Eid al-Adha
Eid al-Adha | |
---|---|
Senegalgo musulmanak sakrifizio errituala egiterakoan. | |
Izen ofiziala | Eid al-Adha |
Esanahia | Sakrifizioaren jaialdia |
Hasiera | Dhu al-Hijjah hilaren 10. egunean |
Amaiera | Dhu al-Hijjah hilaren 13. egunean |
Data | |
Data | 10 Dhu al-Hijjah (en) |
Ospakizunak | Otoitzak, sakrifizio errituala, karitatea, otordu sozialak, opariak |
Harremanak | Hajj; Eid al-Fitr (70 egun beranduago) |
Eid al-Adha (arabieraz: عيد الأضحى, ʿīd al-ʾaḍḥā, ʕiːd ælˈʔɑdˤħæː ahoskatua; euskaraz: «Sakrifizioaren jaialdia») edo Eid Qurban (persieraz: عيد قربان), Abrahamek bere semea sakrifikatzeko nahia erakutsi zuela ospatzeko jaialdi musulmana da. Musulmanen jai nagusia da hau.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Festa honekin musulmanek zera gogoratu nahi dute: Islamak mendekotasun esan nahi duela. Koranen eta Bibliaren arabera Abrahamek (arabieraz: Ibrahim) Jaungoikoaren aurrean haren mendekotasuna erakutsi zuen hark Isaak semea sakrifikatzeko eskatu zionean.[1] Tradizioaren arabera, azkenean, Abrahamek semea hiltzeko besoa altxatu zuenean Jaungoikoak gerarazi zuen. Abrahamek orduan, Jaungoikoari bere esker ona erakusteko, ahari bat hil zuen. Eid al-Adha festan musulmanek sakrifizio hura errepikatzen dute euren animaliak hiltzen, Islameko festa nagusian. Gaur egun hiltzen den animalia arkumea izanik, izen horrekin ere ezagutzen da herrialde batzuetan, Arkumearen eguna, alegia.[2]
Koranen arabera, Abrahamen semea Ismael da, ez Isaak. Ismael Agar esklaboaren semea zen.[3]
Ospakizunaren eguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egutegi gregorianoan Eid al-Adha festak ez du egun finkorik. Dhu al-Hijjah hilabetean ospatzen da, "erromesaldiaren" hilabetean. Islamiar egutegiaren hamabigarren hilabetean da hori, hilabetearen hamargarren egunean, Eid al-Fitr hirurogeita hamar egun pasa ondoren. Islamiar egutegia ilargiaren araberakoa denez, urtea eguzkiaren araberakoa den gregoriotar egutegia baino hamabost egun laburragoa da. Horrexegatik Dhu al-Hijjaha ez da urtero gregoriotar egutegiko egun berean hasten eta eguna urtero ez da egun bera.[4]
Sakrifizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohitura zera dio: Eid al-Adha egunaren goizean, eguzkia atera ondorengo hogei minutu pasa eta gero, otoitz berezia egina, familiaren buruak animalia hil behar du. Hori horrela da herrialdean legalki hori egiteko aukera baldin badago; bestela harakinak edo beste batek egin dezake.
Animalia hiltzeko musulmanen erritoa bete behar da: ahalik eta min gutxien sortuz, animaliaren burua Mekari begira eta gorputzaren odol guztia ateraz. Horrela egin ezkero, haragi hori halal gisa onartzen da.
Animalia mota askotakoa izan daiteke: ardia, behia, zezena, ahuntza, dromedarioa, gamelua... Dena dela, ohikoena ardia edo behia da. Bovinae familiakoa baldin bada, gutxienez bi urte izan behar ditu. Ardiek gutxienez sei hilabete, egokiena gutxienez urte betekoa izanik. Osasuntsu egon behar dira animaliak eta akats fisikorik gabekoak; animalia zikiratuak ere onartuak dira sakrifiziorako.
Sakrifizioa egin ondoren haragia hiru zatitan banatzen da: bat animalia hil duen pertsonentzako, bestea senide eta auzokideentzat eta hirugarrena behartsuentzat.[5]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Meskitetan otoitz bereziak egiten dira.
-
Familia giroko festa handia da.
-
Kaleetan giro handia izaten da.
-
Sakrifizioaren prestaketa. Milaka animaliak akabatzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Bate, John Drew. (2009). An Examination of the Claims of Ishmael as Viewed by Muḥammadans. BiblioBazaar ISBN 978-1117148366..
- ↑ https://www.webislam.com/articulos/40378-id_mubarak_feliz_id_al_kabir.html[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ https://www.univision.com/local/nueva-york-wxtv/que-es-el-eid-al-adha-y-por-que-es-tan-importante-para-los-musulmanes
- ↑ Barlow, M. Pepin (Diciembre de 1996). «Young moons and the Islamic calendar». Sky & Telescope (en inglés) (F + W Media) 92 (6): 106. ISSN 0037-6604. «By tradition, each of the 12 lunar months of the Islamic calendar, or Hijri, begins the day after a declared sighting of the young crescent Moon. No intercalation is done, and the months are unrelated to particular seasons. Thus the Islamic year works out to be approximately 11 days shorter than the Gregorian year.»
- ↑ https://oumma.com/laid-al-adha-fete-sacrifice-sens-finalites-regles-questions-pratiques/
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste erlijio monoteisten festa nagusiak:
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Sakrifizioaren eguna.
- (Frantsesez):Festaren eta sakrifizioaren arauak.
- (Gaztelaniaz):Festaren garrantzia musulmanentzat.