Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Otsagereziondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Prunus padus» orritik birbideratua)
Otsagereziondo
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaRosaceae
LeinuaAmygdaleae
GeneroaPrunus
Espeziea Prunus padus
Banaketa mapa

Otsagereziondoa (Prunus padus) Prunus generoko zuhaitza da. Gereziondoaren antza duen zuhaitza da, baina honen loreak luku itxurako infloreszentzietan batzen dira eta fruituak txikiak eta mikatzak dira. 2011tik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, Galtzeko arriskuan dagoen espezie modura zerrendatuta.

Zuhaixka edo zuhaitz txikia da, 2-6 metrokoa eta arantzagabea. Adar zuzenak ditu eta hauek, usain desatsegin bat jariatzen dute. Adarrak glabreszenteak dira, leunak, arre ilun kolorekoak eta lentizela zurixkak dituzte.

Otsagereziondoaren hostoak 5-10 x 3-5,5 cm-koak dira eta itxuraz gereziondoenen antzekoak. Forma obatu-eliptikoa dute, puntaluzeak dira eta ertz zerratua dute. Batzuetan ertzetan guruinak egoten dira. Gainaldea berde mate kolorekoa da eta azpialdea argiagoa eta zertxobait iletsua, bereziki nerbioen inguruan. Pezioloa, 0,7-1,6 cm-koa da eta bi guruin gorrixka ditu oinarrian, laminarekin batzen den gunean. Estipulak ditu gaztaroan baina erorkorrak dira. Estipula hauek linearrak dira, mintzakarak eta zilio moduko iletxo guruintsuak dituzte.

Loreak mordotan

Otsagereziondoaren loreak nahiko handiak dira, deigarriak eta usaintsuak. 15-30 loretako infloreszentziatan batzen dira, luku itxurakoak eta 5-12 cm-koak. Luku hauek zilindrikoak dira eta maiz brakiblastoetako muturretatik zintzilik agertzen dira. 7-14 mm-ko pedizeloak dituzte, filiformeak eta tenteak. Errezeptakulua 2-4 mm-koa da, kopa itxurakoa eta kanpotik pubeszentea. Loreek, 1-2 mm-ko sepaloak dituzte, tenteak, forma triangeluarrekoak eta zilio guruintsuekin. Aldiz, petaloak 6-9 mm-koak dira, tenteak, obabatuak eta txuri kolorekoak. Obario glabroa dute.

Fruituak

Otsa-gereziondoaren fruitua drupa motakoa da. Drupa hau txikitxoa da, 6-9 mm-koa, glabroa eta hasieran purpura kolorekoa. Hala ere, heltzean ilundu egiten da eta kolore beltz distiratsua hartzen du. Mesokarpo mehea du, zapore mikatzekoa, eta endokarpo oboidea. Fruitu hau txorien bidez barreiatzen da (zozoak, birigarroak, txinboak, mokolodiak eta txantxangorriak) eta hain zuzen ere, zenbait hizkuntzetan zuhaitz honi txorien gereziondoa deritzo. Hala ere, gizakiengan otsagereziondoen fruituek okadak eragiten dituzte.

Ia Europa osoan aurkitzen da baina ez da batere arrunta eskualde mediterranearrean. Asiako erdialderaino zabaltzen da. Euskal Herrian, hala ere, oso populazio gutxi gelditzen dira, Araban Baia ibaiaren inguruan eta Ametzagan; Bizkaian Karrantzan eta Nafarroan Erro, Auritz, Orreaga eta Artzi inguruetan eta Urrobi bailaran ikusi izan da.

Ibai-ertzetan eta lurzoru hezeetan hazten da, eskualde euritsuetan. Basoen ertzetan aurki daiteke, amildegi laiotzetan eta mendietako magal harritsuetan. Nahiago ditu lur silizeoak eta deskaltzifikatuak eta itsas-mailatik 600-2.100 metrora aurkitzen da.

Udaberrian loratzen da, hostoekin batera edo ia batera. Fruituak uda hasieran heltzen dira.

Homeopatian erabiltzen da, buruko minak eta bihotz-arazoak sendatzeko, eta sedante modura. Antzina, amorruaren eta epilepsiaren aurkako sendagai modura erabili zen baina inongo eraginik gabe.

Otsagereziondoaren zura torneatutako objektuak, lanabesen kirtenak, bastoiak... egiteko erabili da. Azkenik, apaingarri gisa ere erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsagereziondoak Argyresthia pruniella sitsaren izurrite handiak jasaten ditu eta honen beldarrek zuhaitzaren hosto guztiak jan ditzakete egun gutxi batzuetan. Izurrite hauek zuhaitz populazio dezente murriztu dituzte modu kezkagarrian.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]