Julio Zesar
Gaio Julio Zesar —latinez: Gaius Iulius Caesar, ˈgaːius ˈjuːlius ˈkaɪsar ahoskera klasikoan— (K.a. 100eko uztailaren 13a edo 12a – K.a. 44ko martxoaren 15a) Antzinako Erromako militarra eta politikaria izan zen.
Galia menperatzean eta Britainia Handiko lehen inbasioarekin, Erroma Ozeano Atlantikoari begira jarri zuen eta garai guztietako militar handienetakotzat jo zuten. Errepublika Inperio bilakatzean ere parte hartze garrantzitsua eduki zuen. Hori guztia dela eta, hil ondoren, Senatuak ofizialki Erromako Jainko izendatu zuen.
Ponpeioren kontra Gerra Zibilean borrokatu ostean, Erromako buru nagusi eta bakar bihurtu zen. Bizitza osorako diktadore izendatuta, Erromako gizartea eta gobernatzeko era zaharberritzen hasi zen. Politika trapero horrekiko desadostasunez, Marko Brutok, Kasiok eta Zesarren adiskide eta laguntzaile gehiagok Zesar bera hil zuten, horrela Errepublikara itzuliko zelakoan. Hala ere, hilketak beste Gerra Zibil bat eragin zuen, zesartarren eta Zesarren kontrakoen artean. Gerra zesartarrek (Oktaviok eta Marko Antoniok besteak beste) irabazi zutenez, Inperioaren aldeko urrats sendoa egin zen.
Bizitza
aldatuEstreinako urteak
aldatuZesar Erromako familia ospetsu batean, Julia izenekoan hain zuzen ere, jaio zen. Legendaren arabera, Venus jainkosaren ondorengoa zen familia hori. Izan ere, Venus Eneas printze troiarraren ama zen. Eneas, Romulo eta Remoren aitona izateaz gain, Juloren aita ere bazen. Julok, Julia familia sortu zuen, eta baita izena bera eman ere.
Familiaren noblezia zalantzazkoa ez izan arren, Juliotarrak ez ziren bereziki dirudunak, Erromako aristokraziaren irizpideetarako behintzat. Hori dela eta, azken garaian haren familiako inork ez zuen lehen mailako posturik lortu. Zesarren aitaren belaunaldian, berriz, familiaren aberastasuna suspertu zen, eta K.a. 85ean pretore kargua lortu zuen.
Aita-semeek izen bera, Gaio Julio Zesar, zuten. Zesarren amak Aurelia Kota zuen izena. Haren arreba zaharrena, Julia Zesaris, Oktavio Augustoren amona izan zen. Haren izeba, Julia Maria izenekoa, Gaio Mario jeneral handiarekin ezkondu zen. Mario garaiko gizon boteretsuenetako bat bilakatu ahala, haren familia indarra eta ospea berreskuratzen hasi zen.
Marioren azken urteetan, Erromako politika atzera jotzerik gabeko puntura iritsi zen. Politikariak bi taldetan banatuta zeuden: alde batetik, Marioren Populares izenekoa; bestetik, Optimates zeritzana, Sila nagusitzat zeukana. Zesar lehenengoarekin zegoen lotuta. Marioren iloba ez ezik, Luzio Kornelio Zinaren alabaren senarra ere bazen. Zina Marioren laguntzailea eta Silaren etsai porrokatua zen.
Bi taldeon arteko ika-mikek gerra zibila eragin zuten. Optimatesen garaipenak Silari diktaduraren ateak zabaldu zizkionez, beste taldearen kontrako politika hasi zuen. Nolanahi ere, Zesarri bizitza barkatu zion. Zesarrek, hala ere, Erromatik ekialderantz egin zuen alde. Hor, kanpaina militar askotan hartu zuen parte, eta Miletoko setioan erakutsitako ausardiari esker, corona civica (herritarren koroa) jaso zuen.[1] Oso ohore handia izan zen hori, agintean ez zegoenari gutxitan ematen baitzitzaion.
K.a. 78an, Sila hilik, Erromara itzuli zen. Hor, ospe handiko abokatu bilakatu zen, gobernari ohien kontrako jazarpen gogorrarengatik. Erretorika sakonki ikasteko nahian, Apolonio Moloren eskolara bidaiatu zuen K.a. 75ean.
Hara zihoazela, piratek bahitu zuten. Plutarkoren arabera, erreskatea 20 talentukoa zela entzunda, barrezka hasi zen Zesar. Gutxienez 50 talentu balio zuela erantzun zien. Erreskatea ordainduta, itsasontzi batzuk bildu zituen eta piraten kontra jo zuen Zesarrek.[2][3]
Zesarren Cursus honorum
aldatuK.a. 70ean, 30 urte zituela, Erromako Herri-Asanbladak kuestore izendatu zuen Zesar. Kargu hori, Hispania Ulterior probintzian garatu behar izan zuen. Hor, Gadesko Herkulesen tenpluan, Alexandro Handiaren estatua bat ikustean bitxi erreakzionatu zuen legendaren arabera: negar zotinka hasi omen zen. Horren inguruan galdetuta, erantzun zuen: "Malkoak darizkit pentsatzen dudanean Alexandrok nire adinerako hainbeste herri garaitu zituela eta nik, berriz, ezer gogoangarririk egin ez dudala."
Erromara itzulitakoan, haren lehen emaztea, Cornelia Cinilla, hil zitzaion. K.a. 67an, arrazoi politikoengatik, berriro ezkondu zen. Ezusteko emakumea aukeratu zuen, aldiz: Silaren biloba, Ponpeia Sila hain zuzen ere. Bazirudien horrela Optimates-ekin bat egiten zuela, baina haren gainerako erabakiek kontrakoa adierazten zuten. Lehen piraten kontra eta ondoren Pontoko Mitridates VI.en kontrako kanpainetarako, Ponpeiori mugarik gabeko boterea ematekoaren alde agertu zen Zesar. Krasok, Ponpeioren aurkaria izan arren, Zesarren zorrak kitatzen jarraitu zuen. Hori zela medio, bere ospea handitzeko nahian, Zesarrek dirutza gastatu ahal izan zuen.
K.a. 65ean, edil hautatu zuten Zesar, Optimates taldearen aldeko Bibulorekin batera. Edilak tenpluez, eraikin publikoez eta jokoez arduratzen ziren. Zesar ia-ia hondamendi ekonomikoraino iritsi zen haren irudia ezagutarazteko eta herritar arruntekin lotzeko. Horrela, berak antolatutako jokoak izugarriak izaten ziren. Marioren omenez, Errepublikak ordaindutako estatuak eraiki zituen, senatarien amorrurako. Edilaldia herriaren elkartasunarekin baina dirurik gabe bukatu zuen.
Lortutako elkartasunak, halere, izugarrizko bultzada eman zion K.a. 63an Pontifex Maximo kargua eskuratzerakoan. Honela, Erromako kontu erlijioso guztiak, Forumeko Domus Publica (Etxe publikoa) eta Vestaren birjinak Zesarren ardurapean zeuden. Bizitza osorako kargua izateaz gain, lege eta arauei zegokienez, postuak abantaila dezente eskaintzen zizkion. Hala ere, eskandalu batek eman zion hasiera Zesarren agintaldi honi. Haren emazte Ponpeia Silak Bona Dea izeneko jaia antolatu behar izan zuen. Errito horietan emakumeek soilik parte har zezaketenez, Publio Klodio Pulker, emakumez mozorrotuta, tenpluan sartu zen. Sakrilegio horren aurrean, Zesar Ponpeia Silarengandik dibortziatu zen, esanez haren emazteak errugabe izateaz gain, errugabearen irudia ere izan behar zuela.
K.a. 63a Katilinaren konspirazioarena izan zen. Zizeronek, urte horretako kontsulek, Errepublika suntsitzeko plana egotzi zion Katilinari. Honek, Zizeron hil saiatu ostean, Etruriara alde egin zuen eta matxinatu zen. Konspirazioan Zesarren parte hartzea salatu zuen Katonek, baina ezin izan zuen frogatu. Hala izan ala ez, Zesarren ibilbide politikoak ez zuen kalterik jaso.[4] Hurrengo urtean, pretore aukeratu zuten, eta K.a. 61ean, propretore Hispanian. Hor, galeziarrak eta lusitaniarrak garaitu zituen. Gerra haietan lortutako diruari esker, zorrak kitatu ahal zituen. K.a. 60an Erromara itzulita, kontsulatua —Erromako kargurik garrantzitsuena— eskuratu zuen.
Lehen Triunbiratua eta Galiako Gerra
aldatuK.a. 60an, Erromako hiritarrek kontsul izendatu zituzten Zesar eta Bibulo (elkarren arerioak ziren). Azkena postutik erretiratu zen, Zesarren agintaldia oztopatu nahian: izan ere, aliatuak oso beharrezkoak ziren kontsulatua aurrera eraman ahal izateko. Zesarrek inork espero ez zuen tokian aurkitu zituen.
Ponpeiok, orduko jeneral ospetsuenak, bere gerra-beteranoentzako lurrak eskuratu nahi zuen, baina Senatuen ezezkoa jasotzen zuen etengabe. Krasok, kontsul ohiak eta agian Erromako gizonik aberatsenak, halaber, bere laborarientzako laguntzak lortzerakoan arazoak izaten zituen. Zesarrek Krasoren dirua eta Ponpeioren harremanak behar-beharrezkoak zituen. Horrela, haien arteko ituna, triunbiratu izenekoa (hiru gizonek osatzen zutelako) sortu zen. Akordioa indartzearren, Ponpeio Zesarren alaba bakarrarekin ezkondu zen.
Kontsulaldi zail horren ondoren, Galia Transalpina (gaurko Frantziaren hegoaldea) eta Iliriaren (gaurko Kroaziaren kostaldea) gobernaria izendatu zuten Zesar.[5] Alferrikako agintaldia nahi ez zuenez, Zesarrek Galiako Gerrak piztu zituen, eta Galia osoa konkistatu ahal izan zuen. K.a. 58an helvetiarrak garaitu zituen; K.a. 57an nerviarrak eta belgikarren elkartasuna; eta, K.a. 56an, venetiak. K.a. 55ean, Britainia Handia inbaditzen saiatu zen. K.a. 52an, Vertzingetorixek osatu zuen Galia osoko armada batua gailendu zuen. Kanpaina horien guztien gorabeherak Commentarii de Bello Gallico (Galiako Gerren Iruzkinak) izeneko liburuan idatzi zituen.
Plutarkoren arabera, kanpaina osoan 800 hiri eta 300 tribu konkistatu ziren, milioi bat gizon esklabo bihurtu ziren eta 3 milioi batailetan hilik suertatu ziren. Antzinako historialariek kopuru hauek handitu zituzten zalantzarik gabe. Hala ere, Galiaren menderatzea Alexandro Handiaren garaipenekin parekatu zen.[6][7] Ondorioek gainera luzeago iraun zuten: galiarrak ez ziren berriro matxinatu Erromaren aurka. Are gutxiago, leial jarraitu zuten Mendebaldeko Inperioaren erorialdiaren arte, K. o. 476an.
Arrakastaren gorabehera, Zesarren ospea ez zen zabaldu goi mailako hiritarren artean. Atzerakoiek, batik bat, errege bihurtzeko gogoa leporatzen zioten. K.a. 55ean, Ponpeiok eta Krasok kontsulatua erdietsi zuten. Zesarren agintaldia beste bost urtez luzatu zuten. Hau izan zen Lehen Triunbiraturen azken erabaki adostua.
K.a. 54an, Zesarren alaba, Julia Zesaris, erditzen ari zela hil zen. K.a. 53an, Kraso ere hil zen partiarren kontrako kanpaina bat antolatzen zuen bitartean. Ponpeiok, Optimates-en aldera jo zuen orduan. Galiatik, Zesar Ponpeioren babesa ziurtatzen saiatu zen: iloba bat eskaini zion emaztegai. Ponpeiok, berriz, Zesarren etsai handienetako baten alaba hautatu zuen.
Gerra Zibila
aldatuK.a. 50ean, Senatuak, Ponpeiok eskatuta, Erromara itzultzeko eta armada desegiteko agindu zion, haren Galiako agintaldia bukatu zitzaiolako. Are gehiago, Senatuak bigarren kontsulaturako aurkeztea debekatu zion. Armada edo kontsulen immunitaterik gabe auzipetu eta politikoki baztertuko zutela uste zuen Zesarrek. K.a. 49ko urtarrilaren 10ean, Zesarrek Rubikon ibaia (Italiako muga naturala) zeharkatu zuen legio bat lagunduta eta Alea iacta est ("zortea botata dago") esanda. Honela, Gerra Zibila piztu zen.[8]
Optimates taldekoak hegoaldera jo zuten. Zesarrek Ponpeiori jarraitu zion elkarrekiko ituna eraberritu nahian.[9] Ponpeioren ezezkoa jasota, 27 egunetan Hispaniara iritsi zen, non Ponpeioren laguntzaileen armadak suntsitu zituen. Ekialdera egin zuen orduan, Grezia aldera, Ponpeiori berari aurre egiteko. Dirrakioko guduan Ponpeio suertatu zen irabazle. Hala ere, Farsaliako gudua erabakigarrian, Zesarrek garaitu zuen, Ponpeioren armada ia-ia bikoitza izan arren.
Ponpeiok Egiptora egin zuen alde. Hor hil zuten, Ptolomeo XIII.ak aginduta. Erroman, Zesarrek, nahiz eta diktadore izendatu, kontsul kargua hobetsi zuen. Ponpeio atzemateko asmotan, Egiptora joan zen eta horko gerra zibilean parte hartzera behartu zuten.[10] Agian Ptolomeo XIII.ak Ponpeio hiltzeagatik (Ponpeioren buru moztuaren aurrean negar egin omen zuen), Kleopatra VII.aren alde jo zuen. Kleopatra Ptolomeoren arreba eta emaztea (eta aurkaria) izan zen. Zesarrek Ptolomeoren armada garaitu ondoren, Kleopatra kokatu zuen Egiptoren agintean. Harekin ezagutzen zaion seme bakarra izan zuen Zesarrek, Zesarion edo Ptolomeo XV.a Zesar izenekoa.
K.a. 47an, Egiptotik bueltatzerakoan, Pontoko Farnazes II.aren armadak suntsitu zituen Zesarrek. Garaipen erraza zen oso, eta Zesarrek Veni, vidi, vici (etorri, ikusi eta garaitu nuen) esaldia aipatu zuen. Hortik, Afrikako ponpeiarrei egin zien aurre. Tapso izeneko batailan Metelo Eszipio, zein borrokan hil zen, eta Katon Minor, zeinek bere buruaz beste egin zuen, menderatu zituen. Ponpeioren semeek, Gneo Ponpeiok eta Sexto Ponpeiok, Tito Labienorekin, Zesarren laguntzaile ohiarekin batera, Hispania aldera egin zuten ihes.[11] Zesarrek Mundan garaitu zituen K.a. 45eko martxoan. Aldi berean, Zesar hirugarren eta laugarren aldiz izendatu zuten kontsul.[12]
Gerraren ondokoa
aldatuK.a. 45ean, Italiara itzulitakoan, Zesarrek Oktavio izendatu zuen oinordeko. Dena utzi zion, titulua barne. Oktavio hiltzen bazen, Bruto izango litzateke oinordekoa.
Apirilaren 21ean Zesarren omenezko jokoak ospatu ziren.[13] Zesarrek festa publikoetan garaipen arropa janzteko ohorea izan zuen: tunika morea (antzinako Erromako erregeen oroigarria) eta ereinotzezko koroa. Enperadore titulua eramateko eskubidea ere eskuratu zuen. Haren bolizko estatua bat agertzekoa zen prozesio erlijioso guztietan. Kirinoren tenpluan Zesarren beste estatua bat jarri zen, "Jainko garaiezina" lelopean. Kirino edo Romulo, hiriaren fundatzaile eta lehen erregea izan zen. Honela, Zesar jainkoekin ez ezik, erregeekin ere lotzen zen. Hirugarren estatua bat Kapitolio muinoan kokatu zuten, antzinako erregeen eta Luzio Junio Brutoren (erregeak kanporatu zituena) estatuen ondoan. Are gehiago, Zesarren irudia txanponetan ipini zen. Lehen aldiz agertu zen txanponetan bizirik zegoen erromatar baten irudia.
Bere laugarren kontsulaldia amaitutakoan, Zesarrek Kinto Fabio Maximo eta Gaio Trebonio kontsul izendatu zituen Zesarrek, Errepublikako hautaketa-sistema kontuan hartu gabe. Senatuak, hala ere, ohore gehiago eman zion: liberator titulua, nahi zuen edozein postu, plebeioentzakoak ere, lortzeko ahalmena, legio guztien gaineko agintea... Haren urtebetetzearen hilabeteak, uztailak, izen berria, Julius, jaso zuen, Quintilis ordez. Haren familiaren ohorez, tenplu bat sortu zen.
Nolanahi ere, Zesar Errepublikako hainbat arazo konpontzeko ekinean murgildu zen. 20 eta 40 urte bitartean zituzten hiritarrei debekatu zien Italiatik kanpo hiru urtez baino luzaroago izatea. Horrela, Italiako populazioa mantentzekoa zen eta kanpoko ustelkeria behera egitekoa. Goi mailako batek beheko bat hilez gero, hiltzaileari ondare osoa kenduko zitzaion. Zor guztien laurden bat bertan behera utzi zuen, jende apalaren mirespen are handiagoa lortuz.
Prostituzioa eta Estatuak ordaindutako garia arautu zituen zehazki. Beteranoei lurrak eman zizken Erromako mundu osoan zehar. Egutegia ere eraberritu zuen. Urteak 365 egunekoak izango ziren, eta lau urtetik behin, 366koa (Juliotar egutegi hori Gregorio XIII.a Aita Santuak aldatu zuen 1582an, gaur egungoa sortu zenean). Hori zela medio, K.a. 46ak 445 egun izan zituen, juliotar egutegia ahalbideratzeko.
Horretaz gain, Erroma bera zaharberritu zuen. Adreiluzko hiri horri marmolezko geruza ipini zion. Auzitegi eta azoka berriak eraiki zituen. Lehen liburutegia ere bai, Varronen agindupean. Senatuak Curia Hostilia izeneko etxea utzi zuen eta Curia Julia izeneko berrira mugitu zen. Hiriaren pomperium (muga sakratuak) handitu zituen hazi ahal izateko.
Plutarkoren arabera, Zesarrek Senatuari ohoreak urritzea eskatu nahi bazion ere, ez zuen egin, esker txarrekoa ez iruditzearren. Pater Patriae (Aberriaren Aita) titulua eman zioten eta hamar urterako diktadore izendatu zuten. Batzuk errege ere deitzen hasi zitzaizkion, baina Zesarrek titulu hori arbuiatu zuen. Tituluak jaso ahala, Zesarren eta aristokraten arteko amildegia sakondu zen. Konspirazioaren artilea iruten hasi zen.
Hilketa
aldatuZesar errege bihurtzeko beldurrak bizirik jarraitzen zuen.[14] Norbaitek Zesarren estatua baten gainean diadema bat kokatu zuen. Tribunoek, Gaio Epidio Martzelok eta Luzio Zesetio Flaviok, kendu egin zuten. Tribuno horiek herritar batzuk ere atxilotu zituzten Zesarri erregea deitzearen kargupean. Zesarrek atxilotutakoak askatzeko agindu zuen, eta tribunoak postutik at utzi zituen.
Luperkalia izeneko festetarako, K.a. 44ko otsailaren 15ean, Zesar morez jantzita, ereinotzezko koroa buruan eta bizitza osorako diktadorearen titulupean agertu zen erromatarren aurrean. Marko Antonio saiatu zen Zesarren gainean diadema bat jartzen. "Herriak, nik bitartez, hau (erregearen titulua) eskaintzen dizu" esan zion. Hor bildutako jendetzaren elkartasun urria ikusita, Zesarrek muzin egin zion. Jendetzak txalotu arren, berriro saiatu zen Marko Antonio; eta berriro errefusatu zuen Zesarrek: "Ez naiz Erromako erregea izango. Jupiter da erromatarren errege bakarra." Jendetzak orro egin zuen oniritzia ematean.
Bitartean, Dazia eta Partiaren kontrako kanpainak prestatzen ari ziren. Partiakoak diru franko, eta 9 urte lehenago Krasok galdutako zutoihalak, ekarriko lituzke Erromara. Aspaldiko elezahar baten arabera, errege batek baino ezin zuen Partia konkistatu. Horregatik, Zesarrek Italiatik kanpo koroa eramateko eskubidea lortu zuen. Kanpaina apirilean zen hastekoa. Haren aurkariek zirt edo zart egin behar zuten. Bazekiten abiatu baino lehen burutu behar zutela euren plana.
K.a. 44ko martxoaren 15ean, Zesarrek Ponpeioko antzokian biltzeko eskatu zion Senatuari. Horra zihoazela, senatari batzuek sastakatu eta hil zuten.[15][16] Hauek tiranizidatzat eta ez hiltzailetzat jotzen zuten euren burua. Haien ustetan, Zesar Errepublikarako arrisku bihurtua zen. Konspiratzaileak (Gaio Trebonio, Dezimo Bruto, Marko Bruto eta Gaio Kasio Longino besteak beste), gero, Jupiterren tenpluan ezkutatu ziren. Gehienak Zesarren barkamena eta bultzada politikoa jasoak ziren. Marko Bruto ahaide urruna ez ezik, Zesarren oinordeko ere izan zen. 23 sastakaik bizitza kendu zioten Zesarri (ironikoa bada ere, Ponpeioren omenezko estatua baten azpian hil zen). Suetoniok dioenez, Zesarren azken hitzak, Marko Brutori zuzendutakoak, hauek izan omen ziren: και συ τεκνον; (Kai su, teknon?) Hau da, "Zu ere, ene semea?"[17]
Hilketaren ondokoa
aldatuHiltzaileen asmoak gorabehera, Zesarren hilketak Erromatar Errepublikaren bukaera ekarri zuen. Erromako erdi eta behe mailako klaseek, Zesarren sostengua hain zuzen ere, uste zuten goi mailako talde txiki batek bere txapelduna hil zutela. Marko Antoniok jende arrunt hori hunkitu zuen haren hiletan Zesar goraipatu zuenean. Honela erromatarren begikotasuna bereganatu zuen.[18] Halere, Zesarren oinordeko bakarra Oktavio izan zen. Haren izena, ospea eta aberastasuna jaso zuen. Oktavio, 19 urte baino ez izan arren, gupidarik gabe saiatu zen bere egoera indartzen eta botere osoa eskuratzen.
Bruto eta Kasiori aurre egiteko, Marko Antoniok Zesarren dirua zein ospea behar zuen armada bat erreklutatu ahal izateko. Beste triunbiratu bat osatu zen Oktavio, Marko Antonio eta Lepidorekin (Zesarren laguntzaile zaharrarekin). Bigarren Triunbiratu horrek jainko izendatu zuen Zesar.
Triunbiratuak Zesarren hiltzaileak Filipo batailan suntsitu zituen. Ondotik, hirugarren gerra zibila piztu zen Oktavio eta Marko Antonioren artean. Aktioko guduan, Oktaviok Marko Antonio eta Kleopatra menderatu zituen, eta, aurkaririk gabe, Erromako lehen enperadore bihurtu zen.
Zesarren idazkiak
aldatuBizialdian hizlari fintzat jotzen zen Zesar. Zizeronek ere goraipatu zuen Zesarren erretorika eta estiloa. Bere izeba Juliaren (Marioren emaztea) omenezko hileta-otoitza eta Katonen kontrako hitzaldia dira Zesarren erretorika ospetsuena.
Zoritxarrez, haren idazki gehienak galduta daude. Guregana heldu direnen artean, famatuenak hauek dira:
- Commentarii de Bello Gallico (Galiako Gerren iruzkinak), prokontsul zela Galian egindako kanpainei buruzkoa; eta
- Commentarii de Bello Civili (Gerra Zibilaren iruzkinak), Ponpeio hil zenez geroztiko Gerra Zibileko kontakizunak.
Zesarri esleitutako idazkiak:
- De Bello Hispaniensis (Hispaniako Gerrari buruzkoa)
- De Bello Africo (Afrikako Gerrari buruzkoa), eta
- De Bello Alexandrino (Alexandriako Gerrari buruzkoa)
Idazki hauen estilo erraza eta zuzena gorabehera, haren aldeko benetako iragarki kanpaina sofistikatua da, Erromako, Italiako eta probintzietako aristokratei zuzendutakoa.
Zesar eta Euskal Herria
aldatuJulio Zesarren lan idatzi ezagunena, Galikoa Gerren iruzkinak, Euskal Herriarekin eta euskaldunen ahaide zaharrenen aipu batekin hasten da, akitaniarren aipu batekin:
« | Galia osoa hiru partetan banatua dago: euretariko batean Belgikarrak bizi dira; beste batean Akitaniarrak; eta hirugarrenean, hizkuntza zeltaz mintzo direnak, guk Galiarrak deritzegunak. Hirurok dituzte diferenteak hizkuntza, erakundeak eta legeak. Galiarrak Akitaniarretatik Garona ibaiak banatzen ditu, eta Belgikarretatik Matrona eta Sekuana ibaiek bereizirik daude | » |
Julio Zesar, De bello Gallico, 1-1 |
Akitaniarrak zeltak ez zirela bazekien Zesarrek, eta gerora, eskualde erromanizatu zenean, Akitaniako lurretan agertu diren datu epigrafikoetan akitaniera zaharra euskararen ahaide zela demostratu da. Dena den, Akitania Galiaren parte gisa hartu zuen Zesarrek, bereizketa argi bat egin zuen haren mugetan Pirinioan (jarraikortasunik ez balu bezala herri hark Pirinioetatik hegoaldera), eta Galiaren konkista bere agintepean burutu zelarik, akitaniar herriena ere gerra hartan gauzatu zela esan daiteke.[19]
Zehatz Akitanian kanpaina militarrik egin zuenik Zesarrek ez dirudi. Kristo aurreko 56. urtean, venetoak altxatu zirelarik Erromaren kontra, Galiako herri batzuek ere matxinada harekin bat egin zuten. Horien artean Sotiateen herria egin zen, Aturriren ipar hegaldean bizi zen herri akitaniar bat, eta Julio Zesarren ordezkari batek, Marko Lizinio Krasok, zapaldu zituen Sotioko guduan. Zesarrek kontatzen du bere liburuan Krasoren garaipenaren ondoren, Akitaniaren gehiena haren aurrean errenditu zela, hauen artean Tarbelli, Bigerriones, Preciani, Vocasates, Tarusates, Elusates, Garites, Ausci, Garumni, Sibuzates, eta Cocosates herriak.[20] Harrezkero, euskaldunen ahaide izan zitezkeen herri hauek Erromaren orbitan geratu ziren, nahiz eta Zesar hil ondoren ere oraindik erresistentzia zantzuak izan ziren K.a. 27 urtera arte,
Akitaniarrak inor izan baziren Zesarrentzat, ez dirudi baskoien tribu, herri edo izenarekin topo egin zuenik. Sotiateen guduetan k.a. 56an Pirinioetako hegoaldeko laguntzaileak izan zituztela akitaniar haiek kontatzen du Zesarrek, baina herri horiei kantabriar deitu zien.[21] Zesarrek parte hartu zuen Gerra Zibileko Iberiako gertakariak De Bello Hispaniensis liburuan jaso zituelarik Zesarrek, han ere ez da baskoien aipurik, eta nagusiki Iberia hegoaldean gertaturikoak kontatzen dira bertan.
Zesarren irudia
aldatuJulio Zesarren itxura fisikoaz jende askok aro modernian irudi jakin bat izan arren, bere benetako itxuraz oso datu fidagarri gutxi daude. Dudarik gabe datatutako irudietan, Zesar hil aurretik egin ziren txanpon batzuetako profila daukagu.
Arlesko museoan dagoen bustoa, zeina Rodano ibaian aurkitu zen, edo Zesar berdea, Egipton agertutakoa eta ustez Kleopatraren enkarguz egindakoak jo izan dira Zesarren irudi benetakotzat, baina ez dago ebidentziarik ez hauek, ezta Tusculum edo Chiaramonti bustoak ere (hauek ere fidagarritzat joak historiaren uneren batzuetan) Zesarrenak direnik.[22] [23]
-
Zesar bizi zeneko txanpona, bere profilarekin.
-
Zesar berdea esaten zaiona.
-
Arlesko Zesar, Rodano ibaitik jasoa.
-
Tusculum bustoa.
-
Chiaramonti bustoa, Vatikanoko museoetan dagoena.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Goldsworthy, Adrian, Cesar, 94. orr.
- ↑ Montanelli, Indro, Historia de Roma, 228. orr.
- ↑ Goldsworthy, Adrian Grandes Generales del Ejército Romano, 213. orr.
- ↑ Montanelli, Indro Historia de Roma, 221-223. orr.
- ↑ Goldsworthy, Adrian Cesar, 267. orr.
- ↑ Goldsworthy, Adrian Cesar, 456. orr.
- ↑ Plutarko, Vidas Paralelas, César, 15. orr.
- ↑ Kohn, G.C.. (1986). Dictionary of Wars. , 374 or..
- ↑ Goldsworthy, Adrian César, 337-338. orr.
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 35
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 35 in fine
- ↑ Hornblower, S., Spawforth, A., ed. The Oxford Companion to Classical Civilization. , 219–24 or..
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 39
- ↑ Montanelli, Indro Historia de Roma. 255. orr.
- ↑ Goldsworthy, Adrian César 651. orr.
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 82. orr.
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 80. orr.
- ↑ Suetonio, Vida de los doce Césares, César, 88. orr
- ↑ «Euskararen antzinako hedadura toponimia eta arkeologiaren argitan» www.basquecountry.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
- ↑ «C. Julius Caesar, Gallic War, Book 3, chapter 27» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
- ↑ Ansa, Mikel P.. (2023-06-20). «Konkistaren trazak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
- ↑ (Ingelesez) «Will the real Julius Caesar please stand up?» Magazine 2022-01-04 (Noiz kontsultatua: 2023-06-19).
- ↑ «The Tusculum and Chiaramonti Caesars – Italian Art Society» www.italianartsociety.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-19).
Bibliografia
aldatu- Goldsworthy, Adrian. (2007). Grandes Generales del Ejército romano.. (3. argitaraldia) Ed. Ariel S.A. ISBN 978-84-344-6770-5..
- Montanelli, Indro. (2003). Historia de Roma. Bartzelona: Debolsillo ISBN 978-84-9759-315-1..
- Plutarko. (2007). Vidas paralelas: Obra Completa, Volumen VI: Alejandro & César; Agesilao & Pompeyo; Sertorio & Eúmenes. Madril: Editorial Gredos ISBN 978-84-249-2881-0..
- Suetonio Trankilo, Gaio. Las vidas de los doce césares. Madril: Editorial Gredos.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julio Zesar |