Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Elantxobe Bizkaiko kostaldean dagoen udalerria da, Busturialdea eskualdekoa. 372 biztanle zituen 2016. urtean. 1833 arte Ibarrangeluko auzoa izan zen. Hain zuzen, Elantxobe izena Ibarrangeluko Elantxo baserri auzoaren behealdean kokatuta egotetik datorkio. 1854an Bizkaiko Batzar Nagusietako partaide egin zen, 113 zenbakidun jarlekuarekin eta botoarekin.

Elantxobe
 Bizkaia, Euskal Herria
Elantxobe itsasotik ikusita.

Elantxobeku armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaBusturialdea
Izen ofiziala Elantxobe
AlkateaPatxi Egurrola Goyogana (EH Bildu)
Posta kodea48310
INE kodea48031
Herritarraelantxobetar
Kokapena
Koordenatuak43°24′14″N 2°38′19″W / 43.403888888889°N 2.6386111111111°W / 43.403888888889; -2.6386111111111
Map
Azalera1,9 km²
Garaiera0 - 150 metro
Distantzia29 km Bilbora
Demografia
Biztanleria348 (2023)
−1 (2022)
alt_left 174 (%50) (%50,6) 176 alt_right
Dentsitatea18,32 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
-% 14,57
Zahartze tasa[1]% 17,15
Ugalkortasun tasa[1]‰ 27,78
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 65,31 (2011)
Genero desoreka[1]% 2,67 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 9 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 84,43 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 80.23 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1858an udalerri independente bihurtu. urtea
Webguneahttp://www.elantxobe.eu

Etimologia

aldatu

Elantxobe toponimoa Elantxo hitzetatik dator. Izan ere, izen hori eman zioten baserri-mul­tzo txiki bati, eta hango biztanleak arrantzara jaisten ziren orain portua dagoen lekura. Horrenbestez, etimologikoki, 'El‑antxo‑be' hitzak «Elantxo auzoa» esan nahi du.

 
Elantxobe udalerriaren ikuspegi orokorra.

Geografia

aldatu

Auzoak

aldatu
  • Alarre
  • Lamera
  • Matxikale

Inguru naturala

aldatu

Erliebe malkartsuko herria da eta edertasun handikoa, turista askok bisitatzen dute urtero. Ogoño mendiaren ekialdeko magalean dago kokaturik, 150 metroko altueratik itsas mailarainoko jauzia du, eta behealdean arrantza portua dauka.

Ogoño mendira doan bide bat bada, Elantxobeko kanposantua dagoen tokian. Kanposantua, hiriaren goialdean dago. Portura doan errepidetik harrizko hondartza batera joan daiteke Lapatza deritzona. Ibarrangelu eta Eak ere badute izen bereko harrizko hondartza bana.

Elantxobeko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eraginarekin, eta urte osoan zehar tenperatura lasaiekin. Ipar eta ipar-mendebaldeko haizeak ohikoak dira urte osoan zehar. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Itsasoko brisek tenperaturetan eragina dute urte osoan, eta barrualdeko beroak nekez iristen dira kostaldera udan.

Udalerri mugakideak

aldatu

Historia

aldatu
 
Elantxobe gaineko ikuspegia
 
Elantxoberen ikuspegia
 
San Nikolas eliza eta pilotalekua

Herri xarmagarri honen lehen biztanleak Ibarrangeluko marinel eta arrantzaleak ziren, Ogoño lurmuturrean ainguratuta zituzten itsasontziengandik gertuago bizi nahi zutenak. Antzinatik iritzi diote Elantxobeko itsasertzeko Sosotxu, Santa Mero eta Sakristana Banku senaiak oso egokiak direla arraiak harrapatzeko, Bara eta Kala Faltso gadidoak harrapatzeko (besteak beste legatza, estimazio handia duena), eta Kala Burgos, berriz, pertziformeak harrapatzeko (haien artean ezagunena meroa da).

1527. urtean sortua Ibarrangeluko portu moduan, garrantzia izan zuen, portu eta defentsarako postu bezala. 1547an elantxobetarren arbasoek bi balea harrapatu zituzten, bermeotarrek legez kontra kendu zizkietenak, eta oso auzi luzea izan zuten.

Bizkaiko Jaurerriko agintarien erabakiz, 1703an bi talaia jarri zituzten Ogoñon. Urte batzuk lehenago, Ingalaterrako Oliver Cromwellen armadaren erasoa aurreikusita, defentsa sendotu zuten 25 fusil eta bolbora lehorrez betetako barril batekin. Haietaz eta lehendik zeukaten 9 librako kanoiaz baliatuta suntsitu zituzten britaniarrak, baita kondairen arabera Ogoñoko itsaslabarreko haitzuloetan bizi ziren sorginak ere, eta haiei buruz hitz egin ohi da gaur egun ere.

Elantxobe pixkanaka hazi egin zen, eta XVIII. mendearen erdial­dean hiribil­duen itxura zuen. Ogoño lurmuturraren eta Lekeitioko Santa Katalinaren artean itsasertzak atzera egiten duenez, zingo handiko itsasontziak ainguratzeko toki segurua da. 1770ean Elantxobek zazpi kabotaje-ontzi txiki zituen, haietatik sei Ibarrangeluko armadoreenak.

Bertakoek portua nahi zuten eta 1783an ekin zioten eraikuntza‑lanei, 33.000 dukateko aurrekontuarekin, Bilboko moja kontzepzionistek emandako maileguari esker. Ogoño lurmuturraren kareharrizko oinarrian —alegia, ia zuzen‑zuzen itsasoan sartzen den oinarri horretan— hasten dira moilak. Portu harrigarria da, ipar‑mendebal­deko haizeak jotzen duenean babesean geratzen dena.

Hala ere, udalerri bezala egindako ibilbideari erreparatuta, Elantxoberen historia laburra da, 1854 arte Ibarrangeluko auzo izan baitzen. Urte honetan udalerri bihurtu, eta ordu arte Gernikako Batzar Nagusietan hitz egiteko ezta botorik emateko eskubiderik ez baitzuen izan. 1858an Ibarrangelutik banandu eta udalerri burujabe bilakatu zen.

XX. mendean hirietara izandako migrazioek herriko biztanleak nabarmen gutxitu zituzten. 1900an Elantxobek 1.200 biztanle izan zituen arren, ondorengo urteetan Bilbora eta Gernikara joan ziren elantxobetar asko, etorkizun hobe baten bila, Euskal Herriko hainbat herrietan gertatu bezala.

Azken patroia 2010eko abenduan jubilatu zenetik, Elantxobek ez du arrantzontzirik[4].

Herria

aldatu

Elantxobeko herrigune koloretsua oso tipikoa da. Portua eraiki zuten unetik gaurko itxura hartu zuen herriak. Hirigintzari erreparatuta, Euskal Herriko kostal­deko herri bitxiena eta ausartena da. Moiletan bertan hasten da herria. Arrantzaleen etxebizitza xumeak dira, bi isurial­deko teilatuak dituztenak, eta ahal bezala hel­tzen diote mendial­deko pareta pikoari. Bata bestearen atzetik, gora eta gora egiten dute, irudi liluragarria osatuz. Mailen arteko desberdintasuna hain handia denez, kale txiki horietako batzuk eskailerak dituzte biztanleak ibil­tzeko.

Goial­dean, zorioneko plataforma batean, San Nikolas parrokia‑eliza dago, 1803an egina eta Elantxobeko arrantzale‑kofradiak ordaindua. Elizan erretaula barroko bat daukate, 1834ko sutearen aurretik Gipuzkoako Arantzazuko santutegian egon zena. Francisco de Arechavalak idazle eta historialariak Aires del Norte liburuan Elantxobeko etxeen deskribapen hau egin zuen:

« Allí donde el tejado de la primera acaba, se atreve la segunda cimientos a elevar. Y así desparramada sin orden ni concierto semejan un rebaño que hacia la cumbre va. »
Lehenengoaren teilatua amaitzen den lekuan, bigarrena ausartu da, al­txa ditu zimenduak. Eta nonahi eta nolanahi nahaspilatuta, artal­dea dirudite gailurrerako bidea hartuta.

Herriaren panoramika ezezagunena da itsasotik begiratzean ikusten dena. Baina, gutxienez, goitik begiratuta ikusteko gomendioa egiten dugu; esate baterako, aparkalekuaren ingurutik. Ondoren, portura oinez jaitsi gaitezke, edota, nahi izanez gero, autoentzako bidea ere badago.

Demografia

aldatu

XX. mende hasieran, Elantxoben mila biztanletik gora bizi ziren. Ondorengo hamarkadetan ordea, pixkanaka beherantz joan zen biztanleria, migrazioek eraginda. Joera hori Gerra Zibilaren ondoren indartu zen. Hala, bada, biztanle kopurua %60 jaitsi zen joan den mendean, guztira. Azken urteotan, ostera, kopuru hori maila berdintsuan mantentzen ari da, 450 biztanle inguruan.

Elantxobek uda garaian biztanleria hirukoiztu egiten du, ondoko Ibarrangeluk bezala. Pertsona askok, Elantxoben dute euren "udako etxea". Biztanleriaren egiturari dagokionez, adin nagusiko biztanleria da nagusi, zahartze prozesua nahiko nabarmena izan baita.

Elantxobek leku falta larria dauka. Erliebe malkartsuak zail egiten du etxebizitza berrien eraikitzea posible izatea. Horregatik, oso gaitza da biztanle berriak erakarri ahal izatea.

Elantxobeko biztanleria

Politika

aldatu
 
Elantxobeko udaletxea

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko Koldo Miren Olagibel hautatu zuten alkate.

Elantxobeko udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[5]
Bildu
4
154 (%50,00)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
3
153 (%49,68)
Alderdi Popularra (PP)
-
1 (%0,32)
 
Bizkaibusaren plataforma

Garraiobideak

aldatu

Horrelako erliebe malkartsuarekin, errepide bi baino ez daude, bata Ibarrangelutik portura doana, eta bestea herriaren erdigunera doana. Herriaren erdigunean, 1990. urtean, Bizkaiko foru aldundiak Elantxobe Bilborekin lotzen duen autobusak (Bizkaibus enpresakoa) buelta eman ahal izateko plataforma bat eraiki zuen.

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Elantxobeko Kontxa Gonzalez[6] (Ahotsak[7] proiekturako)

Oso herri euskalduna da. Herriko biztanleen %93ak daki euskaraz.

Bizkaieraren aldaera bat egiten da Elantxoben[8], Busturialdekoa[9].




Elantxobeko jai nagusiak ekainaren 29an —San Pedro egunean— ospatzen dituzte. Ibarrangelukoak, berriz, Corpus Christi egunean izan ohi dira. San Joan bezperan su handi bat egiten dute Laga hondartzan. Uztailaren 22an —Maria Magdalena egunean— Elantxobek Bermeoko itsasontzien segizioa bozkario handiz hartzen du. Bermeotarrak, Izaro uhartea haiena dela handikiro al­darrikatu ostean, portu horretan lehorreratzen dira, bertakoekin zenbait ordu eta hainbat zurrutada egiteko. Elantxoben kanpotar gehien izaten den eguna da, hain zuzen ere.

Elantxobetar ospetsuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. http://www.eitb.eus/es/videos/detalle/514632/elantxobe-solo-cuenta-barco-pesquero-tiempo/ Eitb.com webguneko bideoa.
  5. 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean[Betiko hautsitako esteka] 2011/08/01ean kontsultatua
  6. «Gonzalez Badiola, Kontxa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-11).
  7. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-11).
  8. «Elantxobe - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).
  9. «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-08).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa