Eratorpena eta hitz-elkarketa
|
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
Eratorpena hitz sorkuntzarako prozesu bat da. Horren bidez, jatorrizko hitz batekin semantikoki erlazionatutako kontzeptuak izenda daitezke (hitz > hiztun, esaterako). Horrek, lexema edo erro kopuru txiki batetik, erlazionaturiko beste hitz ugari sortzeko aukera ematen du. Hizkuntza askotan, euskara barne, eratorpena hitz berriak sortzeko baliabide emankorrenetakoa da, baina eratorpenik gabeko hizkuntzak ere badaude; horiek hizkuntza isolatzaileak dira batez ere, hitz-elkarketa erabiltzeko joera handiagoa dutenak.
Eratorpenak flexioarekin kontrastatzen du: biek erroari gehitutako morfemak erabiltzen dituzte hitz berriak sortzeko, baina, flexioan, morfema horiek informazio gramatikala gehitzen dute bakarrik. Eratorpena gardena da sintaxirako; flexioa, berriz, ez. Bestalde, eratorpenak aldaketa gramatikala ekartzen du gehienetan (eman aditza > emankor adjektiboa, adibidez); flexioa, aldiz, kategoria gramatikala mantentzen du (katua, katuak… izenak izango dira beti, esaterako).
Bestalde, eratorpenak hitz-elkarketarekin zerikusi handia du esanahi aldaketari begira. Desberdintasun nagusia da eratorpenak esanahi gabeko morfemak erabiltzen dituela (-zale atzikia mendi izenari gehituta, mendizale izen-adjektiboa ematen du, adibidez) eta hitz-elkarketak esanahia daukaten morfemak lotzen dituela (egon izena + gela izena = egongela izena, esaterako).
Hitz eratorriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lexema bakar batetik eta eratorpen morfemekin sortutako termino multzoari hitz eratorrietako eremu semantikoa deritzo.
Batzuetan, hitz eratorrietako eremu semantiko baten barruan, hitz bat beste baten eratorria dela esaten da, bigarren hitz hori atzizki eratorrietatik abiatuta sor badaiteke (eta, agian, atzizki flexiboren bat kenduta). Adibidez: abes-tu > abes (atzizki flexiboa kendu) > abes-lari (atziki eratorria gehitu).
Hala ere, batzuetan zaila da esatea zein den hitz eratorrien eremu semantiko bateko jatorrizko hitza, eremu semantiko horretan atzizki eratorri gabeko hitz bat baino gehiago agertu ahal baitira.
Aldaketak kontsonanteetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzak eratortzerakoan, hainbat aldaketa kontsonantiko hartu behar dira kontuan[1]:
Eratorpen egiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eratorpena (atzizkiak zein aurrizkiak) eta elkarketa kontuan hartuz, honako egiturak ditugu:
- Atzizkidun eratorriari aurrizkia eranstea: marxismo > antimarxismo
- Aurrizkidun eratorriari atzizkia eranstea: birmoldatu > birmoldaketa
- Aldi berean aurrizkia eta atzizkia eranstea (parasintesia): desjabetu
- Osagaietako bat aurrizkiduna duen hitz elkartua: des-egin + aldi
- Osagaietako bat (edo biak) atzizkiduna duen hitz elkartua: liburu + bana-tzaile
- Hitz elkartuari atzizkia erantsiz sorturiko eratorria: aita-ama > aita-amago; Estatu Batuak > estatubatuar
- Hitz elkartuari aurrizkia erantsiz sorturiko eratorria: portavoz > viceportavoz (euskaraz hori ez da maiz gertatzen)
- Hitz elkartuari lehenik atzizkia eta ondoren aurrizkia erantsiz sorturiko eratorriak: Ipar Amerika > iparramerikar > antiiparramerikar
Hitz-elkarketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntzalaritzan, hitz-elkarketa hizkuntzen prozesu morfologiko bat da neologismoak sortzeko; hau da, hitz berriak sortzeko. Hitz-elkarketa lexema edo erro (hau da, hitzen parte aldaezin) bi edo gehiago koordinatzean datza, unitate semantiko eta sintaktikoa osatzen duen hitz berri bat sortzeko. Lokuzio, lexia, enuntziatu fraseologiko edo kolokazio bezalako unitate fraseologikoetatik desberdindu behar dugu.
Hitz-elkarketa hitz sorkuntzarako prozesu unibertsal bat da, hizkuntza guztietan ematen dena neurri batean edo bestean. Aldiz, eratorpena edo flexioa hizkuntza flexibo eta eranskarietara murrizten da gehienbat. Hitz-elkartuen tipologia eta esanahia desberdintzen da ere hizkuntzatik hizkuntzara. Alde batetik, hitz-elkartu koordinatuak daude, zeinetan bi hitzek kategoria berekoak diren eta, bestetik, menpeko hitz-elkartuak daude, zeinetan hitz-elkartuaren kategoria formante nagusiaren berekoa izango dena.
Hitz elkartuen formakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz-elkartuen sorkuntzarako arauak asko aldatzen dira hizkuntzatik hizkuntzara:
- Hizkuntza sintetikoetan, elementuen arteko erlazioa marka morfologiko edo kasuek adieraz. Alemanez, esaterako, Kapitänspatent ("merkataritza baimena") hitza bi lexemaz osatuta dago: Kapitän ("kapitaina") eta Patent ("patentea edo lizentzia"), genitibozko -s morfemaz lotuta.
- Hizkuntza eranskarietan, hitz elkartu oso luzeak eratzeko joera dago, eratorpen-morfemaren laguntzarik gabe. Alemana eta finlandiera ezagunak dira hitz-elkartu oso luzeak izateagatik. Finlandieraz, adibidez, hätäuloskäytävä ("larrialdietarako irteera") moduko hitz-elkartu luzeak daude. Hori bai, lexema hiru edo gehiagoko hitzak arraroak dira eta, bestalde, nahiz eta hitz-elkartu hauek lotuta idatzi, lexemen arteko pausak egiten dira hitz egiterakoan.[2]
Hitz elkartuen osaera eta idazkera euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz, hiru hitz elkartu motak bereiz ditzakegu[3], bereiz idazten direnak, marratxoarekin idazten direnak eta loturik idazten direnak. Honako hitz-elkarte modukoak bereiz idatziko dira:
- Aposizioak: Bidasoa ibaia, Aralar mendia, Larramendi kalea, Arriaga antzokia, Axular liburutegia, Xalbador ikastegia, Uztapide bertsolaria, maisu Juan, B eredua…
- Egin, eragin, eman eta hartu-rekin osatzen diren aditz-elkarteak: hitz egin, hots egin, lo egin, negar egin, negar eragin, beldur eman, hots eman, min hartu, parte hartu…
- Etxez etxe ereduko bikoiztapenak (lehen osagaia deklinaturik dago; bigarrena, ez): aurrez aurre, gainez gain, gizaldiz gizaldi, adarrik adar, kalerik kale…
- Egin berri eredukoak: amaitu berri, esan berri, sortu berri... Salbuespenak ezkonberri modukoak dira.
- Mahai gainean, etxe aurretik gisako postposizioak: esku artean, gerra aurretik, aste barruan, hiri barnera… Salbuespenak: nazioarteko, hiriarteko, jendaurrean…
- Bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak: ur bila, bake bila, diru eske, barkamen eske, egur falta, lo falta…
- Lehen osagaia erdal, euskal, giza edo itsas duten elkarte berriak: erdal gramatika, erdal itzulpena, euskal olerkiak, euskal idazleak, giza zientziak, giza adimena, itsas garraioa, itsas ekologia...
Honako hitz-elkartu hauek, berriz, marratxoz idatziko dira:
- Gorri-gorri ereduko bikoiztapen indargarriak (lehen osagaia deklinabide-atzizkirik gabe dutenak): labur-labur, adi-adi, erne-erne, ozta-ozta, luze-luzea, gaur-gaurkoz, zuzen-zuzenean…
- Apurka-apurka ereduko bikoiztapenak (bi osagaiek atzizki berbera dute): tarteka-tarteka, banaka-banaka, egunero-egunero, astiro-astiro...
- Seme-alabak eta zuri-gorriak ereduko elkarteak: anai-arrebak, aitona-amonak, galde-erantzunak, maisu-maistrak, txuri-urdin, joan-etorri...
- Barra-barra, plisti-plasta eta zehatz-mehatz eredukoak: bor-bor, dar-dar, kili-kili, mara-mara, pil-pil, nahas-mahas, tarteka-marteka... Salbuespenak: esamesa, tirabira, tximista, zurrumurru, dirdira, marmar...
- Ezkio-Itsaso ereduko leku-izen elkartuak: Abanto-Zierbena, Gernika-Lumo, Lasarte-Oria, Biurrun-Olkotz, Etxarri-Aranatz, Arratzu-Ubarrundia, Iruraitz-Gauna… Bi herri elkartzean sortutako leku-izen horiek marratxoz idatzi behar dira, baina, Donostia/San Sebastián eta gisakoetan, herri bakar bat esateko bi izen erabiltzen direnean, itzulpena dela-eta, barra idatzi behar da.
Azkenik, honako hauek loturik idatziko dira:
- Jarleku (aditzoina + izenondoa) moduko elkarteak: egongela, salneurri, jokamolde…
- Aldagaitz (aditzondo + izenondoa) bezalako izaera elkarteak: irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz…
- Odolustu (izena + aditza) moduko izen-elkarte arruntak: indargabetu, indargaldu, azpimarratu…
- Bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo -gintza,-zaintza duten elkarteak
- Bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak: langile, atezain, dirudun, lotsagabe, solasaldi, asteburu, legegizon, lankide, kalekume…
- Lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak: aurreikuspen, gainbegirada, azpimultzo…
- Lauburu (zenbatzailea + izena) moduko elkarteak: hiruhortz, ehunzango, milazango, begibakar…
Bestalde, elkarketako lehen osagaiak berezko -a duen kasuan, Euskaltzaindiak aukera bat baino gehiago utzi du. Halakoetan, hitz elkartua -a itsatsia kendu gabe eta marratxoz idaztea hobesten eta gomendatzen da ikasmaterialetan:
- Amaieran -ia dutenetan: egia-maila, industria-sare, familia-liburu, ortografia-arau, geografia-izen, toponimia-ikerketa...
- Hizkuntza, kultura, literatura, eliza, burdina eta natura izenak lehen osagaia denean: hizkuntza-ariketa, hizkuntza-eskakizun, kultura-gaitasun, natura-zientzia...
- Gainerako elkarte berri guztietan: eskola-liburu, hezkuntza-mundu, jaiotza-kontrol..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eratorpena eta hitz-elkarketa - hiru.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
- ↑ http://www.finnsnw.org/etc.html. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
- ↑ Arauak 20: HITZ ELKARTUEN OSAERA ETA IDAZKERA | euskaljakintza. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).