Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Baltikoa edo Itsaso Baltikoa[1][2] Europaren ipar-ekialdean kokaturik dagoen itsasoa da. Kattegat eta Skagerrak itsasarteek lotzen dute Ozeano Atlantikoarekin eta bi golko nagusi ditu, Botniako golkoa eta Finlandiako golkoa. Guztira 377.000 km2-ko azalera hartzen du eta ur gazikara dauka.

Baltikoa
Datu orokorrak
Motamediterranean sea (en) Itzuli, itsaso marjinal eta inland sea (en) Itzuli
Azalera377.000 km²
Sakonera459 m
57 m
Eponimoaekialde
mendebalde
Geografia
Map
Koordenatuak58°N 20°E / 58°N 20°E / 58; 20
Honen parte daIpar Ozeano Atlantikoa
munduko ozeano
Hidrografia
Betebidea
Arro hidrografikoaBaltic Sea basin (en) Itzuli

Baltikoaren ertzetan bederatzi herrialde kokatzen dira, erlojuaren orratzen norantza hartuz honako hau da herrialdeen hurrenkera: Suedia, Finlandia, Errusia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Alemania eta Danimarka[3]. Itsaso oso berria da, duela 4.000 urte agertu baitzen, eta sakonera txikia du, 57 metrotakoa batazbeste. Munduko anbar metaketa handienetakoa du barnean. Gaur egun kutsadura maila handia du itsasoak eta azken hamarkadetan neurriak hartzen hasi dira inguruko herrialdetako gobernuak.

Etimologia eta nomenklatura

aldatu

Erromatar inperioa ez zen bertaraino iritsi, baina historiagile eta geografoek mundu ezaguneko mapak egiten zituzten eta izen desberdinak erabili zituzten itsaso hau izendatzeko, beti ere ingurua populatzen zuten leinuak aintzat hartuta. I. mendearen amaieran Kornelio Tazitok Mare Suebicum izena eman zion ("sueboen itsasoa") eta Klaudio Ptolomeok II. mendearen hasieran Mare Sarmaticum ("sarmaziarren itsasoa"). VI. mendean Jordanesek Mare Germanicum izena erabili zuen.

"Baltiko" izenaren aurreneko aipamena Adam Bremengoak egin zuen XI. mendean, Mare Balticum deitu zion itsasoari. Izenaren jatorria eztabaidagai da oraindik ere baina badirudi belt hitz germanikotik datorrela, ondoren balteus bezala latinizatu zena. "Belt" hitzak "itsasartea" esan nahi du eta itsasoaren itxura luzeari egiten dio erreferentzia[4].

Erdi Aroan izen desberdin ugari erabili izan ziren baina 1600 urtearen ondoren Baltikoa nagusitu zen hizkuntza gehienetan. Itsasertzean dauden lurraldeei "herrialde baltikoak" deitzeko ohitura XIX. mendekoa da, dena dela gaur egun Herrialde Baltikoak esaterakoan Estonia, Letonia eta Lituania hartzen dira kontutan bakarrik[5].

Gaur egungo hizkuntzetan hiru izen erabiltzen dira:

  • Baltikoa: Hizkuntza gehienetan erabiltzen dena da.
  • Ekialdeko itsasoa: Alemanieraz eta Eskandinaviako hizkuntzetan erabiltzen den izena da.
  • Mendebaldeko itsasoa: Estonieraz erabiltzen da soilik.

Historia

aldatu

Erdi Aroa

aldatu
 
Ordena Teutonikoaren Estatua, 1410 urtean.

Eskandinaviarrek Erdi Aroan merkataritza bideak ireki zituzten Baltikoan zehar. Merkataritza sare hori kontrolatzeko hegoaldean zeuden bendoak garaitu behar izan zituzten[6]. Itsasotik haratago Errusiako ibaietan zehar bidaiatuz Errusia hegoaldera eta Itsaso Beltzera ere iritsi ziren. Eskandinaviarren nagusitasun garai hau Bikingoen Aroa izenaz ezagutzen da. Bikingoek Austmarr ("Ekialdeko aintzira") izena ematen zioten Baltikoari.

XII. mendetik aurrera anbarra ustiatzen hasi ziren Poloniako, Errusiako eta Lituaniako itsasertzetan batez ere[7]. Gainerako herrialdeetan zura, mundruna, lihoa eta kalamua esportatzen zen Baltikoko merkatal bideetan zehar. Suediak burdin eta zilar meategi ugari zituen eta Poloniak gatza ere ekoizten zuen.

Europan zehar kristautasuna barreiatu bazen ere iparraldera nekez iristen zen eta Baltikoko ekialdeko ertzak izan ziren kristautasuna onartzen azkenak. XII. mendean suediarrek Finlandia menperatu zutenean eraman zuten kristautasuna bertara eta XIII. mendetik aurrera Ordena Teutonikoak Livonia konkistatu eta estatu kristau bat eratu zuen, 1525 artean iraun zuena. Ordena Teutonikoaren Estatua izenaz ezagutu zen[8].

Konflikto eremua

aldatu

XI. mendean germaniarren migrazioek hartu zuten hegoaldeko itsasertz guztia, Ostsiedlung izenez ezagutzen den prozesuaren baitan. Ondoren herbeheretarrak, daniarrak, eskoziarrak eta Poloniako eslaviarrak ere iritsi ziren baina germaniarrek beren kulturara asimilatu zituzten[6].

 
Hansa Ligaren hiri nagusiak eta merkatal bideak.

Garai hartan Danimarkako Erresumak indar handia hartu zuen eta itsasoa bere kontrolpean zeukan. Baltikoaren itsasertzean merkataritzari lotuta hiri indartsuak agertu ziren eta XIII. mendean Hansako liga eratu zuten[9]. Liga horretan Baltikoko eta Ipar itsasoko hiri garrantzitsuak zeuden, Lübeck zen denetan buru. 1227 urtean Bornhövedeko borrokan Hansa Ligak Valdemar II.a Danimarkakoaren itsas flota garaitu zuen[10] eta Europa iparraldearen gaineko nagusitasuna eskuratu zuen[11].

Aro modernoa

aldatu

XVI. mendearte iraun zuen Hansa Ligak. Honen ondoren Poloniak, Danimarkak eta Suediak Baltikoaren kontrola eskuratzeko gerrak izan zituzten beren artean eta suediarrak nagusitu ziren. Itsasertz guztia konkistatzeari ekin zioten ondoren eta Mare Nostrum Balticum ("Gure itsaso Baltikoa") izendatzera iritsi ziren, erromatarren Mare Nostrum hari (Mediterraneoa) erreferentzia eginez. Halabaina garai hartako Europako hiri boteretsuena Amsterdam izanik herbeheretarrak izan ziren Baltikoko merkatal itsasbideen jabe XVII. mendean zehar[12].

XVII. mendean Errusiak eta Prusiak lortu zuten Baltikoaren kontrola. Iparraldeko Gerra Handian errusiarrek suediarrak garaitu zituzten eta Petri I.a Handia enperadoreak San Petersburgo hiriburua Finlandiako golkoaren barrenean eraiki zuen. Ingalaterra eta Herbehereekin merkatal harremanak sendotu zituen horrela[13].

1853. urtean Krimeako Gerra hasi zen eta bertan Frantziak, Britainia Handiak eta Otomandar Inperioak bat egin zuten Errusiaren aurka. Baltikoan ere izan zuen eraginik gerrak eta frantses eta britainiarrek Errusiaren gotorleku nagusiak bonbakatu zituzten[14]. 1871ean Alemaniaren bateratzea gertatu zenean Baltikoaren hegoaldearen gaineko kontrola eskuratu zuen. Gertaera hauek biek errusiarren kontrolaren amaiera ekarri zuten.

Aro Garaikidea

aldatu
 
MV Wilhelm Gustloff itsasontzia.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak Itsaso Baltikoan ere gertatu ziren. Bigarren Mundu Gerran alemaniar nazien eta Sobietar Batasunaren arteko gerra latza izan zen eta soldaduz eta errefuxiatuz beteriko hainbat itsasontzi urperatu zituzten alde bateko zein besteko torpedoek. Gertaera lazgarriena 1945eko urtarrilaren 30ean gertatu zen. Sobietar Batasuneko S-13 itsaspekoak MV Wilhelm Gustloff itsasontzia hondoratu zuen. 9.434 pertsona hil ziren, ia denak zibilak, Ekialdeko Prusiatik ihes egiten ari ziren alemaniarrak hain zuzen ere[15]. Gerra galtzearekin batera alemaniarrak eremu hauetatik kanporatuak izan ziren eta haien lekua poloniarrek eta errusiarrek hartu zuten. Poloniak Baltikoaren hegoaldeko itsasertz guztia bereganatu zuen eta Errusiak Königsberg hiria eskuratu zuen, ordutik aurrera Kaliningrad izenarekin ezagutzen dena. Ekialdeko kostalde guztia ere Sobietar Batasunaren eskutan gelditu zen.

Hurrengo hamarkadetan Sobietar Batasunak, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak arma kimikoak ezarri zituzten Itsaso Baltikoaren inguruan, eta Bigarren Mundu Gerran urperaturiko itsasontzi ugariek ere sustantzia toxikoak jariatzen dituztenez ingurumenaren kutsadura arrisku handia dago[16].

1991 urtean Estatu Baltikoek (Estonia, Letonia, Lituania) independentzia eskuratu zuten eta 2004an Europar Batasunean sartu zirenez, gaur egun Itsaso Baltikoaren gehiengoa Europar Batasunaren barnean dago, Kaliningrad eremua eta San Petersburgo ingurua izan ezik gainerako guztia hain zuzen ere.

Geografia

aldatu

Datu fisikoak

aldatu

377.000 km2-ko azalera hartzen du[17] eta iparraldeko 53º-66º latitude artean eta ekialdeko 10º-30º longitude artean kokatzen da. 1.601 km-tako luzera maximoa du eta zabalera handieneko puntuan 193 km neurtzen ditu[9]. Guztira 8.000 km inguruko itsasertza du[18].

Baltikoa ez da itsaso sakona, batazbeste 55 metrotako sakonera baitu eta itsaso guztiaren heren batek 30 metroko sakonera baino txikiagoa du[3]. Baltikoko punturik sakonena 459 metrotaraino iristen da. Sakonera maximo hori Suediako itsasertzean dago, Gotland uhartearen eta Nyköping hiriaren artean[9]. Baltikoak 20.000 km3 ur hartzen ditu bere baitan.

Bost eremu bereizten zaizkio Baltikoari:

Eremua Azalera

(km2)

Ur bolumena

(km3)

Sakonera

(gehienezkoa)

Sakonera

(batazbeste)

Berezko Baltikoa 211.609 13.045 459 m 62.1 m
Botniako golkoa 115.516 6.389 230 m 60.2 m
Finlandiako golkoa 29.600 1.100 123 m 38.0 m
Rigako golkoa 16.300 424 60 m 26.0 m
Kattegat eta Belt itsasoa 42.408 802 109 m 18.9 m

Izotza

aldatu
 
Baltikoaren satelite ikuspegia negu epel batean.

Baltikoan neguak luzeak eta hotzak izaten dira eta udak aldiz motzak eta epelak. Negu gorrian Botnia eta Finlandiako golkoetan -10 °C arteko tenperaturak aurkitzen dira[9] eta gazitasuna ere oso apala denez negu partean ohikoa izaten da Baltikoaren zati handi baten azala izoztea. Itsaso guztiaren azaleraren %45a ere izoztu izan da inoiz. Iparraldeko eremuak izaten dira izotzak estaltzen dituenak, Botniako golkoa, Finlandiakoa, Stockholmgo uhartedia eta Rigako golkoa. Hortik hegoaldera ez da normalean izotzik agertzen, sakonera txikiko badia itxiak ez badira behintzat. Otsailean eta martxoan izaten da izozte sasoi gorena. Izotzaren lodiera 70 cm-takoa izan daiteke Botniako golkoan, hegoalderantz jeitsi ahala izotzaren lodiera ere jeisten joaten da.

XVIII. mendeko William Derham historiagile ingelesak 1703 eta 1708ko negu gogorretan Baltikoa uharte daniarretaraino izoztu zela esan zuen[19]. 1720tik aurrera 20 aldiz izoztu da erabat, azkena eta gogorrena 1987an gertatu zen, Baltikoaren azaleraren %96a estali baitzuen izotzak[20]. 2011ean ere izozte gogorra izan zen, 2008an ordea iparraldean ere ez zen ia izotzik agertu[21].

Hidrografia

aldatu

Baltikoak bere arroan dauden ibaien urak hartzen ditu eta Danimarkako itsasarteetan zehar Ipar Itsasora askatzen ditu urak. Ur korronteen dinamika nahiko konplexua da izatez. Baltikoak Ipar itsasoarekin duen lotura hain estua izanik ur guztia berrizteko 30 urte inguru behar ditu[3].

940 km3 ur gazikara isurtzen ditu Baltikoak urtero Ipar Itsasora eta kontrako norabidean 475 km3 ur gazi sartzen da Baltikora. Ur gazi hau dentsoagoa izanik 40-70 metrotako sakoneratik behera kokatzen da eta iparralderantz jotzen du erlojuaren orratzen aurkako norantzan, hau da, ekialdeko itsasertzetik igotzen da eta mendebaldeko kostaldetik jeisten da. Ur kopuruen diferentzia hori orekatzeko 250 ibaitik gora dira ur geza Baltikora isurtzen dituztenak. Azkenik, klima hotza eta hezea izanik, prezipitazioak ugariagoak dira lurrundutako ura baino.

Gazitasuna

aldatu

Baltikoa lurrazal kontinentalaren gainean dagoen munduko itsaso gazikara handiena da[22]. Uraren gazitasuna %3.5-ekoa da batazbeste, sakonera txikiaren eta ibaiek isurtzen duten ur kopuru handien eraginez du halako gazitasun maila txikia. Itsasoaren azaleko ura ia geza da, %0.3-0.9 baino ez baitu, eta ur gaziagoa sakonera handiagoan kokatzen da. Honek haloklina sortarazten du, oxigeno eta elikagaien difusioa eteten duena, eta ingurune ekologiko erabat desberdin bi aurkitzen dira. Bestalde, daniar itsasartetan gazitasuna handiagoa da Baltikoaren barneko eremuetan baino[23].

Ibaiak

aldatu
Ibaia Isuria

(m3/s)

Luzera

(km)

Arroa

(km2)

Arroa

(Estatuak)

Neva 2.500 74 281.000 Errusia, Finlandia
Vistula 1.080 1.047 194.424 Polonia, Bielorrusia, Ukraina, Eslovakia
Daugava 678 1.020 87.900 Errusia, Bielorrusia, Letonia
Neman 678 937 98.200 Bielorrusia, Lituania, Errusia
Kemijoki 556 550 51.127 Finlandia, Norvegia
Oder 540 866 118.861 Txekiar Errepublika, Polonia, Alemania
Lule 506 461 25.240 Suedia
Narva 415 77 56.200 Errusia, Estonia
Torne 388 520 40.131 Norvegia, Suedia, Finlandia

Uhartediak eta uharteak

aldatu
 
Finlandia hego-mendebaldean kokatzen den Uhartediaren itsasoa.
 
Stockholmgo uhartedia ur azala izoztuta duela.

Baltikoan bost uhartedi nagusi aurkitzen dira. Finlandian Åland, Kvarken eta Uhartediaren itsasoa, Suedian Stockholmgo uhartedia eta Estonian Moonsund Uhartedia. Uharte handienak berriz honako hauek dira:

# Uhartea Azalera (km2) Populazioa
1   Götland 2.994 57.381
2   Saaremaa 2.673 4.312
3   Öland 1.342 23.000
4   Lolland 1.243 68.224
5   Hiiumaa 989 8.400
6   Rügen 935 73.000
7   Fasta Åland 685 22.000
8   Bornholm 588 44.100
9   Kimitoön 560 7.600
10   Falster 514 43.537
11    Usedom 445 76.500

Herrialdeak

aldatu

Baltikoa inguratzen duten herrialdeak bederatzi dira:

Baltikoaren Arroa beste bost herrialdek ere osatzen dute:

Hiriak

aldatu
# Hiria Populazioa Metropoli eremua Irudia
1   San Petersburgo 4.700.000 6.000.000  
2   Estokolmo 962.154 2.315.612  
3   Riga 696.567 842.000  
4   Helsinki 650.058 1.495.271  
5   Kopenhage 559.440 1.950.522  
6   Gdańsk 462.700 1.041.000  
7   Tallinn 435.245 542.983  
8   Kaliningrad 431.500 431.500  
9   Malmö 318.107 687.481  
10   Szczecin 413.600 778.000  
11   Gdynia 255.600 1.041.000  
12   Espoo 257.195 1.495.271  

Geologia

aldatu
 
9500 eta 8000 urte dela Baltikoa dagoen tokian izan zen Ancylus aintzira.

Itsaso Baltikoak arro hidrografiko baten itxura du, bi ibaiadar dituena, Botniako golkoa eta Finlandiako golkoa. Ikerketa geologikoek erakutsi dute Pleistozenoaren aurretik itsaso Baltikoa dagoen lekuan lautada handi bat izan zela Eridanos izena eman dioten ibai handi batek zeharkatzen zuena[24]. Pleistozenoko glaziazioek ibai arroa itsaso hondo bihurtu zuten. Itsasoa baino ibai ugari hartzen dituen estuario erraldoi gisa ikus daiteke gaur egun.

Glaziazioetan pilaturiko izotzaren pisuak lurrazala hondoratu egin zuen. Izotza dagoeneko desagertu egin da itsasoa bihurtuz, baina ura arinagoa denez lurrazala gorantz mugitzen ari da. Prozesu honi isostasia deritzo[25]. Honen ondorioz itsasoaren sakonera txikitzen ari da, batazbeste 8 milimetro igotzen baita lurrazala urteko.

Prozesu guzti hauen eraginez Itsaso Baltikoak azken milurtekoetan aldaketa nabarmenak izan ditu, Ipar Itsasoarekiko loturak eratuz eta desagertuz itsasoak eta aintzirak tartekatu baitira.

  • Eemiar garaiko itsasoa (duela 130.000-115.000 urte)
  • Izotz geruzak eta itsasoak (duela 115.000-12.000 urte)
  • Baltikoko izotz aintzira (duela 12.600-10.300 urte)
  • Yoldia itsasoa (duela 10.300-9.500 urte)
  • Ancylus aintzira (duela 9.500-8.000 urte)
  • Mastogloia itsasoa (duela 8.000-7.500 urte)
  • Littorina itsasoa (duela 7.500-4.000 urte)
  • Itsaso Baltikoa (duela 4.000 urtetik gaur arte)

Ekologia

aldatu

Biodibertsitatea

aldatu

Beste edozein itsasorekin konparatuz gero espezie kopuru txikia ageri da Baltikoan, gazitasun maila txikiaren erruz eta itsaso itxia izateagatik bereziki, baina aldi berean baldintza hauetan espero zitekeena baino nabarmen handiagoa da espezieen kopurua. 2.700 espezie makroskopiko zerrendatu dira. Izaki bizidun taldeen arabera honakoa da espezie kopuruaren hurrenkera (2012 HELCOM)[26]:

  1. Ornogabeak (1.907 espezie)
  2. Makrofitoak (531 espezie)
  3. Arrainak (230 espezie)
  4. Hegaztiak (57 espezie)
  5. Ugaztunak (4 espezie)

Itsaso Baltiko osoan ez da biodibertsitate bera azaltzen, izan ere Danimarkatik Botniako golkora espezieen aniztasuna jeisten doa, gazitasun maila jaisten den era berean[27]. Sjaeland eta Bronholm uharteen inguruan 600 bizidun espezie aurkitu dira (ornogabeak, arrainak, uretako ugaztunak, hegaztiak eta landareak) eta Baltikoaren iparraldean 400 baino ez. Salbuespen gisa Finlandiako golkoak 750 espezie zenbatu dira. Ipar Itsasoarekin lotzen duen Kattegat itsasartean 1.600 espezie aurkitu dira konparazio batera[3][28].

Fauna eta flora

aldatu

Baltikoko itsas faunan ur gezatako eta ur gazitako espezieak elkartzen dira. Itsasoko arrainen artean bakailaoa, sardinzarra, legatza, platuxa leuna, platuxa latza, krabarroka eta erreboiloa ugariak dira eta ur gezatako arrainen artean perka, lutxoa eta errutiloa. Estokolmoko Unibertsitateko Sture Hannson ekologoak Baltikoan arrantzaren inpaktoa zenbatekoa den ikertzerakoan ikusi du gizakiek 700.000 tona arrain hartzen dutela urtero, hegaztiek 100.000 tona eta itsas txakurrek ere 100.000 tona[29]. Bestalde ikusi du 100 urte dela 100.000 itsas taxkur zeudela Baltikoan baina ehizak 1970. hamarkadarako itsas txakurren kopurua 20.000 aletara jeitsi zuen. Gaur egun 4.000 baino ez dira mantentzen[29].

Ipar Itsasotik sartzen diren zetazeo aniztasuna ere aipatzekoa da Baltikoan; izurde albozuria[30], Minke balea[31], izurde botilamuturra[32], beluga[33], orka[34] eta moko-balea, besteak beste. Azken urteetan zereak[35] eta xibartak[36] ere azaldu dira.

Baltikoaren eremuan 340 hegazti espezie zerrendatu dira, gehienak itsastarrak, esate baterako: ubarroi handia, kurlinta handia, eiderra, basahatea, arrano arrantzalea eta kaio mokohoria. Basoetan beste hegazti batzuk ere ikusten dira, hontz handia adibidez[37].

Baltikoa itsaso berria denez alga espezie endemiko gutxi agertzen da itsaso hondoan, bi baino ez, Fucus radicans eta Platichthys solemdali[38]. Parvicardium hauniense muskuilua ere endemikoa zela uste zen baina Mediterraneoan aurkitu da oraintsu[39]. Bestalde glaziazio garaiko espezie erlikia batzuek irauten dute Baltikoan, glaziarren aintziretan mantendu direnak hain zuzen ere.

Ingurumen arazoak

aldatu
 
Fitoplanktonaren hazkuntza satelite irudian, 2001eko uztailean.

2001eko uztailean ateratako satelite irudiak fitoplanktonaren hazkuntza izugarria erakutsi zuen, Baltikoaren 377.000 km2-ak estaltzerainokoa. Alemanian, Polonian eta Finlandian uda guztieran gertatzen den fenomenoa da, nekazal eremuetako ongarriek uren eutrofizazioa sortarazten baitute[40]. Honen ondorioz itsas hondoaren 100.000 km2 inguruko azalera sasoiaren arabera hilik aurkitzen da. Ur gazia hondo horretan pilatzen da dentsitate handiagoa baitu eta sortzen den haloklinak oxigeno trukea eragozten du. Bakterio anaerobioek materia organiko ugariaren hartzidura egiten dute eta hidrogeno sulfuroa askatzen dute[3].

Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemania desarmatu beharra zegoen eta munizio kopuru izugarriak urperatu ziren Baltikoan eta Ipar itsasoan. Horren ondorioz sustantzia toxikoak askatzen hasi dira, izaki bizidunentzat eta gizakientzat kaltegarriak izan daitezkenak[41].

Gaur egun Baltikoa da Errusiaren petrolioa esportatzeko merkatal bide nagusia. Honek asko kezkatzen ditu inguruko herrialdeak, istripu bat gertatuko balitz desastre handia izango baitzen, Baltikoko urak arazteko duen gaitasuna oso murritza baita. Petrolio orbain horiek kalte handa egiten diete hegaztiei, eta kalkulatzen denez 100.000 eta 500.000 ahate, martin eta beste hainbat espezietako ale hiltzen dira urtero orbain horien erruz. Baltikoan dauden itsas hegaztien %12ak petrolioa agertzen du bere lumetan[42].

Helsinkiko ituna (1974 eta 1992)

aldatu

1974an Baltikoaren kutsadura mailaz ohartuta garai hartan itsasoa inguratzen zuten 7 herrialdeak Helsinkin elkartu ziren eta Baltikoa babesteko ituna adostu zuten, Helsinkiko ituna izenaz ezagutzen dena. 1980ko maiatzaren 3an aplikatu zen[43].

1992an ingurugiroaren zuzenbidean eta itsas nazioarteko zuzenbidean gertaturiko aldaketak barneratu asmoz eta herrialde berriak sortu zirela ikusita Helsinkiko ituna berriztu zuten itsasoa inguratzen zuten herrialdeek eta Europar Batasunak, herrialde hauetako batzuk Europar Batasunaren kide baitziren dagoeneko. 2000. urteko urtarrilaren 17an aplikatu zen ituna[43].

Itun honek Baltikoaren arro guztia hartzen du, itsasoa, itsaso hondoa eta inguruan dauden barneko aintzirak ere bai, eta ibai arroak babestearen garrantzia ere kontutan hartzen du. HELCOM elkartea (Helsinkiko komisioa) da itunaren aplikazioa kudeatzen duen organismoa[44]. Lau jarduera eremutan egiten du lan: eutrofizazioa, sustantzia arriskutsuak, biodibertsitatea eta itsas jarduerak[3].

Ekonomia

aldatu
 
Øresund zubi-tunela ikusten da irudian. Zati bat zubia da eta ondoren errepidea lur azpian sartzen da.

Azpiegiturak

aldatu

1997an Belt Handiko zubia eraiki zen eta 1999an Øresund zubi-tunela eta hauei esker Danimarka eta Suedia elkarlotuta gelditu ziren. Azpiegitura hauek ez dute oztopatu ordea itsasontzi handiak Baltikora sartu eta ateratzea.

Bi ubide artifizial ere eraiki dira. Itsaso Zuria-Baltiko ubidea 1933 urtean egin zen eta Baltikoa Itsaso Zuriarekin lotzen du. 227 kilometrotako luzera du eta ibilbidean zehar Ladoga eta Onega aintzira errusiarrak zeharkatzen ditu[45]. Bigarrena Kielgo ubidea da. 98 kilometrotako luzera du eta 1948an eraiki zen. Alemania iparraldeko lurretan zehar eraiki zen, Kiel hiria zeharkatuz, eta Baltikoa eta Ipar Itsasoa elkartzen ditu[46].

Ferri sistema zabala ere badago hiri handienen artean. Hala ere negu gorrian izotzaren erruz Estokolmo eta Finlandia arteko ibilaldiak etetea ohikoa izaten da[9].

Ontziolak

aldatu

Errusiako petrolio-ontziez gain merkataritza itsasontzi erraldoiek zeharkatzen dute Baltikoa. Itsasontzi horiek eraikitzeko ontziola handiak daude Baltikoaren ertzetako hirietan; Polonian (Gdańsk, Gdynia eta Szczecin), Alemanian (Kiel), Suedian (Karlskrona eta Malmö), Finlandian (Rauma, Turku eta Helsinki), Letonian (Riga, Ventspils eta Liepāja), Lituanian (Klaipeda) eta Errusian (San Petersburgo).

Anbarra

aldatu

Baltikoko anbarra duela 45 milioi urte inguru sortu zen. Izatez pinu zuhaitzen erretxina fosildua da, Paleolito garaitik bitxi eta txanpon gisa erabili izan dena. Baltikoan munduko anbar gordailu handienetakoak daude eta erromatarrek dagoeneko bazuten horren berri. Merkatal bideak ireki zituzten anbarra eskuratzeko, hainbat gaixotasun sendatzeko propietateak zituela uste baitzuten, hala nola eztarri, belarri, begi eta urdaileko minak besteak beste. Lehen Mundu Gerran vodkarekin nahasten zen potentzia sexuala handitzeko eta Bigarren Mundu Gerran soldadu naziek haginetako mina kentzeko erabiltzen zuten[47]. Kalkulatzen da Baltikoan 100.000 tona anbar dagoela[47].

Gaur egun munduko anbar ekoizpenaren %90a Kaliningrad ondoko Sambia penintsulan kokaturik dago[48], Errusian. Itsasoaren hondoan aurkitzen da eta olatuek itsasertzera ekartzen dute etengabe, baina gaur egun meategietan ustiatzen da[48].

Turismoa

aldatu
 
Svetlogorsk herriko hondartza, Kaliningraden.

Herrialde baltikoen ekonomian eragin handia duen jarduera da turismoa. Mundu mailan ezagunak diren hiri handiez gain (Estokolmo, San Petersburgo, Tallinn, Riga...) badira hainbat turismogune garrantzitsu ere. Hona hemen aipagarrienak:

  • Finlandian: Hanko eta Mariehamn
  • Estonian: Haapsalu, Kuressaare, Narva-Jõesuu eta Pärnu
  • Letonian: Jūrmala
  • Lituanian: Nida eta Palanga
  • Errusian: Svetlogorsk
  • Polonian: Kamień Pomorski, Kołobrzeg, Sopot, Świnoujście eta Ustka
  • Alemanian: Travemünde

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia: 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak.
  2. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  3. a b c d e f (Ingelesez) State of the Baltic Sea – Second HELCOM holistic assessment 2011–2016. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  4. (Suedieraz) «801-802 (Nordisk familjebok / Uggleupplagan. 2. Armatoler - Bergsund)» runeberg.org 1904 (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  5. (Ingelesez) Bojt r, Endre. (1999-01-01). Foreword to the Past: A Cultural History of the Baltic People. Central European University Press ISBN 978-963-9116-42-9. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  6. a b (Ingelesez) «Wend | people» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  7. (Ingelesez) «The History of Russian Amber, Part 1: The Beginning» Leta 2016-07-27 (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  8. «Deutscher Orden - Deutsche Brüderprovinz» web.archive.org 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  9. a b c d e (Ingelesez) «Baltic Sea | Countries, Location, Map, & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  10. (Ingelesez) Dollinger, Philippe. (1999). The German Hansa. Psychology Press ISBN 978-0-415-19073-2. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  11. (Ingelesez) Halliday, Sir Andrew. Annals of the House of Hanover. Volume 2. ISBN 978-0-543-91644-0. (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  12. «Trade - The Memory» geheugen.delpher.nl (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  13. (Ingelesez) Wilson, Derek. (2010-01-05). Peter the Great. St. Martin's Publishing Group ISBN 978-1-4299-6467-8. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  14. Anderson, Edgar. (1974). «THE CRIMEAN WAR IN THE BALTIC AREA» Journal of Baltic Studies 5 (4): 339–361. ISSN 0162-9778. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  15. (Ingelesez) «The Forgotten Maritime Tragedy Deadlier Than the Titanic» Time (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  16. (Ingelesez) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Chemical Weapon Time Bomb Ticks in the Baltic Sea | DW | 01.02.2008» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  17. (Ingelesez) «And the winners of the I LIVE BY THE SEA International Photo Youth Contest are…» Eurocean (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  18. «Geography of Baltic Sea Area» web.archive.org 2006-04-21 (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  19. Derham, William. (1713). Physico-Theology: Or, A Demonstration of the Being and Attributes of God from His Works of Creation. London.
  20. «Baltic Sea - New World Encyclopedia» www.newworldencyclopedia.org (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  21. «Space Science and Engineering Center» www.ssec.wisc.edu (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  22. Snoeijs-Leijonmalm P.; E.Andrén. (2017). Why is the Baltic Sea so special to live in? In P. Snoeijs-Leijonmalm; H. Schubert; T. Radziejewska (eds.).. Biological Oceanography of the Baltic Sea. Springer, Dordrecht., 23-84 or. ISBN 978-94-007-0667-5..
  23. (Ingelesez) Hydrography and Oxygen in the Deep Basins – HELCOM. (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  24. (Ingelesez) LEWIN, John; GIBBARD, Philip L.. «Filling the North Sea Basin: Cenozoic sediment sources and river styles (André Dumont medallist lecture 2014)» https://popups.uliege.be:443/1374-8505 (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  25. (Ingelesez) Eronen, M.; Gluckert, G.; Hatakka, L.; Plassche, O. Van De; Plicht, J. Van Der; Rantala, P.. (2001/03). «Rates of Holocene isostatic uplift and relative sea-level lowering of the Baltic in SW Finland based on studies of isolation contacts» Boreas 30 (1): 17–30. ISSN 0300-9483. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  26. (Ingelesez) State of the Baltic Sea – Second HELCOM holistic assessment 2011–2016. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  27. Lockwood, A. P. M.; Sheader, M.; Williams, J. A.. (1998). "Life in Estuaries, Salt Marshes, Lagoons and Coastal Waters". In Summerhayes, C. P.; Thorpe, S. A. (eds.). Oceanography: An Illustrated Guide (2nd ed.). London: Manson Publishing, 246 or. ISBN 978-1-874545-37-8..
  28. (Ingelesez) State of the Baltic Sea – Second HELCOM holistic assessment 2011–2016. (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  29. a b (Ingelesez) Cole, Laura. «Battle in the Baltic: Seals, birds and humans compete for food in the Baltic sea - Geographical Magazine» geographical.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  30. (Ingelesez) «White harbour porpoise sighting in Baltic Sea» Whale & Dolphin Conservation USA 2015-06-10 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  31. (Ingelesez) «MarLIN - The Marine Life Information Network - Minke whale (Balaenoptera acutorostrata)» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  32. «Baltic dolphin sightings confirmed» Polskie Radio dla Zagranicy (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  33. (Ingelesez) «About the beluga | Russian Geographical Society» www.rgo.ru (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  34. Group), Randall Reeves (IUCN SSC Cetacean Specialist; John Ford (The University of British Columbia, Department of Zoology); Robert Pitman (Protected Resources Division, Southwest Fisheries Science Center/NOAA). (2017-06-20). «IUCN Red List of Threatened Species: Orcinus orca» IUCN Red List of Threatened Species (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  35. «Cetacea.de | Finnwal in der Ostsee 2005» web.archive.org 2016-04-15 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  36. (Ingelesez) «Whales seen again in the waters of the Baltic Sea» Science in Poland (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  37. «Nordic Marine Birds | Art Decoration | Artist Nicolin | Living in the Baltic Sea» www.livinginthebalticsea.com (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  38. (Ingelesez) Momigliano, Paolo; Denys, Gaël P. J.; Jokinen, Henri; Merilä, Juha. (2018). «Platichthys solemdali sp. nov. (Actinopterygii, Pleuronectiformes): A New Flounder Species From the Baltic Sea» Frontiers in Marine Science 5  doi:10.3389/fmars.2018.00225. ISSN 2296-7745. (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  39. «Parvicardium hauniense (Petersen & Russell, 1971) | Marine Bivalve Shells of the British Isles» naturalhistory.museumwales.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  40. (Ingelesez) «Satellite spies vast algal bloom» BBC News 2010-07-23 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  41. (Ingelesez) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Ticking time bombs on the bottom of the North and Baltic Sea | DW | 23.08.2017» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  42. (Ingelesez) Kostianoy, Andrey G.; Lavrova, Olga Yu. (2014-07-08). Oil Pollution in the Baltic Sea. Springer ISBN 978-3-642-38476-9. (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  43. a b (Ingelesez) The Helsinki Convention – HELCOM. (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  44. «Helcom : Welcome» web.archive.org 2007-05-06 (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  45. (Ingelesez) «White Sea–Baltic Canal | canal, Russia» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  46. «UCA United Canal Agency GmbH» web.archive.org 2015-07-08 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  47. a b (Ingelesez) Owls, Powell's. «The History and Origins of Baltic Amber» Powell's Owls (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  48. a b (Ingelesez) «Amber» www.chemeurope.com (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).

Kanpo estekak

aldatu