Eugène Ionesco
Eugène Ionesco (Slatina, 1909ko azaroak 26[1] - Paris, 1994ko martxoak 28) errumaniar jatorriko frantses idazlea izan zen. Zentzugabekeria oinarri hartuta antzerkia egiten duten idazleen artean aipagarriena izan zen. Haren lanetako umoreak ez zuen harrera onik izan hasieran, baina hor agertzen zuen munduaren ikusmoldea gizarte maila guztiek onartu zuten. Gizarteak errealitaterik ez du Ionescoren iritziz, eta haren azpian dagoen ezereza nabarmen uzten du antzerki lanetan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren jaiotza urtearen inguruko gorabeherak daude, 1909 edo 1912, egileak berak sortuta bere burua gaztetzeko. Aita errumaniarra zuen, eta ama frantsesa. 1913 urtean Parisera joan zen familia eta han bizi izan zen. Lehen Mundu Gerran, aita errekrutatu zuten eta hiltzat jo zuten ibili zen zenbait urtez. 1917tik 1919ra, Eugène eta arreba La Chapelle-Anthenaise herrian bizi izan ziren ia bi urtez, eta bizitzako garai alaiena huraxe izan zuela gogoratzen zuen egileak gerora. 1925ean, gurasoak dibortziatuta zeudela, Errumaniara itzuli ziren anai-arrebak, aitak aginduta. [2]. Aitarekiko harremana oso txarra zen eta, hainbat liskar izan ondoren, eta ama Bukarestera joana zenez, harekin bizitzera joan zen gaztea. Bitartean, lana eta frantses ikasketak egin zituen. Gaztearen formazioari dagokionez epe honetan, kontuan hartu behar dira Frantziaren eta Errumaniaren arteko adiskidetasun kulturala, frantses hizkuntzaren garapena orduko errumaniar hezkuntzan eta giro kulturalean.[3]. Hango giro literarioan errumanieraz idazten hasi zen, hasieran poesia, eta 1934 urtean argitaratu zuen literatura saiakero kritikoa, Nu! ('Ez!'), non bere idazkeraren ezaugarriak eta umorea antzematen diren eta aldi berean baita bere egoera deserosoa ere. [4]. Ondoko urteetan irakaskuntzan aritu zen, baina beka bat zela medio, 1938an, berriz Parisa joan zen doktoregoa prestatzera, Charles Baudelaireren poesiaren inguruan. Gerora, Bigarren Mundu Gerra hasia zela,Bukarestera joan behar izan zuen, baina 1942an, Vichyko gobernua zelarik, bertan Errumaniako enbaxadan lan bat lortu zuen. Orduan jaiotakoa da bere alaba bakarra, Marie-France Ionesco hain zuzen, eta familia betirako gelditu zen Frantzian bizitzen. Ondorengo urteetan, itzultzaile gisa aritu zen eta zuzentzaile lanak ere egin zituen argitaletxe batean, estutasun ekonomikoak pasatzen.[5]. Aurrerantzean ez zuen errumanieraz lan gehiagorik argitaratu, baizik eta beti frantsesez. 1950eko hamarkadako arrakastari esker, antzerkigintzan klasikotzat hartua izan zen. 1970 urtean Frantses Akademiako kide izendatu zuten. 1980ko hamarkadan beste adierazpen artistiko batzuk jorratu zituen, hala nola, dantza, zinema eta margolaritza.[6].
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzerkigintzan, Parisen egin zuen debuta, La Cantatrice chauve (1950, «Abeslari burusoila») antzezlanarekin. Ekitaldi bakarreko komedia da. Egileak berak antikomedia gisa definitu zuen. Surrealismoaren ezaugarriak ditu, hizkerari dagokionez, batez ere. Oso obra komikoa da; komikotasun hori, esanahian baino areago, absurdoan oinarritzen da, eta horixe da, hain zuzen, Ionescoren obra osoaren ezaugarrietako bat. Egilearen arabera, ingelesa ikasteko metodo batetik atera omen zuen antzezlanaren ideia —Assimil metodotik, errepikatu beharreko galderak eta erantzunak dituen metodotik—: hainbeste esapide usadiozko, klixe eta topiko metatzen dira obran, non guztiz barregarria gertatzen baita. Barregarritasun larria da, ordea: hizkuntzaren erabilerak irrigarri utziz, apurtuz, gure erreferentzia-sistema ere osorik hausten baita. Hala ere, ia berrogei urte egin ditu obra horrek Parisko Huchette antzokian, marka guztiak gaindituz. Frantziatik kanpo ere, oso maiz taularatzen den obra da.
Hurrengo antzerki-lanetan eduki metafisikoa da nagusi, bai ekitaldi bakarreko antzezlanetan —La Leçon (1951, «Ikasgaia»), Les Chaises (1952, «Aulkiak»), Victimes du devoir (1953 «Eginbeharraren biktimak»)—, bai hiru ekitaldikoetan —Amédée ou Comment s'en débarrasser (1954, «Amedeo edo nola libratu»), Jacques ou la sumision (1955, «Jacques edo men egitea»)—. Obra horietan guztietan, errealitaterik gabekotzat agertzen du Ionescok gizartea, eta sakoneko hustasun hori ikusarazteko asmo bakarraz irudikatzen ditu gizartearen ageriko alderdiak. Aulkiak lanean, adibidez, komunikaziorik ezaren, bakardadearen eta erabateko hutsunearen larritasuna agertzen dira: bikote zahar bat, uharte bakarti bateko itsasargi batean bizi dena, bilera jendetsu bat asmatzen ari da eta, azkenean, aulkiz bete-betea eta inor gabe geratzen da agertokia.
1957koa da Tueur sans gages («Alogera gabeko hiltzailea»), eta 1959koa Rhinoceros («Errinozeroa»), agian arrakastarik handiena izan duen Ionescoren komedia. Antzezlan batean zein bestean, esplizitua da egilearen mezua. Izan ere, obra horiekin, aurreko bidea utzi, eta sinbolismoaren aldera egin zuen Ionescoren antzerkiak. Errinozeroa gizatasuna galtzearen eta taldekeriaren alegoria da. Hiri oso batez jabetzen dira zenbait gaitz, eta errinozero sentikortasunik gabeak bihurtzen dituzte herritarrak.
Lan horren arrakastak eman zion segurtasunarekin, obsesio barnekoenak hasi zen Ionesco taularatzen, heriotzaren ikara, batez ere. Le roi se meurt (1962, «Erregearen herioa») du, beharbada, komedia ezagunena, baina pisu filosofiko gehiegizkoa hartzen du Ionescoren antzerkiak, eta hasierako freskotasuna eta erakargarritasuna galtzen ditu.
Obra autobiografikoak ere idatzi zituen eleberri moduan: Le solitaire (1973, «Bakartia») eta Voyage chez les morts (1980, «Hilen herrian gaindiko bidaia»).
Lan euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarara itzuli dira edo taularatzeko moldatu dira ondoko lan hauek:
- La Cantatrice chauve («Abeslari burusoila»[7]),
- La Jeune Fille à marier («Neskatila ezkongai»[8])
- Le Salon de l'automobile («Auto erakusketa»[9]).
- Le roi se meurt, («Erregearen herioa»), Jose Mari Agirre Eskisabelek euskaratua, Kriseilu argitaletxean aterea, 1987an. ISBN 84-7728-059-2
- Le nouveau locataire («Maizter berria»), Iñaki Beobidek euskaratua [10].
Absurdoaren antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950etik aurrera, bizilekua eta hizkuntza Frantzian hartua zuten bi atzerritarrek, Eugène Ionesco errumaniarrak eta Samuel Beckett irlandarrak hankaz gora jarri zuten frantses antzerkigintza. Ideia, mezu eta eztabaiden antzerki existentzialistaren ondoren, Ionescoren eta Becketten absurdoaren antzerkia etorri zen, bizitasun harrigarriaz. Geroxeago, beste bi atzerritarrek, Arthur Adamov armeniarrak eta Fernando Arrabal espainiarrak, osatuko zuen bidea urratu zuten.
Antzerkiaren teorialari
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ionescok hainbat liburutan egin zuen luze eta sakon bere ofizioari buruzko gogoeta: Notes et contre-notes (1962, Oharrak eta anti-oharrak), Journal en miettes (1967, Egunkaria apurretan), Présent passé passé present (1968, Oraina iragana iragana oraina), Antidotes (1977, Antidotoak), Un homme en question (1979, Gizon bat auzitan). Erabat gaitzetsi zuen antzerki konprometitua; bere ustean, antzerkigileak ez ditu gertaera historikoak eta politikoak bere lanetan islatu behar. Gertaera horiek pasadizo hutsak ziren Ionescorentzat, aipatzea inondik ere merezi ez dutenak. Antzerki metafisiko bat egin nahi izan zuen Ionescok, eta gizakia oinarri-oinarrian definitzen duen zer horretan jarri zuen arreta: existentziaren absurdoa, denborak mugatua eta heriotzak ezinbestean auzitan jarria[7].
Ionescok gogoeta egin zuen alor teknikoagoei buruz ere. Hala, kolokan jarri zuen 1960ko hamarraldiaz geroztik antzerki zuzendariari edo prestatzaileari emandako garrantzi bere ustez neurriz gainekoa, eta sortzaile izatea bera ere ukatu zion. Ionescorentzat, antzerki idazlea da sortzaile bakarra, emanaldien prestatzaileak eskulangile soil behar du, eta leial-leial errespetatu beharra daukan testuaren morroi apal izatea da haren eginkizun bakarra[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Eugene Ionesco's life Ionesco.org
- ↑ Jon Muñoz.- Abeslari burusoila / Eugène Ionesco, Ibaizabal argitaletzea, 2001, hitzaurrean, [1], kontsulta data 2018-11-05.
- ↑ (Frantsesez)Ecaterina Cleynen-Serghiev, 'La Jeunesse littéraire d'Eugène Ionesco', Paris, PUF, 1993 , 9orr. ikusgai online [2], kontsulta data 2018-11-05
- ↑ (Ingelesez) Teodorescu, J. (2004). ‘Nu, Nu and Nu’: Ionesco’s ‘No!’ to Romanian Literature and Politics. Journal of European Studies, 34(3), 267–287. (laburpena kontsultatua 2018-11-5ean)[3]
- ↑ Jon Muñoz.(2001)
- ↑ (Frantsesez)Cécile Cayol (2009).-Ionesco: exposition. (La fiche pedagogique). Arg. Frantziako Liburutegi Nazionala,[4], kontsulta data 2018-11-05
- ↑ a b Eugène IONESCO: Abeslari burusoila Euskaratzailea: Jon Muñoz, Ibaizabal, 2001. Armiarma.eus
- ↑ Eugène IONESCO: Neskatilla ezkongai Euskaratzailea: Antonio M. Labayen, Egan, 1/6-1964. Teatro-testuak.com
- ↑ Eugène IONESCO: Auto erakusketa Euskaratzailea: Arantxa Hirigoien, SUSA literatur aldizkariaren 32. zenbakia. Andima.armiarma.eus
- ↑ Badago 5 orrialeko ale fotokopiatu bat, non adierazten den: Euskaraz leendabiziko aldiz, 1966'gn. Orrillaren 21'an eman zen Usurbil'en Udarregi'ren omenaldian, Itzultzailearen izena eskuz idatzitako oharretatik aterea, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian kontsultagi [5]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eugène Ionesco |
- Euskarari ekarriak: Eugène Ionesco Ekarriak.armiarma.eus
- (Frantsesez): Eugène Ionesco webgune ofiziala. Ionesco.org
- (Italieraz): Eugène Ionesco: Antzerkiren esperientzia. Nuoveproduzioni.it