Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

The Grateful Dead 1965 eta 1995 urteen bitartean izandako rock talde iparamerikarra dugu. 60ko hamarkadako psikodeliaren aitzindari izanik, rock, folk, bluegrass, blues, country, jazz estiloak landu zituen beste askoren artean. Salmenta handiegiak ez badituzte lortu ere, euren kontzertuek zale ugari biltzea lortu zuten. Etengabe ibili ziren kontzertuak ematen, amaiera gabeko jira antzo. Beraiei jarraika kontzerturik kontzertu, "dead-head" izeneko zale amorratuak zetozkien atzetik, anaitasun giro berezia emanez kontzertuei. Berauetan jazz moduko inprobisazio luzeak burutzen zituzten, hau euren ezaugarri bereizgarriena bilakatu delarik. Izan ere, "jam" banda bezala ezagutua izan da.

The Grateful Dead
Datuak
JatorriaPalo Alto, Kalifornia, AEB
Musika motaRock, folk, country, blues
Urteak1965 - 1995
Produkzioa
Sariak
Jasotako sariak
Informazio gehigarria
www.dead.net
IMDB: nm0335993 Facebook: gratefuldead Twitter: gratefuldead Instagram: gratefuldead Youtube: UCPuuuhmMW7jh6roOrIV9yRw Souncloud: gratefuldead Spotify: 4TMHGUX5WI7OOm53PqSDAT iTunes: 1273063 Last fm: Grateful+Dead Musicbrainz: 6faa7ca7-0d99-4a5e-bfa6-1fd5037520c6 Songkick: 528035 Discogs: 246650 Allmusic: mn0000988440 Deezer: 1785 Edit the value on Wikidata

Gainera, edonork graba zezakeen sesioa inongo baimena eskatu barik, eta hori dela eta, guregana 3.000 kontzertutako ondarea heldu zaigu, nornahirentzako eskuragarri. Taldekideen artean berdintasuna bultzatu bazen ere, kontzertuetan ahalik eta parte-hartze biziagoa eta ideien jario errazagoa lortzeko asmoz, Jerry Garcia izan zen taldearen burua. Berorren heriotzarekin batera taldea desagertu egin zen. Grateful Dead, sortu zen garaia eta landu zuten estilo psikodelikoa dela eta, hippyen musikaren ispilu eta irudi izan dira urte luzez.

The Grateful Dead izan ziren Pantailako Aktoreen Sindikatuko McCarthyren garaiko ohorezko kodea zin egiteari uko egindako lehenak, 1967an.


Hasiera

aldatu

Taldea osatu zuten lehenengo musikariak honako hauek izan ziren: Jerry Garcia, abeslari eta gitarra-jotzailea, banjoaz maitemindua egon arren gitarra jotzen zuen taldearekin; Bob Weir, taldekide gazteenak gitarra erritmikoa jo eta abestu egiten zuen; Ron "Pigpen" McKernan, abeslari nagusia izateaz gain, harmonika, organoa eta perkusioa; Phil Lesh, taldean ibili aurretik tronpeta jotzen ikasia, baxua eta ahotsa; Bill Kreutzmann, bateria. 1968an Mickey Hart perkusio-jotzailea elkartu zitzaien.

The Warlocks izenpean hasi ziren San Francisco inguruan 1965an, baina hasi eta gutxira berau aldatu behar izan zuten garai hartan izen berbereko beste talde bat zegoelako. "Grateful Dead" izena hiztegi batetik oharkabean aukeratu zuten.

Folk musika jotzen hasita, The Lovin' Spoonful edota Bob Dylanen rockerako joera ikusi ostean, euren soinua elektrifikatzea erabaki zuten. Laster "acid test"etan parte hartzen hasi ziren, eurak festok girotzeko musikaren erantzule zirelarik. Acid testak, eta berauetan hartzen zituzten drogek doinua eta hasierako folk kutsuko abestiak erabat eraldatu zituzten, soinu berri bati hasiera emanez. Abestietan inprobisazio luzeak nagusitzen ziren; gitarren ahotsei droga psikodelikoek eragiten dituzten zentzumen-bihurdurak gehitu zerien.

Kontzertu hauen berotasunean egosi egin zen Grateful Deaden nortasuna eta soinua. Bestalde, hippy mugimenduaren sorrera eta garapenean parte hartu zuten. Izan ere Hight-Ashburyn bertan komuna batean bizi ziren, eta bertan laguntza eta babesa auzokideei dohainik eskaini ere. Garai horretan rock psikodelikoa lantzen zuten talde mordoa agertu zen San Franciscon, halanola, Jefferson Airplane, The Big Brother Company, Quicksilver Messenger Service, Country Joe & The Fish, Santana, Moby Grape; baina hauen guztien gainetik Grateful Deadek argi bereziaz dir-dir egin zuen, bere taldekideen kalitate tekniko ezin hobeaz bultzatuta.

Hala eta guztiz, arestian aipatutako taldeak ez bezala, euren diskoak ez ziren oso arrakastatsuak izan, beharbada kontzertuan sortzen zen giroa estudioko grabaketetan indargabetzen zelako. Euren lehen diskoari -taldearen izen berbera zuena- azkeneko urteetan horrenbeste arrakasta irabazia zuten "Beach Boys"en doinua iragartzen zitzaion.

Hurrengo bietan -"Anthem of the Sun", "Aoxomoxoa"-, ildo psikodelikoan sakontzen jarraitu zuten, baina salmentak ez ziren oso apartekoak izan.

Zuzenean grabatutako "Live/Dead"ek aurreko lanak baino entzute handiagoa lortu zuen 1969an. Disko bikoitz honek bi kontzertu ezberdinetako zenbait abesti biltzen ditu. Izan ere, 1968ko udazkenetik 1969ko uda bitartean Avalon eta Fillmoren ibili ziren ia egunero jotzen, "Morning Dew", "Duprees Diamonds", "The Other One", "Mountains of the Moon", "Dark Star", "St. Stepehen", "The Eleven", "Turn On Your Lovelight" eta bestelako abestiak etengabe hobetzen egunez egun. Emaitza "Live/Dead" da, edertasuna eta exotismoa darion maisulana, urteetan egindako ikerketa, bilaketa eta kezken ondorioa, eta rock psikodelikoaren eredu bihurtu den grabaketa. Bertan aurki dezakegu Grateful Deadek garai horretan zuen musika egiteko eta ulertzeko era argien adierazten duen abestia: "Dark Star"; doinu motela, erritmo lasaia, eta Jerry Garciaren gitarra bidaia psikonautiko baten sakontasunean noraezean murgildurik. Garai baten pentsaera eta arnasa doi-doi harrapatzen duen musika dugu hau.

Arrakasta

aldatu

Esan bezala, Grateful Dead zuzenean jotzen zuen taldea zen bereziki, ia egunero emanaldi bat edo bestetan ibilita. Horretaz gain, garai hartako rock festibal garrantzitsuenetan egon zen; halanola 1967an Monterey eta 1969an Woodstocken jo zuten. Azken honetan 400.000 pertsona inguru bildu ziren, eta hippy mugimenduaren gailurra suposatu zuen gertaera izan da ezbairik gabe. Grateful Dead han egon zen, eta larri ibili ere, emanaldiaren erdian ekaitz batek soinu-ekipoak hondatu zituenean. Denbora luzez jo ezinik egonda, nahitaezkoa zen bere aurrean asperturik zeuden milaka pertsonei denbora-pasa nahikoa ematea matxura konpondu artean. Ron "Pigpen" kantatzerik ez zuen, eta publikoarekin solasean ibili zen soinu-ekipoak ibiltzeko moduan egon ziren arte. Dena dela Woodstocken GDk nahiko emanaldi kaxkarra eskaini zuen, baina han bizi izandakoa sekulakoa izan zen. Nahiz eta Woodstocken jende ikaragarri handia bildu, hau ez zen izan GDk ezagutu zuen kontzerturik handiena. Izan ere, historian jende gehien bildu duen kontzertuan jo zuten (600.000 pertsona inguru), Allman Brothers eta The Bandekin batera, "Summer Jam at Watkins Glen" delakoan, 1973an.

1970 izan zen GDk arrakasta eta onespena lortu zuen urtea, "Workingman's Dead" eta "American Beauty" diskoak tartean direla. Berorretan inprobisazio luzeak alde batera utzi eta folk oinarriko abesti biribiletara jo zuten. Aldaketa honi CSN&Y taldearen eragina nabaritzen zaio osorik. Izan ere GDn zabal hartu zuten talde horrek zerabilen gitarra jotzeko modu xamurra, baita ahots armonien erabilerari ere. GDen kideek, Crosby eta Still ez bezala, ez zuten aparteko ahotsik, baina emaitza arrakastatsua izan zen guztiz. Aberastasun eta ideia bor-bor honen lekuko "Casey Jones", "Breakdown Palace", "Sugar Magnolia", "I know you rider" eta "Uncle John's Band" abestiak ditugu.

1972an Europara jauzi egin zuten kontzertu jira bat burutuz. Honen lekuko Europe'72 diskoa dugu. Jira honetan Ron Pigpenen osasuna zeharo kaskartu zen, eta 1973an hil zen GDren abeslaria.

Azken urteak

aldatu

70 eta 80ko hamarkadetan bere maila ematen jarraitu zuten, etengabe kontzertuak emanez eta diskoak ateraz. Besteak beste aipatzekoak dira "Grateful Dead from the Mars Hotel", "Blues for Allah" eta "Shakedown Street". Bien bitartean, Jerry Garciaren osasuna okerrera egin zuen 1980 hamarkadaren erdialdetik aurrera. Drogen kontsumoa, elikadura txarra eta gizentasunak bultzatuta 1986an koma diabetikoak jota geratu zen. Bost egunen buruan suspertu bazen ere, harrezkero diabetes eta drogen zaletasunari ezin utzi ibili zen, eta pixkanaka okerrera egin zuen. Betty Ford Klinikatik igaro ostean, Forest Knollsera jo zuen laguntza bila. Han aurkitu zuten bere gorpua, hila bihotzekoak emanda, 1995eko abuztuaren 9an. Bere taldekideek kolpeari ezin aurre eginda, Jerry Garciarekin batera lurperatu zuten Grateful Dead, 30 urtetako historiari amaiera emanez.

GDren ostean

aldatu

Taldekideek, nork bere kabuz jarraitu dute musika egiten, hala nola "Bob Weir and Ratdog", "Phil Lesh & Friends" eta bestelako taldeetan. Phil Lesh, Bob Weir eta Mickey Hart "The Other Ones" taldean elkartu ziren 1998 eta 2002 bitartean. Gaur egun jotzen dihardute proiektu ezberdinetan.

Ondarea

aldatu

Hasieran esan bezala, GDek askatasun osoz euren kontzertuak grabatu zitzaten animatu zituzten zaleak. Honen ondorioz, jarraitzaileen artean grabaketen elkar-truke bizia sortu zen. 3.000 kontzertutik gora grabatu izan dira, eta hauek guztiok Internet Archive web orrialdean bildu egin ere. 2005eko azaroa arte dohainik jaitsi zitezkeen, baina orduan kontzertuak webetik kendu ziren, hau Bob Weir, Mickey Hart, eta Bill Kreutzmannen ideia izan omen zelarik. Neurri honek zaleen sumina piztu zuen. GDen taldekideei euren printzipioak diruzalekeriagatik saldu zituztela leporatu zitzaien. Handik eta egun gutxitara atzera egin behar izan zuten eta harrezkero honako konponbide hau bilatu da: zaleek egindako grabaketak alde batetik, eta bestetik GD eurek egindakoak bereizi egin dira. Azken hauek ezin dira grabatu, soilik streaming formatuan entzun; zaleek egindakoak aldiz, nork bere konputagailuan grabatu ditzake.

Diskografia

aldatu
  • The Grateful Dead (1967)
  • Anthem of the Sun (1968)
  • Aoxomoxoa (1969)
  • Live/Dead (1969)
  • Workingman's Dead (1970)
  • American Beauty (1970)
  • Grateful Dead (1971)
  • Europe '72 (1972)
  • History of the Grateful Dead Volume One (Bear's Choice) (1973)
  • Wake of the Flood (1973)
  • Grateful Dead from the Mars Hotel (1974)
  • Blues for Allah (1975)
  • Steal Your Face (1976)
  • Terrapin Station (1977)
  • Shakedown Street (1978)
  • Go to Heaven (1980)
  • Reckoning (1981)
  • Dead Set (1987)
  • In the Dark (1987)
  • Dylan & The Dead (1989)
  • Built to Last (1989)
  • Without a Net (1990)

Kanpo estekak

aldatu