Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Bereterretxen khantoria

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea


Bereterretxen khantoria
Mikel Laboaren musika-lana
Egilea(k)Mikel Laboa
Sorrera-urteaXV. mendea
Argitaratze-data1870
Aurkitzailea edo asmatzaileaJean Jaurgain
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Tonoare minor

Bereterretxen khantoria[1] zubererazko balada herrikoi bat da, Zuberoako herriak belaunaldiz belaunaldi egun arte kantatu duena.[2] Ahozko tradizioan mantendu da eta Jean Salaberrik jaso zuen idatziz lehen aldiz, Chants populaires du Pays Basque liburuan (1870).[3] Haatik, balada bera XV. mendekoa litzateke, eta adituek kantorean deskribatzen diren gertaerak 1434-1449 urteen artean kokatzen dituzte.

Mikel Laboak 1964an eginiko bertsioagatik egin zen ezaguna Zuberoatik kanpo. Abestia oso ezaguna da, 'Euskal abesti herrikoien' artean 3. bisitatuena izan da Wikipedian (2015-2023).[4]

Disko formako an­tzinako hilarri batek oroitarazten digu Bereterretxeren herio­tza, Etxebarreko Ez­pel­doi etxe aurrean. 60 cm-ko altuera, 11 cm-ko sakonera eta 38-39 cm-ko diametroa ditu. Alde batean gurutze bat eta bertzean gizaki bat ditu. [5]

Hainbat hipotesi badira kantuaren jatorriari buruz.

Salaberrik Chants populaires du Pays Basque lanean dioenez, Beretxerretxe Iruriko kondearen aginduz hil zuten. Salaberriren ustez, Bereterretxek okerren bat egiteagatik erail zuen kondeak, edo bestela Ezpeldoiko Margaritaren maitasuna lortzearren.[3] Erran behar da Iruriko lehen kondea XVII. mendeko Arnaud Jean du Peyré izan zela, Louis XIII Frantziako erregearen bizkartzainen kapitaina eta Alexandre Dumasek Hiru Mosketariak liburuaren bidez ezagutarazi zuena.[5]

Jean Jaurgain ozaztarra ez dator bat hipotesi honekin. Quelques légendes poétiques du pays de Soule (1899) liburuan aipatzen du Beretxerretxeren amak Marisanz de Bustanobi zuela izena, XV. mendeko Zuberoan oso izen arrunta, baina ondotik erabiltzeari utzi ziotena.[5] Datu hori argudiotzat erabiliz, kantak XV. mendekoa izan behar duela ondorioztatzen du.[6] Haren erranetan, kantorean agertzen den kondea Luis Beaumontekoa zen, Leringo kondea. Hau Mauleko gobernadorea eta Gloucesterreko dukearen lotinanta izan zen 1434tik goiti. Jaurgainek, beraz, Bereterretxeren erailketa ahaide nagusien arteko gerlen testuinguruan kokatzen du.[3] Bestalde, Juan Carlos Gerrak Salaberrik jasotako aldaerak zahar itxura zuela azpimarratzen du, sustut lehen ahapaldiaren egiturak, eta aipatzen du Aramaio, Arrasate eta Sandailiako kantuen garaikidea litzatekeela. Jaurgainekin ados zen gertaerak 1434 eta 1449 urteen artean gertatu zirela errateko.[7]

Henri Gavelen iritziz, kantorearen doinua kantu gregorianoaren estilokoa denez, Berreterretxe ezin izan zuen Iruriko kondeak erail, hau 1634an bizi izan baitzen Mauleko gazteluan. Hori, egia esan, oso argudio eskasa da, garai jakin batean jasotako kantuaren melodiak ez baitu balio gertakizuna denboran kokatzeko.

\relative c' 
{\time 2/4 \key f \major
 d8(f16)  e16 d8 c8 f8 g8 a4    
 d4 d8 d8 c8  a16(bes16) c8 bes8 a2
 a8 a16 bes16 c8 a8  g16 f16 g16 a8 f8 d8
 g4 a8. g16 f8 d8 g8 f8 e2
 a8 a16 bes16 c8 a8  g16 f16 g16 a8 f8 d8
 g4 a8. g16 f8 g8 f8 e8 d2

}
\addlyrics 
{ 
Hal -- tzak  ez  dü  bi -- ho -- tzik,
Ez  gaz -- tan -- be -- rak  he -- zür -- rik.
Ez ni -- an us -- te e -- rrai -- ten zi -- e -- la ai -- tu -- nen se -- mek ge -- zur -- rik,
ez ni -- an us -- te e -- rrai -- ten zi -- e -- la ai -- tu -- nen se -- mek ge -- zur -- rik.
}

Baladak heriotza bortitz eta tragiko baten berri ematen du: beaumondarren leinuko buruzagi eta Leringo konde zen Luis Beaumontekoaren aginduz, Bereterretxe zaldun agaramontarra hil zutenekoa. Kontakizuna, beraz, ahaide nagusien arteko borroken garai odoltsuan kokatuta dago. Jaurgaineren iritzira, kanta 1434 eta 1449 artean egin zen, Leringo kondea garai hartan izan baitzen Mauleko gazteluko jauna.

Jatorrizko hitzak Euskara Batuan

Haltzak ez dü bihotzik,
Ez gaztanberak ezürrik.
Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezürrik.

Andozeko ibarra,
Ala zer ibar lüzea!
Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.

Bereterretxek oheti
Neskatuari eztiki:
«Habil, eta so egin ezan gizonik denez ageri».

Neskatuak ber'hala,
Ikusi zian bezala
Hiru dozena bazabiltzala borta batetik besteala.

Bereterretxek leihoti
Jaun Kunteari goraintzi:
Ehun behi bazereitzola, beren zezena ondoti.

Jaun Kunteak ber'hala,
Traidore batek bezala:
«Bereterrex, haigü bortala: ützüliren hiz berhala».

«Ama, indazüt atorra
Mentüraz sekulakoa!
Bizi denak orit ükenen dü Bazko gaüerdi ondoa!

Heltü nintzan Ligira,
Buneta erori lürrera,
Buneta erori lürrera eta eskürik ezin behera.

Heltü nintzan Ezpeldoira,
Han haritx bati esteki,
Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki.

Marisantzen lasterra
Bost mendietan behera!
Bi belaünez herrestan sartü da Lakarri-Büstanobila.

«Büstanobi gaztea,
Ene anaie maitia,
Hitzaz honik ez balinbada, ene semea joan da».

«Arreba, hago ixilik!
Ez otoi egin nigarrik
Hire semea bizi bada, Mauleala dün joanik.

Marisantzen lasterra
Jaun Kuntearen bortala!
«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie ene seme galanta?»

«Hik bahüena semerik
Bereterretxez besterik?
Ezpeldoi altean dün hilik; habil, eraikan bizirik...»

Ezpeldoiko jenteak,
Ala sendimentü gabeak!
Hila hain hüllan üken eta deüsere ez zakienak!

Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen da:
Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da.

Ezpeldoiko bukata,
Ala bukata ederra!
Bereterretxen atorretarik hirur dozena ümen da.

Haltzak ez du bihotzik,
Ez gaztanberak hezurrik.
Ez nuen uste esaten zutela aitonen semeek gezurrik.

Almandozeko ibarra
Hara ze ibar luzea!
Hirutan ebaki zidan armarik gabe bihotza

Bereterretxek ohetik
Neskameari eztiki:
- Joan hadi, eta begira ezan gizonik ageri denetz

Neskameak berehala,
Ikusi zuen bezala
Hiru dozena bazebiltzala ate batetik bestera

Bereterretxek leihotik
Jaun Kondeari goraintzi:
Ehun behi bidaliko zizkiola, bere zezena ondotik.

Jaun Kondeak berehala,
Traidore batek bezala:
«Bereterretx, hator atera: berehala itzuliko haiz».

Ama, ekar iezadazu atorra
Beharbada sekulakoa (azkena)!
Bizi denak oroituko du Pazko gauerdi ondokoa.

Heldu nintzen Ligira,
Txapela erori lurrera,
Txapela erori lurrera eta eskua ezin behera luzatu

Heldu nintzen Ezpeldoira,
Han haritz bati eseki,
Han haritz bati eseki eta bizia kendu zidaten

Mari Santzen lasterra
Bost mendietan behera!
bi belaunez arrastaka sartu da Lakarri-Büstanobira

«Büztanobi gaztea,
ene anaia maitea,
Hirekin ondo ez baldin badago, nire semea joan da».

«Arreba, egon hadi isilik
Ez mesedez egin negarrik
Hire semea bizi bada, Maulera dun joana.

Mari Santzen lasterraldia
Jaun Kondearen atera!
«Ai, ei, eta, Jauna non daukazue nire seme galanta?»

«Hik ba al huen semerik
Bereterretxez besterik?
Ezpeldoi aldean zegon hilik, jaso ezak bizirik».

Ezpeldoiko jendeak,
Hara, sentimendu gabeak!
Hila hain hurbil izan eta, deus ere ez zekitenak!

Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen da:
Bereterretxen odoletik esku bete biltzen ari da.

Ezpeldoiko bokata,
Hara bokata ederra!
Bereterretxeren alkandoretatik hiru dozena omen dira.

Luzaz ahozko tradizioan mantendu denez, hainbat aldaera ezberdin jaso dira idatziz.

Lehenengo aldaera Salaberrik argitaratu zuen Chants populaires du Pays Basque liburuan, 1870. urtean.[8] Resurreccion Maria Azkuek bi aldaera gehiago bildu zituen Ligin eta Santa Grazin, eta Cancionero Popular Vasco liburuan argitaratu 1923. urtean.[9][3] Gavelek 1924an argitaratu Bereterretxen Khantoria ikerketan aldaera faktizio bat sortu zuen Santa Grazi, Iruri eta Atharratzen bildutako aldaerak batuz.[3][10]

Horrez gain, Jon Mirandek bere aitari entzundako ahapaldi ezezagun bat eman zuen argitara EGANen 1961ean.[3][11]

Lakarra, Biguri eta Urgellen irudiko baladaren gai nagusia traizioa da:

(...) badirudi balada honen gaia, grosso modo, traizioa dela; izan ere, kunteak zaldun batek gerratean jarraitu behar dituen portaera arau guztiak hausten ditu: iluntasunean eta indar nagusitasunaz progotxaturik erasotzen dio etsai armagabeari, armak erabiltzeko debeku bikoitza dagoen gau batetan ("Tregua domini" eta "Pax domini") hain zuzen. Gainera, bere biktima engainatzen du etxea, haren babes bakarra, utz dezan. Zuzentasunaren haustura hau garaituaren amari mesprezuz zuzenduaz iseka egiten dionean betetzen da.[3]

Begoña Durrutyren arabera, lehen koplako metaforek agerian uzten dute jaun kondearen izaera bera traidorea eta faltsua dela:

Haltzaren zura biguna da; ez du bihotzik haritzak bezala; ongi dakite hori zurginek. Ez du sendotasunik. Euskal tradizio zaharreko hitz ematearen sendotasuna adierazten du haritzak; haltzak, aldiz, hitz faltsua. Gaztanberaren eta hezurraren arteko harreman sinbolikoa ere ildo berekoa da (...) gaztanbera izaera bigun traidorearen sinbolo; hezurra falta, noblezia edo aitonsemetasuna falta. Aitoren semeak (edo aitonen semeak) hitzekoak dira, euskal usadio zaharren arabera; beraz, jaun kondearen hitz faltsuek areagotu egiten dute aitorsemetasunari egindako laidoa (...)[12]

Mendekuaren gaia ere garrantzitsua dela gehitzen dute Lakarrak, Bigurik eta Urgellek: Margaritak Bereterretxeren odola eskuetan hartzen duelarik, adibidez, bai eta "Ezpeldoiko bukhataren" atorra kopurua aipatzen delarik. Haien hitzetan, atorra kopurua Bereterretxeren hiltzaileenarekin konpara liteke.[3] Ildo beretik, Durrutyk dio Bereterretxeren jarraitzaile edo lagun kopuruari eginen liokeela erreferentzia[12].

Bere komiki liburuko sarreran, marrazkien bidez azalduko duen istorioa honela laburbiltzen du Begoña Durrutyk:[2][12]

Koblaria deitore eginez hasten da, zerbait latza kontatzera baitoa: «Haltzak ez du bihotzik, ez gaztanberak hezurrik; ez nian uste erraten zutela aitonen semeek gezurrik. Almandozeko ibarra, hala zer ibar luzea! Hiruretan ebaki zidan armarik gabe bihotza»; hiruretan ebaki, erabat sastatu. Bereterretxek ohetik zerbait entzuten du, eta galdetzen dio neskameari begiratzeko ea gizonik ba ote dabilen inguruan. Neskatoak hiru dozena ikusi ditu ate batetik bestera, miaketan. Bereterretxek leihotik tratua eskaintzen dio jaun kondeari (biziaren truke noski): ehun behi eta zezena. Jaun kondeak, jaisteko, laster itzuliko dela. Bereterretxek, orduan, badaki ez dela itzuliko. Amari atorra egiteko eskatzen dio, hil-atorra beharbada; eguna eta ordua ematen ditu: Bazko gau erdia; eta izugarrikeria iragartzen du: jendeak oroituko du zer gertatuko den gau honetan. Badaramete Ligin narrena; han boneta erori, eta ezin jaso, loturik baitoa. Ezpeldoin, haritz bait estekatu, eta bizia lkentzen diote. Bitartean, ama, Marisantz, lasterka doa mendi ugari igaroz anaiaren etxera Lakarri Buztanobira; ezinean, belaunak herrestan dituela. Anaiaren laguntzarik ez badu, galdu du semea. Anaiak lasaiarazi egin nahi du: Maulera eramango zutela semea. Marisantz berriro lasterka doa jaun kondearen jauregiko atera, semeaz galdezka. Jaun kondeak destainaz erantzuten dio: «Badun Bereterretxez gainera beste semerik? Hoa, Ezpeldoin dun hilik; altxa ezan bizirik». Ezpeldoiko jendea izuak jota egongo da noski etxe barruetan gordea; hilketa hain gertu, eta ez jakinarena egin. Margarita, aldiz, bakar-bakarrik ari da Bereterretxeren odola ahurka biltzen. Koblariak azken kopla batez ematen dio errematea istorioari: Ezpeldoiko arropa garbitzea ederra izango da. Bereterretxen atorrak hiru dozena dira. Azken kopla horren esanahia ulertzea ez da erraza: esan izan da Bereterretxe ez zela edonor eta asko zituela bere alde. Behar bada, adierazi nahi da Bereterretxeren askazia ez dela galduko: lagun asko dituelako. Ala Margaritaren sabelean jada hazia ereina duelako?

Eragina eta lan eratorriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereterretxeren Khantorea Euskal Herri osoan da ezaguna eta euskal kulturan eragin nabarmena ukan du.

1964. urtean Mikel Laboak Bereterretxen khantoriaren bertsio bat moldatu zuen. 1990an, berriz, Iñaki Mendiguren idazleak Haltzak ez du bihotzik baladaren lehen hitzak moldatu zituen Haltzak badu bihotzik bere lehen eleberriari izena emateko.[13] 1994. urtean Amaia Ezpeldoi detektibea pertsonaia nagusi duen Bakean utzi arte eleberria argitaratu zuen Itxaro Bordak,[14] eta geroztik Ezpeldoi detektibea Bordaren hainbat eleberri eta ipuinetan agertu da.

Begoña Durrutyk 2017an Bereterretxeren kanthoria komiki liburua argitaratu zuen.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b Haristoy, Aines. Bereterretxeren Kanthoria, Begoña Durruty. Gure irratia - Internet Archive (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  3. a b c d e f g h Lakarra Andrinua, Joseba. (D.L. 1983). Euskal baladaren azterketa eta antologia. [Bigarren liburua. ] Hordago ISBN 84-85795-29-6. PMC 1099431448. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  4. «Euskal abesti herrikoi bisitatuenak Wikipedian (Massviews Analysis)» pageviews.wmcloud.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-10).
  5. a b c Les stèles discoïdales et l'art funéraire basque : Hil Harriak.. Lauburu 2004 ISBN 2-913156-55-X. PMC 60596072. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  6. Jaurgain, Jean de. (1992). Quelques légendes poétiques du pays de Soule. C. Lacour ISBN 2-86971-699-0. PMC 31967372. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  7. (Gaztelaniaz) Guerra, Juan Carlos de. (1924). Los Cantares antiguos del euskera : viejos textos del idioma / por Juan Carlos de Guerra.. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  8. (Frantsesez) Chants populaires du pays basque : paroles et musique originales. Numéro 3 / recueillies et publiées, avec une traduction française par J.-D.-J. Sallaberry,.... 1870 (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  9. (Gaztelaniaz) Azkue Aberásturi, Resurrección María de. (1923). Cancionero popular vasco / de Resurrección Ma. de Azkue y dedicado a su amigo D. Ramón de la Sota y LLano.. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  10. Gavel, Henri. (1924). Bereterretxen khantoria. .
  11. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Berterretxen kantuaz oharpen bat - Liburutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  12. a b c d Durruty, Begoña. (L.G. 2017). Bereterretxeren kanthoria. Denonartean ISBN 978-84-16791-54-5. PMC 1123010006. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  13. Mendiguren, Iñaki. (1990). Haltzak badu bihotzik. Elkar ISBN 84-7529-910-5. PMC 932575210. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  14. «Susa literatura - Bakean ützi arte» susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Bereterretxen khantoria

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]