Arlene Foster
Arlene Isabel Foster (Enniskillen, Ipar Irlanda, 1970eko uztailaren 17a) Ipar Irlandako politikaria da. Ipar Irlandako Lehen Ministroa izan zen 2016tik 2017ra eta 2020tik 2021era, eta Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) buruzagia 2015etik 2021era. Bi kargu horiek izan zituen lehenengo emakumea izan zen. Egun Erresuma Batuko Lorden Ganberako kidea da 2022tik, eta 2003tik 2021era Ipar Irlandako Biltzarreko kidea izan zen.
Foster Ipar Irlandako Gobernuan aritu zen Ingurumen Ministro gisa 2007tik 2008ra, Enpresa eta Inbertsioetarako Ministro gisa 2008tik 2015era arte eta Ogasun eta Langileria Ministro gisa 2015etik 2016ra arte. 2016ko urtarrilean, Foster Ipar Irlandako Lehen Ministro bihurtu zen, Martin McGuinnessekin Lehen Ministroorde bezala.
McGuinnessek Lehen Ministroorde kargua utzi zuen 2017ko urtarrilean, Fosterrek Enpresa eta Inbertsio Ministro gisa ezarri zuen energia berdearen egitasmoa zelarik. Egitasmo horrek ogasun publikoko 490 milioi libera kostatu zuen, eta horren inguruan ustelkeria salaketak izan ziren. McGuinnessek Fosterri Lehen Ministro kargua behin-behinean uztea eskatu zion, ustelkeria kasuan parte hartu ote zuen ikertzen ari ziren bitartean, baina ez zuen kargua utzi eta haren dimisioa eskatzen zutenei "misoginoak eta matxistak" zirela esan zuen. [1] Ostiral Santuko Hitzarmenaren arabera, Lehen Ministroa eta Lehen Ministroordea maila berdinean daude eta, beraz, Fosterrek ezin zuen Lehen Ministro karguan jarraitu. McGuinnessen dimisioak 2017ko Biltzarrerako hauteskundeak eragin zituen, eta bertan DUPek 10 eserleku galdu zituen. 2020ko urtarrilean Ipar Irlandako Lehen Ministro bihurtu zen berriz ere Sinn Féin eta DUPen arteko akordio batekin Gobernua berriro osatu ondoren.
2021eko apirilaren 28an, eskutitz publiko baten bidez DUPeko 20 biltzarkide eta MP baino gehiagok Fosterren lidergoarekiko konfiantza falta adierazi ondoren, alderdiaren buruzagi eta Lehen Ministro karguak utziko zituela ezagutarazi zuen. Edwin Pootsek ordeztu zuen DUPeko lider bezala, 2021eko maiatzaren 28an. [2] Fosterrek Lehen Ministro kargua 2021eko ekainaren 14an utzi zuen, eta Paul Givanek hartu zuen bere lekua hiru egun geroago. [3] 2021eko urrian biltzarkide gisa dimisioa aurkeztu zuen eta GB News telebista kate eskuindarreko aurkezle bihurtu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Cunliffe, Rachel. (2017/1/5). «By crying wolf over sexism, Arlene Foster undermines other women's achievements» The Daily Telegraph jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017/4/1).
- ↑ (Ingelesez) «Arlene Foster announces resignation as DUP leader and NI first minister» BBC News jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021/4/28).
- ↑ (Ingelesez) «Edwin Poots will not guarantee Irish language law this term» BBC News jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021/6/14).