Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Belfast

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Erresuma Batuko udalerri infotaula Belfast (gaeleraz Béal Feirste, eskozieraz Bilfawst ) Ipar Irlandako hiriburua da. 2001ean 276.459 biztanle zituen, Irlandako uhartean bigarren hiririk populatuena izanda Dublinen ondoren. Belfasteko metropoliak 723.447 ere baditu.

Etimologia

Gaelerazko Béal Feirste da jatorrizko izena. Béal hitzak "ibaiaren" ahoa esan nahi du eta Feirste aldiz "hareazko pasabidea" da. Farset eta Lagan ibaiek bat egiten duten tokian hareazko barra natural bat eratzen baitzen aintzina.

Geografia eta klima

Belfast Ipar Irlandaren ekialdeko kostaldean kokaturik dagoen hiria da. Lagan ibaia itsasoratzen den tokian dago, Belfast Lough badiaren barrenean. Hainbat muinok inguratzen dute, Cavehill, Divis eta Black Mountain (Mendi beltza) dira handienak.

Klima epela du, uztailean 18 °C-ko batazbestekoa eta urtarrilean 6 °C-takoa, eta hezea da, urtean batazbeste 213 egunetan egiten baitu euria, hala ere urtean zehar 846 mm-ko prezipitazioak baino ez ditu izaten.

    Datu klimatikoak (Stormont gaztelua, 56 m, 1971–2000)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 14.7 15.8 20.0 20.8 24.0 27.5 29.7 28.2 24.2 20.6 17.1 14.6 29.7
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 7.4 7.7 9.5 11.6 14.4 16.9 18.9 18.6 16.1 13.0 9.8 8.1 12.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.9 2.1 3.0 4.1 6.5 9.1 11.3 11.2 9.2 6.9 3.9 2.7 6
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) −9.9 −6.1 −7.2 −5.6 −1.7 1.7 5.6 4.9 1.1 −0.9 −3.0 −8.8 −9.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 99.32 66.97 73.67 64.90 60.64 61.83 58.17 75.84 82.97 93.28 91.09 97.00 925.7
Iturria: Royal Netherlands Meteorological Institute[1]

Historia

Belfasteko historia Brontze Aroan hasten da, hiritik gertu dagoen Giant´s Ring (Erraldoiaren eraztuna) ingurune arkeologikoak 5000 urte inguru baititu, eta Belfast inguratezen duten muinoetan Burdin Aroko gotorlekuak ere aurkitu dira.

Erdi Aroa

Erdi Aroan garrantzi txikiko asentamendua izan zen. Hala ere XII mendean anglo-normandarrek Ulster inbaditu zuten eta beren agintaria zen John de Courcyk bi gaztelu eraiki zituen Belfast inguruan, bata hiriaren erdian eta bestea Carrickfergus gaztelua, ibaiaren bukaeran, estrategikoki askoz ere garrantzitsuagoa izan zena. XIV mendean O'Neill familia zen inguruko lur gehienen jabe eta hauek ere beren gaztelua eraiki zuten, Grey Castle (gaztelu grisa).

Ulsterraren kolonizazioa

Sir Arthur Chichesterrek XVII mendean herri eskubideak eman zizkion Belfasti eta berehala Ulsterraren kolonizazioa hasi zen. Bertako katolikoak kanporatzeko helburuarekin Ingalaterra eta Eskoziatik jende ugari iritsi zen. 1641ean irlandarrek protestak egin zituzten baina gogor zapalduak izan ziren.

Belfast berehala merkatal eta industriagune garrantzitsua bihurtzen hasi zen, Dublin bera ere gainditzeraino. Harland and Wolff munduko untziola handiena bihurtu zen. 35.000 langile izatera iritsi zen eta bertan egin zen esate baterako RMS Titanic famatua. Untzigintzaz gain oihalgintzak eta tabakogintzak ere garrantzi ekonomiko handia hartu zuen.

XX mendea

1920ko Irlandako Gobernuko Aktan uhartea bi zatitan banatu zen. Ipar-ekialdeko sei konderrik Ipar Irlanda osatu zuten, Erresuma Batuaren menpe gelditu zena, eta Belfast aukeratu zuten bertako hiriburu izateko. Garai hartan biztanleriaren gehiengoa protestantea izateak eragin zuen banaketa hau. 1941eko apirilaren 15ean Alemania Naziko Luftwaffe hegazkin bonbaketariek hiria gogor erasotu zuten, 1.000 pertsona inguru erailez. Londonekoa eta gero, hau izan zen uharte britainiarretan gertatutako sarraskirik handiena Bigarren Mundu Gerran.

Komunitateen arteko istiluak

1969an irlandar katoliko eta britainiar protestanteen artean istiluak gogortu egin ziren. 1972ko ekainaren 21ean Behin-behineko IRAk 22 bonba jarri zituen Belfasten bederatzi pertsona hilez. Hau aitzaki hartuta Ulsterko Boluntarioen Indarra (Ulster Volunteer Force - UVF) eta Ulsterren Defentsarako Elkartea (Ulster Defence Association, UDA) talde paramilitarrek neurrigabeko erantzuna eman zuten, IRArekin zerikusirik ez zuten katoliakoak ere hilez. 2001 artean izandako bortxakeria urteetan 1.500 pertsona inguru hil ziren. 1997an lealistek Belfasteko Kontseiluan zuten gehiengoa lehenengo aldiz galdu zuten eta 1998an bake prozesu batek Ostiral Santuko Hitzarmena ekarri zuen.

Bake hitzarmena sinatu den arren eta prozesuak aurrera jarraitzen duen arren, gaur egun oraindik protestante orangistek beren martxak egiten jarraitzen dute eta uztaila eta abuztua beroak izaten dira. Martxarik ezagunena uztailaren 7an egiten dena da, errege ingelesek errebelde katolikoak 1690an gainditu zituzten Boyneko gudua ospatzen dute orduan. 2012ko abuztuaren bukaeran ere gazte protestanteek istilu larriak sortu zituzten hirian.

Mendebaldeko Belfasten dauden Shankill Road auzo protestantea eta Falls Road katolikoa bereizten dituen lau kilometrotako hesia oraindik bertan dago eta iluntzean hesiak dituen ateak itxi egiten dira.

Ondasun nabarmenak

Belfast Castle
Titanic Belfast museoa
Queen's unibertsitatea

Hezkuntza

Queen's unibertsitatea 1845ean sortu zen eta Erresuma Batuko 20 unibertsitate handienen taldea sarturik dago. 25.000 ikasletik gora daude bertan eta 250 eraikin inguruk osatzen dute, hauetatik 120k garrantzi arkitektonikoa daukatelarik.

Kultura

1998ko bake hitzarmenen ondoren Belfastek berrizte kulturala ezagutu du. 2003an Europako kultura-hiriburu izateko saiakera ere egin zuen. 2004-05 denboraldian ia bi milioi pertsonek parte hartu zuten kultur ekitaldietan.

Ulster Orkestra Sinfonikoa 1966an sortu zen eta oso ezaguna da Erresuma Batu guztian. Pop talde ezagun ugarik egin dituzte Belfasten inguruko kantak. Azkenik aipatu behar da hiriko pub ezagunenetan egunero musika kontzertuak izaten direla. Izan ere irlandarren kulturaren ezinbesteko osagaiak dira pubak. Belfasteko ezagunena Kelly's Cellar, Maddens eta Hercules dira.

Kirolak

Irlanda guztian bezala, Belfasten ere kirol gaelikoak dira jarraitzaile gehien dituztenak. Hurling eta Futbol gaeliko taldeak 20tik gora daude hirian.

Futbol taldeak ere badaude baina maila apala daukate. Hala ere kontutan hartu behar da IFA Premiership Liga munduko bigarren ligarik zaharrena dela eta bertan Belfasteko taldeak izan dira nagusi, batez ere Linfield F.C., Glentoran F.C. eta jadanik desagertuta dagoen Belfast Celtic taldeak.

Aipagarria da era berean auzo katolikoetan Glasgowko Celtic-en bandera ugari ikusten direla, eta auzo protestanteetan aldiz Glasgow Rangers-enak.

Pertsonaia ezagunak

Hiri senidetuak

Erreferentziak

  1. Climate Normals 1971–2000. Royal Netherlands Meteorological Institute September 2011 (Noiz kontsultatua: 23 September 2011).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belfast Aldatu lotura Wikidatan