Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Kamera mugimenduak ikus-entzunezkoen funtsezko ezaugarrietako bat dira, horien gakoa errealitateko mugimendua irudikatzea da-eta[1]. Izan ere, mugimendu hauek plano barruan altuera, distantzia edota angelu aldaketak eragiten dituzte (plano-sekuentzietan bereziki)[2]. Jean-Luc Godard zine zuzendariak honela definitu zuen kamera mugimendua:

Travellinga

"Kamera mugimendua ez da arazo tekniko bat, aukeraketa moral bat baizik"

Lauro Zavala ikertzaileak, berriz, honakoa erantsi zion Godard-en definizioari:

"Ikuspuntuak pantaila eta ikuslea artikulatzen ditu; barne-esperientzia eta ondorio politikoak, eta, hitz batean, zinema-esperientziaren dimentsio etikoa eta estetikoa"[3]

Irudi motak ikus-entzunezkoetan

aldatu

Ikus-entzunezko edozein narraziotan, mugimenduaren arabera, bi ikuspegi daude:

  • Irudi estatikoak: Mugimendurik ez dutenak: besteak beste, margoak edota irudi izoztuak (kontakizunaren denborazkotasuna eteten dutenak: argazkiak, erretratuak...)[2].
  • Mugimendua duten irudiak: Hauen artean, bi mota bereiz daitezke:
    • Barne mugimendua: Filmatzen diren objektuen mugimendua; hots, planoaren barneko elementuen mugimendua (pertsonaiak eta objektuak mugitu egiten dira enkoadraketaren barruan).
    • Kamera mugimendua: Kamera bera mugitzen denean. Kameraren mugimendua bi motatakoa izan daiteke (mugimendu biak batera ere egin daitezke):
      • Kamerak bira egiten du, baina ez da lekuz aldatzen.
      • Kamera lekuz aldatzen da, desplazamenduaren bidez[1][2].

Artikulu honetan kamera mugimenduetan soilik sakontzen da.

Kamera mugimenduak (enkoadre mugikorra)

aldatu

Mugimendu fisikoak

aldatu

Panoramika

aldatu

Panoramika deritzo kamerak bere ardatz bertikal zein horizontalarekiko egiten duen errotazio-mugimenduari (euskarri finko baten gain mugitzen da, beraz, eta ez espazioan zehar). Sarritan, intereseko objektuen (pertsona bat, ibilgailu bat...) mugimendua jarraitzeko balio du[1][2][4].

  • Panoramika horizontala: Eskuinetik ezkerreranzko (edo alderantziz) mugimendua. Batzuetan "erratz efektua" (kamera nora doan ez jakitearen sentsazioa alegia) sor dezake.
    • Segikakoa: Kamera mugimendu ohikoena da, mugitzen ari den subjektuaren jarraipena egiten duena.
    • Ikuskapenekoa: Eszenan zehar ibilbide geldo bat egiten da, ikus-entzuleak xehetasun guztiei errepara diezaien. Dramatismoa eta ikusmina sor ditzake, edo nolabaiteko dezepzioa islatzeko ere balio dezake.
    • Etena: Mugimendu luze baina leuna da, kolpean gelditzen dena kontraste bisual bat sortzeko. Egoera dramatikoetan edo lakonikoetan erabiltzen da[5].
    • Ekorketa: Mota oso berezia da, oso azkarra eta iradokitzailea. Trantsizio gisa erabiltzen da: irudi finko batetik beste irudi finko baterako bidea egiten da, eta, mugimenduaren abiaduraren ondorioz, tarteko xehetasunak ezin dira hauteman[4].
  • Panoramika bertikala: Behetik gorantz (edo alderantziz) egindako mugimendua.
  • Panoramika kulunkaria: Mugimendu kulunkaria.
  • Panoramika zirkularra: Mugimendu horizontala, 360 graduko angeluan egiten dena.

Panoramikaren funtzioak hainbat izan daitezke. Besteak beste:

  • Deskriptiboa: Panoramikak deskribapen hutsak izan daitezke, ikuslea espazio harreman edota egoera batean kokatzen dutenak. Akzioa gertatzen den ingurunea erakusten dute, eta askotan eszena baten sarrera edo amaiera emateko erabiltzen dira (gehienetan, helburua zerbait aurkeztea edo ixtea da). Horrez gain, narrazioaren interesgune batetik beste interesgune batera eraman gaitzakete panoramikek[1][2][4].
  • Adierazkorra: Inpresio, ideia edo sentsazio bat iradoki nahiean, zenbaitetan kameraren erabilera ez errealista egiten da[2][4].
  • Subjektiboa: Azken puntu honi loturik, pertsonaia jakin bat ikusten ari dena erakusteko ere erabiltzen dira panoramikak[1].
  • Dramatikoa: Panoramikek, narrazioaren araberakoak direnean, akzioaren zenbait elementu lot ditzakete, harreman espazialak sortuz pertsonaiaren eta hark begiratzen duen objektuaren artean. Baliabide honek kontakizunean esku har dezake, beraz, eta hori dela-eta erabakiorragoa eta interesgarriagoa da. Izan ere, panoramikek pertsonaia batzuk beste pertsonaia batzuekin edo objektuekin erlazionatzen dituzte eta, adibidez, areriotasun, mehatxu edo nagusitasun taktikoaren sentsazioak sor ditzakete[1][2][4].

Travellinga

aldatu

Travellingak kamerak espazioan zehar egiten dituen translazio- edota desplazamendu-mugimendu mekanikoak dira; hots, euskarriarekin batera mugitzea, halako moldez non konposizioa eta ikuspegia aldatzen diren (eta irudiaren fondoak bolumena eta sakontasuna irabazi edo galtzen duen). Kameraren ibilbideak eta bere ardatz optikoaren angeluak konstantea izan behar du. Travellingak garabi baten bidez, Dolly baten bidez edo trenbidearen antzeko beste sistemen bidez (euskarri baten gainean; esaterako, auto batean) egiten dira gehienetan[1][2][4].

  • Aurrera-travellinga (avanti): Kamera pertsonaiarengana edo objektura hurbilduz mugitzen da. Funtzio psikologikoa eta dramatikoa izaten du, baina bereziki barnekotasun funtzioa; espazio sarrera edota deskribapena egitea, alegia. Bestetik, tentsio mentala ere isla dezake. Horrez gain, aurreranzko travellinga eta "zoom out"-aren (atzeranzko zooma) kontrastearen bidez, bertigo sentsazioa transmiti daiteke.
  • Atzera-travellinga (retro): Kamera pertsonaiarengandik edo objektutik urrunduz mugitzen da. Funtzio deskriptiboa du, plano laburretik plano orokorrera igarotzen baita (eta horrela subjektuaren ingurunea erakusten baitu); hortaz, amaiera, urruntzea edo bakartasuna azpimarra ditzake.
     
    Travelling zirkularra
  • Travelling bertikala: Ardatz bertikala erabiliz, kamera gora eta behera doa, subjektuari jarraituz.
  • Albo-travellinga: Kamerak, albotik (eskuinetik ezkerrera edo alderantziz), mugitzen den subjektuari jarraitzen dio. Horregatik, "travelling paraleloa" ere esaten zaio. Funtzio deskriptiboa izan ohi du.
  • Zirkularra edo arku formakoa: Kamerak 360 graduko angelua osatzen du subjektuaren inguruan. Estutasun eta zorabio sentsazioak sortzen ditu, baina ez da oso ohikoa[1][2].

Travellingaren funtzioak ere hainbat izan daitezke; besteak beste, funtzio etikoa, deskriptiboa edo espresibo-dramatikoa[2].

Kamera Z dimentsio edota ardatzaren baitan errotatzean datza. Eskuinerantz zein ezkerrerantz egin daiteke, eta gradutan neurtzen da, planoan desbideratzea sortuz[6].

Mugimendu optikoak

aldatu
  • Zoom-a (edo "travelling optikoa"): Mugimendu hau foku aldagarria duten kamerekin (hau da, zoom objektiboa dutenekin) egiten da, eta kamera mugitu gabe objektuak hurbildu edo urrundu daitezen lortzea ahalbidetzen du. Hau da, aurrera- edo atzera-travelling itxura duen efektua lor daiteke mugimendu honen bidez. Horregatik, "travelling optikoa" ere deitzen zaio, nahiz eta, travellingarekin ez bezala, kasu honetan hurbildutako objektuak konprimitu egiten diren (ez ditugu objektuen atzean ezkutatutako zonaldeak deskubritzen travellingarekin egin ahal dugun bezala). Zoomak, baina, ez du batere efektu errealista eragiten; izan ere, interesgunetik hurbildu edo urrundu egiten gara, hartualdian distantzia fokala aldatuz eta enkoadraketaren zabalera handituz (hau da, irudia handitu edo txikitzen da), baina kamera mugitzen ez denez, hartualdiaren konposizioa eta perspektiba (ikuspegia) ez dira aldatuko. Hortaz, ez da komeni plano berean aurreranzko eta atzeranzko zoom bikoitza erabiltzea[1][2][7].
  • Fokuratzea: Fokuaren desplazamendua mugimendu optikotzat har daiteke, plano baten barruan elementu berriak aurkitzeko aukera ematen baitu, fokuarekin haiek agerrarazi edo "ezkutatzetik" abiatuta.
    • Distantzian oinarritutako fokuratzea: Mugimendu klasikoa da, objektutik kamerara dagoen distantzian eta objektiboaren fokatze-eraztuna kokatuta dagoen foku-distantzian oinarrituta objektuak ezkutatzen edo agerrarazten dituena. Irudiaren Z dimentsioan (sakoneran) oinarrituta jarduten du, eta eragin nabarmena izan dezake X eta Y dimentsioetan ere, objektuen ertzetan gertatzen den desenfokatze kantitatearen arabera.
    • Fokuaren mugimendu arbitrarioa edo foku-puntuaren ezkutatzea: Mugimendu optiko hau lente edo iragazki espezializatuekin sortzen da, Lensbaby-ekin adibidez, zeinak, lente baten unitateek beste unitateekiko eta kameraren babesarekiko duten kokapenaren manipulazioari esker, fokua irudiaren barruan dagoen eremua eta magnitudea bereiztea lortzen baituten, objektutik kamerarainoko distantzia alde batera utzita (hots, lenteari eta diafragmari esker lortutako eremu-sakonera alde batera utzita). Mugimendu honek planoa optikoki mugitzen du X eta Y dimentsioetan (goialdean eta zabaleran oinarrituta funtzionatzen du, modu arbitrarioan). Z dimentsioan oinarritzeko ilusioa eman dezake, desfokuratzea arbitrarioki aplikatuz hurbileneko edo urrunagoko eremuetan, distantzia desenfokearen irudipena emanez.
    • Eremu-sakoneraren mugimendua: Lente baten diafragma itxi edo irekitzetik abiatuta, mugimendu bat sortzen da eremu-sakoneran, Z ardatzaren edo irudiaren sakoneraren barruan plano horren xehetasunak agertuz edo ezkutatuz. Sakoneran oinarrituta funtzionatzen du, beraz. Bestalde, planoaren X eta Y dimentsioetan eragin arina izan dezake, eta normalean diafragma-balioen arteko jauzirik gabeko diafragma-lente jarraituekin egiten da.
    • Perspektibaren manipulazio-mugimendua: Tilt and shift motako lenteetatik abiatuta, irudiaren fokua eta perspektiba-lerroak deformatzen, luzatzen, zuzentzen edo hedatzen dituzten mugimenduak egin daitezke, hurbileko objektuak urrunekoak, irudiaren beheko aldekoak edo erdikoak baino zabalago agerraraziz; horrela, irudiaren distortsioak edo manipulazioak eragiten dituzten mugimenduak egin daitezke hiru dimentsioetan[7].

Mugimendu digitalak

aldatu
  • Eskala edo zoom digitala: Lenteen mugimendu mekanikoaren gauza berbera da, baina modu digitalean. Mugimendu optiko bat bezala hartzen da, plano baten barnean elementu berriak aurkitzea ahalbidetzen duelako, fokuarekin haiek agerrarazi edo "ezkutatzetik" abiatuta.
  • Desplazamendua edo irudi-sentsorearen egonkortzea/estabilizazioa: Kameraren sentsorea bere posizioa aldatu gabe mugitzen da. Mugimendu honek travelling arin bat bezala jokatzen du, baina ez da gauza bera, irudiaren sentsorea lentearen izpi fokalaren barnean mugitzen baita, begirada perspektiba aldatu gabe[8].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i Bengoetxea Jaio, Iñaki. (2019). Ikus-Entzunezko Narrazioa: zinema eta bideoa. IRALE, 15-19 or..
  2. a b c d e f g h i j k Iturbe Tolosa, Andoni (2018). "Kamera mugimendua", Ikus-Entzunezko Hizkuntza [klaseko oharrak].
  3. (Gaztelaniaz) Zavala, Lauro. (2015). Narratología y Lenguaje Audiovisual. Universidad Nacional de Cuyo Mendoza, Argentina.
  4. a b c d e f Pagadigorria Ruiz, Aintzane (2019). "Kamera mugimenduak", Ikus-Entzunezko Sormen Teknikak [klaseko oharrak].
  5. «Movimientos físicos - Mi sitio WEB GTGB» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).[Betiko hautsitako esteka]
  6. (Gaztelaniaz) Unknown, Publicado por. PLANOS Y MOVIMIENTOS DE CAMARA. (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  7. a b «el cine: MOVIMIENTOS DE CÁMARA» el cine (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  8. (Gaztelaniaz) «Movimientos de cámara • Blog de Cortorama» Cortorama (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu