Elhuyar Fundazioa
Elhuyar Fundazioa | |
---|---|
Datuak | |
Mota | argitaletxea, fundazioa, ikertaldea eta irabazteko asmorik gabeko erakundea |
Herrialdea | Espainia |
Jarduera | |
Kidetza | Euskal Editoreen Elkartea |
Erabilitako hizkuntza | euskara |
Agintea | |
Legezko forma | Espainiako elkarte |
Historia | |
Sorrera | 1972 |
Jasotako sariak | Argia Sariak (2002, 1994) |
webgune ofiziala |
Elhuyar Fundazioa zientzia eta teknologia gizarteratzen eta euskararen garapena bultzatzen diharduen elkarte bat da, 1972an jaioa. Kultura elkarte gisa egin zituen lehen urratsak, Elhuyar Kultur Elkartea izenarekin, eta 2002an fundazio bihurtu zen.[1] Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuek sortu zuten, beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako. Izena, berriz, Elhuyar anaien omenez jarri zioten elkarteari.[2][3]
Oso ezagunak dira Elhuyarrek sortu edo kudeatzen dituen produktu teknologiko batzuk, besteak beste, hauek: Elia.eus itzultzaile automatiko neuronala,[4] Elhuyar hiztegia,[5] Aditu.eus hizketa-ezagutza zerbitzua[6][7][8] euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai den Mycroft.eus bozgorailua,[9] edo Xuxen zuzentzaile ortografikoa.[10]
Zientzia-dibulgazioan ere lan handia egiten dute: Teknopolis telebista-saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa eta Elhuyar zientzia eta teknika aldizkaria.
Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta diru iturri hauek ditu: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkinak.[1]
Elhuyar taldearen barruan, fundazioa ez ezik, bi sozietate mugatu ere badira:[1]
- Elhuyar Aholkularitza.
- Orai: makinen eta pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen dituzte, hainbat arlotan (adimen artifiziala, itzulpengintza automatikoa, itzulpengintza laguntzeko tresnak, testu zuzentzaileak, Interneteko bilatzaileak eta sare semantikoak, euskaraz lan egiteko aplikazioak, hiztegiak, adimen lehiakorra, hizketa-teknologia).[11]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elhuyar Taldea 1972an sortu zen. Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Goi Mailako Ingeniari Eskolaren EKTan ibilitako ikasle batzuek euskara zientzia eta teknikarako egokitzeko asmoz Elhuyar Taldea sortu zuten. Izena Elhuyar anaiak omendu nahian jarri zioten taldeari, anaia biek 1783. urtean Bergarako egonaldian Wolfram elementu kimikoa bereizi zutelako.
1972an hasi ziren biltzen Donostiako San Martzial kaleko jesuiten Circulo San Ignaciokoa lokalean. Elhuyar taldearen abiapuntuko kide horiek Luis Mari Bandres, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz, Xabier Larrea eta Mikel Zalbide izan ziren. Zientziarako erabilgarri izango zen euskara-eredua eta terminologia lantzen zituzten, hots, prosa eta lexiko zientifikoa. Ikasketa guztiak erdaraz eginda zituzten, eta zerbait egin nahi zuten guztia euskaraz landu ahal izateko. 16:00etatik 19:00etara bildu ziren larunbatero-larunbatero, hogei urtez, etenik gabe. Bilera horiek balio izaten zuten planteamenduak egiteko eta etxerako lana hartzeko. Hasieran ez zuten egiturarik: ez juridikorik, ez bestelakorik. Langilerik ere ez zuten, Imanol Tapia gauza batzuk eramaten hasi zen, geroago Maria Luisa Aizpuru sartu zen eta langileen buru jarri zen.[3]
Garai horretan euskarazko irakaskuntza orokorreko irakas materialaren falta handia zegoen. Langintza horretan abiatzeko bidea Elhuyar taldeak lankidetzan zabalzt zuen Hiazinto Fernandorena eta Jose Ramon Etxebarriarekin. Talde-lanean idatzi zuten Haizeak, euria eta klima izeneko liburua, irakaskuntza orokorreko prestaturiko lehenengo irakasmaterialetako bat. Egileen artean hauek zeuden, besteak beste, hauek: Luis Mari Bandres, Iñaki Azkune, Andoni Sagarna, Pedro Miguel Etxenike, eta Mikel Zalbide.[12]
Zientzia eta euskara uztartzen egindako lan nabarmena egin zuten, Ordura arte euskaraz egindako dena datu-base batean sartzen saiatu ziren. Garai hartan, datu-baseez ez zen asko hitz egiten. Zortea izan zuten beren artean Iparraldeko René eta Klaudio Harluxet ibiltzen zirelako; haiek zebiltzan langintza horietan, eta datuak zintetan sartu zituztelako. Garai hartako lantresnak ziren honako hauek: fotolitoak, fotokonposizioa, IBMren makina, azetatoak, Rank Xerox etxea...[3]
Kideek larunbateko mintegietarako prestatzen zituzten lanak zabaltzeko, zein beraien artean adostutakoaren probaleku gisa, Elhuyar aldizkaria sortu zuten. Aldizkariaren lehen alea 1974ko irailean kaleratu zen, RSBAPen legezko babesari esker, eta RSBAPen babesa izan zuen, harik eta Elhuyar taldeak 1981. urtean kultur elkartearen estatutuak onartu zituen arte.[13]
Egoitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urteak egin zituzten San Martzial kalean, jesuiten lokal hartan. Egurrezko fruta-kaxetan sartzen zituzten fitxak garai hartan. Baina amaitu zen hango jarduna: Obra batzuk egin behar zituztela... Mandasko dukearen kaleko Antonianoen lokalera mugitu ziren. Denbora gutxi egin zuten han, besteak beste lokalak ez zielako erosotasun handirik eskaintzen. Garibai kaleko pisu batera handik, Urbieta kalera gero... Usurbilera (Gipuzkoa) iritsi arte.[3][14]
Elhuyarrek bi egoitza zituen 2021ean: Usurbilen egoitza nagusia, eta Durangon (Bizkaia) bestea. Ehun kidek osatzen dute lantaldea. Mende erdia bete zutela ospatzeko, irudi berezi bat diseinatu zuten 2022an,[3]
Elhuyar Fundazioaren produktu nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza Teknologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elia.eus itzultzaile automatiko neuronala (hasieran itzultzailea.eus), bost hizkuntza lantzen dituena (ingelesa, frantsesa, espainiera, galegoa, eta katalana)[15]
- Hiztegiak:
- Elhuyar hiztegia. Euskara-gaztelania / Castellano-vasco[16]
- Elhuyar Ikaslearen Hiztegia
- Dictionnaire Elhuyar hiztegia Euskara-frantsesa / Français-basque
- Elhuyar dictionary hiztegia. Euskara-ingelesa / English-Basque
- Euskara-errusiera / Errusiera-euskara hiztegia Баскскo - Русский / Русскo - Баскский Словарь
- Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa
- Aditu.eus: Euskarazko eta gaztelaniazko hizketa-ezagutza zerbitzua[17][18][19]
- Mycroft.eus: Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai den bozgorailu bat.[20]
- Elebila: Euskarazko bilatzailea Internet-en, emaitzak euskarara mugatzea ahalbidetzen duen bakarra. Elebila euskarazko lehen Internet bilatzailea izan zen. Interneteko bilatzaile ezagunenen funtzioak eskaintzen ditu baina kalitatezko euskarazko emaitzak lortzeko bermearekin. Euskarak oso deklinabide aberatsa duenez, bilatzaile arruntek ematen dituzten emaitzak ez dira inoiz osoak. Horretarako alde batetik euskarak Interneten duen garrantzia erlatibo txikia eta bestetik atzizkien erabilera zabala. Bestalde hitz teknikoak ("anorexia", "web"...) edo izen bereziak ("Newton", "Paris") bilatuz gero (euskaraz idatzitako dokumentuak inoiz ez dira lehen emaitzen artean agertzen.[21][22]
- Okzitanieraren hizketa-sorkuntza,[23] Linguatec proiektuan garatua (Europan Batasuneren diru-laguntzekin baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako tresnak).
Elhuyarren ere, Antton Gurrutxagak zuzendutako beste bi proiektu hauetan ere parte hartu zuen garatzaile gisa:
- Zientzia eta Teknologia Corpusa (2006)[24]
- Elhuyar web-corpusak: Webetik automatikoki bildutako bi corpus handi kontsultatzeko webgunea (euskara hutseko bat eta gaztelania-euskara paralelo bat). Webean euskarazko hitzak edo terminoak bilatzeko aukera ematen du webgune honek, baina emaitzak corpus-kontsulta gisa erakusten ditu, hitzaren testuinguruekin.[25]
Orai (adimen artifiziala)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2022an sortutako Orai langunearen bitartez, Elhuyarrek Hizkuntza teknologia egokitzen du enpresen eta administrazioen beharretara egokitzeko Hamabosten bat laguneko taldea dauka, eta, horien artean, zazpi doktore daude. Dispositibo inteligenteak garatzen dituzte, enpresen prozesuak eraginkorragoak eta adimentsuagoak izateko, Tresna horiek erraztu egiten dute industriaren eta haren bezeroen arteko komunikazioa, eta «humanoagoa» bilakatu pertsona baten eta makinaren arteko ahots bidezko harremana.[26]
Zientzia dibulgazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Teknopolis Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten telebista-saioa da. 1999an sortu zuten, eta geroztik astebururo emititu da euskaraz ETB1en, eta gazteleraz ETB2n. Saioaren helburua da zientziaren eta teknologiaren dibulgazioa egitea publiko orokorrarentzat. Horretarako, hainbat erreportaje, elkarrizketa eta albistez osatutako saioak egiten dituzte, zientzia-azalpenak modu erraz eta ulerkor batean emanez. Kazetariz eta zientzialariz osatutako lantaldeak, pil-pilean dauden gaiak lantzen dituzte, arreta berezia jarriz Euskal Herriko ikerketan eta berdintasunean. Hainbat aurkezle izan ditu 25 urte hauetan, hala nola, Pili Kaltzada, Aitziber Agirre edota Maider Egues. Egun, 2014tik, Iñaki Leturia da aurkezlea.
- Norteko Ferrokarrila irratsaioa, zientziaren dibulgazioaz Euskadi Irratian. Gulllermo Roak dinamizatu eta aurkezten du.
- Eskola liburuak
- Dibulgaziorako liburuak eta multimedia lanak
- Elhuyar zientzia eta teknika aldizkaria
Elhuyar Fundazioa eta Wikipedia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako laguntzak baliatuz, euskal wikipediaren edukia aberasteko bi proiektutan parte hartu zuen, 2011. eta 2012. urteetan:
2011: Lur hiztegien edukiarekin Wikipedia aberastea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010ean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabaki zuen Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin euskarazko Wikipedia aberastea, Jaurlaritzarenak baitira hiztegi horien jabetza eskubideak.[27] Lehiaketa publikora atera zuen lan hori 2011. urtean, eta uztailean argitaratu zen Elhuyar Fundazioak irabazi zuela eduki horrekin euskal wikipediako 11.000 artikulu sortu edo osatzeko kontratua. Lehiaketa publiko horren bidez, Jaurlaritzaren helburua hau zen:
« | Euskarazko eduki entziklopediko berriak sortzeko, jadanik existitzen diren eduki entziklopedikoak egokitzeko eta eduki guzti horiek euskarazko wikipedian sartzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatzea. | » |
Halaxe, zenbait wikilarirekin batera Elhuyar Fundazioak egindako lanari esker, 11.015 sarrera landu ziren, helburua baino 15 sarrera gehiago. Sarrera horietatik, % 80 (8.785 sarrera) berriak ziren, hau da, lehendik euskal Wikipedian ez zeudenak, eta % 20 (2.230 sarrera) lehendik Wikipedia honetan sarrera ziren (xehetasun gehiago, Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegiaren orrian).
2012: euskal Wikipedia aberasteko proiektua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal wikipediako edukia aberasteko beste proiektu bat abiatu zuen, eta Elhuyar Fundazioak bideratu zuen lana. Orduko hartan, ordea, 2011. urtean baino askoz murritzagoa zen diru kopurua, eta proiektuaren helburua 1.000 artikulu edukiz hornitzea zen. Irailean, lehenengo urrats gisa, 278 artikulutan txertatu zen edukiren bat; eta abenduaren 15ean bukatu zuten gainerakoak osatzen, guztira 1.001 artikulu edukiz aberastuta (Sailburuordetzak kontratuz eskatu zuena baino bat gehiago). Proiektu haren barruan landutako artikuluak kategoria honetan sartuta daude.
Sariak eta aitormenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elhuyar Fundazioak, zientziaren dibulgazioan eta hizkuntza normalizazioan egiten duen lana dela eta, hainbat sari jaso ditu. Hona hemen azken urteotan jasotakoak:
- 2024ko apirilaren 10ean, Instituto Rocheren Premio Periodismo FIR. “Medikuntza birsortzailea hemen da” saioagatik.
- 2024ko martxoan Foro Transfiere Kazetaritza-Saria “Espazioko begiak” saioagatik.
- 2023ko abendua: EIT Food South kazetaritza-saria. "Elikaduraren erronkei aurrea hartzen" erreportajeagatik.
- 2023ko azaroa: sari jaso zuen FICABeko Hezkuntza atalean. Irungo zinemaldi Arkeologikoan aipamen berezia jaso zuen “Erromatarren arrastoak oinen azpian” lanak.
- 2022: Ibilbideari Elkar saria.[28]
- 2022ko azaroa, Aipamen berezia FICABeko Hezkuntza atalean. Irungo zinemaldi Arkeologikoan aipamen berezia jaso zuen "Arte paleolitikoa argitara" lanak.
- 2022ko iraila, Aipamen berezia V Premio de Periodismo la Asociación Española de Abastecimientos de Agua y Saneamiento (AEAS). Urarekin eta ur saneamenduarekin zerikusia duten kazetaritza-lanak saritzen dituen sariketa honetan aipamen berezia jaso zuen “El agua, cuestión de salud” lanak.
- 2022ko abendua, VI Premios ESET periodismo y divulgación en seguridad informática. Inma Álvarez erredaktoreak sari nagusia jaso zuen Teknopolisen lantaldearen izenean “Babesa sarean” izeneko erreportajearengatik.
- 2022ko ekaina, Accenture saria. Alaitz Ochoa de Eribe erredaktoreak sari nagusia jaso zuen “Gasteizko auzo adimenduna” erreportajearengatik.
- 2022 Transfiere sarietan “La descarbonización como objetivo” lanarekin finalistak, Teknopolis.
- 2022 LabMeCrazy zientzia-zinemaldian "Guerra contra las bacterias" erreportajearekin finalistak, Teknopolis.
- 2021 Aipamen berezia Teknopolis programa osoari Foro Transfiere sarietan.
- 2020: STEAM Euskadi saria, Elhuyar Zientzia Azokarengatik, STEAM alorrean hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian.[29]
- 2019 azaroa. Finalistak Boheringer-Ingelheim kazetaritza-sarietan: "El sida en primera plana".
- 2018 Finalistak Boheringer-Ingelheim kazetaritza-sarietan: “Cuerpos biónicos”
- 2018: Euskadiko Ingurumen Kazetaritza saria Telebistaren kategorian. Saritutako lana: “Plastikoak txipiroi erara”
- 2017: VIII Premio ASEBIO de Comunicación y Divulgación de la Biotecnología. Saritutako lana: “CRISPR/Cas9, geneak mozteko guraizeak”
- 2017: Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Sari Nagusia. Saritutako lana: “Gau bat muturluzearekin”
- 2015: VII. Tecnalia Kazetaritza Saria Teknopolis telebista-saioari.
- 2014: Ikaslan Saria
- 2011: 2011ko Telenatura saria jaso du Teknopoliseko “Zelatan” erreportajeak.
- 2011: Teknopolisek lehen saria eskuratu zuen Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio/Genoma España sarietan.
- 2009: Euroscience Media Awards sarietan, Johnson & Johnson popular science TV Award saria, Teknopolis telebista saioari, zientzia dibulgazioaren Europako telebista saiorik hoberena izateagatik.
- 2009: Teknopolisek Europako telebista-programa onenaren saria jaso zuen Jonhson&Jonhson popular science TV Award sarietan.
- 2006: Accesita Teknopolisin Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarian.
- 2006: Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Sailaren saria Teknopolisi.
- 2006: El Correo Digital saria, Zientzia.net webguneari, aisialdi eta zerbitzu web onena izateagatik.
- 2006: Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarirako accesita, Teknopolis telebista saioari.
- 2005eko eta 2006ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria: izendapen berezia, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariak plazaratutako «Erraustegiak sutan» dossierrari; eta 2006an, Elhuyarko kazetari taldeari.
- 2002: Robotiker saria, Teknopolis telebista saioari.
- 2002: Sareko Argia saria, Zientzia.net webguneari.
- 2002: Toribio Echevarria saria, Elekari.
- 2003, 2002, 2001, 2000, 1999, 1998, 1993 eta 1991: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Migel Altzo saria.
- 1998, 1997 eta 1989: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Isaac López-Mendizabal saria.
- 1994: Prentsako Argia Saria, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariari.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Nor gara: Elhuyar Fundazioa», Elhuyar Fundazioaren webgunean.
- ↑ Inaki Irazabalbeitia: «Elhuyar taldea: izena eta izana», 1997-11-01.
- ↑ a b c d e Telleria Sarriegi, Enekoitz. (2022-02-15). «Elhuyar: 50 urte erantzun bila» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-10).
- ↑ «Itzultzailea» Itzultzailea (Noiz kontsultatua: 2020-01-28).
- ↑ «Elhuyar hiztegiak. Kontsulta on-line» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ «Sarean 96. Irratsaioa. "Aditu.eus", Igor Leturia Elhuyar fundaziotik» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ «Audio eta bideoak transkribatu eta azpititulatzeko plataforma aurkeztu du Elhuyarrek» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-03-12 (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ Aztiria Urtaran, Josu; Aiestaran, Saroi Jauregi; Azkarate, Igor Leturia. (2020). «Elhuyarren "Aditu" hizketa-ezagutzailea, beste aurrerapauso bat euskararen garapen digitalean» SENEZ (51): 259–266. ISSN 1132-2152. (Noiz kontsultatua: 2021-09-17).
- ↑ NAIZ. (2020-11-28). «Hiru euskal garatzailek euskarazko bozgorailu adimendunaren proiektua martxan ipini dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ Goikoetxea, Garikoitz. «Zuzenketez gain, euskara baturako era hobetsiak ere baditu Xuxenek» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- ↑ Elekaren webguneko orri nagusia.
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ Artetxe Sanchez, Karmele. (2011). Euskara unibertsitatera bidean : eragileak eta proiektuak (1939-1990). Udako Euskal Unibertsitatea, 209 or. ISBN 978-84-8438-374-1. PMC 907050485. (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- ↑ Petxarroman, Iñaki. (1997-12-29). «Zientziak euskaraz 25 urte.» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
- ↑ «Itzultzailea» Itzultzailea (Noiz kontsultatua: 2020-01-28).
- ↑ «Elhuyar hiztegiak. Kontsulta on-line» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-02).
- ↑ «Sarean 96. Irratsaioa. "Aditu.eus", Igor Leturia Elhuyar fundaziotik» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ «Audio eta bideoak transkribatu eta azpititulatzeko plataforma aurkeztu du Elhuyarrek» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-03-12 (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ Aztiria Urtaran, Josu; Aiestaran, Saroi Jauregi; Azkarate, Igor Leturia. (2020). «Elhuyarren "Aditu" hizketa-ezagutzailea, beste aurrerapauso bat euskararen garapen digitalean» SENEZ (51): 259–266. ISSN 1132-2152. (Noiz kontsultatua: 2021-09-17).
- ↑ NAIZ. (2020-11-28). «Hiru euskal garatzailek euskarazko bozgorailu adimendunaren proiektua martxan ipini dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ «Elebila» elebila.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
- ↑ (Ingelesez) Leturia, Igor; Gurrutxaga, Antton; Areta, Nerea; Alegria, Iñaki; Ezeiza, Aitzol. (2013-06-01). «Morphological query expansion and language-filtering words for improving Basque web retrieval» Language Resources and Evaluation 47 (2): 425–448. doi: . ISSN 1574-0218. (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
- ↑ (Ingelesez) Corral, Ander; Leturia, Igor; Séguier, Aure; Barret, Michäel; Dazéas, Benaset; Mareüil, Philippe Boula de; Quint, Nicolas. (2020-05). Neural Text-to-Speech Synthesis for an Under-Resourced Language in a Diglossic Environment: the Case of Gascon Occitan. , 53–60 or. (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ (Ingelesez) Areta, Nerea; Gurrutxaga, Antton; Leturia, Igor; Polin, Ziortza; Saiz, Rafa; Alegría, Iñaki; Artola, Xabier; Ilarraza, Arantza Díaz de et al.. (2006-05). Structure, Annotation and Tools in the Basque ZT Corpus. (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ Kultura Zientifikoko Katedra. (2018). Zientzialari (94) Igor Leturia: “Azken urteotan lan handia egin da euskal corpusgintzaren arloan”. (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
- ↑ Aranburu, Iker. «Adimen artifizialean sakontzeko apustua egin du Elhuyarrek, Orai markarekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-10).
- ↑ Jaurlaritza, Eusko. (2010). «Irekia - 11.000 sarrera berri Wikipedia entziklopedia digitalaren euskarazko edizioan» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
- ↑ «Elhuyarrek eta UEUk jaso dute Ibilbideari Elkar Saria» El Diario Vasco 2022-05-27 (Noiz kontsultatua: 2022-06-10).
- ↑ Elhuyar. (2020). «Elhuyar Zientzia Azokak STEAM Euskadi saria irabazi du, STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian» Elhuyar (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elhuyar Hiztegia
- Zerrenda:Euskal hiztegiak
- Euskarazko hiztegigintza
- Elia.eus
- Matxin (itzultzaile automatikoa)
- Elebila
- Xuxen
- Aitziber Agirre
- Alfontso Mujika
- Andoni Sagarna
- Andoni Sarriegi
- Antton Gurrutxaga
- Guillermo Roa
- Igor Leturia
- Imanol Azkue
- Inaki Irazabalbeitia
- Itziar Cortes
- Itziar Nogeras
- Jon Abril
- Luis Bandres
- Maitane Alonso
- Manu Ortega
- Mikel Zalbide
- Oier Araolaza Arrieta
- Pilar Kaltzada
- Saroi Jauregi
- Txema Pitarke
- Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
- Soziolinguistika klusterra
- Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
- UZEI