Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Liburutegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

Liburutegia edo biblioteka informazioa komunitate batera zabaltzeko helburuarekin liburuak eta bestelako agiriak jaso, antolatu, sailkatu eta publikoaren eskura jartzen duen erakundea da. Liburutegietan lan egiten duten pertsonak liburuzainak edo bibliotekariak dira. Hala ere, pertsona baten liburu bilduma pribatuari ere liburutegi deritzo. Izan ere, mende luzeetan zehar liburutegiaren zeregin soila liburu eta beste agirien bilduma egin eta, kasurik hoberenean, modu egokian antolatzea izan zen, baina XIX. mendetik aurrera, Argien Garaiko joerari jarraiki, liburutegiaren helburua jakintza gizartera zabaltzera aldatu zen. Horretarako, liburutegi publikoaren ideia zabaldu eta gauzatzen da aldi berean. XIX. mendeko positibismoak zientziaren garapena eta zabalkuntza ekartzearekin batera, liburutegietako jarduera modu zientifiko eta sistematiko batez aztertzeari ekin zitzaion, bibliotekonomia diziplina berriaren baitan. Liburutegiaren espezializazioa ere gertatu da eta liburutegi publikoaz gainera, egun informazio berezitua eskaintzen duten dokumentazio-zentroak, unibertsitateko liburutegiak, eskolako liburutegiak, mediatekak eta artxibategiak ere badaude informazio-gune moduan. Beste alde batetik, historiako euskarri nagusia liburua izan da, baina egun liburutegiek informazioa eskuratzeko beste euskarri eta teknologietarako sarbidea ere eskaintzen dute; hain zuzen, informazio-iturri moduan Internetek duen nagusitasunak liburutegietako zereginaren eta liburuzainen lanaren birplanteamenduaren beharra ekarri du kasu askotan. Liburutegiaren Nazioarteko Eguna urriaren 24an ospatzen da 1997 urteaz geroztik.

Gaur egun, izugarrizko garrantzia hartu dute bibliotekek, eta esan dezakegu herrialde garatuetan oinarrizko azpiegitura bilakatu direla ere. Helburua jakintza jaso, antolatu, gorde eta transmititzea da. Bibliotekak hainbat motatakoak izan daitezke: nazionalak, publikoak, unibertsitatekoak, espezializatuak, digitalak, hibridoak…[1][2]

Dokumentazio-sistemen egituraren parte dira artxibo eta dokumentazio-zerbitzuekin batera.

Liburutegien historia

Lehen liburutegiak tenpluetako erlijioari buruzko testu-bildumak eta gobernuetako artxiboak izan ziren.[3]

Liburutegi publikoak

Sakontzeko, irakurri: «Liburutegi publikoak»

Liburutegi publikoa herri edo auzo mailako informazio-zentro bat da, erabiltzaile orori irekia. Liburutegi publikoetan, erabiltzaile guztiek eskubide berberak izaten dituzte informazioa eskuratzeko, adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea, hizkuntza edo gizarte-maila edozein izanda ere. Zerbitzu eta material arruntak erabiltzea ezinezkoa zaien erabiltzaileen kasuan, zerbitzu eta material bereziak eskaintzen dira, hala nola hizkuntza gutxituen kasuan, minusbaliotasunak dituzten pertsonen eta ospitaletan eta kartzelan dauden pertsonen kasuan. Liburutegi batek ez luke liburu edo agiririk ideologia, politika edo erlijioz zentsuratu behar; eskaintzen dituen zerbitzuek ere ez lukete ideologia, erlijio edo merkataritza interesen mendean egon behar. Adin guztietarako material egokia izatea ere garrantzitsua da. Informazio eskuratze egoki baterako, agirien euskarri egoki, azkar eta fidagarriak sustatzen dira, horietarako beharrezkoa den teknologiarekin batera, erabiltzailearen ezagupenak kontuan harturik betiere.

Biblioteka nazionalak

Lege gordailuen bidez herrialde batek argitaratzen duen guztia jasotzen da biblioteka nazionaletan, esaterako, liburuak, aldizkariak, diskoak eta DVD-ak. Hori dela eta, biblioteka nazionalek bibliografia nazionala osatuko dute. Horrez gain, herrialdeari buruz edota herrialdeko hizkuntzan publikatzen dena ere jasotzen dute.

Dohaintzak jaso eta dokumentu historikoak erosten ditu. Horrez gain, edukiak bildu, gorde, kontserbatu eta erabiltzaileen eskura jartzen ditu. Aitzindaria ere bada, aholkuak, arauak eta aginduak plazaratzen baititu.

BNE (Biblioteca Nacional de España), Erregeak fundatu zuen 1711n, eta 1836an gaur egungo izena hartu zuen. Bere helburua Espainiako Patrimonio Bibliografikoa jaso eta kontserbatzea da.

1907an Kataluniako liburutegi nazionala sortu zuten, eta ordutik, kultura kataluniarraren motorra bilakatu zen gaur egun arte. (www.bnc.cat/)

Bi horiez gain, Espainiako estatuan beste biblioteka nazional gehiago ere badaude, esaterako, Andaluzian (1994), Aragon (1990), Errioxar (1988), Extremaduran (1995), Gaztela eta Leonen (1989), Kantabrian (1999), Madrilen (1989)…

Biblioteka Nazionala Euskal Herrian

11/2007ko Legea, Euskadiko Liburutegikoa, bete gabe dago. Koldo Mitxelena izango zela esan zuten.

2002an sortu zen Nafarroan, Nafarroako Liburutegia.

Biblioteken oinarrizko kontzeptutzat bildumak (dokumentu hautatuek osatzen dituztenak), antolakuntza (ordenamendu eta katalogoetan oinarritzen dena), eta zerbitzuak kontsideratu daitezke.

Hauek, zentro multimedia bilakatu dira. Zerbitzu anitzak eskeintzen dituzte, esaterako: ekimen kulturalak (irakurketa klubak, hitzaldiak, ipuinak, bookcrossing-ak…), formazioak (ikastaro desberdinak), azpiegiturak (ordenagailuak, e-readers-ak) eta baita bilduma fisiko zein birtualak ere.

Erreferentziak

  1. Agirreazaldegi Berriozabal, Teresa; Camacho Markina, Idoia. (2009). Dokumentazio zerbitzuak Euskal Herriko komunikabideetan. Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-692-3008-4. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  2. Txantiloi:Basque Agirreazaldegi Berriozabal, Teresa; Udako Euskal Unibertsitatea. (2006). Informaziorako dokumentazioaren oinarriak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-078-8. PMC 851002448. (Noiz kontsultatua: 2020-05-18).
  3. Harris, Michael H.. (1999). History of Libraries of the Western World. , 8-9 or..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: liburutegi  edo biblioteka.