Charles Sanders Peirce
Charles Sanders Peirce (Cambridge, Massachusetts, AEB, 1839ko irailaren 10a - Milford, Pennsylvania, AEB, 1914ko apirilaren 19a) Estatu Batuetako zientzialaria, filosofoa eta logikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kimika-ikasketak egin zituen Harvardeko unibertsitatean. Astronomia-lanak egin zituen, fotometriazkoak batez ere (1878, Photometric Researches). Pendulua erabiliz Lurraren neurketak eta grabitatearen azterketak egin zituen. 1867an Ameriketako Arteen eta Zientzien Akademiako kide hautatu zuten, 1877an Zientzietako Akademia Nazionalekoa eta 1880an Londresko Matematika Elkartekoa.
Lan gehienak fisikaren alorrean egin zituen arren, logika izan zuen Peircek gairik gustukoena. Logika hartu zuen filosofia-ikerketa guztien oinarritzat. Semiotikarekin lotu zuen logika, eta biak batera aztertu zituen (A System of Logic, Considered as Semiotic). Ideia baten esanahia ideiak berak dituen ondorioak aztertu ondoren erabaki zitekeela proposatu zuen; ikerketa bide horri pragmatismo izena eman zion. Bizi izan zen bitartean bere lanak ez ziren ezagutzera eman. Saiakera nagusiak: Chance, Love, and Logic (1923, "Zoria, maitasuna eta logika") obran agertu ziren, egilea hil ondoren; eta 1931-1958 bitarteko urteetan argitaratu zen Peirceren obren bilduma.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Sanders Peirce |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.