Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Tomismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Filosofia tomista» orritik birbideratua)
Carlo Crivelliren XV. mendeko Tomas Akinokoaren margolan bat

Tomismoa Tomas Akinokoa, filosofo, teologo, santu eta Elizako doktorearen ezagutzaren eta pentsamenduaren ondare gisa sortu zen eskola filosofiko eta teologikoa da. “Tomismo” hitza aipatu egilearen izenetik dator. Haren "Summa Theologiae" lana Erdi Aroko teologian eta filosofian eragin handia izan zuen obra garrantzitsuenetarikoa izan zen. Agustin Hiponakoaren pentsamendu tradizionalaren aurrean, kristau irakaspenen eta Aristotelesen filosofiaren pentsamenduaren arteko sintesia gertatzen da Tomismoan, gaur egun filosofia eta teologiako klaseetan aztertzen jarraitzen dena.

Tomas Akinokoarentzat onartu beharrezko kontzeptu bakarra egia da, heldu eta praktikatu behar duguna edozein zirkunstantziatan. Horregatik, errealismoan kokatuko genuke, errealitatea den bezala, bere esentzian, ezagutu ahal dela aldarrikatzen duten pentsalarien artean. Tomismoan pentsamolde askok eragina izan zuten arren (besteak beste, pentsamolde grekoak edo juduak) , haren oinarrian Aristotelesen pentsamendua dago. Tomasek Aristotelesen obren iruzkinak egin eta haren terminologia ere erabiltzen du Tomismoa abian jarriz. Eragin neoplatonikoa eta Agustindarra (Agustin Hiponakoarena), Jainkoari buruzko bere teorietan ere ikusten dugu, hain zuzen, Jainkoa den entitate absolutuki on hori edonon dagoen eta parte hartzen duen ideietan.

Tomismoak hiru esaldi mota bereziten ditu hizkuntza deskriptiboan: unibokoa, analogikoa eta ekibokoa.[1]

  • Unibokoa: hitz baten deskripzioak bi objektu edota talderi aldi berean zentzu berarekin egiten die erreferentzia. Adibidez, esnea, edaten duguna behietatik, baita beste eme ugaztunena izan daiteke. Esneak, bi kasutan, esnea izaten jarraituko du, zentzua guztiz mantenduz.
  • Analogikoa: hitz baten esanahiaren zentzuaren aldaketa txikia. Adibidez, pertsonak eta animaliak osasuntsuak izan gaitezke, baita janari edota ariketa bat ere. Gu osasuntsuak gara, eta beste gauza hauek osasuna eskaintzen digute. Esanahiaren aldaketa txiki bat ikusten dugu.
  • Ekibokoa: hitz baten esanahiaren aldaketa osoa, “falazia informala” deritzogunaren oinarrian dagoena maiz. Hitz homonimoetan aurkitzen duguna, esaterako, “apal” hitza paretan edo altzari batean, gauzak edukitzeko ezartzen den ohol gisa definitzen dugu, baita harrokeriarik gabeko pertsona gisa ere. Aro Berriko Filosofian fenomeno hau “anbiguotasuna” izendatu eta ikertzen aritu ziren pentsalariak.

Tomismoan, definizio kontzeptua izatearen generoa bezala ulertu behar dugu, generoaren kontzeptutik haratago dagoena. Aristotelesen metafisikan oinarritzen da; horrela generoak, hizkuntzan gutxienez, taldea edota subjektuari erreferentzia egiten dio. Horrexegatik, ondorioztatu genezake, definizioen multzoa, izatearen generoa edota lehenengo substantzia dela.

Hizkuntza mota desberdinak daude Tomismoaren arabera.

Ontologia Tomista bi axioma nagusitan oinarritzen da. Kontraesanik ezaren printzipioan, proposizioa bat eta haren ezeztapena aldi berean eta gauza berari buruz egiazkoak ezin direla izan ondorioztatzen duena, eta kausalitatearen printzipioa, efektu orok edota ondorio guztiak hasierako elementu batetik sortuak edo “kausatuak” direla dioena. Edozein elementu, fisikoa izan edo ez fisikoa izan[2], axioma hauek betetzekotan, teorikoki, existitzen da.[3]

Tomismoak izatea “dena” edota “izaten den hori” bezala definitzen du. Izatearen kontzepzio hau, esaldi berak esaten digunez, bi partetan banatzen da. “Hori” partea, esentziari, formari, “izatetasunari”, existitu daitekeen edo ez elementu horri erreferentzia egiten dio[3], eta “izaten den” partea, latinezko “esse”-ari (izatea esan nahi duena), existentzia edota errealitatea deritzonari. Hortaz, den zerbait, izate bat, “existitzen den esentzia bat da”.

Izate hori bi alderditan banatuta dago. Batetik, bere baitan dagoen hori, “substantzia” deituko duguna, eta, bestetik, dagoen hori, akzidentea. Substantziak beren kabuz existitzen diren izate modu primarioak dira.. Akzidenteak berriz, substantzien nolakotasunak dira. Substantziak bere baitan existitzen dira, akzidenteak, berriz, haien generoa utzi, haien lehenengo izatea utzi, eta beste substantziak definitzeko erabiltzen dira. Horrela, esan genezake, “gorri hau argia da”, non akzidentea argia den eta gorria substantzia den, edo, “sagarra gorria da”, non substantzia akzidentea bihurtuz.

Gauzen esentziek gauzei esanahia ematen diete, eta berez, kuiditateak forma ematen dio elementuei, materia, entitate definitu indibiduala bilakatuz. Elementu hauek bitan banatu ditzakegu: “lehenengo materia”, formarik gabeko materia, definitu gabea, eta “forma substantziala”, karakteristikak dituen materia dena. Beraz, Tomistek esaten dute materia gorputza dela, eta forma substantziala arima[4][5]. Izate guzti hauek propietate transzendental batzuk izango dituzte: egiazkotasuna, indibidualitatea, ongia…[6]

Tomismoak, izatea, "izaten den hori" bezala definitzen du.

Aristotelesek bezalaxe, Tomistek lau kausalitate mota bereizten dituzte:

  • Kausa materiala: izate baten jatorri materiala, hau da, zein elementutan oinarritzen den. Adibidez, eskultura baten kasuan, kausa materiala marmola da (eskultura marmolezkoa bada).
  • Kausa formala: elementu baten forma eta patroiak. Elementu bat zer den indikatzen duena. Materia errealitate indibiduala bihurtzen duen kausa. Adibidez, eskulturaren kasuan, kausa formala da eskulturaren diseinua biltzen duen ideia.
  • Kausa eraginkorra: hasiera ematen edota aldaketak eragiten dituzten kausak. Gurasoak seme-alaben kasua eraginkorrak dira, edota psikologo bat pertsona baten izaera aldaketaren kausa eraginkorra izan daiteke. Edo, eskulturaren kasuan, eskultorea bera da kausa eraginkorra.
  • Helburuzko kausa: zerbait egitera bultzatzen duen kausa. Adibidez, kirola egitearen kausa osasuna izan daiteke. Edo eskulturaren kasuan, pertsona bati omenaldi egitea.

Beste pentsalari eta filosofo askok ez bezala, Tomas Akinokoak hasierako kausa bat dagoela onartzen du, kate infinituaren aukerari amaiera ematen diona.[7] Lehenengo kausa hau beharrezko da den guztia “kausatu” ahal izateko.[8]

Eskultura baten bidez kausa mota guztiak irudikatu ditzakegu.

Aristotelesek bezala, Akinokoak gauza guztiek lortu nahi duten elementu gisa definitu zuen "ongia". Gauza guztiek helburu bat dute, eta helburu hori betetzekotan onak direla esaten dugu. Horrela, aizto bat ona dela esan daiteke, bere helburua betetzen badu, ondo moztea. Gaitza, beraz, Agustin Hiponakoaren kontzepzioaz abiatuz[9], ez da elementu propio bat, baizik eta ongiaren falta. Horrexegatik berdin du pertsona batzuek gaitza nahi izatea, ongiaren jokoan abiatuko direlako.. Gaitzak ongiaren azpian jokatzen du, txarto dagoena zuzenduz eta haren inpaktua gutxituz, Jainkoaren zeregina delako. Jainkoa, dagoen guztiaren azkenengo helburua denez, ongia bera izango da[10], azkenengo balio absolutu zuzentzailea, ongiarako bidea eratuko duena.

Jainkoaren existentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomas Akinokoak Jainkoaren existentzia era arrazional baten bidez froga daitekeela uste du, bost bideen hauen eskutik:[11]

  1. Mugimenduaren ibilbidea: potentzia eta egintza bide Aristotelikotik eta mugimendutik abiatuz, zerbait izateko potentzia duen elementu bat, beste gauza bat bilakatu daitekeela ondorioztatu ahal da. Kanpoan dagoen zerbaitek eragingo du, aldaketa sortuko duen mugimendua bilakatuz. Horrela, kate baten bidez, kanpoko zerbaitek barrukoari eragiten diola, eta kanpoko horri kanpoko beste zerbaitek eragiten diola ondoriozta genezake kausa eta ondorioen kate bat eratuz, lehenengo kausara heldu arte. Lehenengo motor hau, geldirik dago. Hortaz, mugitzen ari ez den lehenengo elementu, edo motor bat dago, Jainkoa, beste gauza guztiak mugimenduan jartzen dituena.
  2. Kausa eraginkorraren/lehenaren ibilbidea: elementu guztiek kausa bat dute. Arotzak mahaien kausa dira, gurasoak seme-alabena… Horrela, kausa bakoitzak beste kausa bat izango du, eta kausa bat haren buruaren kausa izan ez daitekeenez, lehenengo kasua bat egon behar da, beste kasua guztien kausa dena eta katearekin bukatzen duena, Jainkoa.
  3. Kontingentziaren ibilbidea: izateak existitu daitezke edo ez. Gaitasun honi Tomas Akinokoak kontingentzia deitzen dio. Hala ere, beharrezkoak diren izateak existitu behar dira, posibilitate bakarra hori da, haien existentzia beharrezkoa da, baina, haien kontingentziagatik, momentu batean, ez ziren existitzen. Horrenbestez, gauza guztiak kontingenteak direnez, garai batean ez zer ezer existitzen, baina gauzak existitzeko kausa bat egon behar da, eta existentzia ezatik ezin da existentziara pasatu. Hortaz, lehenengo elementu bat egon behar da, betidanik existitu dena eta bere beharrak asetzeko eta besteenak eragitekogai dena. Jainkoa.
  4. Perfekzio graduen ibilbidea: munduan elementu guztiek ezaugarriak dituzte, nabariagoak zenbait aspektutan, eta ez hainbeste beste batzuetan. Mailaketa hau egiteko, perfekzioaren eredu bat existitu behar da munduan, zerekin konparaketak egiten ditugun ezaugarrien gradua zehazteko. Izate hau Jainkoa izango da, ezaugarri guztien multzoa, perfekziora eraman dituenak.
  5. Ibilbide teologikoa edo helburuaren ibilbidea: izate guztiek helburu bat dute, baina objektuek gizakien, adimena duten izakien, laguntza behar dute. Izaki adimenduek, objektuak bezala, helburu bat dute, konplexuagoa, baina haien bizitza baldintzatzen duena. Aldi berean, objektuen antzera, beste izaki adituago baten laguntza behar dute, gidatu ahal dituena. Jainkoa.

Fedea onartu arren, arrazoiak erlijioaren eta Jainkoaren existentziaren oinarria izan behar du. Hortaz, erlijioak planteatzen duen edozein arazoren aurrean sinestea ez da erantzun-bide bakarra. baizik eta arrazoiaren bidez erantzunak bilatu behar dira.

Tomismoak, arrazoiaz baliatuz, Jainkoaren existentzia bost bideen bidez justifikatzen du.

Jainkoari buruz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomismoak, bai filosofian zein teologian, eliza katolikoaren Jainkoari buruzko ikuspegia defendatzen du. Hauentzat, Jainkoa, kosmos osoan, aldi berean eta hasieratik, esentzia eta existentzia dituen izate bakarra da. Horrexegatik Jainkoak ezin du materiarik izan, eta hortaz, gorputzik ere ez. Akzidenterik gabekoa[12] eta sinplea, perfekzioaren irudikatzailea (“actus purus”)[13], jakintza guztia eta perfektua duena da.

Jainkoari buruz analogikoki bakarrik hitz egin daiteke[14]. Izan ere, perfektu eta infinitua denez, gizakiek ezin dute hari buruzko elementu guztiak ezagutu; Jainkoak errebelatu dituenak bakarrik ezagutu ditzakete. Horrexegatik, esaten da Jainkoak natura bikoitza daukala, ezkutua, Deus absconditus, gizakiek ezagutzen ez dutena, eta lehen aipatutako izaera errebelatua, Deus revelatus. Errebelazio hauek Jainkoak sortutako elementuetan aurki ditzakegu, hau da, naturan eta bizi garen munduan. Horrenbestez, adibidez, ongiari buruz hitz egiterakoan, ezin dugu eredu perfektua ezagutu, Jainkoan errebelatutakoa naturan dagoelako, eta izate perfektu bakarra hura delako. Ongia edo beste edozein elementu epaitu eta aztertzeko, mundu errealean oinarritu behar gara.

Tomismoak Aristotelesen gizakiaren definizioarekin bat egiten du: gizakia “animalia arrazionala” da. Hala eta guztiz ere, gizakien substantziari buruzko beste ideia batzuk ditu. Izan ere, gizaki guztien esentzia naturala berdina denez[3], eta izatearen definizioa “existitzen den esentzia” denez, gizakiak desberdintzen dituen elementu bakarra norbanakoaren ezaugarri espezifikoak izango dira. Akzidentea gizakiak desberdintzeko agertuko den elementu bakarra izango da.[3]

Tomistek, Aristotelesek egiten duen moduan, izaki bizidunen forma substantzialtzat definitzen dute arima. Horrela, landareek "arima begetatiboa" dute, animaliek "arima sentsitiboa" eta gizakiek arrazionala eta hilezkorra den arima "intelektuala" dute.[15]

Arima hauek, bakarrak izan arren, bost gaitasun dituzte:

  1. Gaitasun begetatiboa: bizitza organikoa garatu eta mantentzen duena.
  2. Jangura: on guztirako joera
  3. Gaitasun sentsitiboa: pertzepzioaren bidez gauzak jasotzeko gaitasuna.
  4. Lokomozio-gaitasuna: mugitzeko gaitasuna
  5. Arrazoitzeko gaitasuna: pentsatzeko eta ondorioak ateratzeko gaitasuna

Arima motaren arabera gaitasun batzuk edo beste batzuk edukiko dira. Landareek lehenengo biak izango dituzte, animaliek laurak eta gizakiek guztiak. Gizakietan Jangurak bi alderdi edukiko ditu: arrazionala, borondatearekin zerikusia daukana, eta irrazionala, pasioekin lotuta egongo dena.

Aristotelesek bezala, Tomas Akinokoak zoriontasuna "bizitza osoan zehar, giza natura perfekziora eta giza bizitza aberastera daramaten ondasun guztiak (osasuna, aberastasuna, ezagutza, lagunak, etab.)" lortzean datza. Azkenengo ongia bezala kokatuz. Beste alde batetik, eta aurreko definizioari zentzua emateko, bertutea “kalitate oneko ohitura, denboran zehar errepikatzen dena, eta akzio zein erreakzioetan ikusten dena” definizioa eman zuen, bertutea zer den zehaztuz, haren perfekzioa ulertu dadin.

Bertute hauek izan daitezke edo kardinalak (naturan aurkitzen ditugunak), zuhurtzia, neurritasuna, justizia eta indarra bezalakoak edo teologikoak (Jainkoak emandakoak bere maitasun edo "agape" osoz), fedea, karitatea eta itxaropena bezalakoak.

Jainkoaren graziari esker gizakiek ondo jokatu dezakete. Hala eta guztiz ere, Jainkoa lehenengo motor bat izan arren, ez ditu guztiz baldintzatzen jokaera hauek. Hasiera ematen badie ere, gizakia, bere kabuz ondo jokatzea erabaki dezake. Zoriontasuna lortzeko meritua, hortaz, Jainkoaren eta gizakien artean dago, lehenengoa gabe eta haren graziarik gabe ezin izango luketelako jokatu, eta bigarrena gabe meritua propioa ez zelako izango. Jainkoak hasiera ezartzen du, baina handik aurrera gizakiak bakarrik daude.

Emozioei dagokienez, honelako definizioa proposatzen dute Tomistek: “ongia edo gaizkia irudikatzen dugunean agertzen diren sentimen-gosearen higidura bat”. Agustin Hiponakoaren ikuspegi moderatua partekatzen dute. Emozio gehienak neutralak izango dira, pertsonaren edo testuinguruaren arabera zentzu negatiboa edo positiboa hartuko dutenak. Beste batzuk, berriz, bertutetsuak edo biziotsuak izango dira beti, testuingurua kontuan izan gabe.

Neutraltasun egoera hau dela eta, testuingurua eta zirkunstantziak oso garrantzitsuak dira ebaluaketa moralak egiteko[16]. Ekintza berak kontuan izan behar dira ebaluaketak egiteko. Hala eta guztiz ere, Jainkoaren borondateari jarraitzen badiote, guztiz onak direla esango dugu.

Lau lege bereizten ditu Tomismoak: betierekoa, naturala, giza legea eta Jainkotiarra.

“Herriaren onerako arrazoiaren ordenantza, komunitate baten zaintzapean egin direnak”[17]. Horrela definitzen du Tomismoak legea, lau lege mota desberdinduz:

  1. Betiereko legea. Jainkoaren jakintzaren bidez, gu zuzentzeko, emandako araua sorta[18]
  2. Lege naturala. Pertsonen parte arrazionala, ona eta txarra zer den, erabakitzen arduratzen dena, erabakiak lege bihurtuz.
  3. Giza legea. Gizakiek, komunitatean bizitzeko, erabakitako eta egindako lege multzoa. Konstituzioak, esaterako.
  4. Lege Jainkotiarrak. Morala zuzentzeko, errebelazioen bidez, emandako aginduak.

Aukeramen askea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomismoaren arabera, ez dago kontraesanik Jainkoaren probidentziaren eta gizakiok dugun aukeramen askearen artean.

Jainkoa, dagoen guztiaren motorra dena, lehenengo kausa izan arren, gizakiari, erabakitzeko aukeramena ematen dio. Erlijioaren bidez lege eta arau batzuk ezarri arren, aukeramen askearen bidez, Jainkoak hauek betetzeko ala ez betetzeko gaitasuna ematen digu. Azken epaiketa aukeramen askearen bidez egindako erabakietan oinarrituko da, horregatik epaiketa hau gerta dadin, Jainkoak ezin du influentzia zuzena izan.

Epistemologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomismoaren ezagutzaren teoriaren barruan, egiari buruzko teorian, esaten da, zerbait egiazkoa dela, "kanpoko errealitatea eratzen duenean"[19]. Existitzen den edozer egiazkoa dela esan daiteke, kanpoko munduan parte hartzen badu.[20]

Akinokoak planteatutako ezagutzaren teoria, geroago, enpirismotzat hartuko zen. Tomismoak, ezagutza eskuratzeko, zentzumenen eginbeharra azpimarratzen du. Dedukzioak ezin dira ezagutza hutsetik abiatu.

Aristotelesek hiru zatitan banatzen du adimena: sentsazioa, irudimena eta ulermena. Objektu bat hautematean, gogamenak irudi sentsorial bat osatzen du. Aurrez hautemandako objektua gogoratzen duenean, haren forma irudikatzen du, eta irudi horri “mamu” esaten zaio. Mamu horri buruzko informazioa ateratzen duenean, bere adimena erabiltzen du. Beraz, unibertsalei buruzko giza ezagutza guztia (espezieak eta propietateak bezala) mamutik eratortzen da. Mamu hauen bidez, gaur egungo irudimena izango liratekeenak, ezagutzera heldu gaitezke Tomismoa Aristotelesen aurka jartzen da: "Arimak ez du ezer ulertzen mamurik gabe" aitortuz. Oinarrian ezagutza era berean ulertu eta mekanismo enpiriko berdinak erabili arren, Tomistek mamu hauen ikusountu indibidualista bat planteatzen dute. Aristotelesekin mamuak berberak dira guztiontzat. Akinokoarekin, berriz, bakoitzak bere mamu propioak ditu.

Eragina eta ondorengo hurbilak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomismoak bide berri bat zabaldu zuen Teologian. Agustin Hiponakoak berreskuratutako neoplatonismoarekin batera, Tomismoaren bitartez, Aristotelesen irakaspenak berreskuratu ziren.

Hala ere, agustindar teologo tradizionalen eraginez, Tomas Akinokoaren tesi batzuk 1277an kondenatu zituzten Erdi Aroko eskola teologiko garrantzitsuenak ziren Paris eta Oxfordeko eliz agintariek . Halaber, frantziskotarren ordenak Akinoko domingotarraren ideien aurka egin zuen. Edozein kasutan, domingotarrek Tomasen obraren defentsa instituzionalki bere gain hartu zuten 1286an, eta handik aurrera ordenaren filosofia ofizial bilakatu zen, bere erakundeetan irakatsia izateko.[21]

Tomismoaren defendatzaile goiztiar eta nabarmenak izan ziren bere maisu izandako Alberto Magno, gaiztotutako Richard Knapwell, Guillermo Macclesfeld, Giles Lessineskoa, Juan Qidortekoa, Bernardo Auverniakoa eta Tomas Suttonekoa, beste askoren artean, nahiz eta garai hartako filosofo, pentsalari eta, jakina, teologo ugarik kondenatu zuten. Akinokoaren lehen oposiziogileen artean Guillermo de la Mare, Enrique Gantekoa, Gil Romakoa eta Jon Duns Escoto daude.[22]

Akinokoren kanonizazioak, 1323an, 1277ko kondenaren ezeztapena ekarri zuen. Geroago, Akinokoak eta bere eskolak aurkari bikain bat aurkituko zuten bide modernoan, bereziki Gilen Ockhamekoaren eta haren jarraitzaileen aldetik.

Tomismoak, nagusiki, Giovanni Capreolo (1380-1444) edo Tommaso Viokoa (1468-1534) bezalako teologo domingotarrek sostengatutako doktrina izaten jarraitu zuen. Denborarekin, XVI. mendean, tomismoak gotorleku bat aurkitu zuen Iberiar Penintsulan, Francisco Vitoriakoa (zuzenbide naturalaren teorian egindako lanagatik bereziki nabarmena), Domingo Sotokoa (teoria ekonomikoan egindako lanagatik nabarmena), Juan Santo Tomasekoa, eta Domingo Báñez domingotarren bidez, Salamancako karmeldarren bidez (hau da, salmantikarren bidez); eta, neurri batean, baita sortu berri diren jesuiten bidez ere, bereziki Francisco Suárez eta Luis Molinakoaren bidez.

Modernitatean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Berrian zehar, gizakiaren ikuspegi antropozentriko berriarekin, eta zientzia zein filosofiaren berpizkundearekin, erlijio edo, behintzat, pentsamendu erlijiosoak, Tomismoa haien artean, alde batera utzi ziren, garrantzia galduz.

Modernitatean zehar Tomismoa ikusteko hainbat era egon ziren. Batzuek era positiboan eta erabilgarrian hartu zuten, beste batzuek garaian sortutako ideien alde jo zuten.

Gorputzaren eta arimaren arteko Descartesen dualismoa Aristotelesen eta Tomas Akinokoaren ikuspegien kontra agertu zen. Izan ere, azken horiek, ikuspegi enpiriko batetik, existitzen denaren eta munduan dagoen horren garrantzia azpimarratu zuten, ezagutza hutsa adimenetik baztertuz. Descartesek, bere partez, kontrako teoria bat planteatzen du: mundua engainagarria da, ezin dugu sinetsi ustez kanpoan agertzen dena, gure baitan dagoen horretan bakarrik sinets dezakegu, gure "nian", beraz, gure pentsamendu eta adimen hutsean. Horren bidez bakarrik lortuko dugu benetako ezagutza.

Ilustrazioan nagusi zen arrazionalismo filosofikoari erantzunez, Salvatore Rosellik, Santo Tomas Ikastetxeko teologia irakasleak, Summa philosophica (1777) argitaratu zuen, non Akinokoaren interpretazio aristotelikoa eskaintzen den, zentzumenak ezagutza-iturri gisa baliozkotuz. Angelicumen irakasten zuen bitartean, Rosellik neotomismoaren oinarriak XIX. mendean ezarri zituela uste da. J.A. Weisheipl historialariaren arabera, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran "Italian, Espainian eta Frantzian tomismoaren berpizkundearekin zerikusia izan zuten guztiek eragin zuzena izan zuten Roselliren lan monumentalean", Tomismoaren berpizkunderako bidea zabaldu zuen pertsona garrantzitsuenetarikoa izan zela azpimarratuz.

G. K. Chesterton idazleak, bere partez, Aro Berriaren amaieran, Tomismoaren ikuspuntua azpimarratu zuen garatutako beste korronte askoren aurrean. Izan ere, pentsalari horren arabera, XVI. mendetik garatutako filosofia edota pentsatzeko era gehienak zentzu komunaren kontrakoak ziren, errealismotik aldentzen zirenak. Hobbesek ez ditu gizakiak ikusten, otsoak baizik. Hegelek aktoak eta ez errealitatearen momentu konkretu horretan dauden elementuak. Tomismoak bere partez dauden gauzak ikusten ditu, errealismoan oinarritzen baita. Gizakiak gizakiak dira eta arrautzak arrautzak, errealitatea agertzen diren substantzia propioen egiazkotasuna azpimarratzen du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sproul, R. C. (Robert Charles). (1998). Renewing your mind : basic Christian beliefs you need to know. Grand Rapids, Mich. : Baker Books ISBN 978-0-8010-5815-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  2. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  3. a b c d «Thomas Aquinas: De ente et essentia: English» web.archive.org 2009-11-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  4. «SUMMA THEOLOGICA: The simplicity of God (Prima Pars, Q. 3)» web.archive.org 2011-11-09 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  5. «Thomas Aquinas: De Principiis Naturae: English» web.archive.org 2009-09-16 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  6. «Thomas Aquinas: Quaestiones disputatae de veritate: English» web.archive.org 2009-04-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  7. «SUMMA THEOLOGIAE: The existence of God (Prima Pars, Q. 2)» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  8. «Thomas Aquinas: Commentary on Aristotle's Metaphysics, Book 5: English» web.archive.org 2011-11-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  9. (Ingelesez) Augustine of Hippo. 2023-05-02 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  10. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  11. (Ingelesez) Five Ways (Aquinas). 2023-05-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  12. «SUMMA THEOLOGIAE: The simplicity of God (Prima Pars, Q. 3)» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  13. (Ingelesez) Actus purus. 2023-05-12 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  14. «Thomas Aquinas: Contra Gentiles: English» web.archive.org 2009-02-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  15. «SUMMA THEOLOGIAE: Man who is composed of a spiritual and a corporeal substance: and in the first place, concerning what belongs to the essence of the soul (Prima Pars, Q. 75)» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  16. «SUMMA THEOLOGICA: The good and evil of human acts, in general (Prima Secundae Partis, Q. 18)» web.archive.org 2011-11-10 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  17. «SUMMA THEOLOGICA: The essence of law (Prima Secundae Partis, Q. 90)» web.archive.org 2011-11-02 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  18. «SUMMA THEOLOGICA: The eternal law (Prima Secundae Partis, Q. 93)» web.archive.org 2011-11-09 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  19. «Thomas Aquinas: Quaestiones disputatae de veritate: English» web.archive.org 2009-04-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  20. «SUMMA THEOLOGICA: Truth (Prima Pars, Q. 16)» web.archive.org 2012-01-06 (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  21. (Ingelesez) Roensch, Frederick J.. (1964). Early Thomistic School. Priory Press ISBN 978-0-8401-2041-0. (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).
  22. Cessario, Romanus. (2005). A short history of Thomism. Washington, D. C. : Catholic University of America Press ISBN 978-0-8132-1386-6. (Noiz kontsultatua: 2023-05-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]