Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Konstantino I.a Handia

Konstantino I.a» orritik birbideratua)

Konstantino I.a Handia[1] (latinez Gaius Flavius Valerius Aurelius Constantinus; Naissus, Mesia, 272ko otsailaren 27a - Nikomedia, 337ko maiatzaren 22a), erromatar enperadorea izan zen 306ko uztailaren 25etik hil zen arte.[2]

Konstantino I.a Handia


Erromatar enperadorea

306ko uztailaren 25a (egutegi gregorianoa) - 337ko maiatzaren 22a (egutegi gregorianoa)
Pontifex maximus

306ko uztailaren 25a - 337ko maiatzaren 22a
Antzinako Erromako senataria

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFlavius Constantinus
JaiotzaNiš272ko otsailaren 27a
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaNikomedia337ko maiatzaren 22a (65 urte)
Hobiratze lekuaApostoleion
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaKonstantzio Kloro
AmaHelena Konstantinoplakoa
Ezkontidea(k)Minervina
Fausta (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaKonstantinotar dinastia
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, militarra eta subiranoa
Lan nabarmenak
Santutegia
Maiatzaren 21 eta Apirilaren 6
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
Antzinako Erromako erlijioa

Garrantzia

aldatu

Konstantino bi motiborengatik da gogoratua. Alde batetik Bizantzio, gaur egungo Istanbul, birfundatu zuen eta Konstantinopla («Konstantinoren hiria») izena eman zion. Beste aldetik, Milango Ediktua plazaratu zuen 313an. Honi esker kristautasuna zilegi bihurtu zen, eta handik aurrera ez zen jazarria izan. Nizeako I. kontzilioa ere ahalbidetu zen Konstantinoren politikarengatik. Izan ere, Konstantino lehenengo enperadore kristaua izan zen, bataioa hil baino lehentxeago hartu bazuen ere.

Bizitza

aldatu

Gaztaroa

aldatu

272ko edo 273ko otsailaren 27an jaio zen Konstantino Naissusen, gaur egungo Serbian. Gurasoak Konstantzio Kloro, greziar jenerala, eta Helena izan zituen; ama, Bitinia jaioa, jatorri umila zuen, Konstantziok bere karrera militarraren hasieran konkubinaz hartu zuen arte. Aita Helena utzi behar izan zuen Flavia Maximiana Teodorarekin ezkontzeko.[3] Teodora Maximiano enperadorearen alaba edo alabaordea zen. Baina Konstantziok seme bastardoaren ardura hartu zuen. Ama, Helena, bere bizitzatik desagertu zen enperadore bakarra izan arte. Konstantinoren haurtzaroaz eta gaztaroaz ez dago informaziorik.[4]

Lehen Tetrarkia

aldatu

IV. mende hasieran, Inperioa tetrarkia batek gobernatzen zuen: bi augusto, Diokleziano eta Maximiano, eta bi zesar, Galerio eta Konstantzio Ia.. Boterea lauen artean banatzen zen baina Diokleziano, sistemaren sortzailea, goi autoritatea zen.

293an, Dioklezianok zesar titulua eman zion Konstantzio Klorori 293an, eta Konstantino Nikomedia hirian aritu zen Dioklezianoren zerbitzura.[5] Nikomedian bere ikaskuntzarekin jarraitu zuen Konstantino gazteak, greziera eta latina ikasten. Dioklezianoaren armadan, bestetik, borrokatu zuen Egipton zein Mesopotamian. Urte horietan Minervina izeneko gaztearekin ezkondu zen. Minervina aristokraziakoa zen eta ziur aski Antiokian bisitan zegoenean ezagutu zuen. Seme bakarra izan zuten, Krispo, 303. urte inguruan jaio zena. Emakume honetaz informazio gutxi dago baina ziur aski laster hil zen.[6]

Bigarren Tetrarkia (305-312)

aldatu

305. urteak lehen tetrarkiaren amaiera markatu zuen. Augusto titulua zutenek, Maximianok eta Dioklezianok berak, erretiroa hartu zuten. Konstantzio Klorok titulu hori jaso zuen orduan. Bigarren tetrarkia honela osatuta geratu zen: Konstantzio Kloro edo Konstantzio I.a eta Valerio Severo, augusto eta zesar bezala, hurrenez hurren, mendebaldean, eta Galerio eta Maximino Daia, bere iloba, inperioaren ekialdean. José Manuel Roldán Hervás historialariaren hitzetan «Egia esan, Galerio izan zen Dioklezianoren benetako oinordekoa, eta berari zor zioten bai Daiak eta bai Severok bere boterea; Konstantzio, berriz, berari esleitutako lurraldeen administrazioan okupatua, bazterrean mantentzen zen». Botere nagusia Galiok zuen, beraz.

Konstantino, berriz, Dioklezianoren abdikazioaren ondoren, Galerioren aginduetara jarri zen, Sarmaziarren aurka borrokatuz, nahiz eta bere aita Konstantzio Klorok laster eskatu zion Britaniara joateko, probintziako mugak mehatxatzen zituzten piktoen aurka borrokatzeko.[7]

Tetrarkiaren sistemaren hauskortasuna berehala nabarmendu zen. Konstantzio gaixotu egin zen eta 306ko uztailaren 25ean, sukar batek jota, hil egin zen. Bere seme Konstantino bere ondoan zegoen Eborakum-en (gaur egungo York hiria), non bere aitaren oroimenari leial zitzaizkion tropek egun horretan bertan augusto aldarrikatu zioten — eta ez zesar — , sistema tetrarkikoa zalantzan jarriz. Kroko jeneralak, aitari leial jarraituz, Konstantino augusto aldarrikatu zuen. «Konstantinok, mende askotako tradizioari jarraiki, bere aita zena jainkoen artean hartzeko agindu zuen. Gorpua sutan erretzen ari zela, arrano bat — kaiola batetik askatua — airean gora igo zen, hildakoak zerura egin zuen igoera sinbolizatzen zuena. Horrela, Konstantzio jainko bat zen, eta Konstantino, beraz, jainko baten semea».[8] Hurrengo 18 urteetan Konstantinok etengabe borrokatu behar izan zuen titulu hori defenditzearren.

Konpromisozko formula gisa, Galeriok Konstantino Zesar izendatu zuen, Britania eta Galiaren gaineko autoritatearekin, izendapena harengandik zetorrela argi utziz, eta ez Konstantzio Klorororengandik, Valerio Severo augustoren duintasunera igotzen zuen bitartean. Baina konponketak ez zuen funtzionatu hirugarren bat agertu zelako, Maxentzio, aurreko tetrarka Maximianoren semea, pretore-guardiak, jendailaren laguntzarekin, urte bereko urrian Erroman augusto aldarrikatu zuena. «Dioklezianoren plana Konstantinoren usurpazioarekin zalantzan gelditu bazen, Majentziorenarekin behin betiko erori zen», adierazi du Manfred Claussek.[9]

Maximiano, orduan, "bigarren aldiz augusto" bezala itzuli zen politikagintzara, bere seme Majentzioren asmoen alde egiteko, eta Severo garaitu zuen; Severo bere tropek abandonatua zegoen, zati handi batean Maximianoren antzinako beteranoak baitziren. Severok bere burua entregatu zuen baina Galeriok, bere armadarekin Erromarako bidean, hil arazi egin zuen. Galerioren mehatxuaren aurrean, Maximianok Konstantinoren laguntza bilatu zuen, augusto bezala onartuz, eta ituna sinatzeko Fausta zazpi urteko alaba txikia berarekin ezkondu zuen. Hala ere, Majentziok, Galerioren erretiratzearen ondoren sendoturik, ez zuen akordioa onartu, eta Maximiano Galiara ihes egitera eta bere suhiaren gortean babestera behartu zuen, Augusta Treverorumen (Treveris); han Konstantinok jauregi handi bat zuen.

Enperadoretzarako guduetan, Maximianorekin aliatu zen hasieran. Haren alabarekin ezkondu zen eta, azkenean, bere buruaz beste egitera behartu zuen 310. urtean. Panorama "sinplifikatu" egin zen urtebetera Galerio hil zenean —egun batzuk lehenago, sei urte lehenago hasitako kristauen jazarpenari amaiera ematen zion Serdikako tolerantzia-ediktua aldarrikatu zuen—. Inperioaren gobernua lau augustoren artean banatzen zen: bi mendebaldean (Konstantino eta Maxentzio) eta bi ekialdean (Lizinio eta Maximino Daya), nahiz eta Maxentzio ez zuten beste hirurek onartzen.[10][11]

Triarkia (312-313): Mendebaldea eskuratzeko borroka

aldatu
 
Konstantinoren konbertsioa, 1622, Rubens, Philadelphia Museum of Art.

Konstantino eta Lizinio itun bat lotu zuten ezkontza baten bidez: Lizinio Konstantinoren arrebaorde batekin ezkondu zen: Flavia Julia Konstancia. Maximiano Daya, horren aurrean, mehatxatuta sentituz zen; ondorioz, Maxentzio onartu zuen. Horrela, aurrez aurre zeuden bi bloke eratu ziren — izan ere, Majentziok Erroman zeuden Konstantinoren estatua guztiak suntsitzeko agindu zuen —.

Konstantinok, orduan, aurrea hartu zuen, eta 312ko udaberrian Alpeak zeharkatu zituen, Maxentziok gotorleku bihurtutako Segusio, Turin, Milan eta Verona hiriak bereganatuz — Verona setiatua eta gosez errenditua izan zen; ondoren, Akilea borrokatu gabe entregatu egin zen —. Borroka erabakigarria, historiako ospetsuenetako bat, Milvio zubiko gudua, Erromako ateetan gertatu zen, non Konstantinoren zain baitzeuden Maxentzioren indar gehienak. Guduaren bezperan, 312ko urriaren 28an, antzinako munduaren itxura aldatuko zuen gertaera bat eman zen: Konstantino kristautasunera bihurtzea. Laktantzio kristauaren arabera, Konstantinok amets bat izan zuen, non Jainko kristauak agintzen zion garaipena ziurtatzeko bere soldaduen armarrian monograma bat marraztu behar zuen, chi (X) eta rho (P) letrekin, hau da, Christos hitzaren lehen bi letrak. Ikur horri Krismoi esaten zaio. Badago hogei urte geroago idatzi zen beste bertsioa bat: Eusebio Zesareakoaren arabera Konstantinoren bisio horretan, gurutze argitsu baten zeruan agertu zen honako hitz hauek zituela: «Ikur honekin irabaziko duzu»; eta Kristo beraren bisioa, berriz, krismoia estandarte inperialaren gainean jartzera gonbidatuz.

 
Krismoia.


Enperadore bakarra (324-337)

aldatu

313. urtean kristautasuna jarri zuen Erromako erlijio ofiziala (Milango Ediktua, 313). Elizako nolabaiteko ortodoxiaren aldeko sutsua izan zen eta Arrioren heresiaren aurka azaldu zen (Nizeako I. kontzilioa, 325). Baina heresia kontuetan gauzak ez zituen oso garbi, eta 331. urtean Nizeako kontzilioko zuzendaria izan zen Atanasio Alexandriakoa elizako doktorea erbesteratu egin zuen. Konstantinok inperioko erlijio batasuna ezarri zuen, eta beretzat hartu zituen senatuak eta armadak zituzten ahal guztiak.

Frankoen eta godoen aurkako eraso gogorrak antolatu zituen eta, 330. urtean, Konstantinopla hiria sortu eta Erromatar Inperioko hiriburu izendatu zuen. Inperioko ondorengotza Konstantinok zesar izendatu zituen Konstantino II.a, Konstantzio II.a eta Konstante bere semeena izan zen. Konstantino I.aren erreinaldian eraiki ziren Erromatar Inperioko lehen monumentu kristauak: Hilobi Santuaren eliza, Jerusalemen; Laterango eta Vatikanoko basilikak, Erroman; Apostoleion eta Santa Sofia, Konstantinoplan.

Genealogia

aldatu

Kanonizazioa eliza ortodoxoan

aldatu

Eusebio Zesareakoaren arabera, Konstantino I.a 337ko maiatzaren 22an hil zen, Mendekoste igandean.[12] Egutegi ortodoxo gehienetan erregistratuta dago, maiatzaren 21ean, bere ama Helena Konstantinoplakoaekin batera, batzuetan 22an, San Konstantino bezala. Greziako eliza ortodoxoan, "Konstantino Apostoluen parekotzat" hartzen zaio.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-20).
  2. http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Konstant20
  3. Drijvers, J.W. Helena Augusta: The Mother of Constantine the Great and the Legend of Her finding the True Cross (Leiden, 1991) 9, 15–17.
  4. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madrid: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2. 22.-23. or.
  5. Roldán, José Manuel (2006). «Constantino, el primer emperador cristiano». La Aventura de la Historia (94): 52-59.
  6. Potter, David (2013). Constantine the Emperor. New York: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-975586-8. 97.-99.or.
  7. Sotinel, Claire (2019). Rome, la fin d'un empire. De Caracalla à Théodoric. 212-fin du V siècle. Catherine Virlouvetek zuzenduta. Mondes Anciens bilduma. Paris: Belin. ISBN 978-2-7011-6497-7. 232.-233. or.
  8. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2, 25.or.
  9. Constantino el Grande y su época, 26.or.
  10. Roldán, José Manuel (2006). «Constantino, el primer emperador cristiano». La Aventura de la Historia (94): 55.or.
  11. Clauss, Manfred (2001) [1996]. Constantino el Grande y su época [Konstantin der Grosse und seine Zeit]. Flashback bilduma, 15.zk. Madril: Acento Editorial. ISBN 84-483-0611-2. 27-28.or.
  12. https://remacle.org/bloodwolf/historiens/eusebe/constantin1.htm

Kanpo estekak

aldatu