Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Karta joko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karta-joko» orritik birbideratua)
Karta jokalariak - Paul Cézanne, 1895.

Karta jokoa, karta-sortekin jokatzen den joko oro da. Mahai jokoa da, eta beste joko-elementu batzuk izan baditzake ere, elementu nagusia karta sorta bat edo gehiago izatea du bereizgarri nagusia. Ohar bedi kartak erabiltzen dituzten joko guztiak ez direla karta jokotzat hartzen, zenbait jokotan kartak elementu lagungarria baitira, baina ez mekanikaren oinarria.

Mota askotako karta sortekin joka daiteke, batzuk estandarrak edo erabilera zabalekoak izan daitezke (ingeles kartak, frantziar kartak eta espainiar kartak, adibidez), edo joko zehatz batean aritzeko karta bereziak ere izan daitezke. Normalean, kartaren alde batean haren balio eta ezaugarriak ageri dira, eta atzealdea ordea denek berdina izaten dute, jokalariak eskuan dituelarik besteek kartak ez identifikatzeko moduan. Horregatik, karta joko gehienak "informazio osatugabeko jokoak" dira, hau da, jokalariek ez dute jokoaren egoera osoki ezagutzen partidan zehar (arerioek eskuan dituzten kartak eta mazoetako kartak edota haien ordena ezezagunak izan ohi dira).

Askotan, jokatu aurretik kartak nahasten dira, kasu horietan ausazko jokoen barnean sailkatzen dira.

Zenbait jokoetan puntuak zenbatzen dira (musean adibidez), beste batzutan diru apustuak ere burutzen dira (pokerrean, adibidez).

Karta jokoak arau zehatz batzuen arabera jokatzen dira, baina joko tradizionalen kasuan ohikoa da arau horiek tokiko aldaerak izatea.

Karta joko motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baza jokoetan, txandaro karta bat jokatzen du jokalariak. Jokoaren arabera, beste jokalariek txandatik kanpo erantzun diezaiokete jokaldiari. Normalki, karta jokatzean aurretik jokoan ziren kartei eragiten zaie, hauek bilduz, beste jokalarei eman edo kenduz, edo mazotik karta gehiago hartuz. Jokoaren helburua ahalik eta puntu gehien edo gutxien biltzea izan ohi da, kartei edota hauen kopuruari puntuak esleituz.

Briska, adibidez, mota honetako jokoa da.

Konbinazio jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoaren helburua jokalariak eskuan dituen kartak erabiliz nolabaiteko konbinazioak lortzea da, balio bereko kartak lotuz, makil berekoak, edo "eskilarak" eginez, adibidez.

Mota honetakoak dira txintxona, burro delakoa eta rummy-a, besteak beste.

Kartagabetze jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Seiko urrean, helburua eskuko karta guztiak mahaian kokatzea da, arau zehatzak jarraituz.

Joko hauen helburua eskuko kartak jokatzea da, beste jokalariak baino lehen kartarik gabe geratzeko.

Seiko urrea eta gezurtia dira horrelako joko ezagunenetako batzuk.

Kartabiltze jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joko hauen helburua ahalik eta karta gehien eskuan biltzea da. Gerra horrelako joko sinple bat da.

Harrapatze jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helburua eskuan diren kartak erabiliz mahai gainekoak biltzea da. Eskoba, adibidez, mekanika hori jarraitzen duen joko zabaldua da.

Karta konparaketan oinarriturikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mus partida batean jokalariek kartak konparatzen dituzte, apostuan diren puntuak irabazteko.

Joko hauetan jokalariek eskuan dituzten kartak aurkariekin konparatzen dituzte, puntuak lortzeko. Konparaketa egiteko karten balioa, konbinazioak edo beste hainbat irizpide har daitezke kontuan. Musa, pokerra eta abar talde honetakoak lirateke.

Sakontzeko, irakurri: «Bakar-joko»

Bakar-jokoak bakarka jokatzen diren jokoak dira. Ausazko konbinazio bat mahai gainean delarik, joko arau batzuei jarraituz egoerari konponbide bat topatzea izaten da helburua. Jokoaren arabera mahai gaineko kartak kentzea, kartagabetzea, kartak biltzea edo konbinazioak egitea izan daiteke.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Joseba Aurkenerena: Karta izenak euskaraz. [1]