Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Garai (eraikina)

batez ere elikagaiak gordetzeko erabiltzen den eraikina

Garaia[1] (euskalkiaren edo tokiaren arabera: gare, garaixe, gereixa, galtegi, saltai, zalgategi, aletegi, aletoki, altegi, bihitegi, hazitegi, bandio, mandio, mandiota, selaru, selauru, selauri, soilaru, idortegi, idorde, aldategi, aldetegi, lagorio, zizku, troxa, trotxa[2]) baserri inguruetako garautegi, aletegi, mandio edo bihitegia da. Garaiaren berezkotasun nagusia elikagaiak lurretik aldentzean datza. Habearri izeneko zutabeek zubiluzea harriaren pisuari eusten diotenez, lurreko hezetasunetik eta karraskarietatik aldenduta elikagaiak ongi gordetzen dira. Hormetako zirrikituek barnealdea egurasten dute. Bertan hainbat motatako produktu edo lanabesak gordetzen dira: artoa, patatak, babarrunak, baserriko lanabesak, eta abar.

Santa Feko garaia: Baratzagaitzeko Santa Fe monasterioa (Nafarroa).
Iratxetako garaia (Nafarroa).
Gereixa, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan (Bizkaia).
Orbaizetako (Nafarroa) garaia.
Pontevedrako garaia (Galizia).
Garaia Saas-Fee herrian (Suitza).
Suediako garaia.
Okinawa uharteko garaia (Japonia).

Eraikuntza hauek Iberiar penintsulako iparraldean (bereziki Galizia eta Asturiasen) oso ohikoak dira, eta Europako iparraldeko hainbat tokitan ere, landa eremuetan beti. Garai eraikuntzak beste hizkuntzetan dituen adierak: gaztelaniaz hórreo; galizieraz hórreo, cabazo, cabaceiro, cabaceira, canastro, paneira, piorno; asturieraz horru, hórreu, leoneraz horriu, kantabrieraz hurriu, portugesez espigueiro, canastro, caniço, norvegieraz stabbur, suedieraz härbre, stolphärbre, stolpbod, eta frantsesez raccard, regard.

XVII. mendearen hasieran artoa agertu zenean, artaburuak lehortzeko eta alea ez txantxartzeko eraikitzen hasi zen, klima atlantikoko negu luze, heze eta hotzak uzta goiz biltzera behartzen baitu. XIX. mendean beharrezkoa izan zen sabaia handitzea babarrunarei eta patatei tokia uzteko, horiek ere toki lehorra eta aireztatua eskatzen baitute[3].

Formaren arabera bi garai mota bereizten dira: Galiziako angeluzuzena eta Asturiasen, Leonen, Kantabriako mendebalean eta Galiziako ekialdeko laukia. Asturiasen zenbait garai mota daude, teilatuko ezaugarrien arabera (lastozkoa, teiladuna, arbelezkoa, laprana...), habearrien materialen arabera edo apaingarrien arabera. Zutik dirauen garairik zaharrena XV. mendekoa da eta egun oraindik ex novo eraikitzen dira. Asturiasen 18.000 horru eta panera inguru dago: batzuen egoera kaxkarra den arren, jabeek eta agintariek garaiak zaintzeko gero eta ardura handiagoa dute. Galiziako garairik luzeena 35 m luze da eta A Coruñako Carnota herrian dago.

Antzeko aletegi egitura hauek daude, gainera: Asturiako panera (lau habearri baino gehiagok eutsitako garai handia), Galiziako cabaceira (garai biribila), Portugalgo iparraldeko espigueiro edo canastro (Soajo herrian dago multzo ezagunena), Gaztelako silo eta Balkanetako hambar. Suedian zehar härbren egitura dago. Garai itxura gehien gordetzen duten lurretik goratutako härbren aletegiak herrialdearen erdialdean eta iparraldean baino ez daude. 1285 urte inguruan eraikitako Dalarna konderriko Älvdalen udaleko elizako häbre (kyrkhärbret) aletegia da, Suedian zutik dirauen zurezko eraikin zaharrena, hain zuzen.

Historia

aldatu

Garaia Euskal Herrian IX. mendean Rodako kodexan aipatzen da lehendabiziko aldiz.

Alfonso X.a Gaztelakoak XII. mendean idatzitako "Cantigas de Santa Maria" eskuizkribuko CLXXXVII kantan garaiaren irudia agertzen da testuaren apaingarri, Espainiako dokumentu batean lehendabiziko aldiz. Bi garai gotiko marraztu ziren: albo bateko paretan atea eta Maria andere birjinaren mirariari buruzko testua zeuden.

1918an Eugeniusz Frankowsky antropologo poloniarrak Iberiar penintsulan, Alpeetan, Eskandinabiako penintsulan, Balkanetan, Afrika beltzean, Pertsian, Asiako Hegoekialdean, Japonian, Kamtxatkako penintsulan eta Beringeko itsasartean zabaldutako eta lurretik goratutako aletegien berri eman zuen.

Gaur egun, nekazaritza eta abeltzaintzaren gainbeherarekin, jatorrizko funtzioa galtzen ari da eta, horren ondorioz, desagertzen ere bai.

Kokapena

aldatu

Eraikin hori batez ere Asturiasen eta Galizian edonon dago; hala ere, herrialdeotan ere ikus daitezke: Leon (Bierzo), Kantabria, Euskal Herria (Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoa) eta Aragoi. Europako beste zenbait herrialdetan ere antzekoak daude: Portugalgo iparraldean adibidez; Eskandinavian, Norvegian (stabbur izenarekin), Suedian (härbre); Europako Alpeetako eremuan: Austria, Suitza (Mazot), Italia eta Frantzia (raccard eta chalot), besteak beste.

Euskal Herriko garaiak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko garaiak»

Euskal Herrian, kopuru handiena Nafarroako ipar-ekialdean daude, Aezkoako eskualdean bereziiki.

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Refs. Frankowski, E. Hórreos y palafitos de la Península Ibérica, Madril, 1918.
  • Alvarez Oses, José. Los hórreos del País Vasco, "Munibe", 1971, 4. zbk, 404-412 orr.
  • Leizaola, Fermin. Contribución al estudio del Hórreo ("Garai") en la Navarra Pirenaica. "Cuad. c:e Etnol. y Etnogr. de Navarra", 3. zbk. 363-387 orr.
  • Iturriza Zabala, J. Ramón. Historia General de Vizcaya y epitome de Las Encartaciones. Bilbao Argitaletxea, 1967, 81-82 orr.
  • Larrea, Jesús. El Garaixe. Agregado al caserío. "Anuario de Eusko Folklore", 1926, t. VI; 1927, t. VII; 1929, t. IX; 1932, XII
  • Eguren Bengoa, E. El hórreo en el País Vasco, "R. I. E. V.", 1922, t. XIII.
  • Peña Basurto, Luis. El hórreo (garea) en Navarra. Dos nuevos hórreos en la montaña de Navarra. "Anuario de Eusko Folklore", 1965-1966
  • Nolte Aranburu, E. Nuevos datos sobre hórreos ("garaixe") de la provincia de Vizcaya. "Estudios Vizcaínos" argitaletxea, 1972, 5. zbk., 131-145 orr.
  • Caro Baroja, J. Granaria sublimía, Horreum pensilis. "Homenaje a D. José Esteban Uranga", Iruñea, 1971, 367-376 orr.
  • Elosegi, Jesús. "Hórreos" en Guipúzcoa. "Vol. Am. País", 1972, 4. zbk., 592-593 orr.
  • Nolte Aranburu, E. III Contribución a la compilación de Hórreos en la provincia de Vizcaya. "Estudios Vizcaínos", 7-8. zbk., 219-226 orr.; íd. "Kobie", 8 eta 9 zbk.; id. "Pirenaica", 1978, 35. orr.
  • González de Durana, F. Javier. Un método de investigación etnográfica y su aplicación: los hórreos vizcaínos. "Kobie", 8. zbk., 1978, 125-150 orr.; id., Ampliación de datos sobre hórreos vizcaínos y guipuzcoanos de los siglos XVI al XVIII. "Anuario de Eusko Folklore" 1978, 151-157 orr.; eta 1979, 219 orr.
  • Leizaola, F. Notas sobre un hórreo guipuzcoano. "Anuario de Eusko-Folklore, 1971- 1972, 45-58 orr. Nuevos hórreos en Navarra. "Anuario de E. Folklore", 1980, 135. orr.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu