Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Rosa Arregi

Euskal erraketista profesionala
Rosita Arregi» orritik birbideratua)

Rosa Arregi Arriaga (Mallabia, Bizkaia, 1922ko urriaren 19aValentzia, 2004ko abenduaren 15a) erraketista profesionala izan zen hogei urtez, atzelari postuan Madril, Bartzelona eta Mexikoko hainbat pilotalekutan aritu izandakoa. Espainiako txapelduna 1944 urtean, Rosita eta La Atómica gaitzizenekin ezagutu zuten kantxan.[1]

Rosa Arregi

Bizitza
JaiotzaMallabia1922ko urriaren 19a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaValentzia2004ko abenduaren 15a (82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkirolaria
Izengoitia(k)Rosita
Erraketistak

Biografia

aldatu

Mallabiko herriguneko Kalbarixo kalean jaio zen, Josepa Txikinean, bere amaren izenetik ezaguna zen etxean. Josepa Arriaga Uberuaga, Ametza baserriko alaba mallabitarra, etxeko ortuariak salduaz ateratzen zuen bizimodua. Aita, Anbrosio Arregi Astarloa, Aldasoloko semea, trenbideetan zegoen enpliatuta, “calzador” zen neskatoaren jaiotza-agiriak argitzen duen bezala, egurrezko trabesei altxagarriak jartzeaz arduratzen zena.[1]

Eskola euren etxe pare-parean zegoen, baina urte batzuetan neskatoa Etxebarrikora joan zen, bertako maistra zen izeko Concha Arriagari lagunduaz. Mendiz mendi joaten ziren biak Mallabitik Etxebarriraino eta Rositak bidearen astuntasuna poltsikoan zeraman pilotatxoa igurtziz arintzen zuen. Etxebarrira ailegatzeaz batera, frontoira aldetzen zuen: piztu egiten zen eta jolastu besterik ez zuen buruan.[1]

Mallabian zegoenean, mutilen kontra jolastea gustatzen zitzaion, gogor jokatuz, eta eskuz beti. Erruki barik aritzen zen, eskua zartatu arte. “Eskuko arrakalak kailu egitea lortu nuen” esan zuen elkarrizketa baten berak. Elizpeko arkupea zen bere jolasleku estimatuena, hormak frontoi bihurtuta.[1]

Pilotari ibilbidea

aldatu

11 urte zituela eta bere adin beretsuko beste neskato batzuekin batera Eibarrera joaten hasi zen, erraketan entrenatzera. Laster etorri zitzaion Madrilerako proposamena eta etxean ez zioten oztoporik ipini, ikusten zutelako umetatik zekarren zaletasun eta bokazioa.[1]

1935ean debutatu zuen, 13 urterekin eta lizentziako adina faltsifikatuta, 14 zituela aditzera emanda. Laupabost hilabeteetara 36ko gerrak jokatzen harrapatu zuen. Pilotalekuak itxi zituzten, ez ordea zine aretoak eta Madrilgo baten hasi zen lanean, akomodadore modura. Beste pilotari adiskide batzuekin erraketista izandako emakume baten etxean ostatu hartuta egon zen.[1]

1940-41 urteen artean Bartzelonako Colon frontoian jokatu zuen. Handik Valentziara, Chiqui frontoian aritzeko. Bertan zela, 1944an Espainiako erraketista profesionalen txapelduna izatea lortu zuen. Urte berean ezkondu zen Miguel Monforterekin.[1]

Mexiko

aldatu

1951n Mexikora joateko eskaintza jaso zuen, baldintza oso tentagarriekin. Andoni semeak 5 urte zituela abiatu zen bertara, itsasontziz. Ez zen erabaki erraza izan: familiatik urrun, Miguel senarraren komertzial lanarengatik mutikoa Mallabian, gurasoen kargu utzi beharrean... Sakrifizio handia suposatu zuen guztientzat, urteetarako joan zen-eta.[1]

Mexikokoa sasoi distiratsua izan zen berarentzat, sarri agertu zen bere partiden aipamena prentsan, hain zuzen ere egunkariotan pilota-jokoari futbolari besteko espazioa eskaintzen zitzaion sasoian. Ikuslegoak gero vedettak izan balira bezala tratatzen zituen.[2][3]

1952 urtean, Erraketisten Mundiala jokatu zuen.[1]

Urrezko Aingerua

aldatu

Atzelaria zen. Mexikoko Kirol Kronisten Elkarteak 1951 urtean Urrezko Aingerua eman zion, pilotarekin lotutako herrialde hartako garaikurrik garrantzitsuena, eta “Munduko atzelaririk onena” bezala izan zen izendatua.[1]

Arazoa zuen errebesarekin, baina ekin eta ekin, azkenean trukua hartu zion. Oso indartsua zen, pilotakada gogor-gogorrekoa eta horri erreparatuta, frontoi-kideek La Atómica gaitzizena jarri zioten.[1]

Mexikon zela, 1955 urtean erraketa uztea erabaki zuen, etxekoengana itzuliz.[1]

Kantxan aurkari izandako gainontzeko erraketistekin urteetan mantendu zuen adiskidetasuna: maiztasunez batzen ziren eta harreman sendoa zuten euren artean, aparteko batasuna.[1]

Pilotan aritzea Rositarentzat “jendea ezagutzeko aukera bat, mundua korritzeko ate bat, eta urte latzetan, egoera ekonomiko nasaia izateko beta” izan zen etxekoek entzunda zioten arabera.

Rosita Arregi Valentzian hil zen 2004ko abenduaren 15ean.[1]

Sariak

aldatu
  • 1951n, Urrezko Aingerua garaikurra eman zion Mexikoko Kirol Kronisten Elkarteak, “Munduko atzelaririk onena” izendatuz.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m n Elkartea, Euskal Birusa. (2022-09-30). «Drogetenitturri, 314 zenbakia (2022ko iraila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  2. (Gaztelaniaz) GÓMEZ, TEXTO IÑIGO. (2022-01-15). «Historia de la pelota femenina, ¿la conoces?» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  3. (Gaztelaniaz) Seoane, Loreto Sánchez. (2019-02-22). «Las raquetistas, las primeras deportistas profesionales de España» El Independiente (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu