Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Aleazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Altzairua burdinaz eta ikazkaiz osatutako nahastura bat da. Karbonoa % 0,02 eta % 1,7 artean dauka.

Aleazio (Heg.)[1][2] edo metal-nahasturak[2] bi elementu kimikoren edo gehiagoren nahasteak dira, elementuetako bat metala denean eta material berriak ezaugarri metalikoak dauzkanean. Substantzia metaliko berriak bere osagaiek ez dauzkaten ezaugarriak eduki ohi ditu (batzuetan oso ezberdinak).

Ezaugarri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienetan aleazioak beste elementu batzuen ezaugarriak hobetzeko sortzen dira. Esaterako, altzairua bere osagai nagusia den burdina baino gogorragoa da. Aleazio baten ezaugarri fisikoak, hala nola dentsitatea, erreaktibotasuna, Youngen modulua edo eroankortasun elektriko eta termikoa, ez dira askorik aldatzen jatorrizko elementuen aldean ipiniz gero, baina ingeniaritzarako dituen propietateak, hala nola trakzioarekiko erresistentzia edo indar ebakitzaileekiko erresistentzia, asko alda daitezke. Honen zergatikoa aleazioa osatzen duten elementuen atomoen tamaina ezberdintasuna izan daiteke; izan ere, atomo handiagoek konpresio-indarra sortzen dute inguruko atomoetan, eta atomo txikiagoek trakzio-indarra sortzen dute. Horri esker, aleazioek elementu puruek baino hobeto jasaten dituzte deformazioak, azken hauetan atomoak askeago mugitzen baitira.

Aleazioek ezberdintasun handiak erakuts dezakete ezpurutasun-kantitate txikiak gehituta ere. Esaterako, aleazio ferromagnetiko erdieroaleetan ezpurutasun txikiak sartuz propietateak asko aldatzen dira[3][4].

Zenbait aleazio bi metal edo gehiago nahastuz sortzen dira. Letoia kobrea eta zinka nahastuz sortzen da. Brontzea eztainuz eta kobrez osatutako nahastura bat da.

Metal puruetan ez bezala, aleazio gehienek ez daukate urtze-puntu bakarra, baizik eta urtze-tarte bat. Tenperaturen tarte horretan materiala egoera gotor eta egoera isurkariaren nahaste bat da. Urtzea hasten den tenperaturari solidus deitzen zaio, eta urtzea amaitzen den tenperaturari liquidus.

Aleazioak beren osagai-kopuruaren arabera sailka daitezke:

  • aleazio bitarra bi osagai dauzkan aleazioa da
  • aleazio hirutarra hiru dauzkana
  • eta abar.

Beste modu batera ere sailka daitezke, eraketa-metodoaren arabera:

  • ordezkapen-aleazioak osagaien atomo-tamaina antzekoa denean eta atomo batek beste bat ordezkatzen duenean sortzen dira
  • aleazio interstizialak osagai baten atomoak bestearenak baino askoz txikiagoak direnean eta atomo handiagoen arteko tarteetan sartzen direnean osatzen dira.

Adibidez, letoia, ordezkapen-aleazio bitarra da.

Industrian gehien erabiltzen diren aleazioak hauek dira:

  • Altzairua: Burdinazko aleazioa da, pisuaren %0,008 eta %1,7 arteko karbono kopuru aldakorrarekin. %1,7tik gora (%6,67ra arte) fundizio izatera igarotzen da.
  • Alnikoa: Batez ere kobaltoz (%5), aluminioz (%8-12) eta nikelez (%15-26) osatuta dago, baina kobrea ere izan dezake (%6), batzuetan titanioa (%1) eta gainerakoa burdina.
  • Alpaka: Aleazio hirutarra da, zinkez (%8-45), kobrez (%45-70) eta nikelez (%8-20) osatua.
  • Amalgama: Merkurioa eta beste metal baten arteko nahasketa da.
  • Brontzea: Kobrezko eta eztainuzko aleazio metalikos da, non lehena oinarria den eta bigarrena %3tik %20ra bitarteko proportzioan agertzen den.
  • Konstantana: %55 kobrea eta %45 nikela ditu.
  • Kupronikela: kobrezko aleazio bat da, nikela eta finkapenaren ezpurutasunak, hala nola burdina eta manganesoa.
  • Kuproaluminioa: Aluminio eta kobrezko aleazio bat da.
  • Letoia: Kobrea eta zinka.
  • Magala: magnesio aleazioa da, eta aluminioa (%8 edo 9), zinka (%1) eta manganesoa (%0,2) gehitzen zaizkio.
  • Magnama: Manganesoren aleazio bat da, aluminioa eta zinka gehitzen zaizkiona.
  • Nikroma: %80 nikela eta %20 kromoa dituen aleazio bat da.
  • Nitinola: titanioa eta nikela.
  • Peltrea: eztainuz, kobrez, antimonioz eta berunez osatutako aleazioa da.
  • Urre zuria edo elektroa: Urrezko aleazio bat da eta beste metal zuriren bat, zilarra, paladioa edo nikela gehitzen zaizkio.
  • Zamaka: bi elementuk edo gehiagok osatzen dute, eta horietako bat, gutxienez, metal bat da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «aleazio» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
  2. a b «alliage | frantses-euskara hiztegi elektronikoa | Nola Erran» www.nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
  3. C. Michael Hogan, (1969) Density of States of an Insulating Ferromagnetic Alloy Phys. Rev. 188, 870 - 874, [Issue 2 – December 1969
  4. [Betiko hautsitako esteka]. X. Y. Zhang and H. Suhl (1985) Phys. Rev. A 32, 2530 - 2533 (1985) [Issue 4 – October 1985

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]