Alemaniako Errepublika Demokratikoa
Alemaniako Errepublika Demokratikoa Deutsche Demokratische Republik | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1949 – 1990 | |||||||||
Errepublika sozialista | |||||||||
| |||||||||
Ereserkia "Auferstanden aus Ruinen" Fitxategi:Auferstanden aus Ruinen (Instrumental).oga Goiburua Proletarier aller Länder, vereinigt Euch! | |||||||||
Alemaniako Errepublika Demokratikoaren kokapena | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Berlin | ||||||||
Biztanleria | 18.388.000 (1950) 17.068.000 (1970) 16.111.000 (1990) | ||||||||
Azalera | 108.333 km² | ||||||||
Ekonomia | |||||||||
Dirua | AEDko markoa | ||||||||
Historia | |||||||||
Sorrera | 1949ko urriaren 7a | ||||||||
Iraultza baketsua | 1989ko urriaren 13a | ||||||||
Alemaniaren bateratzea | 1990eko urriaren 3a | ||||||||
|
Alemaniako Errepublika Demokratikoa[1] (alemanez: Deutsche Demokratische Republik, DDR), Ekialdeko Alemania ere deitua, Erdialdeko Europako antzinako estatu sozialista izan zen, 1949-1990 bitartean iraun zuena. 108.333 kilometro koadroko eremua hartzen zuen, eta 16,1 milioi biztanle zituen 1970ean. Berlin zen hiriburua.[2]
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldean Alemaniako Errepublika Federala zuen; hegoaldean, Txekoslovakia; ekialdean, Polonia eta iparraldean, Itsaso Baltikoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako Errepublika Demokratikoa Bigarren Mundu Gerraren ostean Sobietar Batasunak okupatutako Alemaniako eremua izan zen. 1949ko urriaren 7an aldarrikatu zen Ekialdeko Berlinen. 1954an estatu subirano izendatua izan zen baina, Potsdameko Konferentzian adostutakoari jarraiki, sobietar tropak bertan geratu ziren. Mendebaldeko Alemanian, berriz, Estatu Batuetako tropak geratu zirenez, Gerra Hotzaren agertoki garrantzitsua izan zen. 1955ean, Varsoviako Itunaren sinatzaileetakoa izan zen.
Ekialdeko alemaniarrek Mendebaldeko Alemaniara ihes egin ez zezaten, Berlingo Harresia eraiki zuten 1961ean. 1989an, erregimen komunistaren kontrako manifestazio jendetsuak izan ziren; ondorioz, Erich Honecker presidenteak dimisioa eman zuen, eta Alemanien arteko mugak ireki ziren, Berlingo Harresia barne.[3] 1990eko urriaren 3an, Mendebaldeko Alemaniarekin batu zen, autodeterminazio eskubidea erabilita.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako Alderdi Sozialista Batuak agindu zuen Ekialdeko Alemanian 1949-1990 bitartean. 1949tik 1960ra "DDRko presidentea" izan zen herrialdeko agintari gorena; 1960tik aurrera, "DDRko Estatu Kontseiluko presidentea"-k hartu zuen eginkizun hori:
Izena | Kargua | Agintaldia |
---|---|---|
Wilhelm Pieck | Errepublikako presidentea | 1949ko urriak 11 - 1960ko irailak 7 |
Walter Ulbricht | Estatu Kontseiluko presidentea | 1960ko irailak 12 – 1973ko abuztuak 1 |
Willi Stoph | Estatu Kontseiluko presidentea | 1973ko urriak 3 - 1976ko urriak 29 |
Erich Honecker | Estatu Kontseiluko presidentea | 1976ko urriak 29 – 1989ko urriak 18 |
Egon Krenz | Estatu Kontseiluko presidentea | 1989ko urriak 18 – 1989ko abenduak 6 |
Manfred Gerlach | Estatu Kontseiluko presidentea | 1989ko abenduak 6 – 1990eko apirilak 5 |
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, sobietarrek kontrolatutako bost estatu edo länder zeuden Alemaniaren ekialdean: Brandenburgo, Mecklenburg-Aurrepomerania, Saxonia, Saxonia-Anhalt eta Turingia: Bost estatu horiek, Ekialdeko Berlinekin batera, Alemaniako Errepublika Demokratikoa osatu zuten 1949an.
1952an, länder-en araberako banaketa bertan behera gelditu zen, eta bezirke edo barrutitan banatu zuten herrialdea. Barruti bakoitza hiri nagusiaren arabera izendaturik zegoen:
- Rostock
- Schwerin
- Neubrandenburg
- Magdeburg
- Potsdam
- Berlin
- Frankfurt Oder
- Cottbus
- Halle
- Erfurt
- Leipzig
- Dresden
- Karl-Marx-Stadt (Karl Marx hiria, Chemnitz 1953 arte eta 1990etik aurrera)
- Gera
- Suhl
1990ean, länder-ak berriro indarrean ipini eta Alemaniako Errepublika Federalekoekin batu zituzten. Land bakoitza barrutitan (kreise) banatu zuten, Mendebaldeko Alemanian egiten zen bezala, eta bezirke-ak bertan behera utzi zituzten.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerraren ondoren eta Errepublika Federalarekin bat egin artean, Errepublika Demokratikoko ekonomia sozialistak produkzio sektore guztien nazionalizazioa zuen oinarri. Bizi maila Mendebaldeko Alemaniakoa baino apalagoa izanik ere, Ekialdeko Europako beste herrietakoa baino hobea zen. Nekazaritzan, ez baitzen planifikazioan gehien zaintzen zen alderdia, eskulanaren % 18ak ziharduen. 1946tik aurrera bultzaturiko nekazaritzaren erreformak (junker edo jabetza handien nazionalizazioa, 100 hektareatik gorako jabetzen zatiketa eta kooperatiben sortzea) eman zituen emaitzak industria arlokoak baino askoz ere apalagoak izan ziren. Laborantza eremuak lurralde osoaren % 58,8 hartzen zuen, eta basoek % 27. Patata, garia, garagarra, zekalea eta azukre erremolatxa ziren produktu nagusiak.
Langilegoaren erdia estatuko jarduera nagusia zen industrian aritzen zen. Energia baliabideen artean, lignitoaren ekoizpenak garrantzi handia zeukan. Petrolioa Sobietar Batasuna osatzen zuten estatuetatik heltzen zen oliobidez, eta indar elektrikoak jatorri termikoa zuen gehienbatean. Industria nagusia kimikoa zen; siderurgia oso garaturik zegoen, eta industria mekanikoa Ekialdeko Europako garrantzizkoena zen, Sobietar Batasunekoaren ondotik. Doitasun mekanika, itsas ontzigintza eta ehungintza ziren beste industria arlo aipagarriak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2020/7/21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ «Alemaniako Errepublika Demokratikoa» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
- ↑ Alemaniako Errepublika Demokratikoa. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2020-7-21).