Joan Prim
Joan Prim i Prats (Reus, Katalunia, 1814ko abenduaren 6a - Madril, 1870eko abenduaren 30a), gaztelaniaz Juan Prim y Prats, espainiar politikari eta militarra izan zen. 1869ko ekainaren 18tik 1870eko abenduaren 27 arte, Espainiako Ministro Kontseiluaren lehendakaria izan zen. Besteak beste, Gerra Karlistetan esku hartu zuelako da ezaguna.
Biografia
Lehen Gerra Karlista (1833-1840) hasi zenean Elisabet II.aren aldeko agertu zen, eta izandako garaipenengatik lotinant izendatu zuten. Urteekin, baina, jeneral izatera iritsi zen. 1841ean diputatu hautatu zuten Tarragonako probintzia ordezkatzeko[1]. Aurre egin zion gainbehera etorria zen Esparteroren gobernuari, eta haren aitzinean Kataluniako interesak aldeztu zituen.
Madrilgo jaurlari militar izendatu zuten lehenik eta Bartzelonakoa gero. 1846an Ramón Narváez, Alderdi Moderatuko buruzagiaren gobernuaren aurka matxinatu zen, baina matxinadak huts egin zuen eta erbesteratu behar izan zuen. 1847. urtean Puerto Ricoko kapitain jeneral izendatu zuten, baina kargua utzi eta Espainiara itzuli zen. 1853an Konstantinoplara joan zen, Krimeako gerran otomandarren aholkulari. Ondoren, Marokon (1859-1860) eta Mexikoko gerran (1861) jardun zuen[1].
Espainiara itzulitakoan, eta progresisten buruzagi zela, Elisabet II.ari aurka egin eta bigarrenez joan behar izan zuen erbestera. 1868. urteko iraultzan Espainiara itzuli zen, garaile. Harrezkero gobernu berriko buruzagi izan zen Prim, monarkia konstituzionalaren aldeko. Amadeo Savoiakoa erregetzat onar zezaten lortu zuen, baina errege berria Espainiara etorri baino egun batzuk lehentxeago (1870eko abenduaren 27an) atentatu bat pairatu zuen Madrilen, eta hiru egun geroago hil zen.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Prim |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/02/06 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Joan Prim i Prats Enciclopedia.cat