Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Europako Neolitoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
K.a. VII. eta V. milurteko arteko hedadura neolitikoaren mapa, Zeramika kardiala urdinez.

Europako Neolitoa Europan teknologia neolitikoa nabarmendu zen historiaurreko garaia izan zen. Hau da, K.a. 7000 (Grezian agertu ziren lehenengo gizarte laborariak) eta K.a. 1700 (Brontze Aroaren hasiera ipar-mendebaldeko Europan) arteko garaia. Mesolito eta Brontze Aroaren artean gertatu ziren aldaketa kultural hauek hego-ekialdetik ipar-mendebalderantz zabaldu ziren, 1 km/urteko abiaduraz.[1] Neolitoaren iraupena tokiz toki aldatu zen, hego-ekialdeko Europan 4.000 urte (K.a. 7000 –K.a. 3000) hego-mendebaldeko Europan, berriz, 3.000 urte (c. K.a. 4500 –K.a. 1700).

Lehen nekazariak eta abeltzainak Anatoliatik, gaur egungo Turkiatik, iritsi ziren Europara. Herri horiek Europako eta Ekialde Hurbileko ehiztari biltzaile taldeen arteko nahasketaren emaitza ziren. Duela zortzi mila urte pasatxo, lehen nekazari horiek mendebalderantz joaten hasi ziren, Europara, eta han tokiko ehiztari biltzaileekin gurutzatu ziren. Hainbat unetan iritsi ziren Mendebaldeko Europako ia enklabe guztietara, milaka urtez iraun zuen prozesu batean[2].

Neolitoa Europan hedatzeko hiru bide nagusi izan zituen, VI. eta V. milurtekoen artean: Egeo itsasoa (zeramika pintatua); Danubio ibaiaren arroa (zerrenda pintatuta dituen zeramika); eta Mediterraneo itsasoaren kostaldea (zeramika kardiala).

Oinarrizko ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolito aroan Europako kulturak era askotakoak izan ziren, hainbat faktoreren eraginez: Mesolito aroko kulturaren eragina, baldintza ekologikoak, eta baldintza horien arabera, nekazaritza edo abeltzaintzan oinarritzen ziren ekonomi ezberdinak. Neolito aroan, eta haren ondorengo Eneolito (edo Kalkolito) aroan, hau da, metalak lantzen hasi ziren garaian, hainbat ohitura sortu ziren, lekuan lekukoak: hornidurak, bizitokien formak, baliabideen erabilerak, ekonomia jarduerak… Dena dela, gizatalde guztiek zituzten denei zegozkien ezaugarri komunak: gizarte egiturak prestigioaren arabera antolatu eta mailakatzea; komunitateen arteko aliantzak, besteak beste, luxuzko gaiak banatzeko; produkzio ekonomia sendotzea (herriak zituen beharrak asetzeaz gainera, soberakinak lortzea bilatzen zen); jardueren espezializazioa; eta ehorzketen sistematizazioa.

Ehorzketa ohituren artean ongien ezagutzen dena megalitismoa da, inondik ere; megalitoen analisiaren bidez, garai hartako egoera sozioekonomikoa azter daiteke. Megalitismoa izan zen Neolito aroaren amaierako adierazpen nagusia. Lehenengo eraikinak laugarren milurtekoaren erdialdean eraiki ziren, Kalkolitoan zehar egiten jarraitu ziren, eta Brontze aroaren hasiera arte ere iritsi ziren. Bestalde, Europa osora zabaldu zen adierazpen modu bat izan zen megalitismoa, aurkikuntzen hedadura geografikoak behintzat hala adierazten du: iparraldeko herriak, Poloniako eta Alemaniako itsasbazterrak, Herbehereak, Britainiar uharteak, Frantzia osoa eta Italiako penintsula, eta baita Mediterraneoko hainbat uharte ere.

Europa ca. K.a. 4500-4000.

Den dela, hainbat eta hainbat eraikin mota eta teknika dago; eta mota eta teknika horiek, bestalde, asko aldatu ziren mendetik mendera. Hilobi megalitikoak, oro har, ez ziren ikusten, harriz edo lurrez estaltzen baitzituzten (cairns); eta estalkiaren azpian, bestalde, hilobi bat edo bat baino gehiago egon zitezkeen. Ganbara zen ehorzketa eraikin horien osagai nagusia: harlosez osatua zen, eta oina biribila, poligono formakoa edo laukia izaten zuen. Oinarrizko eraikin mota horiei trikuharri soil esaten zaie. Batzuek korridore moduko bat izaten dute ganbarara sartzeko, eta korridore hori areto batean baino gehiagotan bana daiteke: trikuharri korridoredun esaten zaie horiei. Batzuetan, ganbara eta korridorea ezin bereiz daitezke, batak zein besteak goratasun eta zabalera berdina izaten dutelako. Hala ere, hilobia era batekoa edo bestekoa izan, eraikinaren estalkia edo harlosa handiz osatua edo zurezkoa izaten zen, eta noiz edo noiz kupula faltsuak ere erabili zituzten. Nekropoli horiek guztiek ezaugarri komunak badituzte ere, herrialde bakoitzak zeinek bere ereduak landu zituen.

Bretainian, esate baterako, cairn-ak aurkitu dira: hobi handiak, hilobi bat baino gehiago biltzen dituztenak. Barnenez-eko (Finistère) cairnsa bi cairn-ek osatzen dute, bata bestearen gainean: behekoak 70 metroko luzera du eta dozena bat korridore hilobi ditu, kupula faltsuekin estaliak. Horiek eraikitzeko bertako lehengaiaz gainera (dolenita), herrialdetik kanpokoak ere erabili zituzten, Stere uharteko granitoa adibidez.

Carnaceko tumulu batzuk 100 metrotik gora dira luze, 50 metro zabal eta bost metro garai. Eraikin horietako asko “santutu” egin dituzte bertan elizak eraikiaz. Gavirins uhartean (Morbihan), izen bereko hilobiko harlosez egindako grabatu ugari dituzte: espiralak, sigi-sagak… dira irudi nagusiak.

Irlandako megalitismoak eta Bretainiakoak antzekotasun handia dute, bai egituraz bai sinbologiaz.

Ingalaterrako eraikuntzek ezaugarri bereziak dituzte: Long barrow deitzen dira, eta lurrezko tumulu luzaranak dira, ehun metrotik gora luze, harlosez inguratuak, eta askotan, hilobi bat baino gehiagoz osatuak.

Iberiako penintsulako megalitoak ez dira oinarrian eredu klasikoetatik urruntzen.

Dena dela, penintsula horretako eraikuntzen artetik Andaluziako eredua nabarmentzen da gehiena, batez ere, neurriagatik: adibidez, Mengako leizekoa, korridore luzea eta ateburuak dituena; edo Romeralekoa, ganbara kupula faltsuez itxia duena.

Dena dela, trikuharriak ez dira arkitektura megalitikoaren eraikin bakarrak; hala, kontuan hartzekoak dira, besteak beste: menhir-ak, harri mokor handiak (zenbaitetan lau metrotik gorakoak); harrespilak, lurrean gune biribil bat osatzen duten harriez osatuak, eta biribilaren erdian, hildakoaren errautsa duen kutxa bat izaten dutenak; taulak eta nabetak, oin lauki zuzenak eta aurrealde trapezoideak dituztenak, eta harlosak elkarri itsatsita; henge-ak (Stonehengeko aztarnategia da eraikin mota horien adibide argiena).

Eraikin megalitiko horien erabilera kontuan hartuta, ez da zalantzarik hildakoentzat eraikiak zirela. Hilobi horien indusketek erakusten dute gizatalde baten arbasoak, belaunaldiz belaunaldi, leku berean lurperatzen zituztela; hortaz, talde horiek leku berean bizi ziren, aldatu gabe. Ehorzten ziren gorputzak horniekin lurperatzen ziren; horni horiek, askotan, bereziki zeregin horretarako eginak ziren. Bestalde, denboraren joanean, asko aldatu ziren objektu horien formak eta materialak: zeramikazko ontziak, silexezko tresnak, tresna leunduak, metalezko objektuak (ziriak, sastakaiak) eta hainbat apaingarri (lepokoak, eskumuturrekoak, diademak, belarritakoak…).

Gorputz bat ehorzteko, hobi berean zeuden antzinagoko gorputzak alde batera pilatzen ziren, gorputz berriari lekua egin ahal izateko. Zenbaitetan, ganbara gorpuez bete-bete zegoenean, korridoreetan eta tumuluetan ere ehorzten ziren gorputzak. Horren guztiaren ondorioz, oso zaila da hilobi horien analisi antropologiko zehatza egitea edo hileta horniak gizaki bati edo besteari dagozkion zehaztea, izan ere, hezur nahastea handia izaten baita. Trikuharrietan, oro har, gorpuak ehortzi egiten ziren, nahiz eta, noiz edo noiz errausten ziren; zenbaitetan, eraikin osoa erretzen zen, nahita.

Arkeologoek azterketa ugari egin dituzte trikuharrietan zein ehorzten zuten jakiteko.

Baina galdera horrek ez du erantzun bakarra; izan ere, hileta prozesuak asko aldatzen baitziren herrialde batetik bestera, baita elkarren oso hurbil zeuden hilobien artean ere. Quanternesko hilobian (Orkada uharteetan), laurehun gorputik gora aurkitu dira: sexu eta adinaren araberako banaketak (%46 20 urtetik beherakoa, %17 20- 30 urte bitartekoa, eta %7 30 urtetik gorakoa) garai hartako gizarte eredua adierazten du.

Dena dela, ezin zehatz daiteke arau orokorrik, batzuetan argi eta garbi ikus baitaitezke trataera desberdina izan duten taldeak. Zenbaitetan, aurretik ehortziak ziren gorputzak trikuharri batera aldatzen zituzten. Nekropoli mota horien garai berekoak dira haitzuloetako ehorzketa kolektiboak: gizatalde bereko arbasoak berdin-berdin ehorzten ziren trikuharrietan eta haitzuloetan, baina ezin azal daiteke zehatz-mehatz zergatik gertatzen den bitasun hori.

Skara Braeko aztarnategia (Orkadak), Europako herrixka neolitikorik osatuena.

Gizarte megalitiko konplexuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte megalitikoen ezaugarrietatik atera daiteke gizarte haiek oso konplexuak zirela egituraz, eta antolamendu maila garaia zutela. Eraikin erraldoi haiek eraikitzeko zenbat lagun, zenbat denbora eta ahalegin behar izan zen, neurtzeko ustiatze arkeologikoak erabiltzen dira: 50 lagunez osatutako talde batek lanean aritu behar izan zuen 20 egunez, Wessexko eskualdeko tumulu zaharrenak eraikitzeko; haien ondorengo eraikinak egiteko, aurrekoak baino landuagoak, 10.000 bat ordu behar izan zuen berrehun eta berrogeita hamar lagunez osatutako talde batek, sei astetan lanean. Silbury Hill gunea eraikitzeko hemezortzi milioi lan ordu behar izan zituzten, eta bi urtez aritu bide ziren 3.000 bat lagun lanean. Stonehengeko monumentu handia hainbat alditan egin zen, eta ahalegin eta lan ordu asko eta asko behar izan ziren hura egiteko; izan ere, eraikitzeaz gainera, harlosak harrobitik atera eta eraikina jarri behar zuten lekura eraman behar baitziren.

Halako ahalegin handia, eta horrenbesteko lan ordu eta jende kopurua behar zuen inbertsio bat, gizarte nekazarietan gerta zitekeen bakarrik, urtean zehar hainbat aldi baitzituzten produkzio maila apalekoak; horrez gainera, zuzendaritza motaren bat edo beste beharko zuten eraikuntza lanak antolatzeko eta zuzentzeko. Gizarte megalitikoak taldeetan banatuta zeuden: nekazari-abeltzainak ziren, eta auzoko herriekin aliantzak egiten zituzten eta elkartzeko guneak eraikitzen zituzten. Taldeen arteko aliantzak arkeologiaren ikuspegitik aztertzeko, trukerako erabiltzen zituzten gaien analisia egiten da; luxuzkoak ziren gehienetan.

Era horretako gai askok eta askok zabalkunde handia izan zuten: kanpai itxurako zeramika, urrezko bitxiak, borrokarako aizkorak, itsasoko maskorrak… Dena dela, gaien hartu-eman hori ezin esan daiteke merkataritza zenik, ez behintzat zentzu hertsian, baizik eta berdinen arteko trukea.

Hortaz, nekropoliak, nortasun gune diren heinean, ez ziren bakarrik hildakoentzako monumentuak, bizientzako ere baziren.

Erreferentzia puntu gisa hartzen dira, komunitateek zeinek bere espazioa mugatzeko erabiltzen zituztenak. Taldea demografikoki hazten zen heinean eta beste taldeekiko harremanak sendotzeko lur emankorrak behar zituzten heinean, gero eta gauza garrantzitsuagoa zen talde horientzat lurraldeari mugak jartzea. Hildakoak eta arbasoak non dauden erakustea da lurralde baten jabe zarela ziurtatzeko modurik egokiena.

Baina ispilu megalitikoak, hala ere, erabat itxuraldatzen du errealitatea: monumentuak handiak eta ikusgarriak dira, baina bestelako eraikinak, aldiz, hauskorrak ziren. Gizatalde gehienak herri txikietan bizi ziren, eta eraikinak harrizkoak egin beharrean, landareak erabiltzen zituzten oinarrizko gai gisa. Horregatik, hobeto ezagutzen da hileta mundua eta horrekin zerikusia zuten luxuzko objektuen multzoa, eguneroko bizimoduko jarduerak eta tresnak baino.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ammerman, A. J.; Cavalli-Sforza, L. L.. (1971). «Measuring the Rate of Spread of Early Farming in Europe» Man 6 (4): 674–88.  doi:10.2307/2799190..
  2. (Gaztelaniaz) Cientifica, Cultura. (2022-05-29). «La transición al Neolítico en Europa» Cuaderno de Cultura Científica (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]