Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Euria hodeietatik tantaka erortzen den ura da[1], prezipitazio ohikoena. Euria uraren zikloaren osagai nagusi bat da eta munduko ur geza gehiena hornitzen duena. Baldintza egokiak ezartzen ditu ekosistema mota askotan, eta ura hornitzen du zentral hidroelektrikoetarako eta soroak ureztatzeko.

Hodeiak eta euria (Danimarka).

Eguratseko aire masa beroak gorantz igotzen eta hozten direnean, hodeietako lurrun tanta txikiak kondentsatu egiten dira eta ur tanta bilakatzen dira; hala, aireak ur tantak ezin dituenean eraman, horiek handiegiak eta astunegiak egin direlako, lurrera erortzen dira grabitate indarraren eraginez, eta euria sortzen da era horretan. Euri tanten diametroa 0,5 mm-koa edo hortik gorakoa izan ohi da. Euriaren banaketa oso desberdina da munduan; hala, egiten duen euri kopuruaren arabera sailkatzen dira klimak. Klima lehorretan oso euri gutxi egin ohi du (basamortuetan, esaterako, 250 mm-tik behera urteko), eta klima hezeetan, berriz, euri asko egiten du (tropikoan, adibidez, 2000 mm-tik gora urteko). Euritza terminoa erabiltzen da kantitatea neurtzeko. Euri-neurgailuak prezipitazio kopurua neurtzeko erabiltzen diren gailuak dira.

Euria beste planeta batzuetan jazotzen dela susmatzen da, non ura baino, osagai nagusia metanoa, neona, azido sulfurikoa edo are burdina den.

Euri da euskara batuan erabili beharrekoa[1], garai eta euskalki guztietan erabilitakoa, nahiz eta ahozko erabileran antzeko aldaerak ere erabili (adibidez, ebi erdialdekoan). Beste eguraldi hitzekin bezala, ari du hartzen du[2], eta ez ari da: euria ari du. Beste esamolde batzuk ere erabili ohi dira, hala nola euria dihardu, euria da. Euria ari izan eta euria izan, aspektua puntukaria denean soilik erabiltzen dira (euria ari du mendian, euria da mendian); euria egin, berriz, aspektua ez puntukaria denean (iaz euri asko egin zuen).

Euri pertsona-izena ere bada, epizenoa[3].

Eraketa

aldatu
 
Konbezkio-euriak.
 
Euri orografikoak.

Euria hainbat hodei motatan sor daiteke, normalean ninbostratuetan eta kumuloninboetan, baita zelula konbektiboen sistema antolatuetan ere. Euri ugariaren iraunkortasunak hodei-geruzak, behekoenen igoera-mugimendu baten bidez, etengabe berritzea eskatzen du euria egiteko baldintza egokietan kokatzeko. Horrela bakarrik azal daiteke zenbait estazio meteorologikok, hala nola Baguiokoak (Luzon uhartean, Filipinak), 2.239 mm-ko euria jaso izana ondoz ondoko lau egunetan. Altxatzen den aire-bolumen oro luzatu egiten da, eta, ondorioz, hoztu. Aire-masen igoera, hainbat arrazoiri lotuta egon daiteke, eta euri-mota desberdinak eragin dezakete[4].

  • Konbekzio-euriak. Lurrazalarekin kontaktuan dauden beheko geruzak berotzean, airea arinagoa egiten da; zabaldu egiten da; gutxiago pisatzen du, eta igo egiten da. Igotzean, hoztu, kondentsatu eta prezipitazioa gertatzen da. Latitude beroetako eta eremu epeleko udako ekaitzetako euri-jasak dira[5].
  • Euri orografikoak. Aire hezeko masa batek erliebe menditsu batekin talka egiten duenean eta talka egitean haizera begira dagoen mendi-mazelatik igotzen denean gertatzen dira (haizealdea). Haizearen kontrako hegalean (haizebea), ez dago prezipitaziorik airea berotzen hasten delako eta lehorragoa egiten delako[6].
  • Aurrez aurreko euriteak edo zikloi-euriteak. Latitude epeletan gertatzen dira ezaugarri termiko desberdinak dituzten bi aire-masa kontaktuan sartzean, hala nola fronte polarrak eragindakoak —aire-masa polarren (hotzak) eta tropikalen (beroak) arteko ukipen-eremua—, zeinak depresioekin batera agertzen eta eguraldi ezegonkor eta euritsuaren eragileak diren[7].
Sakontzeko, irakurri: «Fronte (meteorologia)»

Ezaugarriak

aldatu

Euria da prezipitazio mota ohikoena, hainbeste non bi hitzak (euria eta prezipitazioa) askotan sinonimo gisa ere erabiltzen diren. 1-2 mm arteko diametroa duten tanta isurkariek osatzen dute; gehienera, 7 mm izaten dute.

Prezipitazio mota hau oso uniformea da, tantatxoak oso ugariak eta elkarren hurbil izaten dira, eta hezetasun erlatiboa behar dute hodeiaren azpian, zeren, bestela, tantak lurrera iritsi baino lehen lurruntzen baitira.

Uraren prezipitazioa elurrarekin batera gertatzen baldin bada, elurbustia deritzana sortzen da. Lur azalaren azpikoz goratze termikoa dagoenean izaten da, eta tenperatura 0 °C edo hortik beherakoa denean; egoera horretan, goiko geruza epelagoetan eratu diren euri tanta batzuk erori, eta geruza hotzago batetik igarotzean, izoztu egiten dira, eta izotz pikorrak sortzen dituzte.

Tantak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Tanta»
 
Euri tanten itxura tamainaren arabera:
A) Euri-tantak ez dira malko-itxurakoak, gehiengoak uste bezala.
B) Euri-tanta txikiak ia esferikoak dira.
C) Euri-tanta handiagoak azpialdean zapal bihurtzen dira, airearen erresistentziaren ondorioz.
D) Euri-tanta handiek aire erresistentzia handia dute, eta ezegonkor bihurtzen hasten dira.
E) Euri-tanta oso handiak euri tanta txikiagoetan banatzen dira aire erresistentziaren ondorioz.

Tantek ez dute malko itxurarik (biribilak behetik eta zorrotzak goitik), pentsatu ohi den bezala. Tanta txikiak ia esferikoak dira, eta handienak, berriz, zapalak. Bere tamaina 0,5 eta 6,35 mm artekoa da. Tanta handiak tanta txikien koaleszentziak sortuak izaten dira tropiko arteko eremuko hodeietan, eta elurra urtzeak eratzen ditu, berriz, latitude ertainetako eta garaietako hodeietan, elurra geruza epelenetatik igarotzen denean hain zuzen.

Erorketa abiadura 8 eta 32 km/h artekoa den bitartean, bere intentsitate eta bolumenaren arabera.

Sorrera

aldatu

Hodeiaren barnean dabiltzan haize lasterrek ura eta izotza nahasten dituzte. Nahasketa horren ondorioz, hodeiak egonkortasuna galtzen du, eta ondoren ur lurrunezko molekulak sortzen dira.

Molekula horiek, kristalen gainean kondentsatu ondoren, oso laster hazten dira; aldi berean, airea “lehortzen” dute, eta ur tantak lurruntzera behartzen. Neurri aldaketak eraginda, prezipitazioa erortzen hasten da; horrekin batera, erortzen hasitako tantek beste ur tantak, superhoztuak, edota izotzezko kristalak jotzen dituzte, eta, bat eginda, are gehiago hazten dira. Airean eusten zituen indarra gaindituta, tantak orain lurreraino hel daitezke.

Hortaz, prezipitazioaren azken emaitzan zerikusia izango dute, hodei barneko eragileez gainera, hodeiaren azpialdearen eta lurraren artean dagoen aire geruzaren hezetasunak eta tenperaturak; alde batetik, egitura termikoak finkatuko du lurrera iritsiko den prezipitazioa gotorra edo isurkaria izango den; eta, bestalde, geruza horren hezetasunak baldintzatuko du prezipitazioaren zatikiak, behera egiterakoan, zenbatez lurrinduko diren, eta, hortaz, baita prezipitazioaren azken tamaina ere.

Euri motak

aldatu
 
Euriak uholdeak sortzen ditu, batzuetan, gizakien bizilekuetan. Argazkian Getxo. 2008ko Bizkaiko uholdea.

Euskaraz hainbat hitz eta esamolde dago euri mota desberdinak izendatzeko:

  • euri jasa: euri kopuru handia[8]. Baita ere erauntsia, euri-isola, -truixua.
  • zaparrada: euri-jasa bortitza da[9], denbora laburrean gertatzen dena.
  • zirimiria (xirimiria), langarra edo euri-lanbroa: tanta guztiz xeheetan erortzen den euri etengabea[1]. Beste hainbat izen ere hartzen du eskualdearen arabera, hala nola euri-landar, eurixka, euri-zirin, -langar, -lardats, -memel' -zarama, -zirtzil.
  • euri-garoa: zirimiria baino are meheagoa.
  • elurbusti: elurra eta euria artekoa.
  • euri izoztua: izotzezko prezipitazioa.
  • eulbera: lehorteen osteko euri onuragarria, euri gozoa, beharrezkoa, larreak eta landak gogotik bustitzen dituena.

Lohi-euria

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lohi-euri»

Euriarekin batera, zenbaitetan, fenomeno berezi bat gertatzen da, oso ondorio deigarriak izaten dituena, adibidez, haize laster gogorrek lehendik gorantz eramandako gauzakiak erortzea; lohi-euria da sarrien gertatzen dena, kolore marroixka edo gorrixka duena, hori da, alegia, tradizio zaharretan aipatzen den odol-euria. Eguratsean suspentsioan dauden lurrezko edo hautsezko zatiki finak ekartzen dituen euriari esaten zaio lohizkoa. Hala, Afrika iparraldetik datorrela, Mediterraneoa gurutzatzen duen aireak, itsaso horretako ura epela denez, ur lurrun asko hartzen du, eta joera handia izaten du konbekziozko egonkortasun ezaren aldera; horrez gainera, basamortuko hautsa ere eramaten du batzuetan, eta azkenean lohizko euri gisa erortzen da hauts hori.[10] Prezipitazioa elurrezkoa baldin bada, hautsarekin nahasturik lurreratzen da, eta elur koloreztatuak edo zikinak eratzen ditu, mendialdeetan gehiago ikusten direnak.

Sakontzeko, irakurri: «Virga»

Zenbait baldintzatan, euria hodeietatik erortzean lurra ukitu baino lehen lurrundu edo sublimatzen da. Euri mota honi virga deritzo eta maizago ikusten da klima bero eta lehorretan.

Euri azidoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euri azido»

Euri azidoa, zenbait azidok (azido sulfurikoak edota azido nitrikoak bereziki) kutsatutako edozein prezipitazio azidori (euri, elur, elur busti) deritzo, kutsadurak eragindakoa. Euri azidoak kalteak eragiten ditu mundu osoko hainbat aintzira, ibai eta ur-lasterretan, arrainak eta gainerako izaki biziak hiltzen baititu. Orobat kaltetzen ditu eraikinak, zubiak edota monumentuak. Euri azidoko kontzentrazio handiek basoak eta lurra ere honda dezakete. Aireko ur lurrunak zenbait konposatu kimikorekin erreakzionatzen duenean sortzen da euri azidoa. Konposatu horiek (besteak beste, sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak), ikatza, gasolina nahiz petrolioa erretzean sortzen dira gehienbat. Automobil, lantegi eta zentral elektrikoek erregai horiek erabiltzen dituzte energia lortzeko. Euri azidoak jota daude Ipar Ameriketako ekialdeko eremu handiak, Eskandinavia eta Europako erdialdea eta Asiako parte batzuk. 1950eko hamarralditik aurrera, arazoa larriagotu egin da landaldeetan; izan ere, tximinia altuagoen erabilera dela-eta, haizeak gai kutsagarriak beren sorburuetatik urrutiago garraiatzen ditu. Zientzialariek eta ingeniariek euriaren azidotasuna gutxiagotzeko bitartekoak prestatu dituzte. Esaterako, badira zenbait tresna erregaien edo industria igorpenen sulfuro edo nitrogeno konposatuak, eguratsera iritsi baino lehen, ezabatzen dituztenak. Aintzira eta ibaiei karea eransten bazaie, eta orobat haiek drainatzen dituzten eremuei, aldi batez neutralizatu egiten da azidotasuna. Neutralizazio horrek, ordea, bestelako ondorio kaltegarriak eragin ditzake. 1990. urtean, Estatu Batuetako legebiltzarrak 1970. urteko Aire Garbiaren Akta zuzendu zuen, Estatu Batuetan eta Kanadan euri azidoa gutxiagotzeko helburuaz. Zuzenketen arabera, igorpenen baldintzak zorroztu ziren, errekuntza garbiagoa duten erregaiak erabiltzen hasi ziren, eta zentral elektrikoei sufre dioxidoko igorpenak murritz zitzaten eskatu zitzaien.

Basoak

aldatu
 
Euria ezinbestekoa da basoek bizirik irauteko.

Euria eta basoak elkar lotuta daude, bai eta orokorrean landareekin ere. Gauzak horrela, modu naturalean zerutik etorritako urak ahalbidetzen du landare eta zuhaitzak bizitzea eta Lurraren oreka mantenduz, oxigenoaren zikloari dagokionez. Halaber, kontuan hartu behar da lurralde nagusiki hezeetan klima mota horren jatorrizko zuhaitzen garrantzia, euriaren zikloak ahalbidetzen dutenak. Horren adibide argia oihan tropikaletan topatzen dugu. Baina nabarmena da baita baso epel hezeetan ere, Euskal Herriko jatorrizkoak esate baterako. Aurkakoa gertatzen da klima lehorretako zuhaitzak klima hezetako lurraldeetan neurri esanguratsuetan landatuz gero.

Aitzitik, basogabetzeak eta deforestazioak eragin kaltegarriak ditu euri prezipitazioak gutxituz eta laino edo lanbroa sortzea murriztuz, naturaren zikloetan ondorio negatiboak ekarriz. Eta hau hala da ez bakarrik animalia eta landareen bizitzetan, baizik eta gizakion osasunean ere. Bestela, deforestazioa sortzeko arrazoien artean euri azidoa dago, beste batzuen artean.

Konparaketa beste fenomeno meteorologikoekin

aldatu
Meteoroa Ikusgaitasuna Hezetasuna Aerosola
Euria < 3 km %100 Ura edo izotza
Zirimiria < 1 km %100 Ura edo izotza
Lainoa < 1 km %90-100 Ura edo izotza
Lainobera 1 - 2 km %80-90 Ura edo izotza
Bisutsa < 2 km < %80 Partikula solidoak
Gandua > 2 km < %80 Partikula solidoak

Euri-uren kudeaketa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euri-uren kudeaketa»

Esaerak

aldatu

Esaera ugari dago euria adierazgarri duena, esaterako, hauek[11]:

  • "Euri eta iguzki, azeriaren ezteiak".
  • "Euri eta iduzkia, karakolen besta".
  • "Euri garoak igerri barik busti".
  • "Euri tantakadeak alferra joten dau lelengo".
  • "Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean".
  • "Euri urte, arto urte".
  • "Euri zehea, iparra laster".
  • "Danen gustora beinere euririk ez".
  • "Euria egiteko hobe da bi haizeren burruka, ez santu guztiai erreguka".
  • "Euriaren ondoren, eguzkiya".
  • "Euririk gabeko aldi luzea, bi aldiz luzeago egiten da".
  • "Eurixe, aberastasunik onena".

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Euri Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 21-01-31)
  2. Euskara Batuaren Eskuliburua (kontsulta: 2021-1-29)
  3. Euri Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-1-31)
  4. (Gaztelaniaz) «Fuentes de libros - Wikipedia, la enciclopedia libre» es.wikipedia.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  5. (Ingelesez) Houze, Robert A.. (1997-10-01). «Stratiform Precipitation in Regions of Convection: A Meteorological Paradox?» Bulletin of the American Meteorological Society 78 (10): 2179–2196.  doi:10.1175/1520-0477(1997)078<2179:SPIROC>2.0.CO;2. ISSN 0003-0007. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  6. «8(e) Cloud Formation Processes» web.archive.org 2008-12-20 (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  7. «Lluvia ciclónica – Glosario» www.riego.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  8. jasa Euskaltzaindiaren hiztegian
  9. Zaparrada Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-1-31)
  10. Avila, Anna; Queralt-Mitjans, Ignasi; Alarcón, Marta. (1997). «Mineralogical composition of African dust delivered by red rains over northeastern Spain» Journal of Geophysical Research 102: 21977–21996.  doi:10.1029/97JD00485. Bibcode1997JGR...10221977A..
  11. * "Atsotitzak", Gotzon Garate. Bilbao Bizkaia Kutxaren Fundazioa. 1998.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu