Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Gozategi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gozategi
Datuak
JatorriaOrio, Gipuzkoa
Musika motatrikiti, pop
Urteak1992 - 2012
Produkzioa
Diskoetxea(k)Elkar
Taldekideak
Asier Gozategi
Ainhoa Gozategi
Iñigo Goikoetxea
Imanol Goikoetxea
David Gorospe
Iñigo Perona
Asier Sarasola
Yugi Nogeira
Mikel Irazoki
Informazio gehigarria
Facebook: gozategi Badok: gozategi Spotify: 0LhicYDY59JuQFjE61jip8 iTunes: 188234365 Last fm: Gozategi Musicbrainz: d33e53ad-e162-452d-9d02-33dd3cc999cb Discogs: 3382109 Musikasten: gozategi Deezer: 112343 Edit the value on Wikidata

Gozategi euskal musika taldea da, 1990eko hamarkadan trikiti doinuekin Euskal Herrian arrakasta handia lortu zuena. Taldea Asier Gozategi eta Ainhoa Gozategi anai-arrebek eta beste hainbat pertsonek osatzen dute.

Asier eta Ainhoa Gozategi, 1983ko Nafarroa Oinezen, Gozategi sortu baino hamarkada bat lehenago

Trikitian ezohikoa zen formatu bat ekarri zuen Gozategi taldeak: hirukotea. Soinu eta pandero jotzaileez osaturiko bikote tradizionalari beste kide bat gehitu zioten: baxu eta txarango jotzailea. Asier Gozategi (trikitia eta ahotsa), Ainhoa Gozategi (panderoa eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa) 1992ean hasi ziren erromeriak eskaintzen, Gozategi Anai-arrebak izenarekin. Geroago, Gozategi bihurtu ziren.

Iñigo Goikoetxearen elkarrrizketa Guaixe aldizkarian.

Trikitilari belaunaldi berriaren ordezkaritzat aurkeztu zituen Elkar disketxeak, Gozategiren lehen diskoa plazaratzean: Gozategi (1995). Hirukotearen musikaren gaztetasuna, freskotasuna, bizitasuna eta kolorea nabarmendu zituen, eta «adin guztietako entzule gazteentzat» zela gaineratu zuen. Ordurako ezaguna zen Gozategiren izena, maketan grabatutako kantu batek, Manolo Escobar kantari espainiarraren abesti batean oinarrituriko Nor-nori-nork izenekoak, sekulako oihartzuna izan zuelako. Maketaren 2.000 ale saldu zituen taldeak.

Arin-arin, fandango eta porrusaldez gain, tex-mex, cumbia eta maitasunezko baladak sartu zituen Gozategik estreinako lan gustagarri hartan. Trikitia pop-rock musikaren mundura eramateko ahaleginaren seinale, Fran Iturbe gitarrista (Jotakie, Bide Ertzean) arduratu zen ekoizpena zaintzeaz, eta rock formatuko talde batekin grabatu zen diskoa (bateria, baxua eta gitarra). Diskoaren azal koloretsuak ere trikitiaren aro berri bat iragarri nahi zuen. Diskoak sekulako oihartzuna izan zuen, 17.000 ale saldu ziren, eta bigarren diskoari begira presio handia ekarri zion taldeari.

Nirekin kantua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, Gozategiren unerik gorena, arrakastari dagokionez, Ainhoa (Elkar, 1996) bigarren diskoarekin heldu zen, eta, zehazki, Nirekin kantuarekin. 1996ko udako kantua izan zen, eta «emoixtaxux muxutxuek...» leloa ahoz aho ibili zen. Jon Maia bertsolariak bizkaieraz idatzitako hitzetan zetzan arrakastaren gakoetako bat. Honela azaldu zuen Asier Gozategik: «Gai berarekin batuaz idatzi zuen hasieran; handik bi egunetara etorri eta 'tori beste hau' esan zigun. Orain elkar ikusten dugunean, hunkituta besarkatu eta magia dela pentsatzen dugu. Gertatu egin da, aproposa ezin zen egin: musika hitzarena da, eta hitza musikarena» (1).

Aurreko diskoko lan egiteko era errepikatu zuen taldeak; berriz ere, Fran Iturbek egin zuen ekoizpen lana, baina oraingoan alde zeukan taldea eta kantuak hobeto ezagutzen zituela. Hain zuzen, urtebetez aritu zen Iturbe taldea kontzertuetan laguntzen. Ordurako aldaketa gertatzen ari zen herrietako plaza eta frontoietan. 1970eko hamarkadatik berbena taldeena zen esparru hori erromerietatik zetozen taldeak hartzen ziren -Gozategi, Maixa ta Ixiar, Tapia eta Leturia...-, eta berriz ere gainezka betetzen hasi ziren.

Hurengo urtean Andoni Egañaren hitzekin 1997ko Korrikarako Euskal Herria Korrika abestia sortu zuten. "Hamaiketakoa Prest!. Korrika" moduan argitaratu zena.[1]

Kalanbreak kantua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalanbreak hirugarren diskoan (Elkar, 1998), bere musikari ukitu modernoagoa eman nahi izan zion taldeak, eta Javi Pez musikari eta disko jartzaile donostiarrarengana jo zuen, abestiak dantzarako programazioekin jantz zitzan. Aurrekoaren aldean, onespen apalagoa izan zuen lan horrek, baina hala ere, herrietako jaiak girotzeko aproposak ziren kantu fresko eta dantzagarriz beterik zegoen. Hainbat kanturen hitzak Orioko bertsolariek idatzi zituzten: Xabier Sukia, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga... Aurretik kanpoan arituak baziren ere (Katalunian, Galizian eta Argentinan, besteak beste), disko honekin atzerrirako proiekzioa zabaldu zen. Hala, Suitzan, Frantzian, Galizian, Espainian, Finlandian, Katalunian, Argentinan eta Uruguain jo zuten. Aldi berean, "Gozategi's Blai" dantza ikuskizuna estreinatu zuten, zortzi dantzarirekin eta txistulari batekin.

2000ko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gozategi (2002)

Bost urtean laugarren diskoa kaleratu zuen, Egunon (Elkar, 2000). Izenburuarekin mezu baikorra zabaldu nahi zuen taldeak, baina kantuen hitzetan eduki sozial eta politikoak pisu handia hartu zuen, bai eta maitasunak ere. Gozategiren diskorik pertsonalena zela azaldu zuten taldekideek aurkezpenean. Hari moldaketak sartu zituzten, eta ekoizpenaz Dominic Earl gitarrista (Niko Etxart) eta Jean Phocas arduratu ziren, Fran Iturberen ordez. Bost urte lehenago hasitako triki-poparen sukarra epeltzen ari zen, eta Gozategik ere nabaritu zuen makalaldia, bai diskoen salmentan, bai emanaldien kopuruan. Ondorioz, atsedenaldi luze bat hartu zuen hurrengo diskoa kaleratu aurretik, eta musikatik aparteko lanbideetan hasi ziren taldekideak. Musika egiteari ez zioten utzi, ordea, ezta zuzenean jotzeari ere. Tarte horretan, Zarautzen eta Orion 2004. urtean egindako Kilometroak jaiaren aldeko kantua sortu zuten, Andoni Egaña eta Iñaki Gurrutxaga bertsolarien hitzen gainean, baina Gozategiren hurrengo diskoa ezagutu arte sei urte igaro ziren.

« Lehen diskoa 95ean kaleratu genuen. 2000an azkena. 2001ean eseri ginen lehen aldiz eta atzera begiratu genuen. Orduan, arreba eta Iñigo ezkondu egin ziren eta haurrak munduratzen hasi ziren. Pittin bat aldendu egin ziren taldetik. Nik segi egin nuen. 2006an beste disko bat egin arte bost urte igaro ziren, ez genuen zuzenekoak egiteari utzi, baina indar guztiak ez genituen musikan jartzen. Dena ez da musika.

Iñigok bigarren umea izan eta hiru egunera, emaztea hil egin zen. Ospitalean. Erditu eta gero. Honekin esan nahi dut momentu oso gogorrak daudela eta Gozategi denek jaiarekin eta alaitasunarekin lotzen duten arren, 25 urte betetzeko bidegurutze askotan egon behar dela. Momentu gogor ugari pasa behar dira eta erabaki zailak hartu behar dira zerbaitek irauteko.

»

—Asier Gozategi (2017)[2]


Elkar argitaletxearekin 100.000 disko baino gehiago saldu zuten.[3][4] Baina Elkar utzi, eta Babelmusik diskoetxe sortu berriarekin argitaratu zuten Goztg.kom (2006). Denbora asko pasa arren, estilo arrakastatsuari eutsi zion taldeak: abesti dantzagarriak eta hitz zuzenak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, Batasunaren ilegalizazioa, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen ostean Espainiako Gobernuan gertatutako aldaketa, etorkinen tragedia eta halakoak hizpide hartu zituen Gozategik lan haretan.

2010eko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gozategi taldea Etxarri Aranatzen 2014an

Bigarren disko bat ere atera zuten Babelmusik diskoetxearekin, Bizi-bizirik (2010).

2012an 20 urteren bilduma egin zuten All Stars 1992-2012.

2017ko udan eman zituzten kontzertu bereziekin zuzeneko Zuzenean 25 urte DVD eta CDa argitaratu zuten Gozategi taldeak. Guztira 17 kanta biltzen zituzten lanak eta dokumental bat ere sartu dute osagarri gisa. Hamaika gonbidatu aritu ziren emanaldi berezi hauetan, Xabi Solano esaterako. Ainhoa ere bueltatu zen nola ez.[5]

2018an G puntua diskoa atera zuten Elkarrekin.

« Gora-beherak daude, momentu on eta txarrak, baina guk argi izan dugu zer nahi genuen eta ez ibilbide horretatik atera. Eta, ohartzerako, 25 urte pasa dira. Lehen diskoa argitaratzean fama duzue, diskoa atera duzue... zer gehiago nahiko zenuke? galdetu zidaten, eta erantzun nien: hemendik 15 urtera –ehun urte izango balira bezala– Gozategi taldeak jarraitzea. Eta begira, 25 pasa dira. »

—Asier Gozategi (2017)[2]


Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • TRIKI 1 diatonic dynamite (1995)
  • Aisterrazu da plaza (1997, Lagin)
  • Hamaiketakoa prest! Korrika (1998, Elkar)
  • Rockin ' Trikitixa (1998)
  • Nafarroa Oinez 99 (1995)
  • Kilometroak 2004, Orio+Zarautz (2004)
  • 18/98+... Auzolanean (2006, Gara)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]