Paloma Miranda de Lage
Paloma Miranda de Lage (Donostia, Gipuzkoa, 1943ko ekainaren 25a – ibidem, 1999ko abuztuaren 1a) historiagilea eta ikerlaria izan zen.
Paloma Miranda de Lage | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1943ko ekainaren 25a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | 1999ko abuztuaren 1a (56 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | historialaria |
Kidetza | Eusko Ikaskuntza |
Bizitza
aldatuPaloma Miranda de Lage Donostian jaio zen, familia burges batean, 1943ko ekainaren 25ean. Hiri berean, frantziar mojek zuzenduriko Jesusen Bihotza Ikastetxean egin zituen lehen ikasketak, eta Peñaflorida Institutuan amaitu zuen bigarren mailako irakaskuntza. 18 urte zituela Bartzelonara joan zen, bere arte-ikasketei ekiteko Massana eskola ezagunean. Ikasketa horietan Bartzelonan bi urte eman ondoren, Donostiara itzuli zen, eta bertan ezkondu zen.
33 urte zituela, bere bi semeak dagoeneko hazita, Geografia eta Historia ikasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, Donostiako campusean, eta Karrera Amaierako Ohizkanpoko Saria lortu zuen. Unibertsitate bereko doktoretza-ikastaroekin jarraitu zuen, eta ikerketa-prozesu zabal bati emango zion hasiera bere espezialitate izango zen gaian: Inkisizioa Euskal Herrian, hura sorgintzaren errito eta jarduera historikoarekin erlazionatuz, eta baita ere erregimen zaharraren alderdiak Lurralde Historikoetan eta Frantziako Iraultzatik heredaturiko eredu liberalarekiko erresistentziak Euskal Herrian. CSICk beka eman zion Yucatango inkisizio-prozesuei buruz ikertzeko, eta Eusko Ikaskuntzak azterketa historiko-juridikoa egiteko Inkisizioaren Auzitegiak Euskal Herrian izan zituen ondorioei buruz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Zumalakarregiren epistola-liburuaren eta objektu pertsonalen tasazioa agindu zion. Bere museo-arloko dokumentazio- eta ikerketa-lanaren ondorioz Zumalakarregi museoa sortu zuten, eta bertan lan egin zuen aholkulari historiko gisa. Artearen zale porrokatua zen haren adierazpide guztietan, komisario-lanetan parte hartu zuen hainbat erakusketatan, eta hizlari gisa ere aritu zen hainbat eta hainbat kultur programaziotan. Francisco de Ibero Institutuko kide izan zen, Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa zaintzea helburu duena. Zutabegile-lanetan aritu zen El Mundo del País Vasco, Egin eta Gara egunkarietan. Adierazitako prentsa-artikuluez gain, hainbat argitalpenetan parte hartu zuen Baionako Ikasketa Juridikoen Instituturako, Eusko Ikaskuntzaren atal-koadernoetarako, Auñamendi Eusko Entziklopediarako eta Emakunde aldizkarirako. 1988ko otsailean Zarauzko batzarrean parte hartu zuen, zeinean oinarrituta Forum Feminista sortu baitzen, eta pertsona batek baztertuen historia aztertzeko ardura bere gain hartu zuen. Bederatzi urtez izandako gaixotasun baten ondorioz hil egin zen 1999ko abuztuaren 1ean.