Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Kōan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kōan (japonieraz: 公案?) (txinera tradizionalez: 公案; pinyinez: gōng'àn; koreeraz: 공안 (kong'an); vietnameraz: công án) zen tradizioan, maisuak ikasleari proposatzen dion problema da, haren aurrerapenak egiaztatzeko erabiltzen duena. Askotan badirudi kōana zentzugabea dela, logikarik gabekoa edo hutsala. Irtenbidea aurkitzeko ikasleak arrazoibidetik askatu eta bere kontzientzia maila handitu behar du, maisuak benetan zer galdetu nahi izan dion susmatzeko, hitzez hitzeko esanahitik haratuago.

Agian kōanik ospetsuena ahozko tradizioaren arabera Hakuin Ekaku (1686-1769) kōan tradizioa Japonen berreskuratu zuenari zor zaio. Maisuak esku-zarta bat egin eta hauxe dio: "Hona hemen bi eskuen hotsa; zein da esku bakar baten hotsa?". Mendebaldean erantzun oker asko eman zaizkio, hala nola kriskitin egitea, eskua airean mugitzean sortzen den isiltasuna, irakasleari zaplazteko bat ematea, etab.

Kōanak argieginen edo elezaharretako pertsonaien esan eta eginetatik sortuak dira, eskuarki Bodhidharmaren leinutik etortzeagatik irakasteko autoritatea dutenetatik. Kōanak pertsona horien argiztatzea edo esnatzea islatzen dute, eta pentsabide diskurtsibo logiko-arrazionala eten eta buru-shocka sortzea dute helburu, kontzientzia (esnatzea) handitzeko. Zen maisuek kōanak maiz esan eta iruzkintzen dituzte, eta batzuetan kōanetan kontzentratzen dira euren meditazio aldietan. Irakasleek kōanak erabil ditzakete ikasleen aurrerapenak neurtzeko eta dotrina ulertzen duten eta esnatzea (Satori) sentitu duten ala ez egiaztatzeko. Erantzunak ahoz eman daitezke, baina baita keinuz edo ekintzen bitartez ere.

Mendebaldeko kulturan kōan izena batzuetan erantzunik ez duten galderei edota zentzurik ez duten esanei ematen zaie. Hala ere, zen monje batentzat kōana ez da zentzurik ez duen zerbait, eta zen maisuek erantzun egokia espero dute kōan bat esaten dutenean. Kōana ez da asmakizun bat, eta, nahiz literaturan erantzun ortodoxoak egon, kōana noiz esaten den eta horren arabera erantzun egokia bat edo bestea izan daiteke. Maisuak ez du nahi ikasleak erantzun zuzena jakitea, baizik eta zen filosofian egin dituen aurrerapenak egiaztatu nahi ditu eta eguneroko bizitzan aplikatzen duen ala ez.

Kōana nola ebazten den

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean ikasleak irakaslearengandik ikasten du, haren diskurtso logikoari jarraituz, urratsez urrats. Ostera, zen maisuak ikasleari eskatzen dio jauzi bat egin dezala, berez ikas dezala berehalako batean. Beraz, kōanak ez dira sekula ebazten logikaren arabera edota problemaren analisi arrazionala eginez. Izan ere, ikasleak ez du irtenbidea aurkituko arrazoiaren bidetik dabilen bitartean.

Txakurrak Budaren izaera ote?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Monje batek galdetu zion Zhàozhōuri, "Txakurrak Budaren izaera ote du?". Zhaozhouk erantzun: "".
Buddharekin topo egiten baduzu, hil ezazu.
Linji
Budarengan pentsatzen ari bazara, hori pentsamendu eta irudipena besterik ez da. Budari buruzko aurreiritziak deuseztatu behar ditugu. Shunryu Suzuki zen maisuak Zen mind, beginner's mind (Zen burua, hasiberriaren burua) bere liburuan [1] Zazenari buruzko sarreran idatzi zuen: "Buda hil ezazu baldin eta Buda beste nonbait bizi bada. Hil ezazu zeren zure Buda izaera zeuretu behar baituzu".
Eido Tai Shimano Shunryû Suzuki maisua ikustera joan zen.
- Azkenotan nola zaude?, galdetu zion Shimanok.
- Izen berria eman didate, erantzun zuen Suzukik.
- Zein?
- Minbizia.
  • Wenger, Michael & José M. Prieto (2007), Penetrante compasión: cincuenta koan contemporáneos, Madril: Miraguano.

Kōanen antzeko beste adierazpen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mistika erlijioso guztiek badituzte paradoxan, oximoronean edo antitesian oinarritutako horrelako adierazpenak. Kristautasunean. Pseudo-Dionisio Areopagokoaren ezezko teologia delakoak sartu zuen, eta Joan Gurutzekoa eta Teresa Avilakoa dira haren islapen nagusiak. Lehendabizikoaren Subida al monte Carmelo izeneko poema egiatan esaera mistiko segida trinko bat baino ez da:

Dena gozatzeko,
ez ezazu ezertan ere gozorik izan nahi.
Dena jakiteko,
ez ezazu ezertan ezer jakin nahi.
Denetaz jabetzeko,
ez ezazu ezertan ezertaz jabetu nahi.
Dena izatera iristeko,
ez ezazu ezertan ezer izan nahi.
Gustatzen ez zaizunera iristeko,
gustatzen ez zaizunetik joan behar duzu.
Ez dakizunera iristeko,
ez dakizunetik joan behar duzu.
Ez daukazunaz jabetzeko,
ez daukazunetik joan behar duzu.
Ez zarenera iristeko,
ez zarenetik joan behar duzu.
Zerbaitez ohartzen zarenean
guztira jotzeari uzten diozu.
Guztitik guztira etortzeko,
Guztian guztiz utzi behar zara.
Eta guztiz jabetzera iristerakoan,
haren jabe izango zara ezer nahi izan gabe.

San Agustinek esaera mistiko ospetsu bat eratu zuen, haren arabera Kristok berak ametsetan ezagutarazia : "Ez ninduzuke bilatuko ez baninduzu aurkitu".

Batzuetan Frantzisko Asiskoari egotzi zaion Bakearen aldeko otoitzak honela dio azken bertsoan: Zeren emanez hartzen baita, ahaztuz aurkitzen, barkatuz barkatua izaten eta hilez amaierarik ez duen bizitzara berpizten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gaztelaniaz Mente zen, mente de principiante izenarekin hainbat aldiz argitaratu izan da.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]