografia, planimetria, argazkigintza), prospekzio metodologian, geologia estrukturalaren azterketan, hidrologiaren azterketan, beste espezialistekin elkarlanean... hau guztia, leize barruko esplorazio lanez gain.[1]
Garai honetan, Santestebanen koordinaziopean eginiko esplorazio kanpaina garrantzitsuenak hauek izan ziren:[1]
- BU-56 Illaminako Ateak: 1965etik abiatutako prospekzio sistematikoek 1980 urtean Saint Georges lurpeko ibaiaren aurkikuntza ekarri zuten. Illaminako Ateen leizearen lehen esplorazio kanpainek 1989ra arte iraun zuten; artean munduko leizerik sakonenetakoa zen leize honetan hainbat ikerketa lerro eraman ziren, besteak beste lurpeko egonaldi luzeek espeleologoen fisiologian izandako eragina. Esplorazio hauek 2012 urtean berrabiatu ziren, Euskal Espeleologoen Elkargoaren eta Nafar Espeleologia Batzordearen eskutik.
- Anialarra: espeleologo belgikarren eta bilbotarren espedizioak; besteak beste AN-3, AN-6, FR-3, FR-1, AN-51 leizeetan 11 km baino gehiago esploratu zituztelarik.
- Ukerdi: 1987tik 1990ra belgikarrek eginiko espedizioetan, besteak beste Sima del Tobozo-ren aurkikuntzan eta esplorazioetan.
- Llano de Carreras: Arlazeko sektorean, Hus taldeko espeleologoekin, C-50 leizearen aurkikuntza eta San Marti Harriko Sistemarekiko lotura.
- Leizerola: belgikarrek Mulekeke leizearen esplorazioa eta lurpeko ibai berriaren aurkikuntza.
1982ko Urrian, Izaban, Larrako karstari buruzko kongresu bat antolatu zuen, ikerketen antolakuntza eta esplorazio espeleologikoaren planifikazioa gai nagusiak izan zirelarik.[12]
Isaac Santestebanen lana berebizikoa izan zen Larra-Belaguako Natura Erreserbaren kudeaketan espeleologiak bere lekua izan zezan:
"La spéléologie à Larra - PSM lui doit beaucoup. Par son travail pour la mémoire des recherches mais aussi pour son implication dans la réglementation de la Reserva de Larra où il a réussi à inscrire la spéléologie scientifique et d'exploration dans les objectifs de la Reserva. Et cela n'a jamais été remis en cause par le Medio Ambiente". (Michel Douat, ARSIPen koordinatzailea)
Bereziki, Santestebani mugaz bi aldeetako espeleologia taldeen elkarlana ahalbidetzea aitortzen zaio:
"Sans lui effectivement il y a une multitude de choses qui n'auraient jamais pu se faire sur la partie espagnole de la Pierre. Pour les belges je pense notamment aux expés du SCB au début des années 80 sur le BU56, aux expés du centre sur Ukerdi dans les années 90 et bien avant sur le Mulekeke, et plus récemment aux expés du Speleo Club Avalon sur Anialarra". (Richard Grebeude, Spéléo Club de Belgique)
Salbamendua
aldatuIsaacek esplorazioaren arriskuak lehen eskutik ezagutu zituen: 1954ean Larran, Etxaleku leizean izotz horma bat gainean erori zitzaion, eta ozta-ozta heriotzetik libratu zen.[13]
Espeleolaguntzaren antolakuntza formalaren aurretik ere, Santestebanek lurpeko salbamenduetan parte hartu zuen, hala nola:
Era berean, 1966ean Aralarko Sima del Vizcaíno leizean eginiko salbamendu ariketetan parte hartu zuenetako bat izan zen.[15]
Felix Ruiz de Arkauteren heriotzak eragindako susperraldiaren ondorioz, Hego Euskal Herrian lurpeko erreskatea antolatzearen beharra are nabarmenago geratu zen. Testuinguru horretan, Isaacek gaiari buruzko artikulua argitaratu zuen 1975 urtean, Bizkaiko Kobie aldizkarian.[16]
Argitalpenak
aldatuAldizkarietan artikulu asko eta hainbat liburutan kolaborazioak argitaratu zituen. Baita zenbait liburu ere:
- 1964. Larra. Sima de San Martín. Nafarroako Foru Aldundia - Vianako Printzea Erakundea, Iruñea.
- 1976. 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974). IPV – Nafarroako Foru Aldundia, Iruñea.
- 1992 (Carlos Acaz-ekin). Catalogo Espeleológico de Navarra. Nafarroako Jaurlaritza, Iruñea. 386 or. 1953 eta 1979 artean esploratutako 1200 haitzuloen berri emanez, karstaren zientzien 30 arlotan banaturik. 2006. Memorias de un espeleólogo. 50 años de espeleología en Navarra. Ed. Sahats, Iruñea.
Azken urteak
aldatu1996an erretiroa hartu eta gero, datu historiko eta arkeologikoen bilketan jarraitu zuen;[1] interes berezia zuen Erronkari aldeko labar-grabatuekin.[17] 2016an 15 tomo mekanografiatu bazituen, Nafarroako karstari eta bestelako gaiei buruz, hala nola mitologia, antropologia eta antzinako erlijioak.[1]
Zahartzaroan ondo sartuta ere, Santestebanek ez zuen sekula espeleologiarekin harremana eten: 90 urte inguruan, oraindik Izabako Ibon kobazulora joan ohi zen egunero, uraren tenperaturak hartzera. Era berean, elkarrizketak egitera joaten zitzaizkien espeleologo gazteak adeitsuki hartzen zituen, azalpen ugariak emanez.[18] Azken urteak, osasun egoerak derrigortuta, erresidentzia batean eman zituen; eta bisitan joaten zitzaizkion senide eta lagunek kontatzen dute Isaacen kasuan, zahartzaroan ohikoa den dementziak ere kutsu espeleologiko hunkigarria hartu zuela: gaztaroko kobazulo eta esplorazioetan zegoela uste izaten baitzuen.[10] Horrela hartu zuen lo betirako, 2022ko urriaren 1eko goizaldean.[19]
Omenaldiak
aldatu2016an, Sarawak esplorazio eta geografia elkarte katalanaren ohorezko kide izendatua izan zen.[1]
2018 urtean, Aralargo Mendukilo kobazulo turistikoaren irekieraren 13. urteurrenaren harira, Isaac Santestebani omenaldia egin zitzaion, hark baitzuen lehenengotz kobazulo honen berri zientifikoa eman.[11]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i j k l m (Gaztelaniaz) Qui es Qui – Otro sitio más de Blogs de ICEK. (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
- ↑ a b Institución Príncipe de Viana Grupo de Espeleología. (1976). 20 años de espeleología en Navarra trabajos del Grupo de Espeleología de la Institución "Principe de Viana", 1953-1974.. Diputación Foral de Navarra, Institución Príncipe de Viana, Consejo Superior de Investigaciones cientificas ISBN 84-235-0032-2. PMC 432172404. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ Eraso A. Sima de Ormazarreta (Aralar). Separata de la revista de la Institución “Príncipe de Viana” de la Diputación Foral de Navarra. Números 84 y 85, pp. 243. Pamplona, 1961.
- ↑ Enciclopedia general ilustrada del País Vasco.. Editorial Auñamendi [1970-<2003>] ISBN 84-7025-147-3. PMC 35033343. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ MARTIN MERINO, MA. 2005. Gouffre Berger, Alpes franceses (1956-2006). 50 años del primer descenso espeleológico a -1000 metros de profundidad, con participación del GE Edelweiss. Cubia 8:18-25. Burgos.
- ↑ (Gaztelaniaz) Aranzadi. «Munibe Antropologia-Arkeologia: 1957 – Volumen 9 fascículo 4» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ Carranza : belleza, grandiosidad y prehistoria. Grupo Espeleológico Vizcaino 1990 ISBN 84-404-7150-5. PMC 1055603289. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ SAN MARTIN, JUAN. 1960. La última expedición a la Sima de la Piedra de San Martín (julio de 1960). Munibe 1960 vol.12 fasc.2-3 p.259
- ↑ HERMIDA, Jesús. 1960. Sima de San Martín. 150 españoles en cuatro campamentos. La Actualidad Española.
- ↑ a b Juan Mari Feliu kom. pers.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «La cueva de Mendukilo recibe 281.200 visitas en trece años» Diario de Noticias de Navarra 2018-07-20 (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
- ↑ Alavés, Grupo Espeleológico. (D.L. 1989). Historia de la espeleología alavesa 25 años del Grupo Espeleológico Alavés (1962-1987) : memoria = Arabako espeleologi historia : Arabako Espeleologi Taldea 25 wateal (1962-1987) : txostena.. Diputación Foral de Navarra, Servicio de Publicaciones ISBN 84-7821-035-0. PMC 434023012. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA. 1964. Larra. Sima de San Martín. Nafarroako Foru Aldundia - Vianako Printzea Erakundea, Iruñea.
- ↑ Larrañaga, Oier Gorosabel. (2015-01-01). «ACCIDENTE EN MAIRUELEGORRETA 1959» Karaitza (Noiz kontsultatua: 2022-10-09).
- ↑ a b Santesteban, Isaac. (2006). Memorias de un espeleólogo : 50 años de exploraciones en Navarra. Sahats ISBN 84-935081-1-X. PMC 433747332. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
- ↑ SANTESTEBAN, Isaac. 1975. Esquema de funcionamiento y técnicas en rescates. Kobie 6:185-194. Grupo Espeleológico Vizcaíno - Excma. Diputación de Vizcaya. Bilbao.
- ↑ Isaac Santesteban kom. pers., 2011-X-1
- ↑ Ades. (2016-05-08). «Asteroko kronikie: Jose Mari Saenz "el Tigre"» Asteroko kronikie (Noiz kontsultatua: 2022-10-06).
- ↑ Amaia Govillar kom. pers.