Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Muladi gisa ezagutzen ziren Erdi Aroan al-Andaluseko lurretan bizi izan ziren jatorri iberiardun musulmanak, hots, musulman etnikoki ez-arabeak. Horiek iturri andalustarretan muwallad gisa identifikatuak agertuko liratezke.

XVI. mendeko aljamiado testua, hau da, erromantze hizkuntzako testua arabiar alfabetora transkribatua

Uste da hasiera batean “muladi” hitza agintarien kliente edo mawlà izatearen ondorioz arabiar bizimoldea eta hizkuntza hartu dituen pertsona izendatzeko erabilia izan zela. Mawlà (pluralean māwālī) konkista ostean Islamera igaro eta agintari zein tribu arabeekin bezero-ituna aurrera eraman zuten musulan berri etnikoki ez-arabeak izendatzeko erabilia izan zelarik.

Orokorrean esateko, muladiak arabiarrak ez ziren musulmanak zirela esan daiteke, arabiar eliteak kontrolatutako musulmanen komunitatean bizi zirenak. Hain zuzen, musalima delakoen ondorengoak ziren, euren konbikzio edo onurarengatik islamera konbertitu zirenen ondorengoak, alegia. Zentzu horretan, elite arabiarren parte ez zirenez, litekeena da gobernuko kargu altuenak ez okupatu izana eta arabiarrek baino zerga gehiago ordaindu behar izana. Hain zuzen ere, praktikan muladi eta arabiarren artean egiten ziren ezberdinketaren ondorio izan ziren muladiek zuzendu zituzten matxinadak. Horregatik garatu zen al-Andaluseko IX. mendean definizio zehaztuago bat: tokiko errebelde edo matxinatu ikuspegia hartu baitzuten. Botere politiko moduan islatzen dira euren arbasoak konbertitu eta handik belaunaldi batzuetara, eta kaliferriaren hasierarekin batera desagertu ziren.

Etimologia

aldatu

Hitza arabierazko  “muwallad” (مولدون) hitzetik eratorria da euskarara. Muwalladen sustraia “WaLaD” (ولد) da, semea esan nahi duena. Hizkuntzalarien artean batzuetan beste hitzen sustraitzat ere hartu da, adibidez "mulato" edo "mairuak".

Muwallad hitzaren esanahiari dagokionez, ordea, nahiz eta horren erabilera egun galdua egon, ondorengoa esan nahiko luke:  jatorri ez-arabiarreko pertsona, arabiarren artean eta islamiar kulturan hezitakoa; beste era batera esanda, etnikoki guztiz arabeak izan ez baina arabizazioa tarteko baziruditenei egingo lieke erreferentzia muwallad hitzak.

Historia

aldatu

Islamera bilakatutako jendea hainbeste izan zen VIII. eta IX. mendeetan ezen X. menderako gehiengoa ziren al-Andalusen. Hala ere, tokian tokiko Islamaren etorrera aurretiko ohiturak eta ezaugarriak mantenduak izan ziren hein handi batean batez ere lehen mendeetan. Fede-aldaketa omeiar kalifarrek bultzatua izan zen, oro har ez bortxatua.

Alde batetik, gehienak ez-musulmanek izan ohi zuten presio-fiskal handia sahiesteko bilakatu ziren musulman, hau da, dhimmi edo ez musulmanek ordaindu behar zuten Ŷizya izeneko zerga ez ordaintzeko. Aipaturiko zerga hori ez-musulmanek aginte musulmana zegoen eremuetan ordaindu behar izaten zuten zerga litzateke, Islamean sinestu gabe bizitzen jarraitzeko eskubidea ordaintzeko izan ohi zen. Beste aldetik, izan ziren baita sisteman txertatu eta botere eskaletan gora egiteko Islamera bilakatu zirenak. Horiek betiere bigarren mailako hiritar izaten jarraituko zuten, hura izanik IX. mendean izango ziren matxinaden eragileetako bat, Kordobako Estatuarentzat benetako mehatxu izan zirenak. Matxinada horien xedea Estatu Islamikoa mantendu bai baina betiere musulman guztiak berdintzat izango zituen Estatua lortzea zen, testuinguru horretan elite agintariaren parte arabiarrak soilik baitziren.

Muwallad ezagun batzuk

aldatu
  • ˤUmar Ibn Ḥafṣūn

ˤUmar Ibn Ḥafṣūn IX. mende amaiera eta X. mende hasiera bitartean Kordobako agintari omeiarren aurka altxatzeagatik da ezagun. Matxinadak sekulako oihartzuna izan zuen al-Andalus hegoalde guztian, batez ere landa eremuetan; eta bera bezala muladiak zirenak ez ezik, berebereak eta kristauak ere atxiki zitzaizkion borrokara.

Umar ibn Hafun Ronda inguruko muwallad familia aberats batean jaio zen, bere birraitona izan zelarik Islamera konbertitu zena. Denbora batez Afrika iparraldean erbesteratuta egon ostean, al-Andalusera itzuli eta Bobastron gotorleku bat eraiki zuen armada pribatu batekin, eta hain zuzen bertatik hasi zen inguruko guneak arpilatzen eta tokiko autoritate bilakatzen, bai eta estatu Kordobarraren aurka altxatzen ere. Egia da batzuetan omeiarren aliatu moduan jardun zuela, baina praktika hori errotik hautsi zuen 898 urtean, kristautasunera konbertitu zenean. Horrek musulmanen babesa galtzea eragin zuen neurri batean, baina hala ere Estatuarentzat etsai handia izaten jarraitu zuen.

Indar handiena Abd Allah emirraren garaian hartu zuen, amore eman eta ibn Hafsun Rayya-ko (egungo Malaga inguruko) probintziako gobernari izendatu baitzuen.

“Bere jarraitzaileek, aldi berean, bere kausaren eta emirraren aurkako matxinadaren txapeldun nagusitzat jotzen zuten, baina errebelde sutsu hori (...) ezin izan zuten zapaldu, eta, beraz, al-Nāṣir li-Dīn ˤAbd al-Raḥmān (III) kalifak baino ezin izan zuen bere matxinada menperatu.”

Horren ondorioz, matxinatzen jarraitu zuen, bai eta bere boterea handitzen ere. Bere matxinakako elementu eztabaidagarriena kristautasunera konbertitu izana litzateke: batetik, baliteke hori bere iragan bisigotiarra aldarrikatzeko egitea. Horri lotuta legoke haren genealogia ere, zeinetan agertzen den bere arbasorik urrunena Asturiasko Alfontso III.a erregea izan zela. Hala ere, genealogia hori faltsutzat jotzen dute historialari askok. Bestetik, baliteke besterik gabe omeiarren aurka egiteko izatea Estatu Islamiar berri eta berdintzaile baten alde. Hau da, musulman guztiak bai teorian bai praktikan berdinak izango ziren antolaketaren alde.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu