Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Eldarnio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau uste faltsuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Delirio (argipena)».
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Eldarnio
Deskribapena
Motathought disorder (en) Itzuli
EspezialitateaPsikiatria
psikologia
Arrazoia(k)Delirio-nahasmendua
Psikosi
Identifikatzaileak
DiseasesDB33439
MedlinePlus000740
eMedicine000740
MeSHD003702

Psikiatrian eta psikologian, eldarnio uste edo sinesmen faltsua da, kanpoko errealitatearen interpretazio oker eta pertsonalean oinarritua, pertsonaren adimen eta kultura-mailarekin bat ez datorrena. Uste hori ez du ezein tradizio kultural edo erlijiosok partekatzen, eta ezin zuzendu daiteke arrazoibide logikoarekin.[1] Ez da delirium sindromeekin nahasi behar.

Eldarnioa ez da berez gaixotasun edo nahaste mentaltzat hartzen. Hala ere, gaitz psikologiko ugariren sintoma da, hala nola nahasmendu bipolarra, eskizofrenia, mania edo depresio psikotikoa. Eldarnioak irauten duen bitartean, pertsonaren egoera mentalak aldaketa ugari jasaten ditu. Horien ondorioz, pazienteak nahasmendu-sentsazioak eta jokabide-alterazioak bizi ditu [2].

4 eldarnio mota bereizten dira:

  • Bitxiak (bizarre): oso eldarnio arraroa eta guztiz sinesgaitza da pertsonaren kulturarekin bat ez datorrena. Adibidez, estralurtarrek garuna erauzi diotela pentsatzea.
  • Ez bitxiak (non-bizarre): edukia okerrena denean, baina gutxienez posible dena. Esaterako, kaltetutako pertsonak uste izatea poliziaren etengabeko zaintzapean dagoela.
  • Kongruente: aldartearekin bat datorren eldarnioa, bere edukia egoera depresibo edo maniako batekin bat dator. Adibidez, deprimituta dagoen pertsona batek mundua amaitzen ari dela ustea, edo egoera maniakoan dagoen pertsona batek gaitasun bereziak edo pertsona ospetsua dela ustea.
  • Inkongruente: aldartearekiko inkongruentea den eldarnioa, bere edukia egoera deprimitu edo maniako batekin koherentea ez denean edo aldartearekiko neutrala den edozein delirio da. Adibidez, deprimitutako pertsona batek uste du kanpoko indar, pertsona edo talderen batek pentsamenduak txertatzen dizkiola buruan, eta pentsamendu horiek ez dira pertsonaren pentsamendu propiotzat hartzen[3].

Kategoria horiez gain, eldarnioak gaiaren arabera sailkatu ohi dira. Eldarnioek edozein gai izan dezaketen arren, gai batzuk arruntagoak dira. Hauek dira ohikoenetako batzuk:

  • Pertsekuziozko eldarnioa: norbait edo zerbait bere kontra konspiratzen ari den ustea, jazartzen edo nolabait min egiten saiatuz.
  • Handitasun eldarnioa: norberak errealitatearen oso gainetik dauden ahalmenak, trebetasunak edo estatusa dituen ustea. Adibidez, pertsonaia historikoa, erlijiosoa edo munduko liderra izatearen ustea.
  • Erreferentziako eldarnioa: objektu, gertaera edo pertsona jakin batzuk norbanakoarekin esanahi berezia duten edo nolabait erlazionatuta dauden ustea, benetan ez daudenean.
  • Eldarnio somatikoa: gaixotasun edo afekzio fisiko larriren bat duen ustea, sarritan gorputzeko pertzepzio okerretan edo sintoma fisikoen interpretazio okerretan oinarritua.
  • Jelosia eldarnioa: bikotea desleiala denaren ustea, oinarririk gabeko ustea, askotan kezka, susmo eta zaintza-portaera konpultsiboarekin batera.
  • Eldarnio erotomaniakoa: pertsona bat, normalean gizarte-estatus handiago edo ospetsu bat, norbanakoarekin maiteminduta dagoen ustea, hori babesten duen ebidentzia objektiborik ez dagoen arren.
  • Eldarnio erlijiosoa: Jainko edo botere erlijioso batekin harreman berezia edo zuzena izatearen ustea, askotan profeta, mesias edo jainkotiar hautatua izatearen ustearekin lotua.
  • Kontrol-eldarnioa: norbanakoaren pentsamenduak, sentimenduak edo ekintzak kanpoko indarrek edo erakundeek kontrolatzen dituztela sinestea, hala nola estralurtarrek, gobernu sekretuek edo teknologia aurreratuek.[4]

Eldarnioen kausak azaltzea erronka bat da oraindik, eta hainbat teoria garatu dira.[5] Lehena, teoria genetikoa edo biologikoa da, eldarnio-nahasmendua duten pertsonen gertuko senideek eldarnioak izateko arrisku handiagoa dutela baieztatzen duena. Beste teoria bat prozesamendu kognitibo disfuntzionala da, eldarnioak pertsonek bizitza beren buruari azaltzeko duten modu distortsionatuagatik sor daitezkeela baieztatzen duena. Hirugarren teoriari eldarnio motibatuak edo defentsiboak deritzo. Honek dio, pertsona batzuk eldarnioak jasan ditzaketela bizitzari aurre egitea eta autoestimu altua mantentzea erronka bat bilakatzen denean. Norbere buruaren ikuspegi positiboa mantentzeko, beste indibiduo  batzuk ikusten ditu zailtasun pertsonalen kausa gisa.[6]

Ohikoagoa izaten da entzumen- edo ikusmen-arazoak dituzten pertsonen artean. Gainera, faktore estresatzaile jarraituak eldarnioak garatzeko aukera handiagoarekin lotu dira. Faktore estresagarri horien adibideak immigrazioa, maila sozioekonomiko baxua eta, beharbada, eguneroko erronka txikiagoen pilaketa dira[7].

Hala ere, ikusi da eldarnioen kausa nagusia gaixotasun fisiko edo mentalak direla, oro har, aldi baterakoa eta itzulgarriak izaten dira. Nahasmendu askok eldarnioak eragiten dituzte. Sarritan, gaixotasunek ez diote uzten garunari oxigenoa edo beste substantzia batzuk jasotzen. Honek era berean, burmuinean kimiko arriskutsuak (toxinak) pilatzea ere eragin dezake. Eldarnioa ohikoa da zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU), bereziki adineko pertsonetan [8].

Kausa ohikoenak honako hauek dira:

Arrisku-faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospitaleratzea dakarren edozein gaitzek eldarnio-arriskua areagotzen du. Batez ere, pertsona bat kirurgia batetik sendatzen ari denean edo zainketa intentsiboetan dagoenean gertatzen da. Eldarnioa ohikoagoa da helduetan eta zaharren egoitzetan bizi diren pertsonetan.

Eldarnioa izateko arriskua areagotu dezaketen beste gaitz batzuen adibide batzuk honako hauek dira:[9]

Fisiopatologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eldarnioan inplikatutako fisiopatologia ez da oso ezaguna. Aurretiko egoera neurobiologiko kaltebera baten eta eragile abiarazle edo prezipitatzaile baten edo batzuen elkarreraginaren emaitza da. Eragile horiek mekanismo neuropatogenikoen bidez jarduten dute, baina oraindik ez dira oso ezagunak: burmuineko metabolismo oxidatiboa murriztea, estres-egoeren aurrean erantzun neuroendokrinologikoa ematea eta zitokinak askatzea. Prozesu horiek elkarri eragin diezaiokete, eta garun-disfuntzioa sor dezakete, kontzientzia-mailari eta arretari eusteaz arduratzen diren egitura kortikalei eta azpikortikalei eragiten diena.

Hainbat hipotesi proposatu dira, baztertzaileak izan beharrean osagarritzat jo daitezkeenak. Nagusiak, oxigeno-gabeziaren hipotesia, neurotransmisoreen hipotesia eta hipotesi inflamatorioa dira.

Oxigeno-gabeziaren hipotesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burmuinean metabolismo oxidatiboa gutxituz gero, garun-disfuntzioa sortuko litzateke, neurotransmisoreen sistema desberdinetako alterazioen ondorioz. Era berean, burmuinaren hipoxiak azetilkolinaren ekoizpena murriztea eragin dezake.

Neurotransmisoreen hipotesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzio kolinergikoaren defizita eta jarduera dopaminergikoaren gehiegizko aktibitateak, termino absolutuetan edo bien arteko oreka erlatiboan, delirioen agerpenean inplikatutako alterazio neurokimiko ohikoenak eta garrantzitsuenak dira; serotonina, histamina, GABA edo glutamatoa bezalako neurotransmisoreak inplikatuta daude maiz.

Hantura-hipotesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minaren, odol-galeraren, ehun-kaltearen... ondoriozko estres fisikoak interleuzinak jariatzea estimulatzen du, maila periferikoan eta zentralean, eta horiek aldaketak eragiten dituzte hesi hematoentzefalikoaren iragazkortasunean. Horrek nahasmendua dakar neurotransmisoreen sintesian eta askapenean.[10]

Zeinu eta sintomak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eldarnioan agertu ohi den ohiko sintoma arreta fokalizatzeko, mantentzeko edo lekualdatzeko zailtasuna (arretarik eza) da. Kontzientzia-maila aldatu egiten da; pazienteak desorientatuta daude denboran eta batzuetan espazioan edo pertsonan. Haluzinazioak, eldarniozko ideiak eta paranoia izan ditzakete. Eguneroko gertaerei eta eguneroko errutinei buruzko nahastea ohikoa da, baita nortasunaren eta afektuaren aldaketak ere. Pentsamendua desantolatua bihurtzen da, eta hitza askotan desordenatua izaten da, hizkera nahasia, abiadura, neologismoak, akats afasikoak edo eredu kaotikoak nagusitzen direlarik. Sintoma hauek oso aldakorrak dira, normalean egunean zehar gutxitu egiten dira eta gauez okertu.

Beste sintoma batzuk portaera desegokia, beldurra eta paranoia izan daitezke. Pazienteak suminkor, asaldatuta, hiperaktibo eta hiperatentu bihur daitezke, edo, aitzitik, lasai, isilik, isolatuta eta logale egon daitezke. Adineko pertsonek isiltzeko eta isolatzeko joera dute, eta aldaketa horiek depresioarekin nahas daitezke. Paziente batzuek biak txandakatzen dituzte. Oro har, loaren eta elikaduraren asaldurak agertzen dira [11].

Beste zeinu eta sintoma batzuk kausaren araberakoak dira.

Paziente psikiatrikoei buruzko ikerketek erakusten dute eldarnioak intentsitatean eta uste sendoan aldatzen direla denboran zehar, eta horrek iradokitzen du ziurtasuna eta zuzenezintasuna ez direla eldarniozko sinesmen baten beharrezko osagaiak.[12]

James Tilly Matthews-ek egindako irudia, "airezko ehungailua" deituriko makinarena, berak uste zuena arrazoi politikoak zirela eta bera torturatzeko erabiltzen zutela.

Eldarnioak ez dira zertan faltsuak edo "kanpo-errealitateari buruzko inferentzia okerrak" izan behar.[13] Sinesmen erlijioso edo espiritual batzuk, beren izaeragatik, ezin dira faltsutzat hartu, eta, beraz, ezin dira okertzat jo, uste hori duen pertsonari eldarnioa diagnostikatu zaion edo ez kontutan izan gabe.[14] Beste egoera batzuetan, eldarnioa benetako sinesmena izan daiteke[15]. Adibidez, jelosia eldarnioetan, pertsona batek uste badu bere bikotekidea desleiala zaiola (banantze laburrenetan ere bere maitalearekin elkartzen ari dela uste du, esaterako komunera doanean), egia izan daiteke. Kasu horretan, nahiz eta geroago edukia egia dela egiaztatu edo bikoteari leporatzen zaion jokabidea egia izan, eldarnioa izaten jarraituko du.

Beste kasu batzuetan, sinesmena faltsutzat har dezake, benetan egia denean, ebaluatzen duen mediku edo psikiatra batek, soilik ematen duelako gertagaitza edo arrotza dela. Psikiatrek denbora eta baliabide gutxi izaten dituzte pertsonak egindako baieztapena egiaztatzeko, eta ondorioz, egiazko sinesmen batzuk eldarnio gisa sailkatzen dira [16]. Martha Mitchell efektua deitzen zaio horri, Etxe Zurian legez kanpoko jarduerak egiten ari zirela alegatu zuen fiskal nagusiaren emaztearen omenez. Une hartan, bere baieztapenak gaixotasun mentalaren zantzuak zirela pentsatu zen, eta Watergate eskandalua lehertu ondoren bakarrik frogatu zen zuzen zegoela.

Eldarnioak diagnostikatzeko beste zailtasun bat eldarnioak dituzten ezaugarriak sinesmen "normaletan" aurki daitezkeela da. Erlijio-sinesmen askok ezaugarri berberak dituzte, baina ez dira eldarniotzat hartzen modu unibertsalean. Guzti honek psikiatrek eldarnioa gaizki diagnostikatzea eragin dezake. Faktore horiek direla eta, Anthony David psikiatrak honako hau adierazi zuen: "ez dago eldarnio baten definizio onargarririk".[17] Praktikan, psikiatrek uste bat eldarniotzat diagnostikatzen dute, baldin eta arrotza bada, larritasun esanguratsu bat eragiten badu edo pazientea gehiegi kezkatzen badu, bereziki pertsona horrek bere ustearekin jarraitzen badu nahiz eta kontrako frogak edo arrazoizko argudioak eman.

Garrantzitsua da benetako eldarnioak eta beste sintoma batzuk bereiztea, hala nola antsietatea, beldurra edo paranoia. Eldarnioak diagnostikatzeko, egoera mentalaren azterketa bat erabil daiteke. Proba honek barne hartzen ditu: itxura, aldartea, afektua, portaera, hizketaren abiadura eta jarraitutasuna, haluzinazio edo sinesmen anormalen ebidentzia, pentsamenduaren edukia, orientazioa denboran, espazioan eta pertsonan, arreta eta kontzentrazioa, pertzepzioa eta judizioa, baita epe laburreko memoria ere[18].

Tratamenduaren helburua sintomen kausa kontrolatzea edo neutralizatzea da. Eldarnioa eragiten duen gaitzaren araberakoa da tratamendua. Batzuetan beharrezkoa izaten da pertsona hori denbora laburrerako ospitaleratu behar izatea.

Nahastea okertzen duten edo beharrezkoak ez diren sendagaiak bertan behera uzteak edo aldatzeak funtzionamendu kognitiboa nabarmen hobetu dezake, hau da, nahasmendua eragiten duen kausa tratatu behar da.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Psikiatria Hiztegia] [2017]
  2. (Gaztelaniaz) Salvador, Isabel Rovira. (2018-01-09). «Delirios: qué son, tipos y diferencias con las alucinaciones» psicologiaymente.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  3. «Delusions - functioning, withdrawal, examples, person, people, brain, mood, Description» www.minddisorders.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  4. Capponi, Ricardo. (1987). Psicopatología Y Semiología Psiquiátrica. .
  5. McKenna, Peter. (2017). Delusions: Understanding the Un-understandable. Cambridge University Press ISBN 978-1-107-07544-3. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  6. «Delusional disorder - define, causes, DSM, functioning, effects, therapy, paranoia, adults» www.minddisorders.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  7. (Ingelesez) Kingston, Cara; Schuurmans‐Stekhoven, James. (2016-12). «Life hassles and delusional ideation: Scoping the potential role of cognitive and affective mediators» Psychology and Psychotherapy: Theory, Research and Practice 89 (4): 445–463.  doi:10.1111/papt.12089. ISSN 1476-0835. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Delirio: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  9. (Gaztelaniaz) «Delirio - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  10. Alonso Ganuzaa; González-Torres; Gaviria, Zuria; Miguel Ángel; Moisés. (2012). «El Delirium. Una revisión orientada a la práctica clínica» Revista de la Asociación Española de Neuropsiquiatría (Scielo) ISSN 2340-2733..
  11. (Gaztelaniaz) «Delirio - Trastornos neurológicos» Manual MSD versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  12. (Ingelesez) Myin-Germeys, I.; Nicolson, N. A.; Delespaul, P. a. E. G.. (2001-04). «The context of delusional experiences in the daily life of patients with schizophrenia» Psychological Medicine 31 (3): 489–498.  doi:10.1017/S0033291701003646. ISSN 1469-8978. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  13. Spitzer, Manfred. (1990-09-01). «On defining delusions» Comprehensive Psychiatry 31 (5): 377–397.  doi:10.1016/0010-440X(90)90023-L. ISSN 0010-440X. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  14. (Ingelesez) Young, Andrew W.. (2000-03). «Wondrous Strange: The Neuropsychology of Abnormal Beliefs» Mind & Language 15 (1): 47–73.  doi:10.1111/1468-0017.00123. ISSN 0268-1064. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  15. (Ingelesez) «Project MUSE - Philosophy, Psychiatry, & Psychology-Volume 6, Number 1, March 1999» muse.jhu.edu (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  16. Delusional beliefs. New York : Wiley 1988 ISBN 978-0-471-83635-3. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  17. (Ingelesez) David, Anthony S.. (1999). «On the impossibility of defining delusions» philpapers.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  18. (Ingelesez) «Healthgrades Health Library» Healthgrades (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]