Erromatar Monarkia
Erromatar Monarkia (latinez: Regnum Romanum) Erroma hiria eta haren menpeko eremua gobernatzeko era izan zen, hiria fundatu zenetik Errepublika sortu zen arte.
Erromatar Erresuma Regnum Romanum | |||||
---|---|---|---|---|---|
K.a. 753 – K.a. 509 | |||||
Hautazko erregetza | |||||
| |||||
Erromako antzinako auzoak | |||||
Geografia | |||||
Hiriburua | Erroma | ||||
Kultura | |||||
Hizkuntza(k) | Latina | ||||
Erlijioa | Paganismoa | ||||
Historia | |||||
Erromaren sorrera | K.a. 753 | ||||
Lukreziaren bortxaketa | K.a. 509 | ||||
|
Legendak dioenez, Romulok hiria K.a. 753an fundatu zuen. K.a. 510ean, Junio Bruto matxinatu zen azken errege Tarkinio Superboren kontra, eta, garaitutakoan, Errepublika sortu zuen.
Erromaren Sorrera
aldatuTiber ibaiko ibi baten ondoan sortu zen Erroma. Ibaitik gora eta behera zebilen trafiko eta merkataritzarengatik hazi zen hiria, izan ere, ibia itsasotik 25 bat kilometrora zegoen, eta itsasontziz irits zitekeen hara. Arkeologiak erakusten duenaren arabera, hiria K.a. VIII. mendean sortu zen, Palatino, Kapitolino eta Kirinal muinoetan hain zuzen ere; muino haiek, hiria inguratzen zuen lautada emankorrean, defentsarako oso kokaleku onak ziren. Tokiaren defendagarritasun horrek eta Tiber ibaiak eskainitako merkataritza oparoak eragin zuten hiriaren hazkundea eta indartzea. Etruriaren eta Campaniaren arteko merkataritza bideen erdigune izateak ere Lazio eskualdeko merkataritza eremu garrantzitsuenen bihurtu zuen.
Lehenengo biztanleak latinoak eta sabinarrak omen ziren. Latinoak Germal herrixkan bizi ziren, Palatino mendiaren (latinez: Mons Palatinus) magaletan eta sabinarrak, berriz, Viminal eta Kirinal muinoetan. Etruriarrek K.a. VII. mendean Erroma haren menpe eduki zuten, aristokrazia eta monarkia osatuz. Theodor Mommsen historialariak dioenez, ordea, etruriarrek ez zuten inoiz Erroma menderatzerik lortu. Haren ustez jatorri etruriarreko familia batzuek lortu zuten erregetza, soberania latindarra mantenduz, hau da, erregea etruriar jatorrikoa bazen ere, Erroma ez zegoen etruriarren menpe.
Dena dela, tradizioak dio erregetza sistemak 200 urte inguru iraun zuela, eta gero erromatarrek gobernu-sistema berritu zutela, errepublika sortzeko. Sistema berrian, gobernatzaileek beren borondatea gauzatzeko eragozpenak aurkitzen zituzten, monarkia ekidin nahian.
Liviok, Dionisio Halikarnasokoak, Plutarkok eta beste zenbait historialarik idatzi zutenez, Erroma bere lehen mendeetan zazpi erregek gobernatu zuten. Varronen kronologiaren arabera erregeen garai hark 243 urte iraun zuen. Hala ere, Brennusen buruzagitzapean galiar senoiek Erroma arpilatu zuten, Alliako gudua irabazi eta gero, K.a. 390. urtean (Varronek dioenez), eta arpilaketa horretan Erromaren artxibo historiko guztiak galdu edota suntsitu egin ziren. Hori horrela, eta gaur egun Erromatar Erresumari buruzko garaiko dokumentaziorik ez dagoenez, historialariek Erromatar Erresumari buruz kontatutakoa modu oso kritikoan hartu beharra dago.
Kondairak dioenez, Erroma K.a. 753ko apirilaren 21ean fundatu zuen Romulok eta hortik aurrera zenbatzen zituzten erromatarrek euren urteak (ab urbe condita). Romulo Eneas troiar printzearen ondorengoa zen. Ika-mika baten ondorioz Remo anaia hildakoan, Romulo Erromako lehenengo erregea bilakatu zen. Emakumerik gabe, sabinarrei emakumeak bahitu zizkieten erromatarrek, eta halaxe batu ziren latindarrak eta sabinarrak.
Erregearen Botereak
aldatuErrepublikaren garaiaren aurretik, Erroma erregeek (latinez: rex, plurala reges) gobernatutako monarkia zen. Errege guztiak, Romulo kenduta (hiriaren fundatzailea izan zelako) Erromako jendeak aukeratu zituen, bizi ziren artean haien gobernatzaile izan zitezen, gauzak horrela batek ere ez zuen indarkeria erabili tronua eskuratzeko. Antzinako historialariek, haatik, aukeraketa hautagaiaren bertuteen araberakoa zela aipatzen dute, eta aukeraketa ez zela familia irizpide dinastikoak kontuan hartuta egiten.
Historialari klasikoek zail egiten dute erregearen botereak zein ziren ulertzea, Errepublika garaiko kontsulen botere berak esleitzen baitzizkioten. Gaur egungo historialari batzuek boterea herriaren eskuetan zegoela pentsatzen dute, eta erregea Erromatar Senatuaren buru baino ez zela, beste batzuek ordea erregeak zuela subiranotasun osoa uste zuten.
Hala ere, hauexek dira oro har Erromako erregeari esleitzen zaizkion botereak:
Botere Betearazlearen Buru
aldatuErregeak imperium-a zuen, hau da, botere militar, betearazle eta judizial gorena. Imperium-a erregea hil arterakoa zen eta ez epaitua izateko eskubidea ematen zion, horrez gain, imperium-a zuen hiritar bakarra izanik, legioen gaineko botere absolutua ematen zion. Haren boterea areagokoa zen, kontuan hartuta Errepublika garaian hiritarrak magistratu imperium-dunen gehiegikerietatik babesten zituzten legeak garai hartan existitzen ez zirela.
Erregeak zuen beste botere bat kargu publikoak izendatzearena zen. Tribunus celerum-a aukeratzen zuen ramnes-en (erromatarren latindar jatorriko hasierako hiru tribuetako bat)[1] tribunoa zen eta, aldi berean, erregearen bizkartzainen (celere)[oh 1] burua; mende batzuk geroago, Inperioaren garaian, Pretoriar Guardiaren buru izango zena. Tribunoa zen, erregearen ondoren, Erromako gizasemerik boteretsuena, eta Kurien Batzarra deitu eta hari legeak aurkezteko eskumena zuen. Erregea boterera heltzean aukeratua zen eta erregea hiltzean postua uzteko beharra zuen.
Erregeak izendatutako beste kargu bat praefectus urbi-a zen, Hiriko Prefektua, hain zuzen. Hiriko zaindaria zen gizon hau, eta erregea hiritik kanpo zegoenean erregearen botere eta eskumen guztiak zituen, hiri barneko imperium bezalako baten bidez.
Erregeak zuen beste eskumen bat patrizioak Senatura deitzearena zen, hau da, edozein hiritar senatari, eta, beraz, patrizio bihurtzearena.
Apaiz Gorena
aldatuZiurra dena da Erregea zela Erroman auspicium boterea zuen bakarra, hau da, augureen buru zen, eta horrek Erroman auspizioak egiteko eskubidea ematen zion. Hori oso garrantzitsua zen, ezin zelako negozio publikorik egin Erroman jainkoen onarpenik gabe, jainkoen onarpena auspizioen bitartez ezagutzen zelarik. Hiritarrek erregea nazio erlijioaren burutzat zuten eta Jainkoen eta haien arteko bitartekaritzat (ustez hortik dator pontifex izena, «zubi-eraikitzailea», kasu horretan jainkoen eta hiritarren arteko zubien eraikitzailea) eta horren ondorioz errespetua zioten, eta beldurra baita, jainkotasun elementu bat egozten baitzioten.
Erromatar Egutegia kontrolatu eta aldatzeko ahalmena zuen, erlijio zeremonia guztiak zuzentzen zituen eta erlijio-gizonak izendatzen zituen. Esaten denez, Romulok augureak eratu zituen, eta hura izan omen zen Erromak inoiz izandako augurerik onena. Halaber, Numa Pompiliok pontifizeak sortu eta erromatar erlijioko dogmak eratu zituela esaten da.
Botere Legislatiboaren Buru
aldatuErregeen garaian Senatuak eta Kurien Batzarrak oso botere eta agintaritza gutxi zuten: ez ziren erakunde independenteak eta ez zuten baimen gabe batzartu eta estatu kontuak eztabaidatzeko aukerarik. Erregeak, eta kasu batzuetan tribunus celerum-ak baino ezin zituen deitu eta lege proposamenak egin. Halere baziren bi erakundeen arteko desberdintasunak: Kurien Batzarrak bazuen aukera erregeak proposatutako legeak bozkatu eta onartzeko, baina Senatuak aholkularitza eskumena baino ez zuen, erregeari aholkuak eman ahal zizkion, baina ezin zien haren ekintzei ezezkorik egin. Erregeak bere kasa egin ezin zuen gauza bakarra, zeinarentzat Kurien Batzarraren eta Senatuaren onarpena behar zuen, atzerritarren aurkako gerra egitea zen.
Botere Judizialaren Buru
aldatuImperium-ak erregeari, botere militarrak emateaz gain, hiritarrak epaitzeko eskumena ematen zion; gauzak horrela erregea zen Erromako Epaile Nagusia. Kasu batzuetan pontifizeak epaile bezala izendatu ahal bazituen ere, kasu zibil eta kriminal guztien aurrean azken hitza berak zuen. Historialari batzuek diotenez, erregearen epaien aurrean ez zegoen apelazio eskubiderik; beste batzuen aburuz ordea, Kurien Batzarrean aurkeztu zitekeen apelazio eskaera, erregearen aurrean.
Erregea epaiketetan laguntzeko batzorde bat zegoen, baina batzordea aholkularia baino ez zen, azken hitza erregeak zuen beti. Horrez gain, Erregeak bi detektibe kriminal (quaestores parricidi) izendatzen zituen eta epaimahai berezi bat (Duumviri Perduellonis) traizio kasuak epaitzeko.
Erregeen Ezaugarriak
aldatuErregeak 12 liktor (bizkartzain) zituen aizkorak zituzten fasces-ak zeramatzatenak. Horrez gain, aulki kurulean jesartzen zen (sella curulis), zapata gorriak, buruan diadema bat eta soinean Toga Picta, toga morea, janzten zituen. Toga Picta zen haren ezaugarri garrantzitsuena.
Erregeen Hautaketa
aldatuErrege bat hiltzen zen oro, Erroman interregnum izeneko denboraldia hasten zen. Estatuaren gaineko botere gorena Senatuaren esku geratzen zen, eta hark errege berria bilatu behar zuen. Senatua batzartzen zen, eta bere kide bati interrex titulua ematen zion bost egunerako. Bost egun igarotakoan interrex-ak beste senatari bat aukeratzen zuen interrex, Senatuaren onespenarekin, beste bost egunerako. Interrex batek hautagai egokia aurkitzen zuenean, Senatuaren aurrera eraman eta haren azterketaren menpe uzten zuen. Senatuak hautagaia onartuz gero, interrex-ak Kurien Batzarrera deitzen zuen, eta haren buru izaten zen erregea aukeratu bitartean.
Behin Kurien Batzarrei proposamena eginda, Erromako hiritarrek hautagaia onartu zezaketen, edo arbuiatu. Hautagaia onartua bazen, ez zen jarraian errege bihurtzen, bi proba igaro beharko zituen erregearen botere eta autoritate guztia lortzeko.
Lehenengo proba Jainkoen onarpena lortzea zen, erregea apaiz gorena eta jainkoekin lotura izango baitzen. Horrela, augure batek hautagaia gotorlekura eraman eta harrizko aulki batean jesartzen zuen, jendeak behean itxaroten zuen bitartean. Augureak jainkoen seinale onak ikusten bazituen, hautagaiari auspicium-a ematen zitzaion, jainkoen onarpena zuela aitortzeko.
Bigarren proba herriaren onarpena lortzea zen, horretarako hautagaiak Kurien Batzarrari bere buruari imperium-a ezartzeko legea (lex curiata de imperio) proposatzen zion. Batzarrak legea onartu eta haren alde bozkatzen bazuen, hautagaiak imperium-a lortu eta errege bihurtzen zen.
Teorian Erromako hiritarrek aukeratzen zuten haien buruzagia, baina praktikan Senatua zen prozesuaren gainean kontrola zuena.
Erromako erregeak
aldatuHauek dira zazpi erromatar erregeak:
Romulo (K.a. 753-717)
aldatuRomulo ez zen lehenengo Erromako erregea bakarrik izan, Erromaren fundatzailea ere izan zen (azken hori, bere anaia biki Remoren laguntzaz).
K.a 753. urtean Palatino mendiaren inguruan hasi ziren hiria eraikitzen eta han, usadioak dioenez, Romulok bere anaia hil egin zuen pomerium-a, hau da, hiriaren mugak, era jainkogabeko batean igarotzeagatik. Tradizioak dionez, momentu hartan Romulok hitz hauek esan omen zituen: "Horrela hil bedi gaurtik aurrera nire hormen gainetik igarotzen den oro". Beste historia batek dioenez Remok hiria Aventinum mendian eraikitzeko aukera egin zuen, eta hiria eraikitzeko tokiaren inguruan izandako eztabaiden ondorioz, haserrealdi batean hil zuen anaia Romulok. Bata zein bestea izan zirela edo ez zirela, kontua da Romulok anaia ohorez lurperatu zuela, eta tristezia handiz.
Hiriaren fundazioa eta gero, Romulok kriminalak, esklaboak, iheslariak eta erbesteratuak deitu zituen, hiri berrian asilo eskubidea eskainiz. Horrela Erroma inguruko zazpi muinoetatik bost populatzea lortu zuen. Hiritar berri haietatik gehienak gizonak zirenez, Romulok inguruko sabinoak festibal batera gonbidatu zituen, eta bertan haien emakumeak bahitu zituen, ezkongabeko hiritarrentzat emaztegai izan zitezen. Gertakizun hari Sabinen Bahiketa deitzen zaio. Gertaera haren ondorioz, Erroma sabinoen aurkako gerra batean sartu zen, eta gerraren ondoren Romulok sabinoak eta erromatarrak batu zituen, sabindar lider Tito Tazio-rekin batera diarkia bat osatuz.
Romulok Erromako biztanleriatik 100 gizon nobleenak (jatorri nobleena zutenak) hautatu eta Senatua (latineko Senes = «zahar»-etik) sortu zuen haiekin, erregearen kontseilari lana egin zezaten. Gizon haiei patres izena eman zien (pater = «aita», «buru»-tik), eta haien ondorengoek patrizio izenak hartu zuten, erromatar noblezia sortuz. Sabindarrekin egindako bateratzearen ondorioz, Romulok beste 100 gizon deitu zituen Senatura.
Romuloren erregetzan ere augureen erakundea sortu zen, eremu erlijiosoari begira, eta gizarte antolaketari begira, Comitia Curiata. Romulok Erromako jendea hiru tributan banatu zuen: erromatarrak (ramnes), sabindarrak ( titios) eta atzerritarrak (luceres). Tribu bakoitzak 10 curia (coviria hitzetik, gizonezkoen komunitate) aukeratzen zituen, curia bakoitzak bozka bat zuelarik Comitia Curiatan (kurien batzarrean). Horrez gain, tribu bakoitzak 100 zaldizko eta oinezkoen 10 zenturia eman behar zituen. Horrela sortu zen Erromako lehen legioa, 300 zaldizko eta 3000 oinezko zituena. Larrialdi egoeratan, bigarren legio bat deitzeko aukera ere zegoen. Celeres (arinak/azkarrak) goardia ere sortu zuen, 300 gizonek osatua, erregearen bizkarzain bezala.
Sabinen Bahiketaren ondorioz izandako gerrez aparte, beste hainbat gerra egin zituen Romulok, hala nola Fidenae eta Veii hiri etruriarren aurka. Horrela Erromaren eraginpeko eremu bihurtu zuen Lazio-a. 36 urte errege bezala eman eta gero, 54 urterekin hil zen era ezezagunean. Usadioak dioenez, tximista batek jota hil zen, jainkoek euretako bat bezala hartu zuten seinale.
Hil eta gero jainkotu egin zuten, Quirinus izena emanez, eta gurtza izugarria eman zitzaion. Erromako lehen konkistatzaile eta Erromaren historiako gizonik jainkozaleenetariko bat bezala gogoratua izan da.
Numa Pompilio (K.a. 716-674)
aldatuRomuloren heriotza eta gero urte oso batez interregnum-a egon zen, hau da, Senatuak aukeratutako 10 gizonek gobernatu zuten Erroma interreges tituluarekin. Urtea igaro eta gero, Senatuak berak Numa Pompilio sabindarra aukeratu zuen errege, gizon justu eta jainkotasun handikoa zelako ezaguna baitzen. Hasiera batean, Numak ez zuen erregetza onartu nahi izan, baina aitak konbentzitu egin zuen, jainkoei egindako zerbitzua izango zela argudiatuz. Bere gupida eta jakituriagatik ezaguna izan zen errege hura, eta haren erregealdia baketsua eta oparoa izan zen.
Numak erromatar egutegia berritu zuen, eguzki eta ilargi urteetara egokituz, urtarrila eta otsaila ere gehitu zituen, horrela egutegiari 12 hilabete emanez. Erromatarren hainbat erritu erlijioso eratu zituen, hala nola salii-ena, horrez gain hiru flamen maioris izendatu zituen, hau da, goi apaizak, Kirino, Jupiter eta Marte gurtuko zituztenak hurrenez hurren: flamen Quirinalis, flamen Dialis eta flamen Martialis.
Erroma inguruko lurraldea barrutietan banatu zuen eta Romulok menperatutako lurrak hiritarren artean banatu zituen. Hiriko lehenengo ogibide eta korporazioak ere sortu zituen.
Numa Erromak izan zuen erregerik jainkozale eta erlijiosoena bezala gogoratua izan zen. Haren erregealdian Vestari eta Janori tenpluak eraiki zitzaizkien, eta Kapitolioan Terminusi, mugen jainkoari, aldarea eskaini zitzaion. Horrez gain, aipatu bezala flamen-ak eta salii-ak sortzeaz batera Vestaren Birjinak eta pontifex-ak sortu zituen, Collegium Pontificium-arekin batera. Horren buru Pontifex Maximus-a jarri zuen, berak sortutako kargu berria. Usadioak dioenez, haren gobernualdian zerutik Jupiterren ezkutu bat jausi zen, Erromaren patua gainean idatzia zuena. Numak ezkutua gorde eta 11 kopia egin zituen, erromatarren artean sakratutzat hartuak izan zirenak.
Gizon jatorra eta bakezalea izanik, Numak jainkotasun eta justizia ideiak ezarri zituen erromatar pentsamoldean. Haren erregealdian berak eraikitako Janoren tenpluko ateak itxita egon ziren beti, Erroma bakean zegoen seinale. Erregetzara heldu eta 43 urteren buruan Numa era baketsu eta naturalean hil zen.
Tulio Hostilio (K.a. 673-642)
aldatuHersilia (Romuloren emazte izan zena) eta Hostio Hostilioren semea, Tulio Hostilio Romuloren antzekoa izan zen oldarkortasun eta gudari izpirituari begira eta Numaren guztiz kontrakoa jainkotasunari begira. Fidenae eta Veii-ren aurkako gerrez gain, Alba Longaren aurkako gerra egin zuen, zeinaren ondorioz hiri hura guztiz suntsituta geratu zen, eta hango biztanleak Erromara bidali zituzten, eta hiritartasuna lortu zuten. Horrela Erromak bere «ama-hiria» gainditu zuen, eta Lazioko botere garrantzitsuena bilakatu zen. Fidenas eta Veiiren aurkako gerrek ere Erromari lurralde eta botere gehiago ekarri zizkioten.
Tuliok gerra gehiago hainbeste desiratzen zituen, non sabinoen aurkako gerra bat ere hasi zuen. Esaten denez, haren erregealdian hartu zieten erromatarrek konkista berriei gustua, bakearen kaltetan. Erregeak hainbeste gerra egin zituen, non jainkoen gurtza ahaztu egin zitzaion. Hori horrela, eta usadioak dioenez, Erromak izurrite bat jasan zuen, zeinaren ondorioz erregea gaixotu egin zen. Tuliok Jupiterren laguntza eskatu zuenean, jainkoak hura eta haren etxea suntsitu zituen tximista batekin erantzun zuen.
Tulio Hostiliok Alba Longatik etorritako familia nobleenetariko kideak aukeratu eta Senatuan sartu zituen, horrela patrizio bihurtuz. Horien artean zegoen Julia familia. Senatu berri haren egoitza izateko eraikin berri bat altxatu zuen: Curia Hostilia, Tulio hil eta gero 562 urte iraun zuena. Haren erregealdiak 31 urte iraun zuen.
Anko Martzio (K.a. 641-617)
aldatuTulioren heriotza misteriotsua eta gero, erromatarrek Anko Martzio aukeratu zuten errege, pertsonaia baketsu eta jainkozalea. Numa Pompilioren iloba zen, eta aitonak bezala, ia ez zituen Erromaren mugak handitu: muga horiek defendatzeko borroka baino ez zuen egin. Hura izan zen Erromako lehen kartzela eraiki zuena; Kapitolioan, hain zuzen.
Hura errege zelarik Janikulo muinoan (latinez: mons janiculum), Tiber ibaiaren ezker ibarrean, gotorleku bat eraiki zen alde horretatik hiria babestuago egon zedin. Horrez gain, Tiber ibaia zeharkatzen zuen lehen zubia, subliziar zubia (pons sublicius), eraiki zen haren erregealdian. Erregearen beste obra garrantzitsu bat Ostiako erromatar portua eraikitzea izan zen, Tirreniar itsasoaren kostaldean, Tiber ibaiaren itsasoratze gunean hain zuzen. Horrekin batera, Erromaren lehen gatz faktoriak sortu zituen, gatzaren ibai bidezko merkataritza bide zaharrak (via salaria), sabindar abeltzainak hornitzen zituenaz, profitatuz.
Ankok erabilitako diplomaziari esker ere, Erromaren tamaina handitu egin zen, izan ere, inguruko hainbat herrixka latinoren atxikimendua lortu zuen itun baketsuen bidez, eta hango biztanleak Abentino muinoan (latinez: mons Aventinum) birkokatu ziren, eta halaxe plebeioen klasea indartu eta finkatu zen.
25 urteko erregetzaren buruan hil zen, berez, bere aitona bezala. Erromako latindar-sabindar erregeetatik azkena izan zen.
Tarkinio Prisko (K.a. 616-578)
aldatuLuzio Tarkinio Prisko Erromako bostgarren erregea izan zen eta etruriar jatorriko lehenengoa, posibleki Korintiar arbasoak zituen. Erromatarrek Prisko ezizena jarri zioten, gerora errege izan zen Tarkinio Superbo eta bera bereizteko. Priscus hitzak latinez «zaharra» esan nahi duenez, «Tarkinio Zaharra» litzateke euskaraz haren izena. Tarkinio Erromara aldatu zen, eta han Anko Martzioren begiko bihurtu zen, eta azken horrek semetzat hartu zuen. Horrela Anko hiltzerakoan, erromatarrek Tarkinio aukeratu zuten errege. Errege bezala sabindarren eta etruriarren aurkako hainbat gerra egin zituen, eta baita irabazi ere, horrela Erromaren lurrak bikoiztu eta hiriarentzat altxor handiak lortu zituen.
Bere lehenengo erreformetako bat izan zen menperatutako tribuen artetik 100 gizon Senatura batzea (haien artean, Octavii familia), horrela 300 senatariko Senatua eratzeko. Armada ere handitu zuen, gizon kopurua bikoiztuta: 6000 gizonezko eta 600 zaldizkok osatzen zuten armada berria. Bere kanpainetan lortutako aberastasuna Erroman eraikuntza handiak egiteko erabili zuen. Eraikuntza haien artean garrantzitsuenetarikoa Erromako estolda sistema handia izan zen, Cloaca Maxima, Erromako muinoen artean gelditzen zen ura drainatzeko erabilia. Horrez gain, inguruko padura batzuen gainean Erromako Foroa eraikitzeko lanak abiatu zituen. Erromatar jokoak (Ludi Romani) ere sortu zituen.
Haren eraikuntza proiektu famatuena Circus Maximus-a izan zen, zaldi lasterketak egiteko estadio handi bat. Hura eraiki eta gero, tenplu-gotorleku bat eraikitzeari eman zion, Kapitolioaren gainean, Jupiterren omenez. Hala ere, eraikuntza amaitu baino arinago, eta 38 urteko erregetzaren buruan, Anko Martzioren semeek erail zuten. Haren erregealdia erromatar ikur militarrak eta kargu zibilak eratzeagatik gogoratzen da, Erromako lehen Garaipena ospatzeaz gain.
Servio Tulio (K.a. 578-534)
aldatuPrisko hil eta gero, haren suhi Servio Tulio izan zen errege (Priskoren alabarekin ezkonduta zegoen), etruriar jatorriko bigarren errege izanik, esklabo baten semea zela diote iturri batzuek; hortik Servio izena (latinez servus-ek «esklabo» esan nahi du). Bere aitaginarrebak bezala, Etruriarren aurkako hainbat gerra egin eta irabazi zituen. Gerra horietan lortutako harrapakinak baliatuz, pomerium-aren gainean, 7 muinoak inguratzen zituzten harresiak eraiki zituen: Servioren Harresiak. Erromatar armadaren antolaketan ere aldaketak egin zituen.
Erromatarrentzat konstituzio berria osatu zuen, hiritarren klaseen antolaketa garatuz. Historiako lehen errolda egin zuen, Erromako jendea 5 klase desberdinetan banatzen zuena, zuten maila ekonomikoaren arabera. Comitia Centuriata (Zenturien Batzarra) eratu zuen eta errolda profitatuz hiria lau tributan banatu zuen, hirian kokatuta zeuden tokiaren arabera, horrela Comitia Tributa (Tribuen Batzarra) eratu zuen. Eraikuntzari begira, haren erregealdian Dianaren Tenplua eraiki zen Abentinoan.
Servioren Erreformak garrantzitsuak izan ziren erromatarren bizimodurako: bozketa eskubidea aberastasunaren araberako bihurtu zen eta ondorioz botere politikoaren zati handi bat eliteen esku geratu zen. Hala ere, plebeioen babesa lortzeko, haien aldeko hainbat lege egin zituen, patrizioen haserrea erakarriz. 44 urte boterean egon eta gero, konspirazio baten mende jausi eta erahila izan zen. Konspirazioaren buru Servioren alaba Tulia eta haren senar Luzio Tarkinio (Tarkinio Zaharraren semea) izan ziren.
Tarkinio Superbo (K.a. 534-509)
aldatuErromako zazpigarren erregea, azkena ere izan zena, Luzio Tarkinio Superbo izan zen. Erromatarrek Superbo ezizena jarri zioten bere jarreragatik eta gobernatzeko eragatik; izan ere, latinez superbo-k «harroputza» esan nahi du. «Tarkinio Harroputza» litzateke, beraz, haren izen euskaratua. Tarkinio Priskoren semea zen, eta Servio Tulioren suhia (haren alaba Tuliarekin ezkondua baitzen), eta haiek bezala Etruriar jatorrikoa zen. Emaztearekin batera Servio hil eta horrela heldu zen erregetzara.
Bere erregealdian bolskoen (Volscii), gabinoen (Gabii), eta rutuloen (Rutuli) aurkako gerrak egin zituen eta Erroma Latindar Hirien buru mantendu zuen. Herri lanei begira, bere aitak hasitako Jupiterren ohorezko Kapitolioko tenplu-gotorlekua amaitu zuen.
Tarkiniok Erroma kontrolpean edukitzeko indarkeria, hilketak eta beldurra erabili zituen, aurreko beste erregeek ez bezala eta horrez gain, bere aurrekoek egindako hainbat erreforma konstituzional bertan behera utzi zituen. Horrez gain, Sabinarren santutegi eta aldareak suntsitu zituen eta Erromatarren ohiturei eta Senatuari errespetu falta erakutsi zion etengabe. Horrek guztiak herriaren haserrea eragin zuen; hala ere, Lukreziaren Bortxaketa gertatu arte ez zuen erantzun.
Lukrezia patrizio familia garrantzitsu bateko alaba zen, oso ederra, eta Tarkinioren seme Sexto Tarkiniok, bere edertasunaz liluratuta, bortxatu egin zuen, aitaren onarpenarekin. Lukrezia etxera joan zen, familiari gertatutakoa kontatu zion, eta bere buruaz beste egin zuen, desohorea ekiditeko. Hura ikusita, Lukreziaren senide eta Tarkinioren iloba zen Luzio Junio Brutok (Zesar hiltzen lagundu zuen Marko Junio Brutoren ahaidea), beste hiru patriziorekin batera (Luzio Tarkinio Kolatino, Publio Valerio Publikola eta Espurio Lukrezio Trizipitino), Senatuaren batzarrera deitu zuen, eta Senatuak Tarkinioren kargutik kentzea eta kanporatzea (erbesteratzea) onartu zuen. Tarkiniok horrela Tusculum-era ihes egin zuen, eta hortik Etruriarren laguntzaz erregetza berreskuratzen saiatu zen. Hala ere, hainbat gerraren ondoren, ez zuen bere helburua lortu, eta Cumae-en erbesteratuta hil zen K.a. 495. urtean.
Tarkiniok izandako jarrera eta ekintzen ondorioz, ordutik aurrera Erroman Rex (errege) hitzak zentzu txarra hartu zuen, Erromatar Inperioa jausi arte izen ona berreskuratu ez zuelarik Rex hitzak.
Tarkinioren kanporaketa eta gero, Senatuak Monarkia indargabetzea erabaki zuen eta Erromatar Errepublika sortu zen K.a. 509. urtean. Bruto eta Kolatino (azken hori Tarkinioren iloba eta Lukreziaren senarra) izan ziren sistema berriaren lehen buruak, Erromako lehen kontsulak. Sistema berri hark 500 urte gehiago iraungo zuen, Julio Zesarren eta Augustoren garairaino.
Oharrak
aldatu- ↑ celere: Erromatar historiako lehen garaiko zaldunak. Ikus: Celere, RAE :https://dle.rae.es/c%C3%A9lere
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu- (Latinez) Livio: Ab Urbe Condita.
- (Gaztelaniaz) Bravo, Gonzalo. (1998). Historia de la Roma antigua. «El libro universitario. Materiales» bilduma. Madril: Alianza. ISBN 84-206-5732-8 eta ISBN 978-84-206-5732-5.
- (Gaztelaniaz) Livio, Tito. (1969). La monarquía romana. Madril: Aguilar. ISBN 84-03-17025-4 eta ISBN 978-84-03-17025-4.
- (Gaztelaniaz) Mommsen, Theodor (2005): Historia de Roma. Vol I: Desde la fundación de Roma hasta la caída de los Reyes. Bartzelona: RBA Coleccionables. ISBN 978-84-473-3998-3.
- (Gaztelaniaz) Plácido, D.; Alvar, J. y González, C. (1991): La formación de los estados en el Mediterráneo occidental. Madril: Síntesis. ISBN 84-7738-104-6
- (Gaztelaniaz) Roldán, J.M. (1995): La República Romana. Historia de Roma, I. liburukia. Madril: Cátedra. ISBN 84-376-0307-2
- (Ingelesez) Frank, Tenney: An Economic History of Rome. 1920.
- (Grekeraz) Dionisio Halikarnasokoa. Erromatar Antzinatasunak