Mohammad Reza Pahlavi
Mohammad Reza Pahlavi (persieraz: محمدرضا پهلوی, Mohammad Rezā Pahlavi; Teheran, 1919ko urriaren 26a - Kairo, Egipto, 1980ko uztailaren 27a), Mohammad Reza Xah (persieraz: محمدرضا شاه, Mohammad Rezā Šāh) ere deitua, Irango xah edo enperadorea izan zen, 1941etik 1979ra.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Reza Xah Pahlaviren seme zaharrena zen. Suitzan hezi zuten, eta 1935ean itzuli zen Irana. 1941ean egin zuten enperadore, Sobietar Batasunak eta Britainia Handiak Iran okupatu eta haren aita, nazien laguntzailea zela-eta, aginpidetik kendu ondoren. 1946an erretiratu ziren sobietarrak eta britainiarrak Irandik, eta Amerikako Estatu Batuek enperadorea bere alde jartzea lortu zuten. Petrolioaren ustiakuntzak garrantzi handia hartu zuen berehala.
1950retik aurrera, gatazka latzak izan ziren xaharen eta Mohammad Mosaddeq ministro nazionalistaren artean; 1951n Mosaddeqek, Irango Parlamentuan, petrolioaren nazionalizazioa lortu zuen, baina gorabehera askoren ondoren, Mohammad Rezak Mosaddeq kargutik kendu eta baliorik gabe utzi zuen neurri hura, Estatu Batuen interesen alde betiere. Estatu Batuek emaniko laguntzez baliatu zen Irango modernizazioari ekiteko, eta ezkerreko politika-mugimendu oro ezabatzeko. 1970retik aurrera, harreman estuagoak izan zituen Sobietar Batasunarekin eta Ekialdeko Europako herriekin eta, ondoren, Txinarekin. Neutraltasuna aldarrikatu zuen kanpo arazoetan, eta lehen bezain irmo iraun zuen Irango ezkertiarren zapalkuntzan.
1978an, herri xehearen egoera zailaz baliatu ziren buruzagi xiiak, Mendebaldeko gizarte-moldeak barneregi zituen Irango aginpideaz jabetzeko, eta 1979ko urtarrilean Ruhollah Khomeinik, Parisko erbestean zen aiatola xiiak, Irango buruzagitza hartu zuen. Mohammad Rezak Egiptora jo zuen, eta Kairon hil zen, 1980an.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mohammad Reza Pahlavi |