Philippe Soupault
Philippe Soupault (Chaville, Paris, 1897ko abuztuaren 2a - Paris, 1990eko martxoaren 12a) frantses poeta eta narratzailea izan zen.
XX. mendeko lehenengo abangoardietako kidea, eta Littérature aldizkariaren sortzailea (1919). Dada mugimenduaren kide izan zen (Tristan Tzarak sortua, Zurichen, 1916an); garai hartakoa du Rose des vents (1920, Haize-arrosa) obra. Urte hartan bertan, André Bretonekin batera, Les champs magnétiques (Eremu magnetikoak) idatzi zuen; idazkera automatikoaren lehen saioa izan zen hura. Mugimendu surrealistaren bultzatzaileetako bat izan zen, baina 1927an aldendu zen, Breton mugimenduaren sortzailea alderdi komunistari lotu zitzaionez gero. Hala ere, bere obra mugimenduaren joeretatik aldendua zen ordurako, Westwego (1922), Wang-Wang (1924) eta Georgia (1926) obrek erakusten duten bezala. Beste zenbait poesia-lan aipagarri: Il y a un océan (1936, Ozeano bat bada); L´arme secrète (1946, Arma sekretua); Chansons du jour et de la nuit (1949, Eguneko eta gaueko abestiak), eta Sans phrases (1953, Esaldirik gabe). Bere hitz lauzko produkzioa ere mugimendu surrealistari lotuta geratu zen: Le bon apôtre (1923, Apostolu ona); A la dérive (1924, Noraezean); Le négre (1927, Beltza); Les dernières nuits de Paris (1928, Parisko azkeneko gauak). Zinemarako eta antzerkirako idatzi zuen, eta literatura- eta arte-kritikari gisa ere saiakera gogoangarriak idatzi zituen: Profils perdus (1963, Profil galduak); L´amitié (1965, Adiskidetasuna). 1945ean, bestalde, Le temps des assassins. Histoire du detenu nº 1934 (Hiltzaileen denbora. 1934. zenbakidun atxilotuaren historia), autobiografia idatzi zuen, Tunisian 1943an atxilotu zutenekoa gogoan.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Philippe Soupault |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.