Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Arteria koronario

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arteria koronario
Xehetasunak
Honen parteZirkulazio koronarioa
Kokapenabihotza
Identifikadoreak
FMA49893
Terminologia anatomikoa
Koroa-arteriak

Arteria koronarioa, koroa-arteria[1] edo bihotzeko arteria[1] bihotzeko ehunak hornitzen dituzten bi arterietako bakoitza da.[2] Arteria koronarioak miokardioa irrigatzen dutenak dira, berari oxigenoa eta elikagaiak emanez.

Bi arteria koronario nagusi daude: ezkerrekoa eta eskumakoa. Euren jatorria Valsalvaren sinua da, goranzko aortaren barruranzko gandor bat.

Hala ere, eskuineko koronarioa aorta balbaren eskumako balbularen eta sinuaren artean sortzen da eta ezkerrekoa, berriz, ezkerreko balbularen eta sinuaren artean. Bi hauek adarkatu eta bihotza odol-hodiz inguratuko dute. Arteria koronarioen funtzionamendu zuzena oso garrantzitsua da, bihotzaren odola ponpatzeko gaitasuna haren menpe dagoelako.

Koroa-arteria motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskumako koroa-arteria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuineko Valsalva sinutik sortzen da eta ere kalibrea 3,2mm ingurukoa da. Ezkerreko koronariak baino irrigazio zelai handiagoa dauka, aurreko zein atzeko zatiekin. Aurreko eremutik atzeko eremura pasatzeko ildo aurikulobentrikularretik bira bat ematen du, non altzo koronarioak partzialki estaliko duen, beraz, osotasunean ikusteko altzo koronarioa kendu egin beharko da. Bukaeran atzeko bentrikulu arteko beheranzko arteria ematen du. Azken hau bi zainekin loturik dago, ikusgarriagoa egiten duena. Kasu batzuetan bukaera hau bikoiztua egon daiteke.

Eskumako koronariaren adar kolateral aurikularrak eskumako aurikula irrigatzeko dira. Hauetatik garrantzitsuena ertz terminalaren arteria edo sinu atrioetako nodoaren arteria da. Nahiko nabaria da, eskuinetik irten eta aortaren hasieran eta eskuineko belarritxoaren artean kokatzen da. Honen amaiera goiko bena kabaren etorrera da. Kasu batzuetan adar hau zuzenean valsalva sinuetatik sortzen da baina ohikoena eskumako koronariotik sortzea da.

Eskumako eta ezkerreko koroa-arteriak, ematen dituzten adar ezberdinekin.

Bestalde, eskumako koronarioak adar kolateral bentrikularrak emango ditu ere. Hauek hiru zatitan bereiziko ditugu. Lehenengo zatia bihotzaren aurreko aurpegian kokatzen da. Atal honetan eskuin bentrikulurantz doazenak handienak dira eta eskuin bentrikuluaren aurreko aurpegiko zatirik handiena irrigatzen dute. Adar kolateral ezberdinak ditugu zati honetan baina nagusienak arteria infundibularra eta eskuineko bazter arteria dira. Arteria infundibularra edo kono arterialaren adarra birika arteriaren enborrean amaitzen da, ondorioz, honen hasiera ere irrigatuko du ertz suprabentrikularrarekin batera. Bestalde, eskuineko bazter adarra bihotzaren ertz zorrotzean (akutuan) ikusiko dugu. Bigarren zatia bihotzaren atzeko aurpegian kokatuta dago, ildo aurikulobentrikularrarena, alegia. Honek eskuineko bentrikulurantz doazen adar kolateralez gain ezker bentrikuluaren alde diafragmatikoaren zati bat ere irrigatzen du luzapen bati esker. Hirugarren atalean beheranzko atzeko edo bentrikulu arteko arteria dago. Arteria hau ildo aurikulobentrikularra eta bentrikulu arteko ildoa gurutzatzen diren gunean, bihotzaren gurutzean, jaiotzen da. Adar honek bigarren tramoa zeharkatzen duenez, bigarren tramoan angulazio bat sortzen da.

Ezkerreko koronaria-arteria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerreko koroa-arteria aortaren sinuan (Valsalvaren sinua) sortzen da, ezkerreko balbula sigmoideoaren goialdean. Beheranzko ibilbidea hartuko du birika arteriaren atzealdetik, zentimetro bateko ingurukoa, eta berehala ezkerreko atrioaren belarritxopean sartuko da. Bertan, atrioa odoleztatzeko adarrak emango ditu. Gainera, kasuen % 40an, sinu atrioetako nodoaren adarra ere emango du, bihotzaren eroapen sistemako nodo bera odoleztatuko duena.

Jarraian ezkerreko koroa-arteria bitan banatuko da, aurreko bentrikulu arteko adarra eta adar inguratzailea, hain zuzen ere, emanez. Aurreko bentrikulu arteko adarrak ezkerreko bentrikuluaren aurrealdearen eta alboaldearen gehiengoa odoleztatuko du. Lehenik eta behin arteria konoaren adarrak emango ditu, birika enborraren konoa odoleztatzeko. Normalean adar hauek eskumako koronaria arteriatik datozen izenkideekin anastomosatzen dira. Bigarrenik, aurreko bentrikulu arteko trenkada-adarrak irtengo dira, bentrikulu arteko trenkadaren aurreko ⅔ eta eroapen sistemaren atal diren atrio bentrikuluetako faszikuluak odoleztatzeko. Azkenik, ezkerreko eta eskumako bentrikulu adarrak ere sortuko dira, albo aurpegiaren odoleztapenaz arduratuko direnak ezkerreko bazter adarrarekin batera. Azken hau adar inguratzailetik eratortzen da. Ezkerreko bentrikulu adarra nabarmenagoa da, eta diagonala ere deritzo.

Bestalde, aipatutako adar inguratzailea ildo koronariotik bideratuko da, eta ezkerreko bentrikulua inguratuko du, atzeko ikuspegira helduz. Adar honek ezker atrio eta bentrikuluaren atze alboko aurpegiak odoleztatzen ditu, eta ezkerreko dominantzia egotekotan, baita ezkerreko bentrikuluaren aurre behealdea ere[3]. Hainbat adar emango ditu atrioarentzako, eta baita bentrikuluarentzako ere. Ertz kamutsera heltzean ezkerreko bazter adarra ematen du, gehienbat bentrikuluaren alboaldea odoleztatuko duena. Adar hau Apex-eraino hel daiteke, non aurreko bentrikulu arteko adarrarekin anastomosatuko den. Gainera, kasuen %15ean, adar inguratzailetik atzeko bentrikulu arteko adarra ere irtengo da.

Koroa-arterien banaketa[4]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominantzia orekatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuin eta ezker arteria koronarioek bihotzaren odoleztapenean pisu berbera dutenean, dominantzia orekatua dutela esaten zaio. Patroi hau, kasuen % 55-60an beteko da. Dominantzia mota honetan eskuineko arteria koronarioak atzeko bentrikulu arteko adarra emango du, atzeko bentrikulu arteko ildoa eta ezkerreko bentrikuluaren diafragma arteko zati bat irrigatuz.  

Hala ere, pertsona jakin batzuetan bihotzaren odoleztapenak patroi desberdinak jarrai ditzake: ezkerreko dominantzia eta eskumako dominantzia.

Ezkerreko dominantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerreko arteria koronarioaren adarrak nagusiagoak eta adarkatuagoak dira.

Kasu honetan, atzeko bentrikulu arteko adarra ezkerreko koronaria arteriaren adarra da ⎯eskuinekoaren adarra izan beharrean⎯. Beraz, ezkerreko koronariak ezkerreko bentrikulua eta tabike interbentrikularra irrigatzen ditu. Hau, kasuen % 15-25a izango da.

Eskumako dominantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskumako adarrek garrantzi handiagoa dute odoleztapenean.

Patroi honetan, ezkerreko koronariaren adarra den arteria inguratzailea askoz laburragoa da, eta  ez hain adarkatua; beraz, ez du ezkerreko bentrikuluaren atzeko pareta ia irrigatzen. Ondorioz, bai bentrikulu arteko trenkada bai ezkerreko bentrikuluaren diafragma aldeko pareta ⎯osotasunean⎯ eskuineko koronarioak irrigatzen ditu. Hau, gainontzeko %15-20 kasuetan gertatzen da.

Banaketa patroiaren azterketa bereziki garrantzitsua da arteroesklerosi koronario arriskua egotekotan. Izan ere, dominantzia handia duen koronaria bat itxi edo oztopatuz gero, bihotzekoaren eragina oso bortitza izan daiteke.

Arteriosklerosi koronarioa[5]

Arteriosklerosi koronarioa

Arteriosklerosia edo aterosklerosia, arterietan gantza, kolesterola eta beste hainbat substantzia metatzen direnean agertzen den patologia da. Metaketa hauei plaka deritze. Arteria osasuntsuak malguak eta elastikoak dira, baina denborak aurrera egin ahala, gogortuz doaz, eta plaka hauek arteriak estutu edo guztiz buxatu ditzakete. Horretaz gain, plakak apurtzekotan, odoluriak sortu daitezke eta arterietatik beste egitura batzuetara garraiatzeko arriskua dago.

Arterioesklerosiak normalean ez du sintomarik erakusten, odol fluxua guztiz eteten den arte. Arteria koronarioetan gertatzen denean, zelula kardiakoek, miokardiozitoek, oxigenoa eta mantenugaiak jasotzeari uzten diote, zeinak bihotz atake bat sor dezakeen. Koronarioetan arteroesklerosia izatean ager daitekeen sintoma bakarra bularreko angina da (bularrean mina edo presioa nabaritzea).

Patologia hau geldoa eta progresiboa da, eta aro pediatrikoan has daiteke sortzen. Arteriosklerosiaren jatorria idiopatikoa izan arren, jakina da arterien barne mintzean kalteak edo lesioak izateagatik sor daitekeela. Kalte horiek honako kausak izan ditzakete:

  • Kolesterol (LDL) maila altua
  • Triglizerido maila altua
  • Tabakismoa
  • Diabetesa edo obesitatea
  • Artritisak, lupusak edo beste gaixotasun eta infekzioek sortutako hantura

Arteriaren barne pareta kaltetu ostean, globuluak eta beste substantzia batzuk toki horretan bertan pilatzeko joera erakusten dute. Denbora pasa ahala, kolesterola eta gantzak ere kaltea jaso den tokian pilatzen dira; azken hauek gogortu eta arteriak estutuko dituzte.

Aipatutako kausez gain, adina, kirol gutxi egitea eta dieta ez osasungarria izatea (gantz altuko dieta) arrisku faktoreak direla frogatu dute hainbat ikerketek. Horregatik, azken bi faktore hauen gaineko ohiturek, patologia honen prebentzioan lagun diezagukete.

Aterosklerosiak konplikazioak sor ditzake gorputzeko eremu edota organo desberdinetan. Haietako baten adibide da kardiopatia iskemikoa. [5]

Kardiopatia iskemikoa [6][7]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kardiopatia iskemikoa heriotza tasa handiko patologia da. Arteroesklerosi koronarioaren ondorioz ematen da . Izan ere, miokardioa irrigatzen duten arteria hauek buxatuta edo oztopatuta egoten direnez, miokardiora iristen den odol-fluxua oso txikia edo nulua izango da. Beraz, kardiopatia iskemiko mota desberdinak emango dira, horien artean:

Miokardioko infartu akutua

Miokardioko infartuaren kasuan, arteria koronarioaren erabateko buxadura ematen da, gatzatze baten ondorioz. Beraz, odol fluxua oztopatuta dagoenez, arteria honek irrigatzen duen miokardio gunearen eta bertako kardiomioziotoen nekrosia emango da, zelulak oxigeno gabe geratuko baitira. Buxadura zein adarretan gertatzen den arabera, eragina larriagoa edo leunagoa izango da (adibidez sinu atrioetako nodoaren adarrean ematen bada, eragina oso bortitza izango da).

Miokardioko infartua bat-batean ematen da eta zenbait alerta-seinale adierazten ditu: bular aldeko mina (lepora, bizkarrera, sorbaldetara eta bi besoetara ere zabal daiteke), zorabioak, izerdi hotza, goragaleak, aire falta, etab.

Diagnostikoari erreparatuz, erabilienak elektrokardiograma eta odol-analisiak izaten dira. Elektrokardiogramari esker, bihotzaren ekintza elektrikoan alterazioak nabariko dira eta odol analisietan, aldiz, hainbat entzimen kontzentrazioek gora egin dutela ikusiko da.

Tratamenduari dagokionez, zenbait sendagai fibrinolitiko (koagulua desagerrarazteko), angioplastia eta bypass-a  erabil daitezke.

Bularreko anginaren kasuan, arteria koronarioaren buxadura partziala ematen da. Beraz, buxadura gertatu den arteriak irrigatzen duen miokardioari iritsiko zaion odol-fluxua urria izango da. Honek, miokardioan oxigeno gabezia iragankor bat eragingo du.

Alerta seinaleei dagokienez, bularreko mina, zorabioak, ondoez orokorra, izerdi hotza eta aire falta nabarmenduko dira. Hau da, seinaleak infartuarenaren antzekoak izango dira, baina desberdintasun adierazgarriena minaren iraupena izango da (15min inguru). Min hau, batez ere, kirola egitean edo urduri gaudenean agertzen da (oxigeno gehiago beharko baita) eta askotan, atseden egoeran desagertu egiten da.

Diagnostikoari dagokionez, odol analisi eta elektrokardiogramaz gain, esfortzu probak ere asko erabiltzen dira. Esfortzu probak oso garrantzitsuak izango dira kasu honetan.

Tratamenduari erreparatuz, infartuaren bide berdina jarraituko da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Zehazki - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  2. Euskalterm: [Kardiologia Hiztegia] [2015]
  3. (Gaztelaniaz) «Arterias Coronarias, Anatomía» www.my-ekg.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  4. (Gaztelaniaz) Sobotta, Johannes. (1988). Sobotta, Atlas de Anatomía Humana. Panamericana, 98 or. ISBN 3541028297..
  5. a b «Arterioesclerosis/ateroesclerosis - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  6. (Gaztelaniaz) Administrator. «Cardiopatía isquémica» Fundación Española del Corazón (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  7. r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726, r01eEF101135D3F04C4806230B827B80FC4755949557. (2019-04-11). «Miokardioko infartu akutua eta bularreko angina» www.osakidetza.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]