Maurice Sendak
Maurice Sendak (Brooklyn, New York, 1928ko ekainaren 10a - Danbury, Connecticut, 2012ko maiatzaren 8a) estatubatuar idazle eta marrazkilaria izan zen. Haur-liburuetarako egindako marrazkiengatik da ezaguna.
Bizitza
aldatuMaurice Sendak jatorri Poloniarren familia judu batekoa zen. Ez zuen haurtzaro samurra izan. Sendaken hitzetan, Walt Disneyren Fantasía filma ikusi ostean erabaki zuen ilustratzaile izan nahi zuela.
Bere obrarik garrantzitsuena 1963an argitaratutako Piztiak bizi diren lekuan da. Horrenbestekoa izan zen liburu honek lortu zuen arrakasta non arrakasta horrek gaur egun ere irauten duen. Sendaken ilustrazioek indar handia dute, liburu honetakoek askatasunarekin, boterearekin, desirekin, iluntasunarekin, ametsekin, debekatutako ametsekin eta amets gaiztoekin dute zerikusia.
Haur Literaturaren baitan, munduan zehar famatua den Hartz Txiki pertsonaia literarioa ere sortu zuen, Else Holmelund Minarik idazle daniarrarekin elkarlanean. Bildumaren arrakastaren ondorioz, Hartz Txikiren telesaila sortu zuten, eta bertan ere parte hartu zuen ilustratzaileak.
Liburuez gain, beraz, beste egokitzapen batzuk ere egin ditu, telesailen animazioa (Really Rosie, 1975) edo Piztiak bizi diren lekuan liburuko antzerkirako egokitzapena (1979), besteak beste.
2008an The New York Times egunkariari emandako elkarrizketan Sendakek homosexuala zela aitortu zuen.
Maurice Sendak 2012ko maiatzaren 8an hil zen Danbury, Connecticuten.
Egindako lanak
aldatu- 1951n, Marcel Ayméren Etxalde miragarria liburuko marrazkiak egin zituen.
- 1952an, Ruth Kraussen Zulo bat egitea liburua ilustratu zuen, lan honekin lortu zuen ospea.
- 1956an, Kennyren leihoa idatzi eta ilustratu zuen, ondoren, trilogia bat argitaratu zuen: Piztiak bizi diren lekuan (1963), Gaueko sukaldea (1970) eta Handik kanpo (1981). Trilogia horretan, haurren mundu fantastikoa eta erreala, biak, hartu zituen kontuan Sendakek, eta arrakasta handia izan zuten; ipuin juduetan eta egileak bizi izandako esperientzietan oinarrituriko kontakizunak agertzen dira liburu horretan.
- 1957an, Else Holmelund Minarik idazle daniarraren Little Bear liburua ilustratu zuen.
- 1959an, Else Holmelund Minarik idazle daniarraren Father Bear Comes Home liburua ilustratu zuen.
- 1960an, Else Holmelund Minarik idazle daniarraren Little Bear's Friend liburua ilustratu zuen.
- 1961ean, Else Holmelund Minarik idazle daniarraren Little Bear's Visit liburua ilustratu zuen.
- 1968an, Else Holmelund Minarik idazle daniarraren A Kiss for Little Bear liburua ilustratu zuen.
- Mozarten Txirula miragarria obrarako dekoratuak eta jantziak diseinatu zituen, eta orobat Hoffmannen Intxaur-kraskailua eta Arratoi erregea eta Sergei Prokofieven Hiru laranjen maitasuna lanetakoak.
- 1970ean Nazioarteko Ilustratzaile Onenaren Hans Christian Andersen domina eman zioten. 1970eko hamarkadan, Filadelfiako Rosenbach Museo eta Liburutegia aukeratu zuen bere lanak gorde eta erakusteko.
Sariak
aldatu- 1963. urtean Caldecott medaila.
- 1983. urtean Laura Ingalls Wilder medaila.
- 1970. urtean Hans Christian Andersen iilustrazio saria.
- 2003. urtean Memorial Astrid Lindgren saria.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.