UNESCOren arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlas interaktiboa
UNESCOren arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlas interaktiboa | |
---|---|
Informazio orokorra | |
Sorrera | 2009 |
Xehetasunak eta jarduera | |
unesco.org… |
UNESCOren arriskuan dauden munduko hizkuntzen ekarreraginezko atlasa (ingelesez, UNESCO Interactive Atlas of the World's Languages in Danger) UNESCOk eginiko eta eguneratutako txosten bat da; erakundeak, hiztun komunitateak eta bestelakoak munduko hizkuntzen egoerari buruz ohartarazteko helburua du, baita munduko hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak edo zaurgarriak babestea ere. Horretarako, munduan arriskuan edo kaltetuta dauden hizkuntzen zerrenda bat argitara eman dute. Gainera, erakunde ugarik hizkuntza kalteberen egoera ebaluatzeko baliatzen dute.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atlasa lehen aldiz 1996an argitaratu zen, paperezko bertsioan, mapaz betetako 12 orritan. Bigarren edizioa 2001ean argitaratu zen: 14 orri zituen eta 800 hizkuntza baino gehiago zerrendatuta zekartzan. 2005ean zabaldu zen, Afrikako hizkuntza gutxituen egoerari buruzko informazio gehiago emateko, hala, kontinente hartako ehun hizkuntza kalteberen inguruko informazio xehea eman zuen. 2009an, doako bertsioa online argitaratu zen, arriskuan zeuden 2498 hizkuntza zerrendatuta zituena (horien artetik, 1950etik aurrera, 230 galdu ziren).
Azken bertsioetan, atlasak hizkuntza bakoitzaren izena, arrisku-maila eta hizkuntza mintzatzen den herrialdea edo herrialdeak aipatzen ditu. Sareko bertsioa zabalagoa da, paperezkoarekin alderatuta, hizkuntza bakoitzari buruzko xehetasunak ematen dituelako: hiztun kopurua, hizkuntzari lotutako politika, neurri eta proiektuak, ISO kodeak eta koordenatu geografikoak.
Hizkuntzen sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza baten zaurgarritasuna neurtzeko, hainbat irizpide hartzen dira kontuan: hiztun kopuru absolutua, belaunaldi arteko transmisioa eta hizkuntzak hedabideetan duen presentzia. Irizpide horien arabera, ondorengo 6 taldeetako batean kokatzen dira:
- Ziurra (kolorerik gabe): belaunaldi guztiek erabiltzen dute, belaunaldi arteko transmisioak ez baitu etenik jasan.
- Kaltebera (zuria): haur gehienak mintzatzen dira, baina baliteke hizkuntzak zenbait arlotan ez edukitzea behar besteko presentzia (adibidez, etxean).
- Arriskuan (horia): haurrek ez dute hizkuntza ama-hizkuntza gisa etxean ikasten.
- Arrisku larrian (laranja): aiton-amonek eta aurretiko belaunaldiek hitz egiten dute; gurasoen belaunaldiak uler dezake, baina ez dute hitz egiten, ez euren artean ezta haurrekin ere.
- Arrisku kritikoan (gorria): hiztun gazteenak aiton-amonen belaunaldikoak dira, eta horiek ere erdizka edo gutxitan hitz egiten dute.
- Galdua (beltza): hizkuntzak ez du hiztunik. Atlasean 1950etik aurrera galdu diren hizkuntzak bakarrik agertzen dira.
Galesa, eskoziera eta txetxenera bezala, euskara kaltebera gisa sailkatzen du UNESCOk. Hizkuntza ziurren adibide ditugu ingelesa, gaztelania eta katalana. Asturierari eta aragoierari arriskuan daudela deritze, eta arrisku larriko hizkuntzatzat, bretainiera eta iparraldeko frisiera. Azkenik, manxera eta kusunda hizkuntza arrisku kritikoan daudenen adibide dira.