Bigorra
Bigorra[1] (gaskoiz Bigòrra, frantsesez Bigorre) Gaskoiniako antzinako eskualdea da, Aturriren goiko aldean kokatuta. Egungo Frantziako Pirinio Garaiak departamenduko erdi eta mendebaldeak eta Pirinio Atlantikoen ekialdeko bi barrutik osatuko lukete Bigorra. Tarbe du hiriburu historikoa.
Historia
aldatuErromatarren garaian, Bigorrako eskualdean bigorri edo bigerri izeneko herria zegoen finkaturik, zeinek eskualdeari izena eman zion. Bigorri horiek akitanieraz hitz egingo zuten ziurrenik, euskararekin erlazionaturik zegoen hizkuntzan. Julio Zesarrek konkistatu zuen K.a. 56an, eta Galia Akitanian sartu zuen. K. o. IV. mendean, Akitania hiru barrutitan banantzerakoan, Bigorra Aquitania tertia edo Novempopulanian sartu zuten.
Erromatarren ostean bisigodoen Tolosako erresuma etorri zen. Baina Vouilleko guduarekin (507) frankoek bisigodoak gailendu eta hegoalderantz mugiarazi zituzten. Hortaz, frankoen erresumaren barruan, Tolosa mendean zeukanak Bigorra ere zuen kontrolpean usu.
VII. eta VIII. mendeetan, Bigorrako historia iluntzen da. Baliteke Baskoniako dukerriko lurra izana. Bigorrako konderria Gaskoiniako dukeek eratu zuten IX. mendean. Garaiko historialarien kronikak eta idatziak aztertuz, badirudi Eneko Arista baskoien lehen erregea (eta beraz Iruñeko Erresumako lehena ere) Bigorrakoa zela sortzez. Hurrengo bi mendeetan erdi independente izan zen, nahiz eta Bearnoko bizkonderriak eraso (1080–1097). Hortik aurrera, Bigorrako kondeak Errekonkistan, Gurutzadetan eta kataroen aurkako gerran nabarmendu ziren, euren independentzia areagotuz.
Nolanahi ere, Filipe IV.a Frantziakoak 1292an bereganatu zuen lurraldea oinordekotzari buruzko gatazka zela medio. Ehun Urteko Gerraren testuinguruan, Ingalaterrara igaro zen Bigorra, Bretignyko itunarengatik (1360). Frantziarrek, Foix Herriko kondeak lagun eta bitartekari, 1370 eta 1406 bitartean berreskuratu zuten. Horren ostean, 1426an, Foixko Joan I.ak Bigorra jaso zuen Frantziako erregearengandik. Hortaz, Foix etxeak Foix herria bera, Bearno, Nébouzan eta Bigorra bera ere zeuzkan menpean.
Oinordetzan lurralde horiek Labrit leinura eta Nafarroako Erresumara igaro ziren. Geroago Borboi etxera, eta, Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bihurtzean (1589), frantziar korora ere (1607) pasa zen Bigorra. Hala ere, Bearno eta Nafarroa Beherea lurralde subiranoak izanda, Frantziako korotik at geratu ziren.
Beste lurralde askoren antzera, Bigorrak bertako parlamentua (estatuak) iraultzara arte mantendu zuen. 1790ean erabaki zen Bigorra ez zela handi nahikoa departamendu oso bat eratu ahal izateko. Beraz, Quatre-Vallées probintzia eta Nébouzan probintziako zati bat gehitu zitzaizkion (hauek Comminges-ekin batu nahi arren), Pirinio Garaiak departamentua osatzeko. Tarbes, departamentu berriko hiriburua bilakatu zen.
Egun Tarbes hiriburua bada ere, Lorda hiriak itzala ematen dio Ama Birjina 1858an agertu zenez geroztik. Izan ere, Mendebaldeko Europako erromes-gune handienetakoa da Lorda, urtero 12 milioi lagunek bisitatzen baitute bertako santutegia.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
Kanpo estekak
aldatu