Mark Rothko
Mark Rothko (errusieraz: Марк Ро́тко), Markus Jakovlevitx Rothkowitz (errusieraz: Ма́ркус Я́ковлевич Ротко́вич Markus Yakovlevitx Rothkowitz, letonieraz: Markuss Rotkovičs) jaioa (Dvinsk, 1903ko irailaren 25a - New York, 1970eko otsailaren 25a) Estatu Batuetako pintorea izan zen, jatorriz errusiarra.
1913an Estatu Batuetara erbesteratu zen, eta Oregonen egin zituen ikasketak. 1921etik 1923ra, arte ederrak ikasten aritu zen Yale Unibertsitatean, eta, gero, New Yorkera joan zen. Denboraldi batez Max Weber artistarekin lan egin zuen Arteko Ikasleen Ligan (1926). Hurrengo urteetan, gizarte-gaiak landu zituen batez ere, eta espresionismoaren kolore bizi landuak erabili zituen koadroetan. 1935ean, The Ten taldea osatu zuen, Gottliebekin batera.
Bigarren Mundu Gerran, surrealismoaren bidetik jo zuen. Pintura ez figuratiborantz lerratu zen ondoren, eta, argia eta koloreak nahasiz, iradokizun askotako koadroak lortu zituen. Kolore beltza eta grisa erabili zituen ia soilik azken urteetan.
Forma abstraktuak bakuntzen zituen heinean, formatuak handitzen zituen, harik eta horma-irudietara iritsi zen arte (1949-1950), New Yorkeko espresionismo abstraktuan ohikoa zen bezala. Barnett Newman, Clyfford Still eta Jackson Pollock formatu handiak erabiltzen hasi ziren garai berean, Rothkok kolore biziko bi edo hiru laukitan banatzen zituen eremu handiak. Eremuak eta eremu horien mugak hain ondo lausotzen zituen, ezen koloreen bakuntasun geometrikoa nabarmendu egiten baitzuten. Eremu koloredunek ez zuten inoiz elkar ukitzen. 1969an, gris eta beltzeko koadro-sail bat hasi zuen. Azkeneko lanak kapera baterako egin zituen (1971, Erlijioaren eta Gizakiaren Bilakaerarako Institutuko kapera). 1961ean, erakusketa garrantzitsu bat egin zen Rothkoren lanaren inguruan.
Rothkok bere buruaz beste egin zuen 1970ean. Ameriketako museo handi gehienetan aurki daitezke Rothkoren lanak, batez ere, New Yorkeko MoMA museoan, eta baita Europan ere, besteak beste, Parisko MNAM museoan eta Londresko Tate Galleryn.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mark Rothko |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.