Bint-Anat
Bint-Anat | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Egipto, K.a. XIII. mendea |
Herrialdea | Antzinako Egipto |
Heriotza | Egipto, K.a. XIII. mendea ( urte) |
Hobiratze lekua | QV71 (en) |
Familia | |
Aita | Ramses II.a |
Ama | Isetnofret |
Ezkontidea(k) | Ramses II.a |
Haurrideak | ikusi
|
Leinua | Egiptoko XIX. dinastia |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Bint-Anat edo Bintanat (K. a. 1282-K. a. 1210) Egiptoko XIX. dinastiako printzesa eta erregina bat izan zen. Bere izenaren beste aldaera batzuk Bentanat, Bentanath, Bintanth eta Bent-Anat dira.
Bint-Anat Ramses II.aren lehen alaba izan zen, faraoiak hogei urte oraindik bete gabe zituenean eta bere aita Seti I.arekin gobernatzen zuenean jaio zena. Garai hartan, historiako faraoirik ospetsuena bihurtuko zenak bi emazte nagusi baino ez zituen, ondoren Errege Emazte Handi izango zirenak, Nefertari eta Isis-Nefert. Bint-Anat, faraoiak izan zituen berrogeitamar alaben artean lehena baino izan ez zena, Isis-Nefertekin izan zuen, ziuraski Ramsesen lehen maitea izan zena, baina ondoren Nefertarik alboratua.
Bint-Anat oso izen bitxia da, kananear jainkosa baten izena bait du, Anat, Ramsesek biziki gurtzen zuena eta bere agintaldian kontu handian izan beharreko jainkosa bihurtu zena. Anat Egipton Osirisen hiltzailea eta ekaitzen jauna zen Sethen ohaide bihurtuta sartuko zen maitasunaren eta gerraren patroi basati bat zen. Errege familiako kide batek Anat izena zuenez, bere gurtzaileak ugaritzen joan ziren, hiriburu berria zen Pi-Ramsesen bere omenezko tenplu bat izateraino.
Bint-Anat Ramses II.aren alabarik ezagunenetako bat den arren, gauza gutxi ezagutzen da berari buruz. Bere aitaren erregealdiko 25 eta 30. urteen bitartean honekin ezkondu eta Errege Emazte Handi bihurtu zela ondo dokumentatua dago. Gertaera bitxi hau ziuraski Isis-Neferten heriotzaren ondorioz izango zen, eta bere alaba nagusia arduratuko zen bere funtzio guztietan ordezten. Gauza bera gertatu zitzaion bere ahizpaorde zen Meritamoni, Nefertariren alaba nagusia zena, hau hiltzean ordeztu zuena. Hala, Ramses II.aren erregealdiko 30. urtea baino lehen erreginen artean belaunaldi aldaketa bat gertatu zen: Isis-Nefert eta Nefertariren heriotzak euren alaba Bint-Anat eta Meritamongatik ordezkatuak izan ziren. Bi ahizpa hauek euren senar eta aita zen Ramses II.aren agintaldi luzeko bigarren erdiko Errege Emazte Handi garrantzitsuenak izan ziren, baina ez bakarrak, faraoia hitita printzesa batekin eta beste zenbait emakumerekin ezkondu zen, baina horietako bakar batek ere ez zituen estatu eta erritu funtzioetan Meritamon eta Bint-Anat gaindituko.
Bint-Anat agertzen den tokiak urriak diren arren, dokumentatua dago aita eta alabaren artean izandako alaba bat behintzat, beharbada Bint-Anat II.a deitua, beranduago Bint-Anat I.aren anaia txikia zen Merenptah faraoiaren Errege Emazte Handia izango zena. Baina, honetaz gain, gauza gutxi gehiago eman ditzake erregina honen hilobiak, Erreginen Haranean QV71 bezala katalogatua dagoena.
Bint-Anati buruz ezagutzen den azken gauza Ramses II.a hil ondoren bizirik jarraitu zuen honen seme-alaba gutxietako bat izan zela da. Bere alaba nagusia zen arren, emakume honek bere anaia Merenptahren erregealdira osasun egoera bikainean iristea lortu zuen. Hirurogeitamar urte izango zituen gutxienez, eta litekeena da Merenptahren erregealdiaren amaierara ez iristea, hortik aurrera ez baitago Bint-Anaten aipamen gehiagorik. Beharbada, Ramses II.a Handiaren Errege Emazte Handien artean hil zen azkena izan zen.
Bint-Anat literaturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bint-Anat eta Ramsesen arteko harremanean dago girotua Philipp Vandenberg alemaniar idazlearen "Kakalardo berdea" eleberria. Bertan, Bint-Anaten hilobiaren aurkikuntza aurkezten da, Abu Simbeleko hondakinen artean ezkutatua 1960ko hamarkadan. Sobietar zerbitzu sekretuez jositako eta Asuango presaren eraikuntzaren ondorioz antzinekotasun ugari urpean geratzeko mehatxupean zeuden Egipto batean, Bint-Anaten berraragitze berri bat (hemen Bentanat deitua) munduan zehar dabil.
Eleberri honetan Bint-Anat hititen soldatapeko espioi bat zela dioen teoria planteatzen da, eta bere aita-senarrak agerian uzten duenean damnatio memoriaera zigortua izan zena, bere aipamen oro ezabatua izatera alegia, eta Abu Simbelen tontorretik jaurtia izan zela. Jakina, guzti hau eleberria baino ez da, ondo dokumentatua baitago bere aita hil ondoren oraindik bizirik zirauela, eta, gainera, bere izenak ez zuela Akenaton eta Hatshepsutenak jasan zuten jazarpenik jasan.