Kontsonante
Ahosmoldeak |
Trabariak |
Igurzkariak (frikariak) |
Herskariak |
Leherkariak |
Afrikatuak |
Eiektiboak |
Inplosiboak |
Klikak |
Hasperendunak |
Ozenak |
Sudurkariak |
Albokariak |
Dardarkariak |
Hurbilkariak (irristariak) |
Ahostunak / Ahoskabeak |
Ahostunak |
Ahoskabeak |
Kontsonantea ahobideko puntu batean edo gehiagotan eragozpen osoa edo partziala duen hotsa da; eragozpen horrek sortzen du soinua.[1] Hotsak eragozpen edo trabarik ez badu bokala da.
Euskaraz bokalekin silabak osa daitezke. Kontsonanteek, ordea, ezin dute beren kabuz silabarik osatu; bokal baten laguntza behar baitute.[2] Beste hizkuntza batzuetan, ordea, kontsonante silabagileak ere daude. Esate baterako, ingelesezko stop hitzaren hasierako -s- soinu hori silabagilea da.
Hitza latinezko consonans ("zerbaitekin soinua egin") hitzetik dator: horrnek zera adierazi nahi zuen, kontsonante batek alboan bokal bat ez bazuen, ezin zela latinez ahoskatu. Hala ere, kontsonantea ahoskatzeko, zenbait hizkuntzak ez dute bokalik behar.[3]
Munduko hizkuntzetan hizkuntza soinuen kopurua alfabeto bakar bateko hizkien kopurua baino askoz handiagoa denez, hizkuntzalariek Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa (IPA) bezalako sistemak asmatu dituzte kontsonante bakoitzari sinbolo bakar eta argi bat emateko.
Alfabetoan
aldatuEuskal alfabetoa[4] latindar alfabetoaren aldaeretako bat da eta kontsonanteok ditu: B, C (eta haren aldaera Ç), D, F, G, H, J, K, L, M, N, Ñ, P, Q, R, S, T, V, W, X, Y, Z
Alfabeto zirilikoan, berriz, hauek: Б, В, Г, Д, Ж, З, К, Л, М, Н, П, Р, С, Т, Ф, Х, Ц, Ч, Ш, Щ
Munduko hizkuntzetan egin daitezkeen kontsonante hotsak edozein alfabetotako letrak baino askoz gehiago direnez, hizkuntzalariek Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa (NAF) sortu zuten, kontsonante guztien transkripzioan laguntzeko, hizkuntza arrunten alfabetoak baino lanabes hobea izateko.
Euskal ortografia
aldatuEuskal alfabetoak, gaur egun letra latinoak erabiltzen dituen arren (Irulegiko aztarnategian (Nafarroa Garaia) aurkitu berri den eskua erakusten digu ez dela beti hala izan), badirudi garai batean iberiar hizkuntzarekin antzekotasun ugari zituen alfabetoa zeukala.
Dena den, euskal alfabetoak denboran zehar aldaerak izan ditu Euskaltzaindiak (euskararen batasun literarioa lortze bidean eta Koldo Mitxelenak proposatutakoari jarraituz[5]) 1994ko azaroaren 25ean indarrean dagoena onartu arte. Honela dio Euskara Batuaren Euskal Alfabetoaren Letren Izenak 17. arauak: «Euskal alfabetoa edo ABC-a hogeita zazpi letrak osatzen dute, ordena honetan jarriak, beren izena ondoan dutelarik: a (a), b (be), c (ze), d (de), e (e), f (efe), g (ge), h (hatxe), i (i), j (jota, k (ka), l (ele), m (eme), n (ene), ñ (eñe), o (o), p (pe), q (ku), r (erre), s (ese), t (te), u (u), v (uve), w (uve bikoitza), x (ixa), y (i grekoa), z (zeta)[6].
Letra hauetatik c eta honen aldaera ç (c hautsia), q, v, w eta y, ohiko euskal hitzak idazteko erabiltzen ez diren arren, kanpotar izenak transkribatzeko beharrezkoak direlarik, euskal alfabetoan sartzen dira.
Komeni da, beraz, euskal hiztegiak abc honetako letra ordenaren arabera sailkatzea.
Dena den, arauak honako oharra dakar: Arau honek lehendik harturiko erabakia zehazten/aldatzen du. Ikus Euskera XXIV, 1979, 2, 703-704 orr.»
Hala ere, esan bezala, Euskal alfabetoak aro ezberdinak ezagutu ditu, baina, beti ere, zeinu latindarrei jarraituz. Larramendi eta Cardaverazek eta gerogo Luis Luziano Bonapartek eta Augustin Chaok saiakera batzuk egin bazituzten ere, Sabino Arana Goiri izan zen alfabetoen letrak aldatzeko proposamen zehatza egingo zuena 1901eko irailaren 16an, Hendaian (Lapurdi) egindako Lehen Ortografia Kongresuan. Urte batzuk lehenago, Lecciones de Ortografia del Euzkera Bizkaino liburua argitaratua zuen, eta, bertan, gaia lantzen zuen. Badirudi proposamena ez zela gustukoa izan, eta hurrengo urtean Hondarribian ospatuko zen 2. kongresuan erabakitzeko utzi zen. Bigarren kongresua 1992ko irailaren 11an egin zen Hondarribian, eta Sabino Aranak (ezin izan zuen parte hartu, kartzelan baitzegoen) proposatutakoa ez zen onartu. Ahalegin horiek guztiak, 1918. urtean, Euskal Akademia (Euskaltzaindia) eraketara eramango zuen, eta hark 1920ko urtarrilaren 8an egindako batzarreko 6. puntuan gaiaz jardun, eta hauxe erabaki zuen: «Eztabaida barik, izki-ikuŕ aunitz egokietsi ziran. Bakaŕ bat astiroago begiratu izan zan, "s" bustiari (eliztian esan oi dan bidez) dagokiona. Autaŕkitara yo-ta (autaŕki batzuk auŕka zeudelarik), izki aren ikuŕtzat "x" autetsi zan. Beraz, Euskaltzaindia'k beretzakotu duan euskal abeze auxe da: a, e, i, o, u, ü a, e, i, o, u, ü (Sudur-aboskientzat, euskalkiren baten beaŕ balira, izki orien gaiñean maŕa txiki bat jaŕi.) b, d, đ, f, g, h, j, k, l, ĺ, m, n, ñ, p, r, ŕ, s, x, t, ṫ, ts, tx, tz, y, z». Batzar bereko 7. puntuan, honako dei hau egiten zien idazleei: «Euskaltzaindia'k gure izkerazko idazle guztiei eskatzen die aŕen, ahal delarik beintzat, idazkera auxe, ta besterik ez, erabil dagiela».
Euskaltzaindiak, 1951ko maiatzaren 29an, honako hau zioen: «Irigarai eta Krutwig jaunen asmoz, gaia ondo-ondo eta zeatz-zeatz azterturik eta eztabaida luze eta bizien ekinik hauxe ebatzi da: 1) Euskaltzaindiak, idazkerea dela-ta, orainarte artuta daukazan erabagiak oraingoz era berean bete daitezala. Baina irarkoletan izki-eredu berezirik eztagonean D, L, R ta T gangardunen ordez DD, LL, RR ta TT izki bikoitzak erabili leitekezala. 2) atzerrietako gizata erri izenetan eta jakituri-itzetan jatorri idazkerea erabili daitela». Kontuan hartu behar da ez soilik inprimategietan zutela letra horiek erabiltzeko zailtasunik, baizik, ordurako, euskal idazle askok ere idazmakinak erabiltzen zituztela, eta horiek ere ez zuten letra horiek ezartzeko aukerarik ematen. Beraz, gainean marra duten kontsonanteak de facto alboratuta gelditu ziren[7].
Ibilbide horren aurrean, azkenean, indarrean dagoena Euskaltzaindiaren 17. araua da, 22 kontsonantez eta 5 bokalez osatua[6].
Euskararen kontsonante sistema
aldatuEuskararen kontsonante guztiak aire-etorriarekin (pulmonic) ekoizten dira. Ez dago euskaraz balio fonologikoa duen beste motatako (non-pulmonic) kontsonanterik, hots, aire-etorririk gabe ekoizten denik; era berean, ez dago kontsonante eiektiborik, klikik eta kontsonante inplosiborik.
Euskal kontsonanteen sailkapena
aldatuKontsonante fonema multzo mugatu bat dago. Euskalki guztietan ez daude fonema berberak eta, jakina, historian zehar, hizkuntza guztietan bezala, aldaketak antzeman dira.
Ahoskabeak / ahostunak
aldatuAire-etorriarekin batera ahotskordak[8] dar-dar, bibrazio ozen batean baldin badaude kontsonante bat ekoizterakoan, kontsonante ahostuna dela esango dugu. Aldiz, ahotskordek ez badute bibrazio ozenik egiten, kontsonante ahoskabe dela esango dugu.
Alboko NAF taulan, koadro bakar batean bi kontsonante agertzen diren koadroetan, --lehenengo koadroan bezala: p eta b --, bi kontsonante horiek oso antzekoak dira. Bien artean dagoen aldea zera da, ezkerreko kontsonantea ekoizterakoan, ahoskabea ekoizterakoan, ahotskordek ez dute bibrazio ozenik ekoizten. Ahotskordek kontsonante ahostunak ekoizterakoan, ordea, bibrazio ozenarekin soinua aldatzen dute.
Ahosmoldea eta ahoskunea
aldatuAireari, eztarritik datorrenean, traba egiten bazaio, nolako traba egiten zaion ikusi behar da (ahosmoldea) eta traba non egiten zaion traba (ahoskunea).
Ahosmoldea
aldatuAhosmoldeak ahoskatze aparatoak aire etorriari nolako traba jartzen dion begira egiten den kontsonanteen sailkapenaren osagai nagusietako bat da. Mingainak igurtzi ahal du (igurzkarietan bezala) aho-sabaia aurreragotik, atzeragotik edota albo batetik. Edo igurtzi beharrean hurbildu (hurbilkarietan bezala)...
- Leherkariak (herskariak). Ahoskatze aparatoan aire-etorriari traba handia jartzen zaio lipar labur batean eta gero airea azkar askatzen da. Euskaraz herskariak eta leherkariak deitu izan zaie kontsonante hauei. Euskalki guztietan daude. Grafian < b, d, g, p, t, k > letrekin idatzi izan dira. Lehenengo hirurak kontsonante ahostun, azken hirurak kontsonante ahoskabe.
Hiru ahoskune erabiltzen dira gaurko euskaraz:
- < p > eta < b > ezpainbikariak dira, hersketa bi ezpainen elkarketaz gauzatzen da.
- < t > eta < d > horzkariak dira, mihiaren puntak goiko hortzak azkar ukituz ekoizten dira, (NAF horretan sinbolo diakritikoaz idazten dira, letren azpian ozkatxo bat dutelarik).
- < k > eta < g >, ahoskuneari dagokionez, belareak dira, hersketa Ahoskatze aparatoaren atzeko aldean gertatzen da.
- Txistukariak. Euskaraz kontsonante txistukari asko daude beste hizkuntza gehienekin konparaturik. Kontsonante horiek beste zenbait hizkuntza silabagile izan badaitezke ere, euskaraz ez dira inoiz silabagile.
- Igurzkariak (frikariak): Grafian < s >, < x > eta < z > digramekin idazten diren fonemak.
- Afrikatuak: Grafian < ts >, < tx > eta < tz > digramekin idazten diren fonemak.
- Leherkariak (herskariak). Ahoskatze aparatoan aire-etorriari traba handia jartzen zaio lipar labur batean eta gero airea azkar askatzen da. Euskaraz herskariak eta leherkariak deitu izan zaie kontsonante hauei. Euskalki guztietan daude. Grafian < b, d, g, p, t, k > letrekin idatzi izan dira. Lehenengo hirurak kontsonante ahostun, azken hirurak kontsonante ahoskabe.
- Sudurkariak.
- Horzkariartekoak.
- Albokariak.
- Dardarkariak.
- Hurbilkariak (irristariak). Ahoskatze aparatoa itxi egiten da baina ez erabat; ez da hersketarik gertatzen herskari edo leherkarietan bezala. Erdibokal ere esan izan zaie soinu hauei. Gaurko euskaraz bi hauek gauzatzen dira (baina fonemak baino alofonoak dira):
- /j/
- /w/
- / ph /
- / th /
- / kh /
- Eiektiboak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Inplosiboak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Klikak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
Ahoskunea
aldatuAhoskuneak ahoskatze aparatoak aire etorriari non jartzen dion traba begira egiten den kontsonanteen sailkapenaren osagai nagusietako bat da. Aire-etorriari traba ezpainetan, hortzetan, ahoaren aurreko, alboko, atzeko edozein gunetan gerta daiteke. Ezpainkariak
- Irauliak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Mingainkariak
- Ubular-epiglotiarrak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Erradikalak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Faringariak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Epiglotiar-faringariak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Epiglotiarrak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
- Glotalak. Gaurko euskaran ez dago horrelako fonemarik.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Kontsonante. .
- ↑ Miren Lourdes OÑEDERRA OLAIZOLA: Fonetika fonologia hitzez hitz. EHU. 2004
- ↑ Ladefoged, Peter. (2005). Vowels and Consonants. Wiley-Blackwell ISBN 978-1405124591..
- ↑ letra - Euskara Batuaren Eskuliburua (euskaltzaindia.eus)
- ↑ Ortografia (euskaltzaindia.eus)
- ↑ a b Euskal alfabetoaren letren izenak (euskaltzaindia.eus) 17. araua
- ↑ euskera_1949-1964_1.pdf 27. or. (euskaltzaindia.eus)
- ↑ Nahiago izan dugu hemen Lourdes OÑEDERRAren ereduari jarraitu, Fonetika fonologia hitzez hitz. EHU. 2004. (31. or.). Ibon SARASOLAren Zehazki hiztegiari baino.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Kontsonanteak hiru.eus
- Kontsonante-bilkura batzuen ahoskera. Euskaltzaindia