Hitz
- Artikulu hau hizkuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hitza (argipena)».
Hitz, berba edo ele bat da hizkuntza batean esanahia duen forma beregain txikiena, bere kabuz erabil daitekeena eta iraunkorra dena.[1][2][3] Hizkuntza bakoitzeko hiztunek maiz intuizio hutsez ulertzen duten arren zer den hitz bat, hizkuntzalarien artean ez dago adostasunik haren definizioaz, eta kontzeptuaren irizpide espezifikoak aurkitzeko egiten diren saiakera ugarietan eztabaida bizia dago.[4] Zenbait estandar proposatu izan dira, testuinguru teorikoaren eta deskribatzailearen arabera, baina definizio bakar batera bildu gabe.[5] «Hitz» terminoaren zenbait definizio espezifiko erabiltzen dira esanahiak deskribapen maila desberdinetan adierazteko, adibidez, fonologiaren, gramatikaren edo ortografiaren oinarria harturik. Beste batzuek diote konbentzio huts bat besterik ez dela, eguneroko egoeretan erabiltzen den kontzeptu generiko bat.[6]
Hitz kontzeptua eta morfema bereizten dira; morfema da esanahi bat duen hizkuntza unitate txikiena, baina ez da beregaina, ezin da bere kabuz erabili.[3] Hitzak gutxienez morfema batez eginak daude. Morfemak elkartu egin daitezke, hitz eratorriak eta elkartuak sortzeko.[7]
Horrela, euskarari dagokionez, oinarrizko bereizkuntza nagusi bat ezar daiteke morfema edo banakoei dagokienez:[8]
- banako lexikoak: hitzaren esanahi lexikoa duten banakoak dira.
- banako funtzionalak: hitzak eratzeko eta esaldietan konbinatzeko balio duten banakoak dira.
Horrela, banako lexiko bat duen hitz bat, adibidez paper, jantzi daiteke beste banako funtzionalez (papertegi, paperjale) hitz eratorriak sortzeko, edo beste banako lexikoekin elkartu (paperontzi, berripaper), hitz elkartuak sortzeko. Morfologiak aztertzen du hitzen eraketa eta egitura.
Era horretan eratutako hitzak konbinatzen dira esaldiak edo perpausak osatzeko. Perpausaren barruan dute eginkizunaren arabera, hitzak edo banako lexikoak mota edo kategoria desberdinekoak izan daitezke:[8]
- izenak: izaki fisikoak edo kontzeptu abstraktuak adierazteko baliatzen diren banako lexikoak dira, hala nola zuhaitz, mendi, behi, neska, ikasle, burutazio, zuzenbide, epai, gatazka, aleazio eta abar.
- adjektiboak: izenen propietateak adierazten dituzten banako lexikoak dira, hala nola handi, sinesgarri, urdin, harro, bikain, naro, zeken, alfer eta abar.
- aditzak: perpausean dauden ekintzak (joan, eskatu, jan, etorri...), egoerak (egon, jakin, uste izan), gertaerak (jaio, esan, poztu...) edo prozesuak (erabaki, hezi, antolatu, hitz egin...) azaltzen dituzte.
- adberbioak: aditzen gaineko nolakotasun bat ematen dute, dela kopuruaz (asko, gutxi, aski...), dela denboraz (gaur, berandu, aspaldi, oraindik, beti...), dela lekuaz (hemen, urrun, inon, norabait...), dela moduaz (hala, astiro, hobeki, zutik, poliki, pozik...), dela baieztapen edo ezeztapenaz (bai, ez, noski, baita ere...).[9]
Aldiz, banako funtzionalak dira determinatzaileak (-a, bat, hauek, gutxi), flexioa (-tzen, -tu(ko), n-, z-, -t, -ke-, -n), mailakatzaileak (-ago, -egi, -en), postposizioak (-ra, -n, -tik, -(r)en azpian, -(r)i buruz), menderagailuak (-en, -ela, bait-) eta juntagailuak (eta, edo, ala, baina).[10]
Definizioak eta esanahiak
aldatuHizkuntzalaritza aztertzen hasi zirenetik, hitza definitzeko saio ugari egin dira, irizpide askorekin.[11] Hala ere, oraingoz ez da aurkitu hizkuntza guztiei eta hizkuntza azterketaren maila guztiei aplikatzen ahal den definizio egokirik. Hala ere, hitzaren definizio sendoak aurki daitezke deskribapen maila desberdinetan.[6] Maila fonetiko eta fonologikoan, hitza da azentuz eta muga markatzaileen bidez teorikoki isolatu daitekeen soinuaren segmenturik txikiena. Maila ortografikoan, idazterakoan edo inprimatzerakoan zuriunez bereizitako segmentu da hitza. Morfologian oinarrituta, gramatika paradigmen ―adibidez, flexioa― oinarrizko elementua da hitza Semantikaren ikuspegiz, esanahia daraman zati txikien eta erlatiboki independentetzat hartzen da hitza. Azkenik, sintaxiaren begiratuz, perpausa baten zati aldagarri edo ordezkagarri txikiena da hitza.[4]
Zenbait hizkuntzatan, hitzen definizio mota horiek bat datoz, eta, adibidez, hitz fonologiko bat azter daiteke, funtsean hitz gramatikal gisa. Beste hizkuntza batzuetan, ordea, tamaina desberdineko elementuak izan daitezke.[12]. Zailtasunaren zati handi bat joera eurozentrikotik dator, Europatik kanpoko hizkuntzak urrunduta egon baitaitezke europar hizkuntzalarien oinarri eta intuizioetatik. Hitz terminoa definitzeko irizpide batzuk Europako egitura sintetikoa duten hizkuntzetan soilik aplika daitezke.[13] Egoera ez oso argi hori dela eta, zenbait hizkuntzalarik hitz terminoa erabat saihestea proposatzen dute, definizio askoz ere zehatzagoa duen morfema terminoa erabiltzeko.[14]
Hiztegiek hizkuntza baten lexikoa sailkatzen dute, lema izeneko formetan banan-banan zerrendatuta. Hizkuntza bakoizteko idazleen iritzian hitz bat zer den adierazteko balio izaten dute. Hitz baten forma idatzi hori lexema bat da.[15] Hitz batek definizio edo zentzu asko dituenean, eztabaida batean nahasgarria izan daiteke.[16]
Fonologia
aldatuHitz terminoaren esanahi bereizgarri bat arrazoi fonologikoen bidez definitzen ahal da. Silaba bat baino handiagoa edo berdina den unitate bat da, eta bereiz daiteke segmentu edo prosodia ezaugarrien bitartez edo arau fonologikoekin dituen elkarreraginen bitartez. Australiako Pama-Nyungan familiako walmajarri hizkuntzan, erroek edo atzizkiek silaba bakarra izan dezakete, baina hitz fonologiko batek bi silaba izan behar ditu gutxienez. Aditz erro bi silabako batek zero atzizkia har dezake, adibidez luwa-ø «jo!», baina erro monosilabiko batek atzizki bat hartu behar du, nahitaez, adibidez ya-nta «joan!». Hizkuntza familia bereko wati hizkuntzan, hitz barruko silaba bat kontsonantez amai daiteke, baina hitz amaierako silaba bokal batez amaitu behar da ezinbestean.[17]
Hizkuntza gehienetan, azentua izan daiteke hitz fonologiko bate definitzeko irizpide. Azentu finkoa duten hizkuntzetan, hitz mugak ezar daitezke azentuaren kokapenean oinarrituta. Nahiz eta azentu fonemikoa duten hizkuntzetan azentuan soilik oinarrituta hitz mugak zehaztea ezinezkoa den, hitz bakoitzeko azentu primarioa duen silaba bakarra egongo da, eta horrek aukera ematen du enuntziatu bateko hitz kopurua zehazteko.[18]
Arau fonologiko batzuk hitz fonologiko baten barruan soilik gertatzen dira, edo, aitzitik, hitz mugez gaindi. Hungarieran, /d/, /t/, /l/ edo /n/ kontsonante horzkariak /j/ erdibokalarekin parekatzen dira, dagokion soinu sabaikaria lortuz, baina hitzaren baten barruan. Aitzitik, kanpoko sandhi arauek hitzen mugetatik haratago jarduten dute. Halako arauen adibide prototipikoa sanskritoan aurkitzen da; hala ere, hizkuntza zelta garaikideetan hitz hasierako kontsonante aldaketa, edo intrusio eta loturazko /r/ azentu rotikoa duten ingelesaren aldaera batzuetan, hitzen mugak argitzeko ere erabil daiteke.[19]
Maiz gertatzen da hitz fonologiko bat ez datorrela bat hitz baten gure ikusmolde intuitiboarekin. Suomierazko päkaupunki «hiriburu» hitz konposatua bi hitz dira fonologikoki: pää «buru» eta kaupunki «hiri»), ez datorrelako bat finlandierazko hitz barruko bokaleen harmoniaren ereduarekin. Aitzitik, hitz fonologiko bakar batek osagai sintaktiko bat baino gehiago izan ditzake, ingelesezko I'll come esaldian bezala, non I'll hitz fonologiko bat baita.[5]
Lexemak
aldatuHitz bat definit daiteke hiztun baten barne lexikoko elementu gisa; horri lexema deritzo. Hala ere, eguneroko hizketan aipatu ohi den hitz terminoaren esanahiaren desberdina izan daiteke, lexema batek flexio forma guztiak hartzen baititu. Adibidez, esku lexemak eskua, eskuak, eskuei... jokaera guztia hartzen du. Hala ere, zalantzazkoa da lexemak zenbateraino barne hartzen dituen flexio formak eta elkarketa guztiak, batez ere euskara den bezalako hizkuntza eranskarietan. Adibideari jarraituz. zalantza gabekoa da esku lexemaren barruan daudela eskuak, eskuek edo eskuz, baina ez dago argi eskumutur, eskuburdin edo, are eta gutxiago, eskubide edo aurrenesku ere hartu beharko lituzkeen. Badira, halaber, zenbait lexema, hala nola zuri-gorri edo hil ala biziko, hitz bat baino gehiagoz osatuta egon arren, esanahi jakin bat duen «hitza» osatzen dutenak.[5]
Gramatika
aldatuHitz gramatikalak dira gramatika elementu batzuk dauzkatenak hurrenkera finko batean eta elkartuta ―ez esaldi baten barruan leku bereizietan― esanahi jakin batez. Hala ere, salbuespenak daude irizpide horietan guztietan.[20]
Hitz gramatikal sinpleek barne egitura finkoa dute; egitura aldatzen denean, hitzaren esanahia ere aldatu egiten da. Australiako Pama–Nyungan familiako dyirbal hizkuntzak -jarran atzizki duala eta -gabun («beste bat») atzizkia ditu. Yibi («emakume») izenarekin yibi-jarran-gabun («beste bi emakume») edo yibi-gabun-jarran («bestelako bi emakume») eratu daitezke, baina atzizkiaren ordena aldatzeak ere esanahia aldatzen du. Hizkuntza bateko hiztunek esanahi zehatz bat hitz batekin lotzen dute, ez morfema bakarrarekin. Adibidez, askatasun entzuten dugunean, nekez jartzen dugu arreta tasun morfemaren esanahian.[21]
Semantika
aldatuLeonard Bloomfieldek «gutxieneko forma burugainak» kontzeptua eratu zuen 1928an. Mintzoaren unitate esanguratsu txikientzat hartzen da hitza.[22] Horrek lotzen ditu fonemak (soinu unitateak) lexemekin (esanahi unitateak). Hala ere, idatzizko hitz batzuk ez dira gutxieneko forma burugainak, ez baitute berez zentzu osorik (adibidez, eta).[23] Semantika ikerlari batzuek sema primarioen teoria garatu zuten, intuizioz esanguratsuak diren oinarrizko kontzeptuak adierazten dituzten hitzak, alegia (adibidez, ni, hi, jakin, nahi, esan, bizi, orain, gero, on, handi, nola, bat, beste...). Teoria horren arabera, sema primarioak beste hitz batzuen esanahia, zirkulartasunik gabe, deskribatzeko oinarri dira, bai eta horiei dagozkien kontzeptuzko denotazioak ere.[24][25]
Ezaugarriak
aldatuSintaxi teorikoaren programa minimalistaren arabera, hitzak (edo item lexikoak) hizkuntza ezaugarrien fardel gisa interpretatzen dira, forma eta esanahia duen egitura batean elkartzen direnak.[26] Adibidez, otsoak hitzak ezaugarri semantikoak ditu (mundu errealeko objektuak adierazten ditu, otsoak), kategoriaren ezaugarriak (substantiboa da), zenbakiaren ezaugarriak (plurala da eta aditzekin, izenordainekin eta bere eremuko erakusleekin bat etorri behar du), ezaugarri fonologikoak (era jakin batean ahoskatzen da) eta abar.
Ortografia
aldatuTradizio literarioa duten hizkuntzetan, ortografiak eragin handia du hitz bat zer den definitzeko garaian. Izan ere, hitz bereizgailuak ―orobat, zuriuneak eta puntuazio markak― berdinak dira alfabetikoa erabiltzen duten hizkuntza gehienen ortografia modernoan. Alabaina, horiek garapen nahiko modernoa dira idazketaren historian. Karaktereen kodeketan, hitz zatitzaile gisa definitzen diren karaktereen araberakoa da hitzen segmentazioa. Euskarazko ortografian, hitz elkartuek espazioak izan ditzakete, elkarketa marra hautazkoa den kasuetan.[27] Esate baterako, odol emaile edo kontu kontari elkarketak bi hitz balira bezala hartzen ahal ditu zenbait hiztunek, elkarketaren zati bakoitza hitz beregain bat izan daitekeenez; aldiz, helmuga, zuzendariorde edo ehunzango errazkiago hartzen dira hitz bakartzat.
Batzuetan, gramatikalki hurbil dauden hizkuntzek hitzen hurrenkera modu desberdinetan hartzen dute, emaitza bera lortzeko. Adibidez, frantses infinitiboko aditz bihurkariak beren partikuletatik bereizita daude, esate baterako se laver («nork bere burua garbitzea»); portugesez, berriz, aditzaren atzera doa, lavar-se, eta gaztelaniaz elkartu egiten dira, lavarse.
Hizkuntza guztiek ez dituzte hitzak berariaz mugatzen. Mandarinera oso hizkuntza analitikoa da, flexio atzizki gutxirekin. Horregatik, ez da beharrezkoa hitzak ortografikoki mugatzea. Hala ere, morfema anizkoitzen konposatu asko daude mandarineran, bai eta nahitaezko morfema multzo zabal bat ere, eta horrek zaildu egiten du argi zehaztea zer den hitz bat.[28] Japonierak ikur ortografikoak erabiltzen ditu hitzak mugatzeko, hala nola kanji (txinatar idazketatik hartutako karaktereak) eta bi kana idazketa silabikoen arteko aldaketa. Arau hori nahiko lausoa da, izan ere esanahia duten hitzak hiraganan ere idatz daitezke, baina, luze egiten badira, espazioak gehitu ohi dira irakurgarritasuna errazteko. Vietnameraren ortografiak, latindar alfabetoa erabili arren, hitzak baino morfema monosilabikoak mugatzen ditu.[29]
Hitzen mugak
aldatuHitz bat zer den definitzeko, hitz bat non amaitzen den eta hurrengoa non hasten den zehaztu behar da, hau da, hitzaren mugak identifikatu. Ahozko hizkeran, hitzen mugak adierazteko zenbait molde daude:[30]
- Etenune potentziala: perpaus bat astiro esateko eskatzen bazaio hiztun bati, behar diren geldiuneak eginez, hitzen mugetan etenak sartzen saiatuko da. Hala ere, metodo hori ez da akatsik gabekoa: hizlariak erraz hautsi ditzake hitz polisilaboak ―bereziki hitz elkartuetan―, edo lotura estua duten bi hitz edo gehiago ez bereizi ―esate baterako, «etorri ezkero» ahoskatzea, «etorriz gero» eraren ordez.
- Zatiezintasuna: hiztun bati eskatzen bazaio esaldi bat ahoz gora irakurtzeko, eta gero esaldia berriro hitz gehigarriekin esateko, esate baterako, hasieran «hamar urtez bizi izan naiz herri honetan», eta berehala «hamar bat urtez edo bizi izan naiz herri txiki honetan», hitz gehigarriak jatorrizko hitzen mugetan sartzeko joera egon daiteke. Hizkuntza batzuek artizkiak dituzte, erro baten barruan kokatzen direnak. Era berean, hizkuntza batzuetan hizki bereizgarriak dituzte: alemanezko «Ich komme gut zu Hause an» esaldian, «ankommen» aditza zatitua agertzen da.
- Muga fonetikoak: hizkuntza batzuek ahoskeraren arau bereziak dituzte, erraz hauteman ahal izateko non egon behar den hitz muga. Adibidez, hizkuntza batean azentua hitzaren azken silaban joaten bada gehienetan, oso litekeena da hitz amaiera egotea silaba azentudun bakoitzaren ondoren. Beste adibide bat izan daiteke harmonia bokalikoa duten hizkuntzena, adibidez turkiera):[31] bokalek kalitate bera izan behar dute hitz baten barruan, eta, beraz, ahots kalitatea aldatzen denean baliteke hitz muga bat izatea. Hala ere, hizkuntza guztiek ez dituzte arau fonetiko hain doituak, eta dituztenetan ere beti daude salbuespen batzuk.
- Muga ortografikoak: hitzak bereizteko markak, bereziki zuriuneak eta puntuazio markak, hitzak bereizteko erabiltzen dira. Hala ere, hizkuntza espezifiko bakoitzaren mende egoten da hori. Ekialdeko Asiako idazketa sistemetan ez dira karaktereak bereizten. Horixe da txineraren edo japonieraren idazkera, logogramak erabiltzen baitituzte, edo thailandieraren eta laoseraren kasua, abugidak erabiltzen baitituzte.
Morfologia
aldatuMorfologiak hitzen eraketa eta egitura aztertzen du. Hitzek zenbait prozesu morfologiko izan ditzakete, bi talde handitan sailkatu ohi direnak: alde batetik, flexioa; eta, bestetik, eratorpena eta hitz elkarketa. Flexioak informazio edo ezaugarri gramatikalak eransten dizkio lexemari. Euskaraz, flexioa garrantzi handikoa da, hizkuntza eranskaria baita: elementu nominalak (izenak, izenordainak eta adjektiboak) deklinatu egiten dira, eta aditzak jokatu egiten dira. Eratorpena eta hitz elkarketa ere funtsezko mekanismoak dira hitz berriak sortzeko.[32]
Hizkuntza sintetiko edo eranskarietan, hitz oin bat (adibidez, eder) jokatu egin daiteke, forma desberdinak hartzeko (ederrak, ederrarekin, ederraz...). Hala ere, hizkuntzalaritzan halako formak ez dira hitz desberdintzat hartzen, hitz beraren forma desberdintzat baizik.
Indoeuropar hizkuntzetan, bereziki, morfema hauek bereizten dira:
Horrela, adibidez, proto-indoeuroparreko *wr̥dhom forma honela aztertuko litzateke:
- wr̥-, *wer- erroaren zero gradua.
- *-dh- erroaren luzapena, diakronikoki atzizki bat, *wr̥dh- erro konplexua ematen duena.
- *-o- bokal tematikoa, lexemaren kategoria adierazten duena.
- *-m atzizkia, genero neutro nominatibo edo akusatibo singularraren marka.
Filosofia
aldatuFilosofoentzat, hitzak gauza liluragarri bat izan dira K.a. V. mendetik gutxienez, hizkuntzaren filosofia sortu zenez geroztik, alegia. Platonek hitzak aztertu zituen jatorriaren eta haiek osatzen dituzten soinuen arabera, eta ondorioztatu zuen bazegoela loturarik soinuaren eta esanahiaren artean, nahiz eta hitzak asko aldatzen diren denborarekin.[33] XVII. mendean, John Locke filosofoak idatzi zuen hitzen erabilera «ideien marka sentiberak» zirela, nahiz eta hautatzen diren «ez soinu artikulatu partikularren eta ideia batzuen arteko lotura naturalik dagoelako, hala balitz gizaki guztien artean hizkuntza bakarra egongo bailitzateke; aitzitik, borondatezko inposizio baten bidez hautatzen dira, hitzaren marka arbitrarioki egiten baita».[34] XX. mendean, Wittgensteinek hasieran esanahiaren irudikapentzat hartzen zuen hitza, baina geroago azaldu zuenez, «hitz baten esanahia hizkuntzan duen erabilera da».[35]
Hitz motak
aldatuEzaugarri gramatikalen arabera, hitz bakoitza kategoria batekoa da. Normalean, hizkuntza baten lexikoa zenbait hitz multzotan sailka daiteke. Kategoria kopurua eta kategoria motak ez dira unibertsalak, aldatu egiten dira hizkuntza batetik bestera. Adibidez, euskaraz ez dago artikulurik, beste hizkuntza askotan bezala (ingelesa, frantsesa, gaztelania, katalana eta beste asko), hitz mota horren funtzio gramatikala ―elementu nominalak mugatzea― deklinabidearen bitartez egiten baita. Aldiz, japonieraz badira partikula gramatikal batzuk, funtzio gramatikal jakin batzuk markatzeko erabiliak; adibidez, galderak egiteko bide arrunta da perpausaren amaieran partikula galdetzailea gehitzea:[36]
- コーヒーはいくらですか
- Kōhi wa ikura desu ka? (Zenbat balio du kafeak?)
Ez dago argi interjekzioez gain gainerako hitz kategoria guztiak ez ote diren giza hizkuntzaren ezaugarri unibertsalak. Hizkuntza naturaletan oinarrizko banaketa bat dago: alde batetik, substantiboak edo elementu nominalak; eta, bestetik, aditzak. Hala ere, Wakash eta Salish familiako hizkuntza batzuetan, eduki hitz guztiak aditzak direla esan daiteke; esanahi «substantiboak» dituzten hitz guztiak modu prediktiboan erabil daitezke, aditz gisa funtzionatzen baitute. Adibidez, sbiaw hitza «koiote bat da» bezala uler daiteke, «koiote» hutsa izan ordez.[37] Bestalde, Eskimo-aleut hizkuntzetan, eduki hitz guztiak izendun gisa azter daitezke, aditzaren hurbileko zeregina betetzen duten substantibo egileekin. Azkenik, austronesiar hizkuntza batzuetan ez dago argi izena/aditza bereizketa aplikagarria ote den, eta hitz guztiak hobeto deskriba daitezke interjekzio gisa, beste kategoria batzuetako funtzioak bete ditzaketenak.[38]
Hitzak klaseetan banatzeko sailkapena Dionisio Traziakoak egindako lanetan oinarritzen da. K.a. I. mendean, antzinako grekozko zortzi hitz kategoria bereizi zituen: substantiboa, aditza, partizipioa, artikulua, izenordaina, preposizioa, adberbioa eta juntagailua. Ondoren, Apolonio Diskolo eta Zesareako Prisziano latindar gramatikariek latinari aplikatu zioten eskema hura, latinak ez baitzuen artikulurik, klase horren ordez interjekzioa ezarrita. Adjektiboak («eder»), zenbatzaileak («gutxi») eta zenbakiak («bost») ez ziren sailkapen horietan bereizi, antzekotasun morfologikoa zutelako antzinako latinaren eta grezieraren substantiboekin. Kategoria bereizi bezala onartuak izan ziren Europako hizkuntza modernoak aztertzen hasi zirenean.[39]
Indiako tradizio gramatikalean, Pāṇinik antzeko oinarrizko sailkapen bat eratu zuen, elementu nominalak (nāma, suP) eta aditzak (ākhyāta, tiN) bereizita, hitzak hartzen dituen atzizki multzoetan oinarrituta. Hitz batzuk polemikoak izan daitezke, hala nola slang hitzak testuinguru formaletan, edo hitz polisemikoak, adieren arteko nahasketa posiblearen ondorioz.[40]
Esamoldeak
aldatu- ahotik hitzera: berehala.[41]
- alpargaten lokarriekin ere hitz egin: berritsua izan.[41]
- baheaz ura hitzeman: ezinezkoa agindu.[41]
- ez hitzik ez lurrunik egin: ezer ez esan.[41]
- hitz-aspertu: hizketaldi aski luze eta lasaia.[42]
- hitza atxiki: hitzari eutsi.[43]
- hitz bat zuzenik ez eduki: gezurtia izan.[41]
- hitz erdika: laburki, hitz gutxitan; gauzak argi edo osoki edo zuzenean adierazi gabe.[44]
- hitz estaliz: isilka.[41]
- hitz eta pitz: berriketan, hitz egin eta hitz egin.[45]
- hitz hartu: konpromiso hartu.[41]
- hitza hitz: agindu dena egin beharra.[46]
- hitzetik hortzera: bat-batean, berehala; etengabe.[47]
- hitza jan: agindu dena ez egin.[48]
- hitz-motel: hitz-totela.[49]
- hitzontzi: berritu.[41]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitz» Eusakltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-14).
- ↑ Euskaltzaindia. «LBC > hitz» Lexikoaren Behatokiaren Corpusa (lexikoarenbehatokia.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-14).
- ↑ a b Brown & Miller 2013, 473. orr. .
- ↑ a b Bussmann, Trauth & Kazzazi 1998, 1285. orr. .
- ↑ a b c Brown 2005, 13:618 . orr. .
- ↑ a b Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 6. orr. .
- ↑ Bussmann, Trauth & Kazzazi 1998, 768. orr. .
- ↑ a b Euskaltzaindia 2021, 41-44. orr. .
- ↑ Euskaltzaindia 2021, 356-359. orr. .
- ↑ Euskaltzaindia 2021, 339-340. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Haspelmath, Martin. (2011-05-01). The indeterminacy of word segmentation and the nature of morphology and syntax. , 31–80 or. doi: . ISSN 1614-7308. (Noiz kontsultatua: 2024-04-14).
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 1. orr. .
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 1-3. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Harris, Zellig S.. (1946). «From Morpheme to Utterance» Language 22 (3): 161–183. doi: . ISSN 0097-8507. (Noiz kontsultatua: 2024-04-14).
- ↑ Bussmann, Trauth & Kazzazi 1998, 670-671. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Chodorow, Martin S.; Byrd, Roy J.; Heidorn, George E.. (1985). «Extracting semantic hierarchies from a large on-line dictionary» Proceedings of the 23rd Annual Meeting on Association for Computational Linguistics (Chicago, Illinois: Association for Computational Linguistics): 299–304. doi: ..
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 14. orr. .
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 16. orr. .
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 17. orr. .
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 19. orr. .
- ↑ Dixon & Aĭkhenvalʹd 2002, 19-20. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Katamba, Francis. (2005). English words: structure, history, usage. London: Routledge, 11. or. ISBN 978-0415298926. OCLC .54001244.
- ↑ (Ingelesez) Fleming, Michael; Hardman, Frank; Stevens, David; Williamson, John. (2001-04-26). Meeting the Standards in Secondary English: A Guide to the ITT NC. Routledge, 77. or. doi: . ISBN 978-0203165553. (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
- ↑ (Ingelesez) Wierzbicka, Anna. (1996). Semantics: primes and universals. Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0198700029..
- ↑ (Ingelesez) Goddard, Cliff; Wierzbicka, Anna. (2002). Meaning and universal grammar. Volume II: theory and empirical findings. Amsterdam: John Benjamins ISBN 978-1588112644. OCLC .752499720.
- ↑ (Ingelesez) Adger, David. (2003). Core syntax: a minimalist approach. Oxford: Oxford University Press, 36-37. or. ISBN 978-0199243709. OCLC .50768042.
- ↑ Euskaltzaindia. (2022-05-05). «Hitz elkartuen osaera eta idazkera» Euskara Batuaren eskuliburua (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Fasold, Ralph W.; Connor-Linton, Jeff. (2006). An introduction to language and linguistics. Cambridge: Cambridge University Press, 56. or. ISBN 978-0521847681. OCLC .62532880.
- ↑ (Frantsesez) Thierry, François. (2023-11-30). «L’écriture vietnamienne» Bibliothèque national de France (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
- ↑ Haspelmath, Martin. (2011-01). «The indeterminacy of word segmentation and the nature of morphology and syntax» Folia Linguistica 45 (1) doi: . ISSN 0165-4004. (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
- ↑ (Ingelesez) Oostendorp, Marc, ed. (2011-03-11). The Blackwell Companion to Phonology. (1. argitaraldia) Wiley doi: . ISBN 978-1-4051-8423-6. (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
- ↑ «Eratorpena eta hitz-elkarketa» Hiru.eus (web.archive.org) 2023-04-19 (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
- ↑ (Ingelesez) Ademollo, Francesco. (2011). The Cratylus of Plato: A Commentary. Cambridge University Press doi: . ISBN 978-0-521-76347-9. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Locke, John. (1690). «An Essay Concerning Human Understanding/Book III - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Biletzki, Anat; Matar, Anat. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Ludwig Wittgenstein» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Akmajian, Adrian. (2010). Linguistics: an introduction to language and communication. Cambridge, Mass.: MIT Press ISBN 978-0262013758. OCLC .424454992.
- ↑ (Ingelesez) Beck, David. (2013-08-29). «Unidirectional flexibility and the noun–verb distinction in Lushootseed1» Flexible Word Classes (Oxford University Press): 185–220. doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Brown 2005, 13:613. orr. .
- ↑ Brown 2005, 13:629. orr. .
- ↑ (Ingelesez) De Soto, Clinton B.; Hamilton, Margaret M.; Taylor, Ralph B.. (1985-12). «Words, People, and Implicit Personality Theory» Social Cognition 3 (4): 369-382. doi: . ISSN 0278-016X. (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ a b c d e f g h «Bilaketa > hitz» Euskal lokuzioak sarean (intza.armiarma.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitz-aspertu» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitza atxiki» Orotariko Euskal Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitz erdika» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitz eta pitz» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitza hitz» Orotariko Euskal Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitzetik hortzera» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitza jan» Orotariko Euskal Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > hitz-motel» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Bussmann, Hadumod; Trauth, Gregory; Kazzazi, Kerstin. (1998). Routledge dictionary of language and linguistics. London: Routledge ISBN 978-0415022255. OCLC .41252822.
- (Ingelesez) Dixon, Robert M. W.; Aĭkhenvalʹd, A. I︠U︡.. (2002). Word: a cross-linguistic typology. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 978-0511061493. OCLC .57123416.
- (Ingelesez) Brown, Keith. (2005). Encyclopedia of Language and Linguistics. London: Elsevier Science & Technology ISBN 978-1322069104. OCLC .1097103078.
- (Ingelesez) Brown, E. K.; Miller, J. E.. (2013). The Cambridge dictionary of linguistics. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 978-0521766753. OCLC .801681536.
- Euskaltzaindia. (2021). Euskararen gramatika. Bilbo: Euskaltzaindia - Gramatika batzordea ISBN 978-8412188998. OCLC .1343655834.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Joseba Azkarraga Etxagibel (2021-01-23) «Hitz bat mundua sendatzeko», Berria.